berria Udako Serieak

Emakume zamarien zama

Kristina Berasain Tristan Ceuta/Melilla Berriemaile berezia

Mugaldeko desorekak

Ceuta eta Melilla portu frankoak dira, eta zerga gabe iritsitako salgaiak emakumeen bizkarrean sartzen dira Marokora. Egunero, hegoaldetik milaka emakume joaten dira lanera bi hirietara.


Erraza da pobrezia idealizatzea, pobreek egite eta borondaterik eza berezkoa balute bezala ikusiz. Erraza da haiei giza duintasuna kentzea, erruki objektuetara murriztuz. Hori inoiz baino nabarmenagoa da Afrikaz ari garenean.

Chimamanda Ngozi Adichie,
Idazle nigeriarra

Eguna argitu aurretik ere ilara luze-luze bat dago mugan. Egunsentian esnatu dira azal beltzaran urratuko emakumeak. Marokon bueltan sartu ahal izateko erakutsi beharko duten txartelaren zain daude. Bekozko ilunez ari dira begira. Batzuek hementxe pasatu dute gaua, ilararen hasiera partean egon ahal izateko. Ceutan sartu, eta fardel bat hartuko dute, edozerekin: arrozarekin, hirinarekin, olioarekin, gailetekin, litxarreriekin, zuku kutxekin, pixoihalekin, tapakiekin, zapatilekin edo arroparekin, luxuzkoa ere bai; eta, batzuetan, barruan zer dagoen jakin gabe ere bai, pistolak edo balak adibidez. Sorbaldan ipinita, lepauztaira edo kopetara sokekin helduta, 60 eta 90 kilo arteko fardelarekin, bizkarra guztiz makurtuta, lau kilometro egingo dituzte bueltan, oinez, hamar bat euroren truke. Emakume zamariak dira, eta sorbaldan daramaten zama baino astunagoa da eurentzat bizitzaren zama.


Nadia da ilaran zain dagoenetako bat. Fnideq hiritik dator egunero mugara, taxi kolektibo batean, seme-alabei jaten emateko modu bakarra mandoarena egitea delako. Polizien jokaeraz kexu da: «Jo egiten gaituzte, eta, noski, fardela pasatzen uzteko dirham bat eman behar diegu. Batzuetan, hondartzan edukitzen gaituzte zain, eguzkitan, hainbat orduz, eta, gure artean emakume eder eta gazte bat ikusten badute, aurreratzen uzten diote; neskak loreren bat botatzen badie, aurrenekoa jartzen dute ilaran».


Ama ezkongabea da Nadia. Zamari lanak egiten dituzten emakumeen profila betetzen du. Cristina Fuentes APDH Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko ikerlariak zehaztu du haien soslaia: «Gehienak ezkongabeak dira; alargunak eta bananduak ere badaude, baina denak arbuiatuta daude, eta ez dute diru sarrerak izateko beste modurik». Kateko azken maila dira, eta euren lan baldintzak, hutsalak. Fuentesek iaz argitara emandako txostenak jasotzen duenez, «laidoak, abusuak, apaltzeak» jasaten dituzte, «eta sexu jazarpena ere bai»: «Marokok, Espainiak eta Europako Batasunak bere horretan jarraitzen dute, urtez urte, erdeinatuak diren emakume hauengatik ezer egin gabe. Umiliagarria da».

Heriotzaren pasabideak

Tarajalgo pasabidetik sartzen dira andreak Ceutara. Parean dagoen poligonoko nabeetan jasotzen dituzte fardelak, eta beste pasabide batetik itzultzen dira. Duela gutxi arte Biutzekoa erabiltzen zuten. Zhora eta Bushra hantxe hil ziren, zapalduta, 2009an, heriotzaren eskaileran, bi metro zabal eta hamar metro luze eskaseko pasabidean. Tarajal II pasabidea zabaldu zuten iragan otsailaren 27an, baina hor ere pilaketak sortzen dira. Batul hortxe hil zen, apirilean; martxoan, Soad.


Melillan ere izan dira hildakoak. Safia Azizi txinatar auzoko pasabidean hil zen, 300 eta 400 zamaketariren artean zapalduta, ate birakarien kaiolan.

Merkataritza atipikoa izenez da ezaguna negozio hau, baina, eufemismorik erabiliko ez balitz, kontrabandoa litzateke. Ceutak eta Melillak dauzkaten berezitasunak daude jarduera honen jatorrian. Portu frankoak dira biak, eta, hortaz, ez dago aduana zergarik. IPSI ekoizpen, zerbitzu eta inportazioetarako zerga soilik, %10ekoa, BEZ balio erantsiaren gaineko zerga baino tasa nabarmen txikiagoa. Marokoko mugan, berriz, esku bagajetzat hartzen dituzte fardelak, 90 kilokoak badira ere.

Ceutan 7.000 eta 9.000 emakume zamari artean daude. Iturri batzuen arabera, esaten duten baino diru gehiago jasotzen dute fardeleko; batez beste 50 euro, hau da, 25 eta 80 euro artean, garraiatzen dutenaren arabera, edo egun horretan dagoen emakume kopuruaren arabera. Portuan sartzen diren salgaiak poligonora eramaten dituzte, eta handik, emakume zamarien bidez, Marokora. Tora Bora zelaitik herrialde osora banatzen dituzte, baita kontinente osora ere. Afrikan Eroski, Lidl eta Mercadonako horrenbeste poltsa ikustearen arrazoia hori da. Txinan egindako arropa askoren helmuga ere bada: Madrilgo Fuenlabradako Cobo Calleja poligonotik hiri autonomoetara.

Melillan antzekoa da egoera. Hiri horretan merkataritza aduana bat baden arren, 3.000 eta 5.000 zamaketari artean daude. Gehienak emakumezkoak dira, baina, azkenaldian, gizonezko batzuk ere ari dira; bizkarrean eraman beharrean, gehienetan bizikletetan eta auto pateretan eramaten dituzte salgaiak —autoetan ez dute zirrikiturik uzten, eta 100 eta 300 euro artean jasotzen dute bidaiako—.

Kontrabando horri esker dirutza jasotzen dute bi hiriek. APDH elkartearen arabera, urtean 1.400 milioi euro jasotzen dituzte bi hiri autonomoek mugako merkataritzari esker. Ceutako eta Melillako banketxeetan daude, hain zuten, estatuko diru gordailu handienak. Langabezia, hala ere, oso handia da, estatuko batez bestekoa baino sei puntu inguru handiagoa; %26,9koa Ceutan (84.500 biztanle ditu), eta %27,38koa Melillan (85.500). Azken hiri horretako herritarren %32, hala ere, baztertze eta pobrezia arriskuan daude.

Hiri bakanak

Hiri bakanak dira ikuspuntu askotatik begiratuta. Bitxiak. Bereziak. Herritarren %13 inguru funtzionarioak dira —hobariak dituzte—, eta beste inon baino militar gehiago dago; poliziak, guardia zibilak, legionarioak... Ceuta, berez, legioaren egoitza da, eta ez da ahaztu behar errepublikaren kontrako altxamendu militarra hiri horretatik gidatu zuela Francok —haren boten oinatzekin egindako eskultura oraindik ere zutik dago hirian—.

Espainia eta Afrikaren arteko hibrido bat ere badirela esan daiteke. Kontinente zaharrak kontinente beltzarekin bat egiten duen lekua, txilabak eta buruko zapiak gorbata eta bakeroekin nahasten diren lekua, komunitate kristaua eta musulmana parekatuta baitaude. Muga fisikoaren parean, muga kultural eta ekonomikoa ere badago; hegoaldeko eta iparraldeko per capita errentari erreparatzea baino ez dago: Espainian, 24.000 eurokoa izan zen 2015ean; Marokon, berriz, 2.706koa —munduko muga desorekatuenen artean zazpigarrena da—.

Lepauztaira edo kopetara sokekin helduta, 60 eta 90 kilo arteko fardela eramaten dute, bizkarra guztiz makurtuta

Horregatik daude mugaz gaindiko horrenbeste langile ere. Egunero milaka eta milaka lagun sartzen dira bi hiri autonomoetara lanera. Espainiak Schengengo Akordioaren Berrespen Protokoloan ezarri zuen adierazpenak bermatzen du hori; Tetuan eta Nador eskualdeetako biztanleek ez dute bisarik behar muga zeharkatzeko, aski dute pasaportearekin. Goizero, beraz, 25.000 bat lagunek igarotzen dute muga hiri bakoitzean, gauean etxera itzultzeko; gehienak, emakumeak, eskolagabeak, etxeko lanak egitera doazenak eta zortzi orduko lanaldiarengatik hilean 150 eta 300 euro artean jasotzen dutenak.


DIGMUN elkarteak haiekin egiten du lan. Irakurtzen eta idazten irakasten diete, baina bestelako jarduerak ere egiten dituzte. Maribel Lorente presidenteak dio hamar urtean mila emakume pasatu direla euren egoitzatik: «Garrantzitsuena da ahalduntzen laguntzea eta sexu hezkuntza ematea, asko eta asko haurrekin datozelako, eskolagabetuak horiek ere, erregistratuta ez daudelako».


Samira da egoitzatik pasatu den emakume horietako bat. Bost seme-alabaren ama da, hiru gizon ezberdinenak, eta haurdun dago berriz ere: «Nire aurreko bikotekideak ez zituen seme-alabak erroldatu, ezkondu gabe geundelako. Semea eraman zuen, alaba nirekin utzita, eta zazpi urte daramatzat semea ikusi gabe».

Marokon wlad ihram izenez dira ezagunak ezkondu gabeko bikoteen seme-alabak, bekatuaren seme-alabak. Amek bizi duten bazterketaz mintzatu da Samira: «Putak bezala hartzen gaituzte, familian ere bazterrean uzten gaituzte, eta seme-alabak eskubiderik gabe geratzen dira, abizenik gabe, linbo batean bezala, eskolatu ere ezin ditugulako egin». Pozik dago orain, irakurtzen eta idazten ikasi duelako, baina beste etorkizun bat nahi du alabentzat: «Nik oso gaizki pasatu dut; gau asko pasatu ditut lo egin ezinik, burua galduko nuela uste bainuen». Bere abizena jarri ahal izan dio orain alabari, eta, horri esker, eskolara eraman ahal izango du datorren ikasturtean.

Akaso Chimamanda Ngozi Adichieren libururen bat irakurriko du egunen batean Samirak. Edo haren alabak. Idazle nigeriarrak emakume izateaz idatzi du, beltz bihurtzeaz, zurien neurrira egindako mundu batean ile basatia orrazteaz, azal ilunagoa makillatzeaz, baina irauteaz ere bai, migratzean jatorriarekiko gatazkan bizitzeaz, neskak eta mutilak berdintasunean hezteaz, aurreiritziez. «Erraza da pobrezia idealizatzea, pobreek egite eta borondaterik eza berezkoa balute bezala ikusiz. Erraza da haiei giza duintasuna kentzea, erruki objektuetara murriztuz. Hori inoiz baino nabarmenagoa da Afrikaz ari garenean».



Hasierara