Xabier Euzkitze. 'Anitzele' saioko aurkezlea eta zuzendaria

«Hiru saio besterik ez dugu egin ordutegi lehiakor samarrean»

urtzi urkizu
Donostia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Tristuraz hartu du Xabier Euzkitzek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1966) Anitzele kendu izana. Taldeak jarraitzeko itxaropena zuen.

Zer irizten diozu Anitzele-k egin duen bideari?

Oso gustura gaude egin dugunarekin. Ikusleei betidanik ezagutzen ditugun pertsonen hainbat alderdi ezkutu ezagutzeko bidea eman diegu. Saio trinko eta mamitsu asko egin ditugula iruditzen zait. Euskarak inguru murritza du, eta beti uste izan dut funtsezkoa dela dauzkagun pertsona ezagun horiek ongi tratatzea, euskarazko komunikabideetan eroso eta ongi hartuak sentitzeak berebiziko garrantzia duela.

Zergatik kendu dute Anitzele?

Horri erantzun aurrez, esan nahi dizut ohore handia izan dela gaueko prime time-an horrelako saio bat egin ahal izatea, eta zuzendaritza honi aitortu behar zaio egungo telebista ereduan guztiz alternatiboa den elkarrizketa saio bat abian jarri izana. Datuak iaz baino apur bat kaskarragoak izan dira, baina zergatik ere aztertu behar da. Gure konpetentzia zuzena izan diren saio batzuk gaueko hamarrak hiru edo lau minutu gutxian hasten ziren, besteak baino lehen abiatzeak garrantzi handia baitu. Gu, aldiz, denetan ahulenak izanik, hamaikak hamar gutxi aldera hasi izan gara askotan, baita hamaiketan ere, eta horrek ahalegin ia militantea eskatzen zion hainbat ikusleri. Hiru saio besterik ez dugu egin ordu lehiakor samarrean, eta horrek adineko ikusleen galera nabarmena ekarri du. Goenkale edo pilota partidak bezala beti zuzen eta ordu egokian hasi izan bagina, gu ere askoz lehiakorragoak izango ginatekeen. Zuzendaritzak zerbait pentsatu beharko du asteazken eta ostegun gauetako prime-time-a saskibaloiak deuseztatu ez dezan.

Arratsaldero eta Anitzele kendu dituzte. EITBko zuzendaritzak 2009an esan zuen ETB1en alde egingo zuela. Zuk nola ikusten duzu apustu hori?

Badakit murrizketek nahitaez izan behar dituztela ondorioak. Alta, krisi garaietan da garrantzitsuena lehentasunak argi izatea, eta egoerak kezkatu egiten nau. Euskarazko kateak behar luke, nire ikuspegitik, xede nagusi. Ez ditzagun ahantz sorrerako helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.