berria Udako Serieak

Gazteago eta konplexuago

Garikoitz Goikoetxea

Euskal Herria

Errotik aldatu da egoera bi hamarkada eta erdian. Hazi egin da euskaldunen kopurua, baina erabiltzeko ezinak daude. Gazteagoak dira euskaldunak. Konplexuagoa da orain egoera.


Aldaketak mahai gainean daude: aurrerapausoak, atzeraldiak eta ezinak. Euskaldunen kopurua areagotu egin da urteotan: euskal herritarren %28 dira, 750.000 baino gehiago; 1991n, %22 ziren, 530.000 eskas —16 urtez gorakoak hartuz—. Gazteen artean handitu da ezagutza: 24 urtez behera, euskaldunak dira erdiak baino gehiago. Gehienek, ordea, erosoago egiten dute erdaraz eta inguru erdalduna daukate. Erabilera geldialdian dago: etxeko erabilera duela 25 urteko hein berean dago, eta kaleko erabilera jaisten ari da azken hamar urteetan. Gogoetarako gai ugari, beraz.

Euskaldunen soslaia


Iraulketa bat gertatu da urteotan adinaren ikuspegitik. 1991n, 65 urtez gorakoen taldea zen euskaldunena (%28,5), eta, inkesta soziolinguistikoaren arabera, erabilerarik handiena ere haiek zuten (%21). Orain, berriz, bestelakoak dira kontuak: 65 urtetik gorakoen taldean dago euskaldun gutxien (%20), eta erabilera txikienetakoa ere bai (%15). Gazteen artean, berriz, gorakada handia gertatu da, bikoiztu baino gehiago egin baitira euskaldunen portzentajea eta erabilera: 16-24 urterekin, euskaldunak dira erdiak baino gehiago (%55), eta erabilera portzentajerik handiena dute (%22). 25-34 urterekin ere ia bikoiztu egin dira euskaldunen ehunekoa (%40) eta erabilera (%21). Alde horretatik, gaztetu egin da euskaldunen soslaia.

Hiztunen ezaugarriak ere aldatu dira. Duela 25 urte, bost euskaldunetik lauk euskara zuten lehen hizkuntza; orain, erdiek. Hiztun berrien proportzioa handitzen ari da. Euskaraz egiteko erraztasuna ere aldatu da: hiru euskaldunetik bi jarduten ziren euskaraz errazago edo erdaraz bezain aise; orain, erdiak pasatxo. Euskaldunen %45 errazago aritzen dira erdaraz, eta, gazteetan, erdiak baino gehiago.

Biztanleriaren egitura

Euskaldunen soslaia aldatu da urteotan, eta biztanleriaren egitura ere bai: gazte gutxiago dago, eta adineko gehiago. Alegia, euskaldunena den adin taldea txikiagoa da, eta, erdaldunena, handiagoa. 1991n, 16-34 urte zituzten biztanleen %38k, eta 50 urtez gorakoak ziren %38; orain, %25 dira 16-34 urtekoak, eta 50 urte baino gehiagokoak %49. Gazteek pisu gutxiago dute. Hara: portzentajean alde handia izan arren, kopurutan paretsu dabiltza 16-24 urteko euskaldunak (135.000) eta 65 urtez gorakoak (133.000); adinekoen pisuak dakar erdaldunen presentzia handiagoa izatea —erdaldunen %60k 50 urte baino gehiago dituzte—. 1991koa balitz biztanleria egitura, %32,4 izango lirateke euskaldunak orain —%28,4 dira—.

Eremu erdaldunagoak

Eskolak zeresan handia eduki du belaunaldi berriak euskalduntzeko bidean. Batez ere eremu erdaldunagoetan nabari da euskaldunen gorakada, gazteen bidez. Eremu horietan, baina, erdaldunak dira gehienak, areago helduetan, eta horrek asko mugatzen du euskaraz egiteko aukera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lehen gune soziolinguistikoan —euskaldunak %20 baino gutxiago—, %4 eskasek egiten dute maiz euskaraz —1991n %1 ziren—; kalean ere igo da erabilera 25 urtean, baina %3,3 da. Hiru herrialdeak hartuta, lehen eta bigarren gune soziolinguistikoetan bizi dira elebidunen %52 —leku horietan euskaldunak ez dira biztanleen erdira heltzen—.

Eremu euskaldunagoak


Arnasguneei buruzko kezka zabaldua da, eta azken ikerketek baieztatu dute jaitsiera. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, laugarren gune soziolinguistikoan —euskaldunak %80tik gora— jaitsi egin da erabilera: 1991n, %88k esan zuten euskaraz egiten zutela maiz; orain, %79k. Kaleko erabileraren neurketak ere jaitsiera erakutsi du 2006tik 2016ra: %68tik %65era jaitsi da kaleko erabilera —1989an, %62 ziren—. Etxeko erabileran ere nabaritu dute apaltzea.

Biztanle mugimenduak aipatu izan dituzte arrazoitzat, eta zantzu hori bera dakar inkestak ere. Euskaldunen erabilera indizea %95ekoa da —%97koa zen 1991n—; uste izatekoa da, beraz, biztanle mugimenduak zuzenean eragin duela —ezagutzaren portzentajea ere jaitsi da—. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %14 eskas bizi dira udalerri horietan.

Erabilera: arlo formala


Euskararen erabilerak eremu formalean eman ditu pausorik handienak. Iraultze bat dago hor ere: 1991n, eremu formaletan egiten zuten euskaraz gutxien, eta orain, han gehien. Udaletxean bostetik bat aritzen da euskaraz —duela 25 urte, hamarretik bat—; osasun zerbitzuan, %16 —lehen, %7—. Saltokietan eta bankuetan ere handitu da erabilera. Nabarmentzekoa da, duen pisuagatik, lantokietako igoera: %20k diote euskaraz aritzen direla lankideekin, orain 25 urte baino zazpi puntu gehiago. Lagunekiko erabilera hiru puntu igo da: %18 jarduten dira euskaraz.

Erabilera: etxea

Duela 25 urteko maila berean dago etxeko erabilera: %16 eskasek egiten dute normalean euskaraz. 2001ean eta 2011n jaitsi egin zen etxeko erabilera, eta galdutakoa berreskuratu du orain. Kontuan hartzekoa da euskaldunen soslaian izandako aldaketa: eremu erdaldunetan bizi dira gehienak, erraztasunik ez dute euskaraz egiteko, eta etxeko kideak erdaldunak dituzte. Etxeko erabilera zehatzago begiratuta, hara: anai-arreben artean gehiago erabiltzen da, eta gurasoen eta seme-alaben artean ere bai; bikotean, gutxiago.

Erabilera: kalea


Jaitsiera azaldu da kaleko erabileraren neurketan azken hamar urteetan. Hiztunen %12,6 entzun dituzte euskaraz, duela hamar urte baino puntu bat gutxiago; 1997ko erabileraren azpitik dago oraingoa. Adin talde guztietan jaitsi da.

Alde handia dago adin talde batzuetatik besteetara, edonola ere. Zenbat eta gazteago, euskararen erabilera handiagoa —hori diote inkestak eta kaleko erabileraren neurketak—. Azken horrek berretsi du beste joera bat ere: haurrekin ari direnean erabiltzen dute nagusiek euskara gehien. Herrialde guztietan ageri da jokabide hori.

Transmisioa

Euskararen transmisio datuak hobetzen ari dira, baina alde handia dago gurasoen gaitasunaren arabera. Egoera onenean, bi gurasoek euskara dutenean lehen hizkuntza, denek transmititzen dute euskara. Gurasoak hiztun berriak diren edo bat erdalduna den, jaitsi egiten da transmisioa. Guraso bakarra denean euskalduna eta hiztun berria denean, %49k transmititzen dute. Hori da datu baxuena.

Jarrerak


Euskararen erabilera sustatzearen aldekoak dira erdiak baino gehiago, %56. Badira ñabardurak, baina: Ipar Euskal Herrian jaisten ari da aldekotasuna pixkanaka, eta Nafarroan behera egin du azken inkestan, nahiz ez den orain bi hamarkadako egoerara itzuli.

Euskararekiko interesa agertzen dute gehienek. Aldaketa handia izan da, 1991n gutxiengoa baitziren. Hezkuntzan euskara ardatz izatearen aldeko ageri dira gehienak: %58k nahi dute euskara irakats-hizkuntza gisa. Sistema elebiduna galdegin dute %24k.



iritzia

Iñaki Martinez de Luna

Soziolinguista


Datuetatik harago, zer?

VI. Inkesta Soziolinguistikoaren nahiz VII. Euskal Herriko Kale Neurketaren eskutik euskararen erabileraren gaineko datu berriak ditugu.

Bi ikerlerro horiek hizkuntza-egoera ezberdinak dituzte aztergai, eta, hortaz, erabilera mota diferenteak ematen dizkigute. Izan ere, hiztun gehienok mota bateko edo besteko hizkuntza-hautua egiten dugu unean uneko eta lekuan lekuko egoeraren arabera: etxean, kalean, lagunartean, eta abarretan.

Esandako inkestak etxeko, lagunarteko, laneko, dendetako, bankuetako, osasun eta udal zerbitzuetako erabilerez galdetzen du; ez kalekoaz. Egoera horietan guztietan euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago eta euskaraz erdaraz beste elkartuta) hazi da 2011tik 2016ra bitartean: %16,1etik %16,5era. Hobari apala, baina norabide egokian goazen seinale. Datu horietan metatzen dira EAE, Nafarroa eta Iparraldeko emaitzak; alegia, hizkuntza-egoera zein ?bilakaera oso eremu ezberdinak dituztenekoak. Horrela, EAEn euskararen erabilera trinkoa %20koa zen 2011n eta %20,5ekoa 2016an; Nafarroan, %5,5 eta %6,6 esandako urte horietan; eta Iparraldean, %9,6 eta %8,1. Hortaz, datu positiboak EAEn eta, batez ere, Nafarroan, eta negatiboak bakarrik Iparraldean. Datu metatu horien atzean errealitate ezberdinak ezkutatzen dira, gehienak —ez guztiak— positiboak azken 25 urtean: «Oro har euskarak erabilera-eremu guztietan egin du gora: etxean (kide batzuekin igo eta beste batzuekin mantendu edo apur bat jaitsi), lankideekin, lagunekin eta eremu formalean». Hala ere, eremu soziolinguistiko euskaldunenetan jaitsiera gertatu da, azken urteotan.

Kale Neurketak Inkestak baino joera ilunagoa erakusten digu, eta ulergarria da. Izan ere, kalean gabiltzanok ez gara inkestak aztergai dituen biztanleria-zentsuko kideak bakarrik

Kale Neurketak eremu publiko horretan —gure karriketan— jartzen du arreta edo, zehatzago, belarria. Ikerketa horrek Bizkaian eta Gipuzkoan azken neurketetan gertatu diren euskararen erabileraren beherakadez ohartarazten gaitu; baita Iparraldeko etenik gabeko gainbeheraz ere. Horren eraginez, Euskal Herriko datu orokorretan galera antzematen da: 2006ko %13,7tik 2016ko %12,6ra. Bestalde, inkestak erakutsi duen eremu soziolinguistiko euskaldunenetako erabileraren beherakada kalean ere errepikatu da. Uste zitekeenaren kontra, gazte eta haurren erabileraren atzerakada ere agertu da.

Hala ere, kale erabilerak baditu datu itxaropentsuak ere, Araban, eta batez ere Nafarroan, erabilerak gora egin baitu azken bost urtean. Eta Iparraldeko datu ezkorren artean, bat oso positiboa: haurren erabileran, 1997-2016 bitartean lehenengo aldiz, gertatu den igoera.

Hortaz, Kale Neurketak Inkestak baino joera ilunagoa erakusten digu, eta ulergarria da. Izan ere, kalean gabiltzanok ez gara inkestak aztergai dituen biztanleria-zentsuko kideak bakarrik. Eremu publiko horretan turista ugari dabil azken boladan, gehienak Estatukoak. Bestalde, etorkin berrien artean pisu handia dute hegoamerikarrek. Bi kasu horiek gaztelaniaren mesedetan dihardute. Gainera, turistak izan edo etorkinak izan, bi kolektibo horietako kideek, kaletik doazenean ere, harreman trinkoak izaten dituzte beren artean. Euskaldunok, aldiz, erdaldunekin nahasita ibiltzen gara, sarri askotan. Hortaz, haiek beren hizkuntzan jardun dezakete, baina euskaldunok, ez.

Hala ere, kaleko neurketak erakusten duen haurren eta gazteen atzerakada ez da azalpen horiekin ulertzen. Bada horren oinarrian kezkagarria den beste zerbait. Izango da, agian, ingelesaren erakargarritasuna eta teknologia berrien eragina? Eta, bestalde, euskararako arnasgune diren herrietako atzerakada, hirietatik herrietara doan barne migrazioarekin zein kanpoko immigrazioarekin azalduko litzateke?

Aukeran, azken balantzea nahi baino ilunagoa da eta erantzunik gabeko galderez josia. Izan, euskara biziberritzeko bidea uste baino luzeagoa da; nahi baino korapilatsuagoa. Ahaleginetan jarraitu beharko dugu, Txerra Rodriguezek idatzi duen bezala: «…iraganetik eta orainetik ikasten etorkizun hobea marrazteko denon artean...».

Hasierara