berria Udako Serieak

Goranzko bidean, jarrerekin kezka

Garikoitz Goikoetxea

Nafarroa

Datuak hobetzen ari dira Nafarroan. Ezagutza handitzen ari da; erabilera gelditua egon da urteetan, baina hazi egin da, inkestak eta neurketak diotenez. Kontrako jarrera indartu da lehen aldiz.

Geldialdi sentsazioaren aldean, pausoak ematen ari da euskara Nafarroan. Euskaldunen kopurua handitzen ari da pixkanaka, batez ere gazteen bitartez, eskola dela medio —eremu mistoan eta ez-euskaldunean handitu da euskaldunen kopurua gehien—. Erabilera geldialdian egon da urteetan, eta jaitsiera zantzuak ere agertu dira —bai inkesta soziolinguistikoan, bai kaleko erabileraren neurketan—, baina azken azterketek adierazi dute erabilerak gora egin duela Nafarroan. Jarreretan ere bada mugimendua, aurkako bidean: euskara sustatzearen aldeko jarrera jaitsi egin da azken inkestan, eta kontrakoa, igo.

Ezagutza eta gaitasuna

Toki erdaldunagoetan gora

Nafarroan 69.000 lagun dira euskaldunak, herritarren %13 ia; 1991n 40.000 euskal hiztun ziren, herritarren %9,5 —betiere 16 urtez gorako biztanleria hartuta—. Beste %10 gai dira euskara ulertzeko, nahiz eta ez diren hitz egiteko gai: 55.000 herritar. Bikoiztu egin da haien portzentajea 25 urteotan, eta kopurutan, ia hirukoiztu. Erdaldun elebakarren ehunekoa, berriz, jaitsi egin da urteotan, baina gehiengo nagusia da oraindik: lau nafarretik hiruk baino gehiagok ez dute ulertu ere egiten euskara. Portzentajean erdaldun gutxiago dago, baina, biztanleria handitu egin denez, 1991n baino erdaldun gehiago dira: 361.000 ziren urte hartan; orain, 410.000.

Zenbaki horien azpian badira ñabardura batzuk. Batetik, inkesta soziolinguistikoan Nafarroako zonifikazioaren arabera ematen dituzte datuak, eta joerak sumatzeko baliagarri da hori —44 herri pasatu dira eremu ez-euskaldunetik mistora aurten, baina aurretik egin zuten inkesta soziolinguistikoa—. Ezagutzaren eboluzioari erreparatzen bazaio, Euskal Herrian oro har nabari den joera bera ageri da Nafarroan ere: leku erdaldunagoan ari da euskara pauso handienak ematen. Nafarroako eremu mistoan, bikoiztu baino gehiago egin da euskaldunen portzentajea —%5etik %11ra—, eta eremu ez-euskaldunean ere bai —%0,6tik %3ra—. Eremu euskaldunean, berriz, apenas mugimendurik izan den urteotan: bostetik hiru dira euskaldunak (%61).

Bestetik, adin aldetik ere badira aldaketak. 34 urtetik behera izan du gorakada euskarak Nafarroan. 16-24 urterekin, laurdenek baino gehiagok dakite euskaraz, eta 25-34 urterekin, bostetik batek. Bi adin talde horietan bikoiztu baino gehiago egin da elebidunen portzentajea. Gorabehera txikiagoak izan dira gainerako adin taldeetan —35-49 urtetan, puntu bat igo; 65 urtetik aurrera, bi puntu jaitsi—. Hiru eremuetan gazteek dute ezagutza tasa handiena, batez bestekotik gorakoa. Desoreka bat dago, beraz; adibidez, eremu mistoan —hura da biztanlez handiena—, 16-24 urterekin lautik batek baino gehiagok dakite euskaraz, baina, 35 urtetik aurrera, euskaldunak ez dira hamarretik bat ere. Bistan dago, beraz, inguru erdalduna dutela euskaldun gehienek.

Adinaren eta lekuaren arabera aldatu egin da Nafarroako euskaldunen soslaia: gazteak dira gehiago orain, eta leku erdaldunagoetan bizi dira. Euskara etxean jaso ez dutenak gero eta gehiago dira: 1991n, %14 ziren hiztun berriak, eta, orain, %37. Adin talde euskaldunenetan, gehiago dira hiztun berriak: 34 urtetik behera, bostetik hiruk etxetik kanpo ikasi dute. Eremu euskaldunean hiztun zaharrena da gehiengoa (%71), baina beste bietan, hiztun berriena —eremu mistoan, hirutik bi dira; ez-euskaldunean, bostetik lau—.

Euskaraz egiteko erraztasunari begiratuta ere badaude aldeak: Nafarroako euskaldun gehienak aiseago aritzen dira erdaraz. Erdiek pasatxok esan dute errazago egiten dutela erdaraz (%51); herenak ziren 1991n. Euskaraz hobeto moldatzen ziren bost euskaldunetik bi orain 25 urte; orain ez dira laurdenak ere. Joera hori handiagoa da gazteetan: bostetik hiruk diote erdaraz hobeto egiten dutela —euskaraz, berriz, seitik batek—.

Erabilera

Jaitsiera bidea eten da

Euskararen erabilera geldialdian egon da urte luzeetan. 1991ko inkesta soziolinguistikoan, nafarren %6 eskasek esan zuten euskara erabiltzen zutela erdara adina edo gehiago; harrezkero, aldiz aldi, jaitsi egin da erabilera pixka bat. Kaleko erabileraren neurketari begiratuta, 1993an entzun zuten euskara gehien Nafarroan (%7,5), eta, ordutik, gutxiago beti. Etxeko erabileran ere jaitsiera islatu zuen mapa soziolinguistikoak.

Goranzko bidea erakutsi dute azken azterketek, baina. Inkesta soziolinguistikoan %6,6k adierazi dute euskaraz egiten dutela erdaraz beste edo gehiago; beste %5,6k esan dute tarteka aritzen direla. Inoizko erabilera tasa handienak dira. Kaleko erabilerari dagokionez, hogei urteko beheranzko bidea eten da, eta galdutako gehiena berreskuratu dute: kaleko hiztunen %6,7 entzun dituzte euskaraz.

Datu horien azpian, hiru aldagairi errepara dakieke. Batetik, jakina, eremuen arabera alde handia dago erabileran: zona euskaldunean %51 aritzen dira maiz euskaraz, eta, mistoan, %2 —%0,2 dira ez-euskaldunean—. Bestetik, erabilera esparruei dagokienez, guztietan handitu da erabilera, baita etxean ere —beherakada sumatua zuten inkesta soziolinguistikoak eta mapa soziolinguistikoak—. Hirugarrenik, adinari dagokionez, 34 urtetik beherakoena da erabilerarik handiena —1991n, haiexek zuten erabilera tasarik txikiena—.

Kaleko erabileraren neurketak ere sumatu du joera hori: zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa —salbuespen batekin: gazteen eta helduen erabilera parean daude—. Adin talde guztietan handitu da kaleko erabilera Nafarroan, aurreko urteetako joera hautsirik. Umeen, gazteen eta helduen erabilera ez aurrera ez atzera egon da 2001az geroztik, eta orain hazi da.

Jarrerak

Aurkako gehiago

Euskarari buruzko jarreretan badago berritasun bat Nafarroan: aldekotasuna jaitsi egin da, lehen aldiz, eta aurkakotasuna, igo. Nolanahi ere, duela 25 urte baino nabarmen handiagoa da euskararen erabilera bultzatzeko babesa. Herenak daude alde —bostenak ziren 1991n—, eta bostetik bi kontra —erdiak baino gehiago ziren—; laurdenak pasatxo erdian daude, lehen bezala, jarrera argirik gabe.

Aldaketa horiek ez dira berdin gertatu eremu guztietan. Eremu euskaldunean, ez da orain nabaritu aldekotasunean beherakadarik —lehendik dator pixkanakako jaitsiera—: hirutik bi daude euskararen erabilera bultzatzearen alde. Eremu mistoan, aldekotasuna zazpi puntu gutxitu da 2011tik 2016ra —%43tik %36ra—, eta batez ere dudan daudenena handitu da —%27tik %32ra—. Beste herenak daude euskara bultzatzearen aurka. Eremu ez-euskaldunean beste bat izan da mugimendua: jarrera argirik ez dutenen portzentajea jaitsi da —%31tik %22ra—, eta aurkakoena, igo —%46tik %59ra—. Bostetik batek du aldeko jarrera.

Euskararen ezagutza faktore erabakigarria da hiztunen jarrera zehazteko. Nafarroako euskaldunen %82 daude alde; elebidun hartzaileen %51, eta erdaldun elebakarren %23. Adinaren arabera diferentzia handia dago jarreran gainerako herrialdeetan, baina Nafarroan ez dago alde handirik.

Gobernuak euskararekin egindako jardunaz galdetuta, gobernu berriaren eragina nabaritu da. Lana egokitzat jo dute %35ek —lehen %18 ziren—, baina gehiengoak desegokitzat jo du (%41). Elebidun gehienek jo dute ontzat (%59).


Iruñea: hamarretik bat euskalduna, eta erabilera geldi


Eremu mistoan dago hiriburua, Iruñea. Datu soziolinguistikoei begiratuta, antza dago bien artean; zerbait txikiagoak dira proportzioak Iruñean. Euskaraz badakite iruindarren %10,5ek, eta beste %11,4k ulertu egiten dute. Gehiengo zabala, baina, erdaldun elebakarra da: lautik hiruk ez dute euskara ulertu ere egiten (%78,1). Inkesta soziolinguistikoaren datuak dira, 16 urtez gorako herritarrenak. Adinaren arabera alde handia dago: 16-24 urtetan, euskaldunak dira laurdenak; 65 urtetik gorakoetan, %4k dakite. Eskolaren eragina nabarmena da Iruñean: %6k ere ez dute etxean eskuratu euskara. Euskaldun gehienek errazago egiten dute erdaraz, areago gazteen artean.

Kaleko erabilerari begiratzen bazaio, gora egin du Nafarroan, baina Iruñean geldialdia nabari da. 1997ra arte igo zen, baina ordutik %3 azpian dago. Kalean gaztelania da nagusi (%94), eta euskara adina entzuten dira gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntza batzuk.

Euskararekiko jarrerari dagokionez, Nafarroako datu orokorrak baino hobexeagoak dira Iruñekoak. Erabilera sustatzearen alde daude %38; %33 aurka; eta %30ek ez dute iritzi argirik.

iritzia

Rosa Ramos Alfaro

Euskara teknikaria

Salbuespena

Kaleko erabileraren 2011ko eta 2016ko neurketen datuak konparatuta, Nafarroa Garaikoak dira jaitsieraren salbuespen nagusia. Araban ere igoera gertatu da, baina Nafarroan igoera orokorragoa da, azken neurraldien arteko aldea handiagoa baita eta igoera adin-talde guztietan gertatu baita. Euskal Herriko datuen joera orokorraren arrazoiak ulertzeko, garrantzitsua da jakitea ezberdina dena zertan eta zergatik den ezberdin.

Nafarroa Garaian bi errealitate soziolinguistiko nagusi daude: hiztun elebidunen dentsitate handiko eskualdea iparraldean eta elebidunen dentsitate txikiko gainerako lurraldea. Denbora behar da eskualde bakoitzeko datuak xehe aztertzeko, baina hasierako hurbilketak azaltzen ditu Euskal Herriko datuetan ikusten ez diren ñabardurak.

Nafarroa Garaian ere gero eta handiagoa da erdal elebidunen proportzioa, gaztelaniaz euskaraz baino hobeki moldatzen direnena. Badakigu halako euskaldunek hiztun-sare ahulak dituztela, ahozko gaitasun mugatua eta euskal kulturaren erreferentzia oso eskasa

Alde batetik, hiztun elebidunen dentsitate txikiko eskualde zabalean 2006tik 2011ra jasotako jaitsiera berreskuratu du 2016ko igoerak. Joera aldaketa adin-talde guztietan gertatu da —Euskal Herri osoa hartuta tipologia honetan igoera haur eta helduen artean soilik jaso da; hiztun elebidunen dentsitate txikiko hiri eta herrietan igoera orokorra apalagoa da Nafarroatik at—. Hala ere, Nafarroako igoera ez da nahiko indartsua izan hiriburuko datuek urteetako lautada etsigarria irudikatzeari uzteko. Komeniko litzaiguke ongi aztertzea egitura demografikoarekin edo bizi-ohiturekin lotutako faktoreek zenbateraino ezberdintzen duten euskararen kaleko erabilera Iruñean eta Iruñerriko gainerako udalerrietan.

Bestetik, elebidun gehien duen eskualdean ez da sumatu Euskal Herriko datuetan izandako galerarik. Kontrakoa. Azken neurraldietan adin-talde guztietako hiztunek gero eta gehiago erabiltzen dute euskara horrelako herrietako kaleetan. Azterketa sakonagoak zantzua berretsiko balu, datu garrantzitsua izan liteke, euskaldun gehien dauden herrietako galerak piztu baitu argi gorria Euskal Herri osoko datuei dagokienez. Edonola ere, Nafarroa Garaiko kopuru orokorrei begira, ezin dugu ahaztu eskualde honek duen pisu demografiko txikia.

Egia da puntu bateko igoera ez dela izugarrizko iraultza, baina dugun testuinguruan ez litzateke zentzuzkoa zantzuen arrazoiak ez bilatzea. VI. Inkesta Soziolinguistikoak aspaldiko joera berretsi du: Nafarroa Garaian ere gero eta handiagoa da erdal elebidunen proportzioa, gaztelaniaz euskaraz baino hobeki moldatzen direnena. Badakigu halako euskaldunek hiztun-sare ahulak dituztela, ahozko gaitasun mugatua eta euskal kulturaren erreferentzia oso eskasa. Horretan ez gara ezberdinak. Azken hamarkadetan, beste lurraldeen aldean, Nafarroako euskaldunen komunitateak izan duen hazkunde erritmoa bai, ezberdina izan da, motelagoa. Baliteke hazkunde une ezberdinean egote hutsak erabileraren joera ezberdina azaltzea. Edozein dela arrazoia, gogoratu kaleko erabileran gizarteratze-tasa erabakigarria dela; hau da, elebidunen hizkuntza harremanen sareetara bildutako elebakarren proportzioa (Txillardegik eta Isasik garatutako soziolinguistika matematikoak azaldu bezala). Zenbat eta gizarteratze-tasa handiagoa, elebidun eta elebakarren arteko harreman gehiago, orduan eta erabilera txikiagoa. Orduan, ezberdina da Nafarroa Garaiko herrietako gizarteratze-tasa? Ezberdinak dira (oraingoz?) populazio mugimenduak edo turismoaren eragina gunerik euskaldunenetan? Ikerketarako ildo interesgarria izan daiteke, kontuan hartuta Ipar Euskal Herriak ere ikerketa horretarako osagaia eman duela: ezagutza altueneko eremuan (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) kaleko erabilera igo da.

Badugu, beraz, zer aztertu. Bitartean, oraingoz joera orokorretik aldendu izanak ezin digu lausotu lehentasunezko lanei heltzeko beharra: hezkuntzak euskaldundutako haur eta gazteen egoera hobetu ahozko gaitasuna lantzeko, motibazioa elikatzeko eta erreferente kulturalak eskuratzeko tresnak eskainiz; familiak lagundu, azken inkesta soziolinguistikoak transmisioan erakutsitako gabeziak gero eta txikiagoak izan daitezen, eta, azkenik, aldeko baldintza sozialak erraztu eta ugaritu, euskara lotura sinboliko hutsa duten hiztunek eguneroko praktika bih ur dezaten.

Hasierara