berria Udako Serieak

Aldaketaren ispilu argiena

Garikoitz Goikoetxea

Araba

Euskararen ezagutza egiten ari den aurrerabidearen adibide argia da Araba: hirukoiztu egin da euskaldunen portzentajea. Erabilerarako zailtasunak bistakoak dira, baina: hirutik bik ez dakite euskaraz, eta lau euskaldunetik hiruk aiseago egiten dute erdaraz. Aurrerabidea eta oztopoak, parez pare.

Ezagutzak aurrerapen nabarmena egin du, baina egiturazko trabak daude erabileran pauso erabakigarriak emateko. Euskal Herria oro har hartuta, bilakaera hori izaten ari da euskara. Araba da ispilu argiena. Ezagutza asko areagotu da, ia hirukoizteraino, eta erabileran ere ari dira pausoak ematen. Oztopoak daude, ordea, urrats handiagoak egiteko: batetik, oraindik ere gehiengoa dira erdal elebakarrak (hirutik bi), eta horrek eragina du euskara erabiltzeko aukeretan; bestetik, Arabako euskaldun gehienak, ia lautik hiru, aiseago aritzen dira erdaraz. 25 urteko bideak, beraz, ekarri du pausoa ezagutzan, baina bistan daude ezinak.

Ezagutza eta gaitasuna

Gazteetan, zazpi bider gora

Aurrerakada nabarmena ageri da Arabako ezagutza datuetan. Duela 25 urte, erdaldun elebakarrak ziren zazpi arabarretik sei; euskaraz egiteko gai, berriz, herritarren %7. Euskaldunen kopuruak urtez urte egin du gora harrezkero, eta, gaur egun, 16 urtetik gorako arabarren artean, bostetik bat gai da euskaraz aritzeko. Ia hirukoiztu egin da, beraz, elebidunen portzentajea. Euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenen ehunekoa bikoiztu baino gehiago egin da: %18 dira elebidun hartzaileak. Kopurutan, hara: 1991n, 16 urtez gorako 15.540 euskaldun zeuden Araban; orain, 52.420. Hirukoiztu baino gehiago egin da kopurua.

Gorakada hori gazteen eskutik dator, nabarmen. Ikusi besterik ez dago 34 urtetik beherakoen artean nola handitu den elebidunen portzentajea: zazpi bider gehiago dira. Orain 25 urte, 16-24 urtekoetan hamarretik batek ere ez zekien euskaraz, eta, orain, hamarretik seik dakite; 25-34 urterekin, hogeitik bat ere ez zen euskalduna, eta, orain, hirutik bat pasatxo. Goraldia nabari da gainerako adin taldeetan ere —65 urtetik gora izan ezik—, baina ez da hain handia. Desoreka bat dago: 16-24 urterekin, %60k badakite euskaraz, eta, hortik gorako adinetan, talde batetik bestera gutxi gorabehera erdira jaisten da elebidunen portzentajea. Kopurutan: Arabako biztanleen %22 dira 16-34 urte bitartekoak, baina elebidunen %52.

Elebidunen gorakada horretan zuzeneko zerikusia izan du irakaskuntzak. Euskaraz eskolatuta daude gehienak; oinarrizko hezkuntzan D ereduan ari dira ikasleen %58 —2001-2002ko ikasturtean %30 ziren—. Hiztun berriak dira Arabako euskaldun gehienak, euskara etxetik kanpora eskuratu dutenak: euskaldunak %19 dira herrialdean, baina lehen hizkuntza euskara dutenak, %7.

Euskaldun gehienek bigarren hizkuntza dute euskara, eta aiseago moldatzen dira erdaraz: %71k adierazi dute hori. Elebidunen %7 eskas aritzen dira euskaraz errazago —25 urtean puntu bat igo da portzentaje hori, etxeko transmisioan egiten ari diren urratsen lekuko—. Euskaldunen laurdenek, berriz, erraztasun antzekoa dute euskaraz zein erdaraz aritzeko. Gazteen artean are gehiago dira erdal elebidunak, erdaraz hobeto egiten dutenak: beste adin taldeetan baino gehiagok dakite, gehienek eskolaren bidez ikasita, eta erabiltzeko aukera mugatua dute.

Ez da ahaztekoa, izan ere, nahiz eta aurrerapen handiak egin Arabako biztanle gehienek ez dakitela euskaraz: ia hirutik bi erdaldun elebakarrak dira oraindik. 34 urtetik aurrera, euskaraz dakitenak ez dira bostetik batera ere heltzen. Dentsitateari begira, pausoak badira Araban: duela hiru hamarkada, herri gehienak lehen gune soziolinguistikoan zeuden —euskaldunen indizea %20tik beherakoa zen Aramaio eta Legutio ez beste herri guztietan—; orain, bigarren gunean daude gehienak —euskaldunen indizea %20-50 bitartean—. Eskualdeka, Añana ez beste guztietan da indizea %20tik gorakoa, 2011ko azken ikerketek diotenez.

Erabilera

Erraztasuna eta aukerak

Euskaldun gehienak hobeto jarduten dira erdaraz, beraz. Gainera, erdaldunak gehiengoa direnez —eta are gehiago helduen artean—, mugatua da euskaz egiteko aukera. Bi faktore horiek erabakigarriak dira erabilerarako. Egoera hori izanik, erabilera zerbait igo da Araban: %6 ere ez dira aritzen euskaraz gaztelaniaz adina edo gehiago. Inkesta soziolinguistikoko zenbakia da, datu aitortua: zenbatek dioten euskaraz egiten dutela. Aurrerabidea izan da, inkestaren arabera: 1991n, %0,5 zen erabilera trinkoa. Ezagutzan bezala, erabileran ere alde handiak daude adinaren arabera: gazteena da handiena (%15), eta, apalena, 65 urtez gorakoena (%1). Erabileraren igoera etxeko erabileraren datuetan ere agertu zen: ia %3 aritzen dira euskaraz, 1991n halako bi —beste %4, euskaraz eta erdaraz—

Kaleko neurketak ere erakusten du erabilera igo dela 25 urtean —azterketa hori ez da inkesta bidez egiten: neurtzaileak kalean ibiltzen dira—: 1989ko neurketan elkarrizketen %3,9 sumatu zituzten euskaraz; orain, %4,6. Oraingo neurketaren parekoa egin zuten 2006an ere (%4,7), eta txikiagoa izan zen duela bost urte (%4).

Kaleko erabileraren neurketa adinaren arabera aztertzen bada, berresten du joera bat: zenbat eta gazteago, handiagoa da euskararen erabilera. Haurrek (2-14 urte) erabiltzen dute gehien euskara Araban: %7,5. Azken neurketan eman du jauzia, aurreko urteetan geldialdian egon baita. Gazteena da hurrena erabilera daturik onena (%5,2), baina txanponaren bi aldeak ditu: batetik, lehen neurketakoa baino bi puntu handiagoa da erabilera, baina beheraka ari da 2006az geroztik. Helduen erabilera puntu bat hazi da azken 27 urteetan, gorabehera batzuekin (%4,5). Adinekoenak, berriz, ezagutzak bezala, behera egin du, nahiz azken bi aldietan igo (%1,3).


Jarrerak

Erdiak baino gehiago alde

Euskararen aldekotasuna areagotzen ari da Araban. Azken urteetan indartu da joera hori, gainera. 1991tik 2011ra, izan ere, hiru puntu eskaseko gorakada izan zuen —%45etik %48ra—, eta, 2011tik 2016ra, bost puntu pasatxokoa (%53). Lehen aldiz, beraz, arabarren erdiek baino gehiagok babestu dute euskararen erabilera sustatzea. Aurkakotasuna inoiz baino txikiagoa da (%14), eta herenek ez dute iritzi garbirik eman.

Gipuzkoarekin eta Bizkaiarekin alderatzen bada, Araban txikiagoa da euskararen erabilera bultzatzearen aldeko jarrera. Badago aintzat hartu beharreko faktore bat: euskararen ezagutzaren arabera desberdina da sustatzearekiko jarrera. Euskaraz badakitenek jarrera aldekoagoa dute. Bat dator hori Arabako errealitatearekin ere: euskararen ezagutza hazi da, eta aldekotasuna ere bai. Adinari begiratuta, joera bera: aldekotasuna handiagoa da gazteetan.

Gasteiz: parean dira gaztelania ez diren erdarak eta euskara


Arabako datu orokorren antz handia dute hiriburukoek, Gasteizkoek. Kontuan hartu behar da arabarren hiru laurden Gasteizen bizi direla. Ezagutzari dagokionez, proportzioan herrialde osoan baino euskaldun gutxixeago dago Gasteizen (%18), eta erdaldun gehixeago (%64). Inkesta soziolinguistikoaren datuak dira horiek —16 urtez gorako herritarrenak—. Gasteiztarren %5ek adierazi dute euskaraz aritzen direla erdaraz adina edo gehiago —2001ean, lehen urte alderagarrian, %2 pasatxo ziren—.

Kaleko erabileraren neurketari erreparatuta, toki zerbait irabazi du euskarak Gasteizen —1,7 puntu egin du gora 1989tik hona—, baina oso bazterrekoa da oraindik: hiriburuan kaleko elkarrizketen %3,7 sumatu dituzte euskaraz. Izatez, gaztelania eta frantsesa ez diren beste erdara batzuk adina erabiltzen da euskara Gasteizko kaleetan. Gaztelania oso nagusi da: solasaldien %92,5ean erabiltzen da.

Euskara sustatzeari buruzko jarrerari dagokionez, ezagutzan bezalako ñabardurak daude herrialdetik hiribururako datuetan: Gasteizen txikixeagoa da euskara sustatzearen aldekotasuna, baina, lehen aldiz, erdiak baino gehiago daude neurrien alde —%51k esan dute hori—. Kontrakoak, berriz, %14 dira.

iritzia

Asier Etxenike

Soziologoa

Positibo, neurrian

Araban, inkesta soziolinguistikoaren emaitzek aurreko neurketetako joerak mantentzen dituzte. Kale neurketaren kasuan, ordea, azken neurketan jaitsiera detektatu zen, eta, oraingoan, hamarreko batzuez hitz egiten badugu ere, gora egin du; joera positiboan kokatu da, hortaz. Hala ere, datua baxua dela esango nuke.

Edonola ere, grafikoki adierazi nahian, bi adin tarte eta bi hiztun motatan zentratuko naiz, Arabako bilakaerari eta egungo errealitate soziolinguistikoari hurbilpen bat egiten saiatzeko: gazteenak (16-24 urte) eta zaharrenak (edo nagusiak, 65 urte edo gehiago).

Nagusien munduan, elebiduna gutxiengo nabarmen bat da oraindik ere. Eta nagusien mundu horrek garrantzi handia du edozein jendarteren errealitate sozial zein linguistikoan.

Gazteenen artean, 1991n elebidunak ez ziren iristen %10era. Egun, erditik gora dira. 25 urtean, sekulako aldaketa. Nagusiak, ordea, %6 ziren 1991n, eta, jaitsiera egon ondoren, orain hortxe dabiltza. Aurreko adin tartea kontuan hartuta (50 eta 64 urte artekoa), proportzioa gutxinaka gora doa, baina ez da %10era iristen.

Horiek dira, nire ustez, Arabako errealitatea irudikatzen laguntzen duten datuak. Bi aldagai, lau multzo sortzen dituztenak. Gazteen arteko elebidun gehiengo bat eta elebakar gutxiengo bat. Eta, alderantziz, zaharren arteko elebakar gehiengo absolutu bat eta elebidun gutxiengo bat.

Batean gazteak, non euskararen ezagutzan iraultza bat izan den, baina ezagutza horrek ez du eragin nabarmenik izan erabileran, edo behintzat espero zena horrelako ezagutza hazkundearekin. Horretarako arrazoi asko aurki daitezke. Arabako elebidun gehienak hiztun berriak dira. Lehen hizkuntza gaztelania izan dute, eta eskoletan eta ikastoletan euskaldundu dira. Izan ere, elebidunak bai, baina ohitura gehiago eta erraztasun handiagoa dute, inondik ere, gaztelaniaz. Haietako gehienek horrela eraiki dituztelako haien harremanak: etxean gehienek gaztelania jaso dute soilik edo nagusiki. Gero, eskolan edo ikastolan, euskara ikasten hasi ziren, baina bitartean gelako hizkuntza gaztelania izan dute (besterik ez baitzekiten), eta lagunen arteko harremana hizkuntza horretan eraiki dute. Denborarekin denak bihurtu dira euskal hiztun, baina ohitura gaztelaniaz dute finkatua. Beraz, haiekin erabileran dago orain erronka.

Beste poloa nagusiena da. Haiengan datuak ez dira oso motibagarriak. 25 urtean datuak ez dira asko aldatu. Berez, badirudi joera, “ordezkapen efektuarengatik— besterik ez bada ere, positiboa izango dela hurrengo urte/hamarkadetan, baina efektu horri bakarrik uzten bazaio Araba euskalduntzeko esperantza (ezagutzan, erabileran zein gainontzeko adierazleetan), jai dugu. Nagusien munduan, elebiduna gutxiengo nabarmen bat da oraindik ere. Eta nagusien mundu horrek garrantzi handia du edozein jendarteren errealitate sozial zein linguistikoan. Izan ere, nagusien mundua erreferentziazko mundua baita gauza askotarako. Nagusien mundua lan mundua delako. Nagusien mundua estatus soziala ezartzen duen mundua delako. Bestela, begirada bota Arabako erreferentzia sozial eta ekonomiko diren eragileen zuzendari, lehendakari eta gainontzekoei, eta konturatuko gara horietan zein elebidun gutxi dauden, eta are txikiagoa da euskararen erabilera haien partetik. Nagusien mundua, demografikoki ere nagusi, gehiengoa da, eta, hortaz, haien errealitateak datu orokorretan eragin oso nabarmena du.

Beraz, Araban, datuak positiboak dira zalantzarik gabe, baina positibotasun hori, esan dezagun, adierazle batean oinarritzen dugu (ezagutzan eta gazteen adin tartera mugatua). Ezin gara lokartu. Oraindik ere erronka asko eta handiak ditugu. Aurrekoan oinarrituta, esango nuke bi erronka nagusi daudela: gazteen erabilera handitzea, ohartaraziz haien mundua uste duten baino euskaldunagoa dela, ohiturak apurtzeko baliabideak eta ekimenak aurrera eramanez, erreferentziak sortuz, haiei espazioak emanez, eta abar. Eta batzuetan ahaztua edo alboratua dugu (akaso zailagoa edota gatazkatsuagoa delako horri aurre egitea) nagusien euskalduntzea.

Hasierara