Alberto Surio. EITBko zuzendari nagusia

«Beharrezkoa da aurrezteko irizpidearekin kudeatzea»

urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ekainean bi urte beteko dira EITBko zuzendari nagusi izendatu zutela Alberto Surio (Donostia, 1963). Sektorean aldaketa asko gertatzen ari ziren garai batean iritsi zen zuzendaritzara, eta orain aurre egin beharko die egoera ekonomikoak baldintzatutako erronkei.

EITBk hiru urtean 100 lanpostu kentzeko asmoa du. Zein da hori erabakitzeko arrazoia?

Krisi ekonomikoak euskal gizarte osoari eragiten dio, eta EITB ez da salbuespena. Egoera horrek berekin dakar aurrezpenak egiten saiatzea, zerbitzu publikoaren muina ziurtatuz. Langileei dagokien politikan, EITBk baliabideei eusteko eta arrazionalizatzeko politika bat egiten du. Baina aurreko garaietan kontratatutako merkantilen egoera erregularizatzera behartzen du sententziak. Horrenbestez, egoera konpontzera behartuak gaude. Gure helburua da lantaldean 970 langile izatea; horretarako, hiru urteko plan bat dugu. Gainera, lanpostu finko guztiak lan eskaintza publikoan parte hartutakoekin bete nahi ditugu. Hau da, oposizioen bitartez.

Zein arlotan egingo dituzue murrizketarik handienak?

Ez da murrizketa plan bat, baizik eta erregularizazio bat. Epai batek behartzen duen erregularizazioa da, bete beharrekoa eta Eusko Legebiltzarrak ezartzen dituen lantalde mugak finkatua. Ondorioz, kontratazio merkantilak neurriz gain izaniko lekuetan izango du eragin handiena planak. Sail horietan dago onartutako lantaldeetatik desbideratze handiena.

EITBko lanpostu zerrenda neurriz kanpokoa al da?

Hori baino gehiago, esango nuke kudeaketa arin bat egin zela garai batean, egoera ekonomikoa ona zenean. Hori ez da EITBn bakarrik gertatu: sektore publiko osoari dagokio. Eta, neurri batean, sektore pribatuan ere gertatu da. Orain egoera zail bat iritsi da, eta beharrezkoa da beste irizpide batekin kudeatzea, soiltasuna eta aurrezpena kontuan hartuta.

Langile gutxiagorekin, EITBk modua izango al du zerbitzu publikoa lehen bezala eskaintzeko?

Aurretik esan dudan bezala, ez dira murrizketak, Eusko Legebiltzarrak ezarritako erregularizazio bat baizik. EITBk 970 langileko taldea mantenduko du, eta langile horiek arduratzen dira zerbitzu publikoa betetzeaz.

Telebista eta irrati publiko hobeak egin al daitezke diru gutxiagorekin?

Horretan saiatzeko eginbeharra dugu. Krisiak guztioi eragiten digu, sektore publikoari eta pribatuari, enpresei eta herritarrei. Denok saiatu behar dugu egokitzen, lan gehiago eta hobeto egiten. Dirua sobera zegoenean, kudeatzea askoz errazagoa zen, baina zuzendaritza hau EITBra iritsi zen jakinik aurrean erronka zaila zuela. Edonola ere, saiatzeari ezin diogu uko egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.