berria Udako Serieak

Isuria geldituta, gora hasi ezinik

Garikoitz Goikoetxea

Ipar Euskal Herria

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan etengabe gutxitu da euskaldun kopurua. Beherakada hori eten da orain. Baina portzentajetan behera doaz, erdaldun gehiago baitatoz.


Goraldirik ez dago, baina isuria gelditzen hasi izana bera bada berritasun. Urteotan lehen aldiz, euskaldunen kopurua ez da jaitsi Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: 51.200 euskaldun zenbatu dituzte azken inkesta soziolinguistikoan, duela bost urte adina —ehun gehiago—. Isuria eten da, beraz. Baina, euskaldunen kopuruak bere horretan eutsi dion aldi berean, 9.000 lagun gehiago ageri dira erdaldun elebakarren zakuan. Egoera horretan, euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du eremu guztietan. Gazteen artean hasiak dira berreskuratze zantzu batzuk, baina, jakina, ez da nahikoa joera orokorra iraultzeko.

Ezagutza eta gaitasuna

Biztanle igoeraren eragina

Azken bi hamarkadetan euskarak nolako bilakaera izan duen begiratuta, galerak nabarmenak dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: euskaldunak gutxiago dira kopurutan eta portzentajetan, erabilera ere jaitsi da, eta euskara sustatzearen aldeko jarrera ere bai. 51.200 euskaldun dituzte hiru herrialdeen artean, orain hogei urte baino 5.000 gutxiago —lehen datu alderagarriak 1996koak dira Ipar Euskal Herrian—. Galera hori are handiagoa da biztanleria nola hazi den kontuan hartuz gero. Hara: 1996an, euskaldunak ziren Iparraldeko biztanleen laurdenak pasatxo, eta orain bostenak pasatxo dira. Galerarik handiena, hain justu, eremu euskaldunenetan ageri da, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: hirutik bi euskaldunak ziren duela hogei urte; erdiak ere ez dira orain euskaldunak.

Gainerako herrialdeetako datuetan nabarmena da gazteen bitartez ari dela euskararen ezagutza aurrera egiten: gazteenak dira adin talde euskaldunenak. Eskolaren eragina bistakoa da, hortaz. Iparraldeko hiru herrialdeak dira salbuespena: 65 urtetik gorakoen adin taldeak dauka euskaldunen ehuneko handiena —%28, 1996an baino hamar puntu gutxiago—. Hortik beherako adin taldeetan txikiagoa da euskaldunen pisua, baina hasia da berreskuratze bidea. 35-49 urtetan dago proportziorik eskasena (%15), eta handik behera, gorantz ari da, gutxinaka: 25-34 urterekin, %16; 16-24 urterekin, %19. Aldaketarik ezean, datozen urteetan sendotuko da hori.

Beste ezberdintasun bat ere bai gainerako herrialdeekin alderatuta, eskolak izan duen pisu mugatuagoarekin lotuta: hiztun berrien proportzioa nabarmen txikiagoa da Ipar Euskal Herrian. Egia da handitu dela urteotan —%4 ziren 1996an, eta orain, %16—, baina urrun daude beste herrialdeetatik: %37 dira batez beste. Gazteetan ari da aldaketa sumatzen, hala ere: 16-24 urteko euskaldunen erdiek baino gehixeagok etxetik at ikasi dute euskara.

Euskaldunen erraztasunari begiratuta, galera nabari da. 1996an, oreka zegoen: herenek egiten zuten euskaraz aiseago, herenek erdaraz eta herenek bietan berdin. Orain, gehiagok egiten dute erdaraz aiseago (%42), eta gutxiagok euskaraz (%21). Euskara kamustearen zantzuak badituzte: erdaraz aiseago egiten duten lau euskaldunetik hiruk euskara dute lehen hizkuntza, etxean ikasitakoa —batzuek, frantsesarekin batera—.

Leku batetik bestera alde handiak daude, nolanahi ere. Lapurdiren aldean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gehiago dira euskara etxean jaso dutenak, eta euskaraz egiteko erraztasun handiagoa dutenak. Euskaldunen ehunekoa ere handiagoa da bi herrialdeetan: %50 eskas —lehen aldiz ez dira erdira iritsi—. Baiona-Angelu-Miarritzen %8 dira euskaldunak; Lapurdiko gainerako herrietan, %23.

Ipar Euskal Herria oro har hartuz, erdaldunena da talde zabalena: hamarretik zazpi dira. Handitzen ari da haien pisua: %64 ziren 1996an. Kopurutan handiagoa da aldea: 136.000 erdaldun ziren duela hogei urte; orain, 175.000. Presio demografikoarekin lotu dute gorakada hori: erdaldunen %57 Euskal Herritik at jaioak dira. Elebidun pasiboen proportzioak bere horretan jarraitzen du (%9), baina, biztanleria hazita, gehiago dira: 20.000 ziren, eta 23.000 dira.

Erabilera

Behera, baina zantzuekin

Testuingurua hori izanik, euskararen erabilera gutxiagotzen ari da hiru herrialdeetan: %8k diote euskaraz maiz hitz egiten dutela, erdaraz adina edo gehiago. Duela hogei urte baino bost puntu txikiagoa da inkesta soziolinguistikoko erabilera datu hori. Aldeak oso handiak dira lurraldeen arabera: BAM eremuan %0,8 aritzen dira euskaraz normalean; Lapurdiko gainerako herrietan, %9; eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan, %28. Jaitsiera nabarmenak izan dira hogei urtean; Nafarroa Beherean eta Zuberoan, esaterako, %46 jarduten ziren euskaraz duela hogei urte, eta Lapurdin, %16. Ia erdira apaldu da erabilera, hortaz.

Kaleko erabileran ere nabari da galera: inoiz baino jende gutxiago entzun dute kalean euskaraz. Hiztunen %5 sumatu dituzte euskaraz, duela hogei urte baino hiru puntu gutxiago —hiru herrialdeetako datuak batuta eman dituzte bilakaera ikusteko, lagin kontuak direla eta—. Azken datua, bai, zatituta eman dute, eta, inkesta soziolinguistikoan bezala, alde handia dago: BAMen %2 eskas entzun dituzte euskaraz; Lapurdiko gainerako herrietan, %5 pasatxo; eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan, %15 eskas. 2011ko datuen aldean, Lapurdin jaitsi egin da erabilera, eta gainerako bi herrialdeetan, igo.

Datuak adinka begiratuta ikusten dira aldaketa zantzu batzuk. Inkestaren arabera, edadekoek erabiltzen dute euskara gehien (%13,5); haien ostean, zenbat eta gazteago, euskararen erabilera txikiagoa. Adin talde gazteenean, 16-24 urtekoetan, hasi da gorakada, baina: %1ek erabili ohi zuten euskara 1996an, eta, orain, %4k. Goraldia baieztatu du kaleko erabileraren neurketak ere: haurrek egiten dute euskara gehien kalean; 1989an, zaharrek eta helduek baino gutxiago egiten zuten. %10 aritzen dira euskaraz. Gainerako adin taldeen erabilera jaisten ari da Ipar Euskal Herrian; helduena %5 inguruan dago, eta adinekoena eta gazteena ez da %4ra iristen.

Erdarazkoa da funtzionamendu nagusia. Argigarria da, adibidez, BAM eremuko kaleko erabilera: frantsesez aritzen dira %91, eta euskararen eta gaztelaniaren erabilera parekoa da (%3,5). Beste erdara batzuetan gehiago aritzen dira: %5. Euskararen erabilera jaitsi egin da Baionan 2011tik 2016ra.

Jarrerak

Aldekotasun txikiagoa

Euskararen aldekotasuna jaitsi egin da urtez urte. Ipar Euskal Herriko biztanleen %42 agertu ziren euskararen erabilera sustatzearen alde 1996an, eta, orain, %35. Aurkakotasuna, berriz, igo egin da, %13tik %17ra. Erdian daude ia erdiak, postura argirik gabe: %48.

Euskararen ezagutzak garrantzia du herritarren jarrera zehazterakoan. Euskaldunak hartuta, euskara sustatzearen alde agertu dira hirutik bi; elebidun hartzaileen kasuan, erdiak daude alde; eta, erdaldunen artean, laurdenak. Herrialdeen artean ere badago aldea, beraz: Zuberoa eta Nafarroa Beherean dago babesik handiena, erdiena baino gehiagorena.

Euskaldunena da aldekotasunik handiena, baina, beste herrialdeekin alderatuta, babesa txikiagoa da Ipar Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, euskaldunen %87 daude euskararen erabilera bultzatzearen alde; Nafarroan, %82; Iparraldean, %67.

iritzia

Eneko Gorri

Euskara teknikaria

Etorkizuneko erronkak

Argazkiak mahai gainean ditugu. Uda hasieran aurkeztuak izan dira inkesta soziolinguistikoaren datuak eta hizkuntzen erabileraren kale neurketak. Gurean ere, gibelera begirako solasaldi luzeak elikatzeko modukoak dira: zer egin da ongi? Zer eskas? Nori dagokio fruituak biltzea?

Zer diote, beraz, Ipar Euskal Herriko datuek? Funtsean, aurkeztuak zaizkigun gisan berrikuntza gutxi edo tendentzia alderantzikatzerik ez da ageri momentuz. Baina filtroak kenduta, zenbait elementu ohargarri azaleratzen dira.

Hizkuntza politika bat eraldatzailea denez, ingurunea bestelakotzea du xede. Erresistentziak agertuko direla aurreikus daiteke.

Adierazpen eta tituluetan «lehen aldiko hiztun-kopuru absolutua egonkortzen» dela errepikatua izan da behin eta berriz. Egia da, eta ez da gutxi: 51.100 hiztun zeuden 2011n, 51.200 zenbatu dira 2016an. Hemorragia gelditua da, baina galtzea handia izan da: Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoak 5.000 euskal hiztun galdu dituzte 20 urtez eta kanpoko 9.000 erdaldun irabazi 5 urtez. Euskararentzat, lurralde antolamenduan hartutako erabakiek hizkuntza politika publikoak baino eragin handiagoa dute!

Erabilera aldetik, karrikan entzuten diren elkarrizketen %5,3 bakarrik dira euskaraz (sekula neurtu den indizerik apalena). Baina haurren erabilerak nabarmen egin du gora (3,4 puntu 10 urtez), eta erabilera handiagoa da heldu-haur artean interakzioak direlarik. «Gazteak lehentasun» gisa finkatutako hizkuntza politikarekin, adin piramidearen zolatik dator aldaketa. Aldiz, Hego Euskal Herrian ez bezala, ezagutza goragoko eremuetan erabilerak gora egiten du (4,6 puntu 5 urtez Baxenabarre eta Xiberoan); hiri/herri arteko desberdintasunak eragina du.

Nabarmentzeko beste elementu bat euskararekiko jarrera da; ezin da ukatu hizkuntzarekiko kontsentsu sozial azkarra eraiki dela Ipar Euskal Herrian. Baina definizioz, hizkuntza politika bat eraldatzailea denez, ingurunea bestelakotzea du xede. Erresistentziak agertuko direla aurreikus daiteke beraz. Promozioaren aldeko jarrerak 7 puntu galdu ditu azken 20 urteetan. Datu horri buruz arrabots sobera egitea ez bada bortxaz egokia, haizea itzultzea itxoin gabe gure estrategietan kontuan hartzea ezinbertzekoa da.

Datu salda aberats horretan azpimarra daitekeen azken elementua Baiona-Angelu-Biarritz lurralde urbanoaren premia litzateke. Biztanleriaren herena hiri horietan metatzen da, eta haiek dira euskaratik deskonektatuenak: hiztun proportzio ahula (%8,4), kale erabilera apala (%1,6), hutsetik hurbil den familia transmisioa, euskararekiko motibazio eskasa (%75 indiferente edo kontra)... Ez da eroso lurralde sakrifikatu batean lan egitea, militatzea eta euskaltzalea izatea. Baina, nahi ala ez, euskararen geroa hein handi batean BABn jokatzen da.

Normalizaziorako bidea oraindik luzea da; bihurgunez eta atakaz betea gainera. Baina gurean progresio marjina ikaragarria da oraindik. Urtarrilaren lehenean sortu berri den Herri Elkargoarekin, gure lurraldeko hizkuntza politika egiturazko berregituratze batean sartuko da. Lidergo batailak trenkatu ondoren, funtsezko gaiak izanen dira lantzeko: euskararen lurralde estatusa, biziberritzerako esperimentazio perimetro izendapena, Euskal Herri mailako lankidetzak, irakaskuntzaren orokortzea, eragileen sostengua... Ekuazio horretan segurra den elementu bakarra da eraikiko den indar harremanaren araberakoa izanen dela biharko hizkuntza politika.

Hasierara