Matxinadagatik auzipetuak

Epaituak

Oriol Junqueras

Generalitateko presidenteordea zen. Fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 12 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

Zigorra: 13 urteko espetxe zigorra.
Delituak: Sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea.
Noiztik kartzelan: 2017ko azaroaren 2tik.



Carme Forcadell

Parlamentuko presidentea zen. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik. Estatuaren Abokatutzak, 10 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik.

Zigorra: 11 urte eta erdiko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa.
Noiztik kartzelan: 2018ko martxoaren 23tik.



Jordi Sanchez

ANCko presidentea zen. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eta 17 urteko inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 8 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik.

Zigorra: 9 urteko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa.
Noiztik kartzelan: 2017 urriaren 16tik.



Jordi Cuixart

Omnium Culturaleko presidentea zen. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eta 17 urteko inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 8 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik.

Zigorra: 9 urteko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa.
Noiztik kartzelan: 2017 urriaren 16tik.



Raul Romeva

Generalitateko Atzerri kontseilaria zen. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, 11 urte eta erdiko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzegatik.

Zigorra: 12 urteko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea.
Noiztik kartzelan: 2018ko martxoaren 23tik.



Joaquim Forn

Generalitateko Barne kontseilaria zen. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, 11 urte eta erdiko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzegatik.

Zigorra: Hamar urte eta erdiko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa.
Noiztik kartzelan: 2017ko azaroaren 2tik.



Jordi Turull

Generalitateko Presidentetza kontseilaria. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 11 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzegatik.

Zigorra: 12 urteko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea.
Noiztik kartzelan: 2018ko martxoaren 23tik.



Josep Rull

Generalitateko Lurralde Antolaketako kontseilaria zen. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, 11 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

Zigorra: Hamar urte eta erdiko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa.
Noiztik kartzelan: 2018ko martxoaren 23tik.



Dolors Bassa

Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilaria zen. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, 11 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

Zigorra: 12 urteko kartzelaldia.
Delituak: Sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea.
Noiztik kartzelan: 2018ko martxoaren 23tik.

Kazetaritza profesionala eta konprometitua egiten jarraitzeko, izan BERRIAlaguna

Beste auzipetuak

Beste zigortuak



Santi Vila

Gaztetan, ERCko kide izan zen lehenik, baina CiUn sartu zen gero. Generalitateko Kultura kontseilaria izan zen Puigdemonten gobernuan. Prozesuari buruzko desadostasunek bultzatuta, baina, dimisioa eman zuen independentzia aldarrikatzeko bezperan, 2017ko urriaren 26an. 2018ko ekainean, PdeCat utzi zuen, eta adierazi ez duela ezer jakin nahi politikaz.

Zigorra: Urte bat eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa.
Delituak: Desobedentzia.
Denbora kartzelan: 2017ko azaroaren 2tik 3ra. 50.000 euroko bermea ordainduta atera zen.
Zigor eskaerak: Fiskaltzak 7 urteko espetxe zigorra, 16 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (egun bakoitzeko ehun euro). Estatuaren Abokatutzak, 7 urteko espetxe zigorra, 10 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (eguneko ehun euro).



Carles Mundo

Generalitateko Justizia kontseilaria izan zen. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Generalitateko hainbat departamenturekin lotuta egon da. Kataluniako Albiste Agentziako presidente ere izan zen. 2018ko urtarrilean, uko egin zion diputatu aktari, eta politika aktiboa utzi.

Zigorra: Urte bat eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa.
Delituak: Desobedentzia.
Denbora kartzelan: 2017ko azaroaren 2tik abenduaren 4ra.
Zigor eskaerak: Fiskaltzak 7 urteko espetxe zigorra, 16 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (eguneko ehun euro). Estatuaren Abokatutzak, 7 urteko espetxe zigorra, 10 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (eguneko ehun euro).



Meritxell Borras

Jacint Borras Convergencia alderdiaren sortzaileetako baten alaba da. Omnium Cultural eta ANCko bazkide da. 2015ean Unio Kataluniako Generalitatetik atera zenean izendatu zuen Artur Masek Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilari. Kargu horretan jarraitu zuen Carles Puigdemontekin.

Zigorra: Urte bat eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa.
Delituak: Desobedentzia.
Denbora kartzelan: 2017ko azaroaren 2tik abenduaren 4ra.
Zigor eskaerak: Fiskaltzak 7 urteko espetxe zigorra, 16 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (eguneko ehun euro). Estatuaren Abokatutzak, 7 urteko espetxe zigorra, 10 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (eguneko ehun euro).

DELITUAK, Espainiako Zigor Kodea aintzat hartuta


Desobedientzia: Modu aktibo batean uko egitea, edo, bestela, egin ezaz, agindu lotesle eta derrigorrez bete beharreko bati. 410. artikuluak jasotzen du desobedientzia delitua leporatuko zaiela "ebazpen judizialak edo gaineko autoritate batek emandako aginduak betetzeari modu irekian uko egin dieten autoritate edo funtzionario publikoei". Delitu honengatik zigortuak: Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vila

Matxinada: Altxamendu “publiko eta biolentoa” estatuko botereen kontra, horiek erorarazteko edo modu jakin batean jokatzera behartzeko asmoarekin. Konstituzioaren kontrako delituen artean jasota dago matxinada, eta zigortzen du, besteak beste, lurraldearen zati bat independente izendatzea, "Nazioaren Gobernua beste batengatik ordezkatzea", eta konstituzioa "ezeztatzea, etetea, edo partzialki aldatzea".


Sedizioa: Altxamendu "publiko eta istilutsua" da, autoritateari edo funtzionario publikoei eragozteko, "indarra erabiliz edo legearen bidetik kanpo", legeak aplikatzea edo ekintzak gauzatzea. Delitu honengatik zigortuak: Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull eta Dolors Bassa


Matxinada sustatzea: Sistema konstituzionalaren kontrako "altxamendu publiko eta biolento bat sustatzea". 473. artikuluak dioenez, "matxinoak mugiaraziz matxinada sustatu edo sostengatu zutenak eta horren buru nagusiak, 15 eta 25 urte arteko kartzela zigorrarekin zigortuak izango dira".


Sedizioa sustatzea: Autoritatearen kontrako altxamendu "istilutsua" sustatzea. 545. artikuluaren arabera, "sedizioa mugiarazi, sostengatu edo zuzendu zutenak, edo horretan egile nagusi gisa ageri direnak, 8 eta 10 urte arteko kartzela zigorrarekin zigortuak izango dira".


Diru publikoaren erabilera bidegabea: Autoritateak edo funtzionario publikoak funts publikoen erabilera "leialtasunik gabea" egitea. 253. artikuluak dioenez, "kaltea" 50.000 eurotik gorakoa bada, kartzela zigorra lau eta zortzi urte artekoa izango da; eta 250.000 eurotik gorakoa bada sei eta zortzi urte artekoa. Delitu honengatik zigortuak: Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull eta Dolors Bassa

Grafikoa

Epaimahaikideak

Epaimahaikideak



Manuel Marchena

Epaimahaiko presidentea da Marchena (Kanariak, Espainia, 1959). Kontserbadorea, 2007an izendatu zuten Goreneko magistratu. Estrasburgok Parot doktrina atzera bota zuenean, presoak automatikoki aske utzi ordez, Marchenak proposatu zuen helegite bat jartzea presoek, aske utz zitzaten; azkenean, ez zen aurrera atera. 2. aretoko presidente denetik, Baltasar Garzonen kontrako erabakia hartu zuen Gurtel auziko entzuketak zirela eta. Harreman estua izan du Angel Acebes eta Rafael Catala PPko ministro ohiekin, eta jopuntuan egon dira haren zuzendaritzapean artxibatu diren hainbat auzi: besteak beste, Jorge Fernandez Diaz, Mariano Rajoy, Rita Barbera, Ignacio Gonzalez, Francisco Camps, Jaume Matas eta Pablo Casado nahasirik egon direnak. Kataluniako auzipetuetako zortzik Marchena eta gainerako epaileak atzera bota zitzatela eskatu zuten, inpartzialtasun falta leporatuta, baina CGPJk aho batez erabaki zuen ez zegoela horretarako arrazoirik.



Andres Martinez Arrieta

Goreneko 2. aretoko beteranoena da Andres Martinez Arrieta (Logroño, Espainia, 1955). Hori dela eta, PSOEk eta PPk adostu zuten bezala Marchenak CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentetza hartu izan balu (azkenean zapuztu egin zen operazio hori), Martinez Arrieta izango zen presidentea. Marchena baino progresistagotzat jotzen dute, eta humanistatzat eta kristautzat dauka bere burua. Hogei urte daramatza Goreneko 2. aretoan, 1998an izendatu baitzuten, 43 urte zituela —Goreneko epailerik gazteena bilakatu zen hala—. Baltasar Garzon kondenatu zuen prebarikazioagatik, Gurtel auzikoen entzuketak zirela eta, baina absolbitu egin zuen frankismoko hobien ikerketarengatik.



Juan Ramon Berdugo

2004tik da Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu Juan Ramon Berdugo (Valladolid, Espainia, 1954), Candido Conde-Pumpidoren ordez, eta Magistratura Profesionalaren Elkarte kontserbadoreko kide da. Parot doktrinari buruz Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakia kritikatu zuen: "Berrikuste prozesu baten ondorioa ezin da inoiz izan zigorraren absoluzioa". Nabarmendu zuenez, "ez da politikoki zuzena terrorismoagatik zigorrak 30 urtera jaistea, murrizketen ondoren 20 urteren buruan terroristak kalera irten daitezen".



Ana Maria Garcia Ferrer

Roldan auziagatik egin zen ezagun Ana Maria Ferrer Garcia epailea (Espainia, 1959). Auzitegi Goreneko 2. aretora iritsi den lehen emakumea da. 2014an aukeratu zuten, eta, aurretik, Madrilgo Auzitegi Probintzialeko presidentea izan zen. JPD Jueces para la Democracia epaileen taldeko kidea da.



Antonio del Moral Garcia

Auzitegi Goreneko fiskala izan zen 1999tik 2002ra Antonio del Moral Garcia (1959). Ultrakatolikoa da, Opus Deirekin lotua. Bere pentsamendua ederki agertzen duen bideo bat ezagun egin zen sare sozialetan: Edurnezuri ipuinaren inplikazio penalak aztertzen zituen. Haren erabakietako batzuk ere polemikoak izan dira. Entzutetsuena, Maria Jose Garcia Pelayo Jerezko PPko alkate ohi eta diputatu izandakoa errugabetzat jo izana Gurtel auzian.



Luciano Varela Castro

2007tik da Auzitegi Goreneko 2. aretoko kide Luciano Varela Castro (Pontevedra, Galizia, 1948). JPD Jueces Para La Democracia elkartearen sorreran parte hartu zuen. Baztertu egin zuen Baltasar Garzonen kontrako kereila artxibatzea, frankismoaren krimenak ikertzeagatik jarri ziotena. Maiatzean erretiratu zen arren, legeak ahalbidetzen dio epaimahaiko kide gisa jarraitzea auzia amaitu bitartean.



Andres Palomo

Segoviako Auzitegi Probintzialeko presidentea izan zen hamasei urtez Andres Palomo, eta 2014an aukeratu zuten Auzitegi Goreneko epaile izateko, Ana Ferrerrekin batera. Francesc Homs Kataluniako kontseilari ohiaren 9-N auziko instruktorea izan zen: prebarikazioa eta desobedientzia larria leporatu zizkion. PPk defendatzen duen espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren kontra agertu da. 2015ean ETAren atentatu batengatik Auzitegi Nazionalak Itziar Alberdiri ezarri zion 119 urteko espetxe zigorra bertan behera utzi zuen Gorenak, eta orduko horretan Palomo izan zen txostengile.

Fiskalak

Fiskalak



Javier Zaragoza

Donostian hasi zuen fiskal ibilbidea Javier Zaragozak (Teruel, Espainia, 1955), Drogen Aurkako Fiskaltzan, 1980ko hamarkadan. Arlo horretan jarraitu zuen lanean urte luzez; 2006an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzako buru izendatu zuten, Eduardo Fungairiñoren ordez. Parte hartu du ETAren eta ezker abertzalearen aurkako auzi ugaritan —Bateragune auzian, esaterako—. Berak koordinatu zuen estatuaren akusazioa 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen auzian ere. UPF Espainiako fiskal progresisten elkarteko kidea da.



Consuelo Madrigal

1980an hasi zen fiskal lanetan Consuelo Madrigal (Segovia, Espainia, 1956), eta probintzia auzitegietan aritu ondoren iritsi zen Espainiako Auzitegi Gorenera. 1. Zigor Salan eta Adingabeen Fiskaltzan ibilia da, eta 2015ean eta 2016an Estatuko fiskal nagusi izan zen —kargu hori bete zuen lehen emakumea izan zen—. Ez zuten berritu karguan, ez baitzuen onartu PPk izendapenen inguruan proposatutako politika. Jose Manuel Mazak ordezkatu zuen.



Fidel Cadena

Javier Zaragozaren promoziokoa da Fidel Cadena (Zaragoza, Espainia, 1957). Aragoiko Auzitegi Nagusian aritu ondoren, 2009an izendatu zuten Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal. Iaz, Estatuko fiskal nagusi Javier Sanchez-Melgarrek Hagara (Herbehereak) bidali zuen Alemaniako fiskal batzuekin biltzera, Pablo Llarena Goreneko epaileak Carles Puigdemonten aurka eskatutako euroagindua aurrera atera ote zitekeen aztertzeko. Ez zuen lortu.



Jaime Moreno

PPtik hurbilen dagoen fiskala da Jaime Moreno (Espainia, 1958). 1983an hasi zen fiskal lanetan, eta 2003an izendatu zuten Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal. 2015etik dabil Zigor Sekzioan. Prozedura Aholkulari aritu zen PPren gobernuarentzat Kriminaleko Legea erreformatzeko. Lan egin zuen, besteak beste, Faisan auzian, M-11ko atentatuen auzian eta Francesc Homs Kataluniako Generalitateko bozeramaile ohiaren aurkakoan ere lan egin zuen. 2017ko udazkenean Katalunian gertatu zena "Espainiaren interes orokorraren kontrako atentatu larria" izan zela argudiatu zuen auzipetuak Gorenean epaitu behar direla argudiatzeko.

Rosa Maria Seoane (estatuaren abokatua)

Abenduan sartu zuten Rosa Maria Seoane (Espainia, 1972) Kataluniako prozesuaren aurkako auzian, Estatuaren abokatuaren ordezkari gisa. Edmundo Bal zen haren aurrekoa, baina kargutik kendu zuten, politikari katalanei matxinada delitua egoztearen alde agertu zelako Bal. Seoane Adifeko idazkari nagusia zen iazko abendura arte. Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu zutenean izendatu zuten kargu horretan. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean ikasi zuen zuzenbidea.

Abokatuak

Abokatuak

Andreu Van den Eynde

Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatua. ERCren abokatu nagusietako bat da, eta prozesu subiranistarekin lotutako alderdikideen auziak eraman izan ditu. 2017ko irailaren 20ko miaketetan —urriaren 1aren atarian—, berak lagundu zien Kataluniako Generalitateko ordezkari ziren ERCko kideei. Junquerasen eta Romevaren defentsa idazkietan salaketa politiko eta juridikoa egin du. Haien aurkako auzia "independentismoaren aurkako kausa orokorra" dela adierazi du defentsak, eta "etsaiaren zigor zuzenbide" gisa definitu du Van den Eyndek Espainiako auzitegiek egindakoa. Auzitegiek aldi berean ikerketa paraleloak egin dituztela ere salatu du idatziaren bigarren zatian.

Marina Roig

Jordi Cuixarten abokatua. Abokatu bat baino gehiago aritu dira Cuixarten defentsan, baina Marina Roig izan da abokatu nagusia. ICAB Bartzelonako Abokatuen Elkargoko zigor arloko presidentea da. Benet Salellas CUPeko diputatu ohi eta Anna Gabrielen abokatua ere bada. Alex Sola abokatua ere harekin aritu dira Cuixarten defentsan. Cuixarten aldeko idatzian, adierazi dute "demokraziaren aurkako epaiketa" dela Espainiako Auzitegi Gorenekoa, eta "estatuaren aurkako akusazioa" dela beren defentsa. Irailaren 20ko gertakariei buruz, zehaztu dute Cuixartek ez ziola inolako kalterik eragin Guardia Zibilaren autoari —Ekonomia Kontseilaritzaren kanpoaldean zegoen auto hori, manifestarien artean—, eta bestelako kalterik ere ez zuela sustatu.

Jordi Pina

Jordi Sanchezen, Jordi Turullen eta Josep Rullen abokatua da. Bartzelonako Abokatuen Elkargoko dekanordea da, eta katalanen epaiketan auzipetu gehienen ardura izan duen abokatua da. CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko hainbat kide defendatu izan ditu: Irene Rigau diputatua, esaterako, 2014ko azaroaren 9ko galdeketen harira. Jordi Sanchezi buruzko idatzian, nabarmendu du baketsua izan zela 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egindako elkarretaratzea, eta ezinezkoa zela hango jendetza guztia sakabanatzea. Zehaztu du "bilera inprobisatu" bat izan zuela Guardia Zibileko buru batekin, eta hura ere ados zegoela horretan. Rullen kasuan ere bere izaera baketsua azpimarratu du. Turullez azpimarratu du ezen, mobilizatzeko deia egiteko orduan, "modu zibiko eta baketsuan" egiteko eskatu zuela beti. Gogorarazi du horretarako jarri zutela errolda unibertsala —herritarrek nahi zuten bozkalekuan botoa emateko aukera—, liskarrik ez sortzeko.

Mariano Berges

Dolors Bassaren abokatua da. Marina Roigen bulegoko kidea da, eta UB Bartzelonako Unibertsitateko zigor zuzenbideko irakaslea. Bassaren defentsa idatzian prozesu subiranistak indarkeriarik ez duela eragin adierazi du, eta "polizien esku hartzeak herritarren bizikidetzari" kalte egin diola. Generalitateko Lan kontseilaria zen Bassa, eta gogorarazi du inork ez zuela salatu urriaren 3ko greba deialdia, eta legezkotzat jo zutela azaroaren 8koa. "Oinarrizko eskubide bat gauzatu zen".

Olda Arderiu

Carme Forcadellen abokatua da. MDA abokatu bulegoaren fundatzaileetako bat Arderiu, eta, ERCren irizpideak jarraituz, Van den Eynde abokatuarekin koordinatu du Kataluniako Parlamentuko presidente ohi Carme Forcadellen defentsa. Bartzelonako Abokatu Elkargoko kidea da. Defentsa idatzian dio argudiatu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ez duela eskumenik ekinaldi legegileetan eragiteko, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia erabili du hori argudiatzeko. Hau da, parlamentuko mahaiak eta presidenteak ezin dutela eragotzi eztabaida parlamentarioa, nahiz eta eztabaida horrek Konstituzioarekin kontraesanak eragin. Guztiarekin, gogor kritikatu ditu Espainiako auzitegiak, "Espainiaren batasunaren izenean oinarrizko eskubideen urratzea justifikatu" dutela iritzita.

Xavier Melero

Joaquim Fornen abokatua da. Judit Gene abokatuarekin batera landu du Melerok Forn Barne kontseilari ohiaren defentsa. CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko hainbat kideren auziak eraman izan ditu, ustelkeriari lotutakoak tartean. 2014ko azaroaren 9ko auzian, Artur Mas defendatu zuen. Fornen defentsa idatziak dio 2017ko irailaren 20ko eta urriaren 1eko operatiboetan inolako "irizpide teknikorik" ez zuela eman Barne kontseilari ohiak. Gogora ekarri du Jose Antonio Nieto Estatuko Segurtasun idazkariak emandako agindu bat: "Segurtasuna lehenestea izan behar da esku hartze ororen irizpide nagusia, bai herritarrena, bai poliziena, eraginkortasunagatik eta bizikidetza baketsua zaintzeko".

Lekukoak

Lekukoak

Mariano Rajoy

Espainiako presidente izan zen 2011tik 2018ra. Haren agintaldian gora egin zuen etengabe independentismoak Katalunian, eta bigunegi jokatu izana leporatu diote Espainiako muturreko sektoreek. 2017ko erreferendumaren eta independentzia aldarrikapenaren ostean, ordea, berak ezarri zuen Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian, Espainiako Senatuaren babesa jaso eta gero. Generalitateko presidentea eta kontseilari guztiak kargutik kendu zituen, eta hauteskundeetara deitu zuen abenduaren 21ean.

Soraya Saenz de Santamaria

Espainiako presidenteordea izan zen Rajoyren bi agintaldietan, eta Lurralde Administrazioko ministroa 2016ko azarotik 2018ra. Ministerio hori hartzean, Bartzelonan jarri zuen bere bulegoa, Espainiako Gobernuaren ordezkariarengandik gertu, "elkarrizketa sustatzeko helburuarekin". Prozesu independentistak aurrera jarraitu zuen, eta, 2017an Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarri eta gero, berak bete zituen Kataluniako presidentearen funtzioak jardunean hauteskundeak egin bitartean.

Artur Mas

Kataluniako presidentea izan zen Carles Puigdemonten aurretik. 1995etik 2016ra, Kataluniako Parlamentuko legebiltzarkide izan zen. Jordi Pujolen lekukoa hartu zuen CiUn, eta Generalitateko presidente izendatu zuten 2012an. Espainiako Gobernuak kataluniarrei euren etorkizuna erabakitzen uzten ez zienez, 2014ko azaroaren 9an galdeketa bat antolatu zuen Katalunian, independentziari buruz. Hori egiteagatik, desobedientzia delitua leporatu zioten, eta, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak erruduntzat jo ondoren, bost milioi euro ordaintzera zigortu zuten, galdeketa haren gastuengatik. 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik ere auzipetu zuen hasieran Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, baina gero atzera egin zuen, eta auzi horretatik atera zuten.

Iñigo Urkullu

Garrantzizkoa izan zen, askoren ustetan, 2017ko udazkenean Katalunian izan zituzten hilabete erabakigarrietan, baina ez dago garbi zer-nola eragin zuen. Eusko Jaurlaritzako lehendakari zen, eta bitartekari lanak egin zituen Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen artean harreman zuzenik ez zegoen garai hartan. Haustura ororen kontrakoa izanik, azkenera arte saiatu zen Puigdemont konbentzitzen bertan behera utz zezan 2017ko urriaren 27ko independentzia deklarazioa eta hauteskundeetara dei zezan. Ez zuen arrakastarik izan, ezin izan baitzion bermatu Puigdemonti hori eginda Espainiako Gobernuak ez zuela aplikatuko 155. artikulua. Batzuentzat, Kataluniako erakundeen mesedetan aritu zen. Beste batzuentzat, Espainiako Gobernuaren alde esku hartu zuen.

Roger Torrent

Carme Forcadell ordezkatu zuen Kataluniako Parlamentuko presidentetzan, 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren. ERCko kidea da 19 urte zituenetik, eta, alderdikideen botoez gain, Junts per Catalunya eta CUPen botoak ere jaso zituen parlamentuko presidentetzarako bozketan. 155. artikuluaren ezarpenaren ondoren, esan zuen Kataluniako erakundeak berreskuratzea zela bere helburua. Elkarrizketa batean, esan zuen epaiketa U-1eko erreferendumaren aurkakoa eta botoa eman zuten herritarren aurkakoa zela.

Josep Lluis Trapero

Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziaren buru izan zen 2017ko hilabete erabakigarrienetan. Lehen lerrora abuztuan atera zen, Bartzelonako eta Cambrilseko eraso islamistetan. Mossoek gogor jardun zuten, baina, jokabide horretaz gain, ezagun egin zen agerraldi batean galdera bati katalanez erantzun ostean kazetari batek handik alde egin zuenean esan zuenagatik: "Bueno, ba, oso ondo; ba, agur". U-1eko erreferenduma eragozteko neurriak ez hartzea leporatuta, matxinada leporatu zion Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta baldintzapean dago aske. Puigdemont buru duen "erakunde delitugile" bateko kide izatea leporatzen dio. Fiskalak 11 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu.

Erbesteratuak

Erbesteratuak

Carles Puigdemont

Kataluniako Generalitateko presidentea zen Carles Puigdemont 2017ko urriaren 27an independentzia aldarrikatu zutenean. Handik bi egunera, Bruselara ihes egin zuen buruzagi subiranistak, atxilotu ez zezaten. Pablo Llarena epailea ahalegindu zen Belgikak eta Alemaniak hura atxilo hartu eta Espainiaratu zezaten, baina atzera egin behar izan zuen azkenean, bi herrialdeetako justiziak matxinada delitua baztertu ostean. Espainian, aldiz, indarrean jarraitzen du Puigdemont atxilotzeko aginduak.

Clara Ponsati

Hezkuntza kontseilaria zen Ponsati urriaren 1eko erreferenduma egin zutenean, eta, beraz, harena zen bozketarako eskolak irekitzeko ardura. Madrilek 155. artikulua indarrean sartu eta gutxira ihes egin zuen Bruselara. Iazko martxoan, kontseilari kargua utzi, eta Eskoziara itzuli zen, Saint Andrewsko Unibertsitatean eskolak ematera —lehendik ere han ibilia zen lanean—. Iazko uztailean, bertan behera utzi zuen Espainiak Ponsatiren aurkako nazioarteko atxilotze agindua.

Toni Comin

ERCren eskutik heldu zen Comin Kataluniako Generalitateko Osasun Kontseilaritzara. Gainontzeko erbesteratuen antzera, Cominek ere 2017ko urriaren amaieran egin zuen ihes Bruselara. Carmen Lamela epaileak atxilotzeko agindua eman zuen, matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita. Bruselak, ordea, ez zuen ikusi matxinada deliturik, eta, azkenean, Pablo Llarena epaileak erretiratu egin zuen eskaria.

Lluis Puig i Gordi

Erreferenduma baino aste batzuk lehenago, aldaketak egin zituen Puigdemontek Generalitatean, prozesuaren aldekoak jarriz kargu nagusietan. Aldaketa horietako bat izan zen Puig Kultura kontseilari izendatzea Santi Vilaren tokian, eta hura Industriara igarotzea. Cominek, Serretek eta Ponsatik egin bezala, Puigek ere entzungor egin zion auzitegira deklaratzera joateko aginduari, eta Bruselara egin zuen ihes, Generalitateko buruarekin eta beste hiru kontseilariekin batera.

Meritxell Serret

Nekazaritza kontseilaria zen Serret Generalitateko gainontzeko kontseilariekin eta presidentearekin batera autodeterminazio erreferendumerako dekretua sinatu zuenean. 2017ko urriaz geroztik, Brusela du bizitoki, Puigdemontek berak, Cominek eta Puigek bezala. Belgikak atzera bota zuen haren aurkako nazioarteko atxilotze agindua, forma akatsak argudiatuta. Espainiaren menpeko lurretara itzuliz gero, ordea, atxilo hartuko lukete.

Marta Rovira

Independentzia aldarrikapena ahalbidetu zuen lege sorta bultzatzeagatik eta erreferenduma prestatzen laguntzeagatik auzipetu zuten orduan ERCko diputatu zena. Matxinada egotzi zioten Rovirari ere, eta iazko otsailean behin-behinean aske utzi zuten, 60.000 euroko bermea ordainduta. Urte bereko martxoan uko egin zion ERCko kideak diputatu karguari, eta Suitzara ihes egin zuen, Espainiaren "mehatxu judizialetik" ihes egiteko modu bakarra zela argudiatuta.

Anna Gabriel

"Herritarrei desobeditze deia egin izana" eta erreferenduma babestea egotzita auzipetu zuen Pablo Llarena epaileak CUPeko diputatua. Buruzagi subiranistak erabaki zuen deklaratzera ez joatea eta Suitzara ihes egitea, "epaiketa justu bat izateko bermerik ez" zuelako. Iazko ekainean, bost urtez herrialdean geratzeko baimena eman zion hango justiziak.