berria Udako Serieak

Egoerarik onena, baina motelaldia

Garikoitz Goikoetxea

Gipuzkoa

Herrialde euskaldunena da Gipuzkoa. Erdiek baino gehiagok badakite euskaraz, eta kalean ia hiru hiztunetik bat entzun dute euskaraz. Geldialdi zantzuak daude, baina. Erabileran nabari da.

Egoera aurreratuena du, urrats gehiagotarako atea zabalik du, baina geldialdi zantzuak daude. Gipuzkoak ditu Euskal Herriko daturik onenak euskararen osasunari erreparatuta. Biztanleen erdiek baino gehiagok dakite euskaraz, eta ia hirutik bat euskaraz aritzen da kalean. Gazteen artean, gainera, ezagutza indizeak altuak dira: 16-24 urterekin, adibidez, bostetik lauk baino gehiagok badute euskaraz aritzeko ezagutza. Jarreretan ere aldekotasuna dago, eta aurkakotasuna oso bazterrekoa da. Zoru bat badago, hortaz. Azken ikerketek, baina, gogoetarako gaiak ekarri dituzte: kaleko erabilera jaitsi egin da, lehen aldiz.

Ezagutza eta gaitasuna

Erdiak baino gehiago

Erdien langa igaro dute Gipuzkoan, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera: 16 urtetik gorako herritarren erdiek baino gehiagok dakite euskaraz. Zazpi puntu igo da portzentajea 1991tik 2016ra: %44tik %51ra. Erdaldun elebakarrak ez dira iristen hirutik batera Gipuzkoan —%46 ziren—. Eta seitik bat euskara ulertzeko gai da, nahiz eta ez hitz egin. Beraz, ezagutzaren aldetik, badago abagune bat Gipuzkoan: hiru herritarretik bik ulertzen dute euskara, eta erdiak baino gehiago gai dira hitz egiteko. Ehuneko hori, gainera, igo egingo da datozen urteetan. 16 urtez gorako 302.000 euskaldun daude Gipuzkoan, azken inkestaren arabera; 1991n, 245.000.

Izan ere, gazteen artean oso zabala da euskaldunen gehiengoa; 16-24 urterekin, bostetik lau baino gehiago dira elebidunak, eta 25-34 urterekin, hirutik bi. Kontuan izatekoa da 16 urtez beherakoak ez dituztela sartzen inkesta soziolinguistikoan; mapa soziolinguistikoari begiratuta —han, bai, ageri dira umeak ere—, bistakoa da ezagutzaren bideak goraka jarraituko duela datozen urteetako inkestetan: 15 urtetik beherakoetan, hamarretik bederatzik baino gehiagok badakite euskaraz —2011ko mapako datua da hori—.

Hezkuntza sisteman ere nagusitua da euskarazko irakaskuntza. Oinarrizko hezkuntzan, ikasleen %88 ari dira D ereduan. Gaztelaniazko A eredua, berriz, oso bazterrekoa da: ez da %3ra iristen.

Gazteen artean gehiengo zabala da, beraz, euskalduna. Baina aldeak daude adina areagotu ahala: zenbat eta zaharrago, orduan eta euskaldun gutxiago. 50 urtetik gorakoetan, bostetik bik dakite euskaraz. Euskara ezagutzen dutenen iraulketa nabari da Gipuzkoan ere: 1991n, 65 urtekoetan zuen pisu handiena —euskaraz bazekiten erdiek baino gehiagok—, eta, orain, gazteetan —bostetik lau baino gehiago dira euskaldunak—.

Belaunez belauneko transmisioak indar handiagoa du Gipuzkoan beste herrialdeetan baino: hiru herritarretik batek euskara du lehen hizkuntza. Gehienentzat, hala ere, erdara da lehena (%59). Euskaraz egiteko erraztasunean ere aldea dago Gipuzkoan: euskal elebidunen ehunekorik handiena du —%36k diote erosoago jarduten dutela euskaraz—. %34k esan dute berdintsu egiten dutela erdaraz eta euskaraz; erdaraz aiseago %30ek hitz egiten dute.

Erabileran zuzeneko eragina dauka euskaraz egiteko erraztasunak. Hiztunen dentsitatea ere giltzarri da. Gipuzkoakoa da dentsitate handiena, baina kontuan hartu behar da joera bat: euskaldunen ia erdiak Donostialdean eta Bidasoan bizi dira, han ari da igotzen euskaldunen ehunekoa, baina oraindik gutxiengoa dira — mapa soziolinguistikoaren arabera, umeak ere sartuta, %40 inguru—.

Erabilera

Zantzuak baieztatuta

Kaleko erabileraren azken neurketak jaitsiera erakutsi du Gipuzkoan. Lehen aldiz gertatu da hori 1989tik. Kalean hiztunen %31 sumatu dituzte euskaraz, duela bost urte baino puntu bat eta erdi gutxiago. Lehen neurraldikoa baino zortzi puntu handiagoa da azken erabilera datua, baina egia da azken urteetan nabari zutela mantsotze bat. 1993tik 2006ra arte, kaleko erabilera beti handitu zen bi puntu baino gehiago bost urteko tartean, baina 2006-2011 tartean 0,6 puntu aurreratu zuen; orain, berriz, jaitsiera azaldu da datuetan.

Geldialdiaren iragarpenak baziren. Batetik, herriz herriko kale erabileraren neurketetan agertua zen atzeraldia —Usurbilen, Hernanin, Villabona-Amasan, Azpeitian…—, eta beste batzuetan geldialdi bat sumatu zuten —egia da, baita ere, batzuetan erabilera handiagoa agertu dela—. Bestetik, etxeko erabileran ere agertua zen jaitsiera Gipuzkoan: 2011ko mapa soziolinguistikoaren arabera, gipuzkoarren %26 eskas jarduten dira gehienbat euskaraz etxean, 2001ean baino puntu bat gutxiago. Euskaraz eta erdaraz aritzen direnen portzentajea ere jaitsi da —%13,8tik %11,4ra—, eta erdaraz egiten dutenena, igo (ia %61 dira).

Inkesta soziolinguistikoari begiratzen bazaio, geldialdi bat nabaritu daiteke Gipuzkoako datuetan, nahiz eta duela bost urte baino erabilera indize handiagoa dakarren: 16 urtez gorako gipuzkoarren %39,5ek diote euskaraz aritzen direla erdaraz adina edo gehiago; 2011ko inkestan baino 0,5 puntu handiagoa da portzentaje hori. 1991ko datuen aldean, sei puntu handiagoa da erabilera trinkoa, beraz; hala ere, 1996tik aurrera begiratuta, antzeko portzentajeetan egon da aldagai hori.

Joera batean ados datoz kaleko erabileraren neurketa eta inkesta soziolinguistikoa: zenbat eta gazteago, euskararen erabilera handiagoa. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, 16-34 urteko gipuzkoarren erdiek baino gehiagok euskara dute ohiko erabilerako hizkuntza; 34-50 urtekoetan, bostetik hiruk; handik gora, herenek.

Kaleko erabileraren neurketak dioenez, haurrek egiten dute gehien euskaraz. Ia umeen erdiek erabiltzen dute, %46k. Gazteen herenek ere euskaraz egiten dute, helduen laurdenek pasatxok eta adinekoetan bostetik batek ia. Zaharren erabilera jaitsi egin da hasieratik orain arte, eta gainerako adin taldeena, igo. Orain arte. Lau taldeetan apaldu da kaleko erabilera 2016an. Aintzat hartzeko datuak badira, hala ere: 1989an gazteek erabiltzen zuten euskara gutxien Gipuzkoako kaleetan, eta, orain, umeen ondoren daude; seitik batek egiten zuten lehen, eta, orain, herenek baino gehiagok. Helduen erabilera ere areagotu da urteotan: %19k egiten zuten kalean euskaraz 1989an, eta, 2016an, %28k. Umeen erabilera ere handitu da, %34tik %46ra. Adinekoena, berriz, ezagutza bezala, beheranzkoan dago: laurdenak pasatxo aritzen ziren kalean euskaraz, eta, orain, bostetik bat ere ez dira.

Jarrerak

Lautik hiruren babesa

Euskararen erabilera sustatzeak babes zabala dauka Gipuzkoan: lau herritarretik hiruk daukate aldeko jarrera. Lehen inkesta soziolinguistikoa egin zutenean ere gehiengoa zen aldekoa (%59), eta hori sendotu egin da urteotan. 1991-2006 artean handitu zen aldekotasuna; harrezkero ez da igo, eta ia bi puntu jaitsi da. Bost gipuzkoarretik batek ez du iritzi garbirik eman. Kontrakotasuna, berriz, oso bazterrekoa da: %5 agertu dira aurka. Kontrako jarrera apaldu egin da bi hamarkada eta erdiko bidean —%12 ziren aurkakoak 1991n—, nahiz azken bost urteetan beheraldia eten den. Lautik hiruren babesarekin, Gipuzkoan dago aldekotasunik handiena. Faktore batekin bat dator hori: euskaldunen portzentajea igo ahala, aldekoena ere bai.

Donostia: herenek baino gehiagok badakite euskaraz


Herrialdeko datuetara ez da iristen, baina gainerako hiriburuei diferentzia ateratzen die Donostiak. Hiru biztanletik batek baino gehiagok dakite euskaraz, eta euskara ulertzen du bostetik batek, nahiz eta ez den hitz egiteko gai. Euskara ulertu ere egiten ez dutenak %43 dira. Datu horiek 2001ekoekin alderatzen badira —ordukoak dira lehen zenbaki konparagarriak hiriburuen kasuan—, badago aldea balantzan: erdal elebakarrek gehiengoa galdu dute —%55 ziren—. Elebidunak %30 ziren 2001ean.

Erabilerari dagokionez, inkesta soziolinguistikoak aurrerapausoa sumatu du. Donostiarren %19,8k diote euskaraz aritzen direla erdaraz adina edo gehiago; 2011n %17,6 ziren, eta 2001ean, %12,3. Kaleko erabileraren neurketako eta inkesta soziolinguistikoko datuak ez dira elkarrengandik urrun ibili, baina azken neurketetan bide desberdina erakutsi dute: gorakada inkestak, eta jaitsiera kaleko neurketak. Donostiako kaleetan %15,2 entzun dituzte euskaraz hizketan —aurten Añorga eta Igeldo sartu dituzte ibilbidean, eta, haiek gabe, %14koa litzateke erabilera datua—. Gaztelaniaz jarduten dute bostetik lauk Donostiako kaleetan, eta beste hizkuntza batzuetan %4k.

iritzia

Belen Uranga

Soziolinguistika Klusterreko teknikaria

Bost urte barru

Esan daiteke hizkuntza batean hitz egiteko hautua hiru baldintza-multzoren konbinazioan dagoela: gaitasuna, aukerak eta motibazioa.

Gipuzkoa da euskararen potentzialitate handiena duen lurraldea: populazioaren erdia euskalduna da (haur eta gazteen artean 10etik gutxienez 8), erabiltzeko aukeren eta motibazioaren ikuspegitik eremu sendoena da. Horren isla da kaleko erabileraren bilakaera, gutxienez 2011 arte. Egungo datuek, ordea, beheranzko joera erakutsi dute. Ezkortasunean erori gabe, arreta bereziarekin hartu behar dira. Norabide-aldaketa da kezka-iturri nagusia. Joera hori berriro aldatzeko indar handiagoz eragin beharko da.

Zer gertatzen ari da? Gipuzkoa, beste lurraldeak bezala, oso heterogeneoa da. Euskaldun dentsitate txikieneko populazio handi samarreko Irun edo Errenteria moduko udalerriekin batera, %95eko euskaldun portzentajea duten udalerri (batez ere) txiki ugari du. Tartean, populazio ertaineko udalerri oso euskaldunak: Azpeitia, Zarautz edo Tolosa. Ez da denean bilakaera bera gertatu. Beharrezkoa da ezaugarri soziolinguistikoei egokitutako azterketak, interpretazioak eta plangintzak eztabaidatzea, norabide bakarreko ondorioak saihestuz.

Gizarteak aldaketa sakon eta azkarrak bizi ditu. Horietan zein leku du euskarak?
Zein esparrutan hazi da euskara erabiltzeko aukera azken 5 urteotan?
Erantzunak aztertzea komeniko litzateke.

Gaitasunaren aldetik bada zer landua. Azken bost urteotan, apenas gehitu den euskaldunen ehunekoa. Baina udalerri euskaldunenetan gaitasun hori nabarmen behera doa. Ematen du zer pentsatua.

Gainera, Gipuzkoako euskaldunen ia herenak hobeto moldatzen dira gaztelaniaz, beraz, ahalegin berezia egin behar dute euskaraz aritzeko, eta behar dute ingurune euskaldun trinkoa eta motibazio esplizitua. Euskara etxetik kanpo ikasi dutenak Gipuzkoan populazioaren %10 dira (gazteen artean, gehiago). Baina etxean ikasteak ere ez du beti ziurtatzen euskaraz gaztelaniaz bezain ondo moldatzea. Komeniko da hizkeraren ñabarduretan, adierazkortasunean, trebezietan arreta jartzea. Nolanahi ere, ez legoke gaizki helduen euskalduntze-alfabetatzean fokua jartzea. Ziur asko, horren aldeko mugimendu instituzional eta sozialak eragina izango luke erabiltzeko aukeretan eta motibazio kolektiboan.

Erabiltzeko aukeretan asko aurreratu da. Begi bistara ekarri behar da ahalegin administratibo eta soziala. Baina gizarteak aldaketa sakon eta azkarrak bizi ditu. Horietan zein leku du euskarak? Zein esparrutan hazi da euskara erabiltzeko aukera azken 5 urteotan? Erantzunak aztertzea komeniko litzateke. Gabezietan aldaketa esanguratsurik ezean, ez da erraza irudikatzea gero eta zabalagoak diren hizkuntza-aukeren artean euskarari era esanguratsuan eustea.

Aipa dezagun hirugarren baldintza-multzoa: motibazioa. Mingarria izan arren, planteatu al daiteke euskaraz hitz egiteko motibazioetan gipuzkoarrok behera egin dugula? Ez dago bide bakarreko erantzunik. Euskaldunen euskararekiko harremana ez da bat eta bakarra; erabilera ez da bat eta bakarra. Ez da aski identitateari begiratzea edo balio ekonomikoak aipatzea. Identitate-moduak aldatuz doaz. Onartu beharko da gizartearen aldaketa sakonaren aurrean batzuen eta besteen sentimenduek lekua izan behar dutela. Baina, akaso, gizarteko hizkuntza euskara bilaka dadin, ez da alferreko lana norbanakotik motibazio kolektibo konplexu eta esanguratsu baten (edo batzuen) bila hastea. Ez da baztertu behar kaleko erabileran iraulia gertatu zenean (XX. mende amaieran) borondate kolektiboak izan zuen pisua. Ez da garai berdina. Baina aukera dago lurralde edo herri gisa globalizazio uniformizatzailearen aurrean modernotasuna, konplexutasuna eta iraunkortasuna uztartuz, hizkuntza propioa berritzeko ideia indartzeko.

Horretarako Gipuzkoak zeregin berezia duela dirudi. Batetik, berebiziko garrantzia izan dezake Donostiak, euskara sendoago hiritartzeko erronka duelako. Bestetik, eskualdeetako udalerri euskaldunek badute zonaldearen sustatzaile izateko indar nahikoa, eta arnasguneetan ezinbestekoak izango dira zaintza, aktibazio eta plangintza propioak. Ziur asko, epe laburrean, erabileraren beheranzko joerari aurre egiteko ezinbestekoa izango da gaitasunean, erabiltzeko aukeretan eta motibazioan kualitatiboki eragitea: maila pertsonaleko motibaziotik, nahi kolektibo zabal baten aktibaziora.

Hasierara