Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Foru aldundiek enpresa gehiagoren zergak batzeko ardura hartuko dute

Publizitatea

Ekonomia

Foru aldundiek enpresa gehiagoren zergak batzeko ardura hartuko dute

Kontzertu ekonomikoa ere egokituko du Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak kupoari buruz lortu duten itunak. Merkataritza elektronikoaren BEZ berezia aztertzeko, beste lantalde bat sortuko dute
Cristobal Montoro Ogasun ministroa eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, kupoari eta kontzertuari buruzko akordiorako oinarria sinatzeko ekitaldian.
Argazkia: CRISTINA BEJARANO

2017-07-15 / Ivan Santamaria

Kupoaren Lege berria onartzeko akordioak beste ondorio batzuk izango ditu. Prozedura baliatuta, kontzertu ekonomikoaren hogei bat artikulu egokitzeko ados jarri dira Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zergapeko gehiagoren zergak biltzeko ardura euren gain hartuko dute aurrerantzean, doikuntza horien ondorioz.

«Hainbat zergapeko arautzeko daukagun gaitasuna handituko da», laburbildu zuen Juan Miguel Bilbao Ogasun sailburuordeak, akordioaren berri emateko aurkezpenean. Ez dute espero aldaketa horiek diru bilketan eragin handia izango dutenik, baina 300 enpresa bitarte has daitezke zergak ordaintzen EAEn onartutako araudien arabera.

Bi dira aldaketa nagusiak. BEZ eta sozietate zerga administrazio bakarrari ordaindu beharko zaio enpresaren eragiketa bolumena hamar milioi euro artekoa bada. Orain arte, zazpi milioi zen muga.

Halaber, Kontzertu Ekonomikoan zegoen asimetria bat zuzenduko da. Aurretik, egoitza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan arren negozioaren %75 baino gehiago Espainian egiten zuten enpresek Madrilen ordaindu behar zituzten zergak. Aldiz, Espainian egoitza izan eta eragiketa guztiak EAEn egiten zituzten enpresek soilik zeuden behartuta euskal ogasunetan ordaintzera. Aurrerantzean, biak parekatuko dira. Negozioaren %75 non egiten den izango da muga nori ordaindu behar zaion erabakitzeko. Talde ez diren banakako enpresei dagokie aldaketa. Taldeei dagokienez, araudiak orain arte bezala jarraituko du.

Bestalde, lantokitik kanpo beharrean ari diren langileen —marinelak, edo atzerrian nahiz etxetik ari direnak— atxikipenak eta herentziak nahiz dohaintzak kudeatzeko modua finduko du aldaketak. Jaurlaritzak uste du moldaketa horien bidez administrazioen arteko koordinazioa hobetuko dela eta eginbeharrak betetzea erraztuko zaiela zergapekoei.

Sinadura, uztailerako

Kupoari dagokionez, joan den maiatzean iragarritako aurre-akordioaren oinarriak berretsiko ditu lege berriak. Datozen bost urteetarako oinarria izango den behin-behineko kupoa ere finkatuta dago: 1.300 milioi. Hortik enplegu politika aktiboen zatia eta beste konpentsazio batzuk kendu beharko zaizkio. Praktikan, 950 milioi inguru ordainduko dizkiote erakundeek Espainiari.

Kontzertuaren batzordea uztailaren 19an bilduko da, Madrilen, sinadura ofizialerako. Ondoren, irailetik aurrera Espainiako Gorteetan tramitatuko dute. Irakurketa bakarreko prozeduraren bidez egingo da. Hots, ezingo zaizkio testuari zuzenketak egin. Urtea amaitu baino lehen kupoaren lege berria indarrean egotea da helburua.

Egozpen indizeak —eskualdatuta ez dauden eskumenen truke ordaintzen den zenbatekoak— %6,24 izango da aurrerantzean ere. EAEk Espainiako ekonomian duen pisua neurtzen du indize horrek, eta ez da aldatu 1980ko hamarkadan kupo sistema berriro abiatu zenetik. Oraingo honetan, ez da ezta eztabaidagai ere izan negoziazioetan, aurreko legearen jarraipena bilatzea zelako asmoa. «Populazioan gutxiago gara, baina errentan ez gaude zenbaki horretatik urrun», argudiatu zuen Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Espainiako Gorteen tramitean ez du aparteko ezusterik espero. Ciudadanosena kenduta, gainerako alderdi guztien babesa lortuko dela uste du. «Kontrakoak harrituko ninduke», ziurtatu zuen Azpiazuk.

EAJk Espainiako Gobernuko aurrekontuaren gastu mugari babesa eman eta egun gutxira iragarri da akordioa. Pozik agertu zen sailburua, azkenean EAEren eta Espainiaren arteko finantza harremanetan «normaltasuna» bueltatu dela iritzita. Hala ere, beste bi kontu zabalik dituzte oraindik. Jaurlaritza eta Ogasun Saila eztabaidatzen ari dira zer egin Mercedes enpresaren barne antolakuntza aldatu izanak zerga bilketan izango dituen ondorioekin. Urtero 200 milioi bitarte gal ditzake Arabak horren ondorioz. Lantalde bat martxan dago maiatzetik, eta irailaren 30a baino lehen irtenbideren bat aurkitzeko konpromisoa hartu dute.

Beste lantalde bat ere abiatuko dute orain erakundeek. Hain zuzen ere, merkataritza elektronikoaren barruko zerbitzuak zergapetzen dituen BEZ araudi berezi berria Kontzertu Ekonomikoan nola ezarri behar den aztertu eta zehaztu beharko dute.

Azkenik, defizit eta zorpetze muga berriak ofizialki adostu dituzte bi administrazioek. Espainiako Gobernuak beste erkidego guztiei emandako tarte berria ezarriko zaio EAEri. Horrek esan nahi du 2018. urtean defizitak %0,4 izan beharko duela —aurten %0,6 izan da, eta heldu den urterako %0,3 zegoen finkatuta, hasieran—, 2019. urtean, %0,1, eta 2020. urterako defizit gabeko aurrekontuan aurkeztu beharko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak