berria Udako Serieak

Ezagutza aurrera, erabilera ezinean

Garikoitz Goikoetxea

Bizkaia

Gora egin du euskararen ezagutzak Bizkaian, baina oraindik erdiak pasatxo dira erdaldun elebakarrak. Erabileran motelaldia ageri du inkestak; etxeko ikerketak, geldialdia; eta kalekoak, jaitsiera.

Aurrera egin ezinaren zantzuak ageri dira. Edo, areago, atzeraldiak ere bai. Bizkaia. Euskaraz dakiten herritarren ehunekoa areagotu da azken bi hamarkadetan, gazteen eskutik han ere. Baina erabilerak kezkatzeko joera ageri du. Inkesta soziolinguistikoari erreparatzen bazaio, geldialdia ageri da. 1996an %12,8 bizkaitar ziren euskaraz egiten zutenak erdaraz adina edo gehiago; joan dira hogei urte, eta parean dago erabilera oraindik —azkenekoan, %13—. Joera makurragoa erakutsi du kale neurketak: sabaia jo zuela kaleko jardunak 2001ean, eta beheraka ari dela geroztik. %8,8an dago orain, 1993ko maila baino apalago.

Ezagutza eta gaitasuna

Elebakarrak, %76tik %52ra

Bizkaitar gehiagok dakite euskaraz: seitik batek zekien 1991n, eta, orain, lautik batek baino gehiagok. Kopurutan: 16 urtez gorako 272.000 elebidun daude Bizkaian, orain 25 urte baino %71 gehiago —158.400 ziren 1991n—. Nabarmentzekoa da euskaldun hartzaileen gorakada ere: ia hirukoiztu egin da portzentajea —%20 dira—. Hiztun pasiboen ehunekoa beste herrialdeetan baino handiagoa da. Bi gorakada horiekin, erdaldun elebakarren pisua gero eta txikiagoa da: lautik hiru ziren 1991n, eta, orain, erdiak pasatxo (%52). Etengabea da jaitsiera. Eta, beste ikerketa batzuen datuek diotenez, indartu egingo da joera hori.

Gazteen eskutik dator aurrerabidea Bizkaira ere. 34 urtetik beherakoen artean, hirukoiztu egin da elebidunen proportzioa azken bi hamarkada eta erdian. 16-24 urterekin, bostetik bat ere ez zen euskalduna, eta, orain, hirutik bik baino gehiagok dakite; 25-34 urtetan, zazpitik batek zekien, eta, orain, bostetik bik baino gehiagok. Euskaldunen pisua igo egin da gainerako adin taldeetan ere, baina gutxiago —65 urtetik gorakoen taldea da salbuespena, hamar puntu jaitsi baita ezagutza; 1991n haiena zen multzo euskaldunena, eta, orain, erdaldunena—.

Hezkuntzak zerikusi handia du aldaketa soziolinguistiko horretan. Interesgarri da euskaldunen lehen hizkuntza zein den begiratzea. 1991ko egoera hau zen: euskaldun gehienek, bostetik lauk baino gehiagok, etxean jasoa zuten euskara —%78k euskara soilik, eta %6k euskara eta erdara—, eta bostetik bat eskasek etxetik at. Aldatu egin da argazkia: Bizkaiko euskaldunen %47k etxetik kanpo ikasi dute euskara; eta etxean jaso dutenen artean, %13 dira euskara eta erdara ikasitakoak, eta %40 euskara soilik transmititu dietenak —lehengoen erdiak, alegia—. Adinekoak kenduta —hiztun zaharrek han dute pisu handiena—, handiagoa da aldaketa: 50 urtetik azpikoetan, euskaldunen erdiak baino gehiago dira hiztun berriak.

Gaitasunean ere sumatzen da aldaketa: duela 25 urte, hiru euskaldunetik bat errazago aritzen zen euskaraz; orain, bostetik bat. Gehiengoa erdaraz erosoago, beraz. Gazteen artean, are gehiago: 16-24 urterekin, seitik lauk diote erdaraz aiseago aritzen direla; seitik batek dio berdintsu zaiola bi hizkuntzetan; eta beste seitik bat euskaraz moldatzen da erosoago. Erabileran eragiten du erraztasunak. Eta erabilerak erraztasunean.

Erabileran eragiten duten faktoreen artean ez da ahaztekoa erdaldun elebakarren multzoa dela nagusi oraindik Bizkaian, eta areago helduen artean. Desoreka dago adin aldetik: 16-24 urtekoek biztanleriaren %8 dute, baina elebidunen %20 dira; 50 urtetik gorakoak herritarren erdiak baino gehiago dira, baina ez dira elebidunen herenak ere —betiere 16 urtetik gorako biztanleria hartuta—. Desorekaren beste datu bat: elebidunen portzentajea batez ere bi eskualdetan igo da —Bilbo Handian eta Enkarterrin—, eta bietan laurdenak ere ez dira elebidunak. Mapa soziolinguistikoak dio hori.

Erabilera

Motelaldia eta jaitsiera

Euskararen erabilerak gora egin du Bizkaian 25 urteko ibilbidean, baina geldialdi zantzuak nabari dira. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, bizkaitarren %13k egiten dute maiz euskaraz —erdaraz adina edo gehiago—; %9 eskas ziren 1991n. Azken inkestakoa da orain arteko erabilera daturik handiena, baina urtez urteko eboluzioa apaldu egin da. Hara: aurreko aldietan hamar urtean erabilera zenbat areagotu den begiratuta, batez beste 1,8 puntuko gorakada ageri da; 2006-2016 bitartean gutxiago igo da erabilera: 0,4 puntu. Makaltzea nabari da. Etxeko erabilerari begiratuta, berdin: %8,8an dago, 2011ko azken zenbakien arabera —1991n, %8,9an zegoen—.

Moteltzea baieztatu ez ezik, beheranzko joera erakusten du kaleko erabileraren neurketak. Elkarrizketen %9 entzun dituzte euskaraz Bizkaian. Kaleko erabileraren eboluzioa nolakoa izan den erreparatuta, bi urrats nabari dira: 1997-2006 artean, geldialdia erakutsi zuten neurketek, erabilera ez aurrera ez atzera zegoela; 2006tik aurrera, berriz, jaitsi egin da. 1993ko datua baino txikiagoa da azken neurraldikoa (%10 zen).

Ezagutzaren norabidea aldatu egin da Bizkaian, eta erabilerarena ere bai: 1991n, adinekoek erabiltzen zuten euskara gehien, eta, orain, gazteek. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, 34 urtekoen erabilera bikoiztu baino gehiago egin da —%16tik gora dago—; 35-64 urtekoen artean ere handitu da erabilera 25 urtean, gutxiago. 65 urtetik aurrera jaitsi egin da —ezagutzak ere behera egin du—. 1991tik 2016ra eremu guztietan hazi da euskararen erabilera, baina batik bat esparru formaletan.

Kaleko neurketan ere nabari da inkestako joera: zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa. Baina, eboluzioari begiratuta, adin talde guztietan beheranzko bidea ageri da, 2006tik jaisten ari dela erabilera. Umeek, adibidez, 2001ean %16ko erabilera indizea eman zuten, eta orain ez dira %14ra iristen; gazteek %10etik gorako erabilera zuten 2006an, eta, orain, %8koa.

Gazteen jaitsiera hori bat dator beste azterketa baten aurrerapenarekin. Lagunartean zer hizkuntza erabiltzen duten, inkesta bat egiten du Gazteen Euskal Behatokiak —Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da—. Jaitsiera erakutsi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Bizkaian. 2004an egin zuten lehen inkesta, eta Bizkaiko 15-29 urteko gazteen %44k esan zuten euskara erabiltzen zutela kuadrillan erdara adina edo gehiago; iaz, berriz, %27k erantzun zuten hori. Aldian-aldian ari da portzentajea jaisten inkesta horretan. Udazkenean argitaratuko dute ikerketa.

Helduen kaleko erabilera orain 27 urtekoaren parekoa da; gora jo zuen 2006 arte, eta ordutik jaitsi egin da. Adinekoetan etengabea da galera: 1989tik, herena behera.

Jarrerak

Aurkakoak, inoizko gutxien

Euskara bultzatzearen aldeko jarrera dute bizkaitar gehienek. Ia hirutik bi azaldu dira alde; zortzi puntu handitu da 25 urtean. Aurkakotasuna, berriz, inoiz baino txikiagoa da: hamarretik bat dago euskararen erabilera bultzatzearen kontra. Laurdenek pasatxok, berriz, ez daukate postura argirik.

Zenbaki orokor horien atzean ├▒abardurak daude. Batetik, hizkuntzaren ezagutzarekin lotutakoak: euskaldunen artean gehiago dira euskara sustatzearen aldekoak (%85) erdaldun elebakarren artean baino (%50), eta tartean daude elebidun hartzaileak (%62). Bestetik, adinari dagokionez, bi muturretan sumatu dute aldekotasun handiena: gazteetan eta adinekoetan. Adin talde horietan, gutxi gorabehera, hirutik bi agertu dira euskara bultzatzeko neurriak hartzearen alde; helduetan, berriz, txikiagoa da portzentajea.

Kaleko erabilera jaitsi egin da Bilbon azken 15 urteetan


Bizkaiko datuetan pisu handia du hiriburuak, Bilbok. Bizkaitarren ia herenak bizi dira Bilbon. Herrialdeko datuak baino apalagoak dira hiriburukoak, hala ere. Ezagutzari dagokionez, bostetik batera ez dira iristen euskaldunak (%19), eta bostetik bat pasatxo dira euskaraz hitz egin ez baina ulertu egiten dutenak (%21). Bostetik hiru erdaldun elebakarrak dira (%60). Inkesta soziolinguistikoaren zenbakiak dira horiek, 16 urtez gorakoenak. Bilboko euskaldun gehienek erdara dute lehen hizkuntza (%91), eta hobeto moldatzen dira erdaraz —hamar euskaldunetik bat aritzen da errazago euskaraz—. Ohiko erabilera oso mugatua da, inkestaren arabera: %5 eskas jarduten dira euskaraz maiz, erdaraz adina edo gehiago.

Kaleko erabileraren neurketak baieztatu du bazterrekoa dela euskara: kaleko solasaldien %2,5 entzun dituzte hala. Gaztelania eta frantsesa ez diren beste erdara batzuk erabiltzen dira euskara baino gehiago Bilbon kalean. 1989ko neurketan ere kaleko erabilera %2,5 zela behatu zuten. Ordutik orain arte igoerak izan dira —2006an %4,6ko erabilera—, baina irabazia galdu da hamar urteotan.

iritzia

Txerra Rodriguez

Soziolinguista

Pantaila aldatzeko sasoia

Errealitate latza jarri digute begien aurrean azken neurketako datuek. Batzuk hasiko dira alarma gorria jotzen, kanpaiak burrunba hasiko dira, adi, kasu, achtung! Beste batzuk hasiko dira errua ezker-eskuma leporatzen: agintariei, euskaldun desleialei edo parean jartzen den lehenari. Ileak tente jarriko zaizkigu, haserretuko gara, bagenekiela esango dugu... baina errealitate latza hor izango dugu, tinko, argazki finkoa balitz legez.

Datu hauek, ezinbestean, aldaketa eskatzen digute. Goia jo dugula, geldi gaudela, topeak aurkitu ditugula argi dago (ezkorrenek esango dute atzera jo dugula). Eta bai, datuen joerak hori dio, datuen errealitateak hori jartzen digu begi aurrean. Izan ere, Bizkaian ezagutzak gora egin du (zehatzago esatearren, ulermenak gora egin duela esan beharko genuke) eta erabilerak, behera (etxean zein kalean eta, gainera, adin tarte guztietan).

Joera kezkagarria da, jakina. Ulermenean aurrerapausoak egitea samur samarra da. Irakaskuntzak eta helduen euskalduntzeak bide polita egin dute (hobetzeko nabarmenak dituzten arren). Baina erabileran zentimetroak irabaztea zaila da, zeharo gaitza. Eta badirudi irabazitako apurra galtzea errazagoa dela, etxean zein kalean.

Datu hauek, ezinbestean, aldaketa eskatzen digute. Goia jo dugula, geldi gaudela, topeak aurkitu ditugula argi dago.

Kalean, esate baterako, kezkatzekoa da jendartean indar gehien duten adin taldeek (helduak, eurak direlako hegemoniko, eta gazteak, eurak direlako berritasunak dakartzatenak) dutela Bizkaian erabilerarik txikiena. Etxean, ostera, kezkatzekoa lehen hizkuntzan ez atzera ez aurrera eramatea 20 urtetik gora (belaunaldi bat baino gehiago, hortaz).

Gainera, ausartuko naiz: teknikoki antza posible ez bada ere, kale eta etxeko erabileraren artean erlaziorik badela esango nuke. Zeharo deigarri egin zait Bilbo eta Bizkaiko datu orokorrek gordetzen duten korrelazioa eta, metodologiak metodologia, harremanetan jarriko ditut: Bizkaian lehen hizkuntza %11,9 da, eta erabilera, %8,8; Bilbon lehen hizkuntza %5,5, eta kale erabilera, %2,5. Harremanik ez izateko, deigarri samarrak ezta?

Pantaila aldatzeko sasoia da, nire ustez. Zer egin behar dugu? Nondik jo Bizkaian? Lehenik eta behin, argi izan behar dugu aurrerantzean euskaraz egitea hautua izango dela Bizkai osoan, hautu kontzientea. Beraz, hautu hori elikatzeko jakiak beharko ditugu, denetariko jakiak, eta bakoitzari gustatzen zaiona eman beharko diogu, arraina ala haragia, barazkiak edo koipeak.

Bestetik, gaur egun euskaraz jakiteak zelanbaiteko prestigio soziala du; euskara erabiltzeak, ostera, ez (umeekin ezpada, datuek argi erakusten dutenez). Hizkuntzaren gainean eraikitako iruditeria sozialean ere eragin beharko dugu, urbanoago eginez (ia Bizkai osoa gune urbanoa den heinean).

Hurreko adibideak ere beharko ditugu. Euskaldunok aktiboago jokatu behar dugu egunerokoan, ditugun aukerak gehiago aprobetxatu, eta tenteago aritu, harroxeago. Izan ere, ulermena zukutu behar dugu gehiago. Baina banaka ez, taldeka baizik, eta egiten duguna ikusarazten: bateren batek ireki beharko ditu sasiak, besteek samurrago izan dezaten bidexka.

Eta trabak, oztopoak, gutxitu (hori, batez ere, agintariei esango nieke). Erabilerarako baldintza objektiboak eta kolektiboak sorraraztea dagokigu gaur eta hemen. Horretarako, nire ustez, biderik eraginkorrena trinkotzea izaten segitzen du. Sakabanatu ordez, trinkotu eta, ahal den neurrian, hizkuntza ohitura berriak probatu, sortu eta erdigunera ekarri. Komunitatean, jakina. Komunitatearen sareetan ehunduz. Sendotze komunitarioa dugu etorkizun bideo-joko honen pantaila berrian.

Hasierara