berria Udako Serieak

«Zer ikusi, hura ikasi, eta horretan hasi»

Gorka Intxausti Aranguren Lemoa

Atutxatarrak

Aizkora munduan nabarmendu dira biak ala biak. Kepa, aita, binakako Bizkaiko txapeldun izan da hainbat aldiz. Haietatik hamarretan, semearekin batera. Aitzol, semea, Euskal Herriko azken hiru txapelak irabazi ditu.


Inor gutxik espero izango luke gaurko hitzordua jarri dugun lekuan aurkitzea Bilbo bezalako hiri batean 21 urtez bizi izandako norbait. Askorentzat harrigarria izango da, era berean, pertsona horrek berak 16 urterekin Bizkaiko binakako aizkolari txapela irabazi izana, bere aitarekin batera. Baina, horixe da, hain zuzen, atutxatarren historia.

Iritsi bezain laster, egur usainak eta aizkora hotsek egiten diete ongietorria Lemoako (Bizkaia) industrialdetik gora atutxatarrek eta larreatarrek entrenatzeko erabiltzen duten lekura biltzen denari. Egurra da protagonista nagusia: egurrezkoa da sabaia, eta egurrezkoak haren azpian mozten diren enborrak ere. Astean hiru aldiz entrenatzen da Aitzol Atutxa han, aizkorarekin. Argi dauka Arratia haraneko txoko hartan pasaturiko urteek eman dizkiotela txapelak.

Prestatuta etorri da elkarrizketara Euskal Herriko txapelduna. Argazkilaria iritsi bezain laster atera ditu zurezko bi kutxa. Aitzol zizelkatuta dauka batek, letra larriz, barneko aizkorak norenak diren argi gera dadin. Iritsi berri da Kepa Atutxa, aizkolari eta txapeldun ohia izateaz gain Aitzolen aita dena. Aizkorak aipatu, eta berehala onartu dute batzuk gehiago maite dituztela besteak baino. «Izenik ez diet jartzen aizkorei, baina, bai, nik esaten dut aizkora batzuk ohe azpian gordetzen direla, eta ez direla erabiltzen entrenatzeko edo edozein erakustalditara eramateko». Kepak, berriz, gehien maite duen aizkora etxeko horma batean dauka zintzilikaturik: «Harekin egin dut ordu gehien aizkoran, eta Aitzolek ere ordu pila bat emango zuen harekin egurra mozten. Ugarteburu aizkolariari beste batekin aldatutako aizkora hura da, beharbada, nire kutunena».


Nabari da Aitzoli aitarengandik datorkiola aizkorarako grina. «Zer ikusi, hura ikasi, eta horretan hasi». Garbi. Sinple azaldu du Aitzolek. Kepa, institutu garaian, mendira joaten zen lanera eskolako oporrak zirenean. «Han, beste hainbat tresnaren artean, aizkora ere erabiltzen genuen, eta ikusi nuen nahiko ondo moldatzen nintzela, besteen aldean. Hortik sortu zitzaidan txapelketetan parte hartzeko ideia». Txapelketetara joaten hasi, eta Bizkaiko binakako txapeldun izan zen 1983an, lehen aldiz.

Aitzol aizkoran hasteak poz handia eman zidan, eta harro nago Euskal Herriko txapeldunaren aita izateaz

Kepa Atutxa

Oraindik jaio gabe zen Aitzol. 1988az geroztik, hazi ahala, plazaz plaza ikusi du aita. «Gurasoak idoloak izan ohi dira seme-alabentzat, eta hala zen aita niretzat. Hura bezala hasi nintzen gero aizkoran, nerabezaroan, eta haren ondoan jarraitu nuen aizkoran».

Idoloak aipatzeko orduan, bi belaunalditakoak diren arren biek aipatu dute izen bat: Miel Mindegia. «Nirea, adin batera arte, aita. Baina, tira, aita baino hobeak ere egon ziren bere garaian: Mindegia eta Floren Nazabal ere erreferenteak izan dira niretzat, oso hurbilekoak, gainera», azaldu du gazteenak. Askotan, Floren Nazabalen etxean prestatzen zituen aitak txapelketak. Haren aurrean aizkoran aritzea gauza handia zen, noski, artean kirol hura gustuko zuen gaztetxo bat besterik ez zen Aitzolentzat.

Plaza batean 7 urterekin egin zuen lehen agerraldia. Ez du ongi oroitzen egun hura: «Aurkaririk gabe izan nintzen. Aita ere han zegoen; beste batzuen aurka aritu zen. Laster beteko dira 22 urte. Egia esan, argazkiak dira egun hartatik gordetzen dudan oroitzapen bakarra. Handik urtebetera edo bira, 9 urterekin, Diman kana erdikoa ebaki nuenekoarekin gogoratzen naiz».

Aita bai, kidea ere bai

Seme-alabek aizkolari baten bizitza alda dezaketen galdetzean, Atutxa I.ak dio bere aizkolari ibilbideari on egin ziola: «Nire kasuan, askoz errazagoa izan da bigarren aroa. Aitzol aizkoran hasi aurretik, emaztearekin eztabaida ugari izaten nuen aizkora zela eta ez zela. Semea hasi ondoren, aldiz, arrazoi bat neukan aizkoran aritzeko, eta emazteak ere hala ulertu zuen».

Kepak oso harreman ona izan du semearekin betidanik. «Seme ona izan da; gehienetan, esandakoa egin izan du». Aitzolek badaki zein den aitarekin bizi izandakoaren gakoa. «Nik uste dut harreman ona eduki dugula. Jokoaren legeak aitak jarri izan ditu; nik lege horiek ulertu ditut, eta jolasten jakin. Egia da aita ematekoa dela, jasotzen baldin badu. Eta hartu-eman horretan ondo moldatu izan gara beti. Dena eman dit aitak, eta nik ere zerbait ondo egingo nuen».

Esku pilotaren eta bertsolaritzaren ereduak gustatzen zaizkit herri kirolaren etorkizunerako

Aitzol Atutxa

Aitzolen debuteko egun hartatik aurrera, elkarrekin askotan aritu izan dira aizkoran, eta urte asko egin dituzte alde batetik bestera. 2005ean irabazi zuten lehen aldiz Bizkaiko binakako txapelketa. «Urtebete lehenago ere aurkeztu ginen, eta bigarren bukatu genuen. Gero, hamar urte jarraian izan ginen Bizkaiko txapeldun [2005etik 2015era]. Baina ez bakarrik txapeldun, hamar urte jarraian elkarrekin entrenatzen eta plazaz plaza, erakustaldi eta txapelketetan», azpimarratu du gazteak. «35 urte egingo ditugu Bizkaiko aizkoraren gorenean. Ni 1983an Bizkaiko txapeldun izan nintzen lehen aldiz, eta hor ibili nintzen 2015era arte; eta Aitzoli, ondo bidean, beste batzuk irabaztea suertatuko zaio oraindik», dio aitak, harrotasunez.

Kepak aipatutako datuak kontuan hartuta, erraza da pentsatzen aurkarien maila agian ez zela izango punta-puntakoa. Baina aita-semeak ez datoz bat adierazpen horiekin. Atutxa I.ak argi dauka: «Nik esango nuke Aitzol besteen gainetik dagoen seinale dela. Beste guztiak antzeko mailan ibili ohi dira. Aitzol gainetik dago Bizkaian. Gure garaian, antzeko zortzi edo hamar geunden, baina, Aitzolen kasuan, argi dago besteen gainetik dagoela».

Gogorrena, prestakuntza

Bien artean, lehiaketa andana irabazi dute atutxatarrek, eta txapelen bilduma oso oparoa dute etxean. Dena dela, ez datoz bat haietatik zeinek eman dien lan gehien. Zaharrenak dio irabazi ez dituenak izan direla gogorrenak.

Semeak, berriz, analisi sakonagoa egin du: «Nik kontrako analisia egiten dut. Txapelketan zauden 30 edo 40 minutuak agian errazak izan daitezke irabaziz gero. Baina aurretik lanean emandako hiru hilabeteak ere hor daude, eta kontuan hartu behar dira. Niretzat, Euskal Herriko txapelketak izan dira gogorrenak; haiek prestatzen dira gehien, haietarako entrenatzen da denbora gehien, eta haiek lantzen dituzu intentsitaterik bizienean. Egunean bertan erraz irabaz dezakezu, baina aurretik egindako lan guztia oso gogorra da. Normalean, zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta gogorragoa izaten da, nahiz eta gero txapelketa agian errazago irabazi».

Bi garai ez hain ezberdin

Bizkaiko banakako eta binakako txapelketez gain, Euskal Herriko azken hiru txapelketak irabazi ditu Atutxa II.ak. Ez dute gustuko gogoraraztea 1985etik orain arteko txapeldunen artetik berak behar izan duela denbora gehien. Aitzolek argi dauka denbora horren arrazoia. «Egurra da misterioa. Bizikletaz ere, 50 kilometro lauan egin, edo 50 kilometro aldapan egin, aldea dago. Hemen gauza bera da. Egia da dauden markarik onenetara iristea ez dela erraza izango, baina, egur egokia jarriz gero, 40 minutu baino gutxiagoan buka dezaketen aizkolariak badaude gaur egun ere. Egurra guk eramanez gero, egingo genuke; lepoa jokatuko nuke».«Horrez gain, ez da gauza bera marka bat egiteko helburuarekin lehiatu eta azkeneraino bete-betean aritzea, edo lau minuturen aldearekin iristea azken enborrera. Lasaiago hartzen duzu», erantsi du aitak, semearen defentsan.

Adinari erreparatuz gero, pentsa liteke alde handia egongo dela batak gaztetan ezagututako aizkotik besteak ezagututakora. Bakoitzak plazara irten aurretik dituen ohiturek ez dute bestelakorik azaleratzen. Kepak ez zuen inolako ohiturarik edo errutinarik. «Nik ez neukan inolako ohiturarik; ez nintzen maniatikoa». Semeak, ordea, gaur egungo kiroletako izar askoren antzera, badu txapelketa egunetan betetzen duen ohiturarik: «Noiz lo egin, zer jan eta zer ez, esaterako. Oinetako batzuk edo beste batzuk erabili… Aizkorak, aizkora kuttunenak edo bereziak, txapelketarako gordetzen ditut. Bizarrarekin ere badut ohitura bat: Euskal Herriko hiru txapelketak bizarrik gabe irabazi ditut, eta, orduan, kendu egiten dut, badaezpada ere. Barruko arropa zuria ere janzten dut, azken txapelketetan behintzat».

Gure garaian antzeko zortzi edo hamar geunden. Aintzolen kasuan, argi dago gainetik dagoela

Kepa Atutxa

Argi daukate, ordea, belaunaldi bien arteko aldea ez dela horren handia. Janari kontuetan, esaterako, ez dute alde handirik ikusten. «Aldatu baino gehiago, esango nuke Aitzolek nik egiten nion baino kasu handiagoa egiten diola dietari. Nire aurretik ibili zirenek beste modu batean jaten zuten: haragi asko, arrautzak... Baina nire garaian jada bagenekien hidratoak, proteinak eta bitaminak zer ziren. Gero, norbere kontua da dietari jaramon handiagoa edo txikiagoa egitea». Atutxa II.a bat dator aitarekin. «Punta-puntan egon direnek jana beti zaindu izan dute. Baina, gainerakoan, esango nuke pertsonaren araberakoa dela. Batzuei jana zaintzea gehiago kostatzen zaie, eta beste batzuei, berriz, entrenatzea».


Etorkizunari begira

Biek ala biek dute argi ezinezkoa dela gaur egun aizkoratik bizitzea. «Bizipoza ematen dizu, baina ekonomikoki ezin daiteke aizkoratik bizi. Egia da puntan gabiltzanok ez dugula kosturik; kostuak ordaintzeko adina ematen digu, eta nahikoa. Afariren bat edo bidaiatxoren bat noizean behin», adierazi du Aitzolek. Aitaren ustez, «herri kirolak ez dauka indar handirik».


Semeak egoerari ikuspegi itxaropentsuagoarekin begiratzen dio, eta, dituen ekonomia ikasketei jarraiki, badu etorkizunerako proposamenik ere: «Egia da, barnetik begiratuz gero, herri kirola ez dagoela onenean. Baina erreparatu beste kirolei ere. Beste kirolak ere ez daude batere ondo. Kulturari dagokionez ere, garai hobeak izan dira, eta gu ere kulturaren parte gara. Hala ere, nik etorkizuna badagoela ikusten dut. Hori bai: lan asko egin beharko da. Norabide bakarrean hasi beharko gara. Pilotaren modeloa eta bertsolaritzarena gustatzen zaizkit etorkizunerako: herri kirolari guztiok enpresa batean batu eta handik dena antolatzea. Baina hori nire analisi pertsonala besterik ez da», azaldu du Dimako aizkolariak.

Uste dut harreman ona izan dugula. Legeak aitak jarri izan ditu; nik lege horiek ulertu ditut, eta jolasten jakin

Aitzol Atutxa

Argi dauka bide horretan gauzak asko aldatu beharko direla. «Orain arteko ikusleak eta etorkizunekoak ez dira berdinak», nabarmendu du Aitzolek. Askotan agertu izan da plazatik kanpo aizkoran: telebistan eta Kepa Junkerarekin oholtza gainean, esate baterako. Barnean «showman» bat baduela aitortu du. «Aizkoraren historiako une garrantzitsu batean gaudela argi daukat. Aizkolari berriak iritsi gara, eta kirol honek iraungo badu, berritu egin beharko da. Horrelako kontuek laguntzen dutela uste dut eraldaketa horretan. Aurrera egiteko ikusle berriak lortu behar dira».

Baikortasun bera du bere etorkizunari dagokionez ere: «Urte askoan hemen jarraitzea da helburua. Teorian, urterik onenak falta zaizkit. Azken txapeldun izan diren guztiek 30 urteko langa pasatu eta gero irabazi dituzte txapelak. Nik, 29rekin, Euskal Herriko hiru txapel dauzkat. Ikusiko da; agian besteak baino azkarrago erreko naiz. Edo 35 urtera arte ez dut besterik irabaziko. Batek daki».

Kepa Atutxa

(Dima, Bizkaia, 1958)

Mendian lanean aritzen zenez hasi zen aizkoran Kepa Atutxa. Lagunen artean hobekien bera moldatzen zela ikusi, eta txapelketetarako prestatzea erabaki zuen. 24 urterekin egin zuen lehen agerraldia, Eubako plazan. 1983an irabazi zuen lehen aldiz Bizkaiko binakako txapelketa. 1988tik aurrera, semearen erreferente nagusi bilakatu zen, eta Bizkaiko binakako azken hamar txapelak harekin irabazi zituen: 2005etik 2015era, jarraian.

Aitzol Atutxa

(Dima, Bizkaia, 1988))

Aita aizkoran ikusiz hazi zen Aitzol. Harengandik ikasi zuen, eta harekin batera hasi. Bizkaiko txapeldun izan da 22 aldiz: 10 bakarka, eta 12 bikoteka, horietatik 10 aitarekin. Euskal Herriko txapelduna: 2014an, 2015ean eta 2016an. Urrezko Aizkora bederatzi aldiz irabazi du: 2 bakarka (2016 eta 2017) eta 7 binaka (2008, 2009, 2011, 2014, 2015, 2016 eta 2017).

Hasierara