Hiru geltoki eta
bidegurutze bat

Unibertsitatean ezagutu zuten elkar. 19 urteko ikaslea zen Amonarriz; 25 urteko irakaslea Azkarate. Euskal filologian. Euskara ardatz, telebistan topo egin zuten berriro, ETB1eko 'Balinda' saioan. Bide politikoan segitu zuen Azkaratek, Jaurlaritzan, sailburu; garai hartakoa da Amonarrizek euskararen kalitateaz egindako txostena. Hor hiru geltoki. Eta bidegurutzea: euskararen biziberritzean zer egin?

Amonarriz eta Azkareta autobus geltokian
Miren Azkarate eta Kike Amonarriz, Donostiako autobus aterpe batean. Argazkiak: Andoni Canellada / ARP


Garikoitz Goikoetxea • Donostia

A


spaldiko ezagunak dira. Nabari dute. Irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar, eta garai haiek gogoratu dituzte berehala. «Atzo aritu nintzen apunteak begiratzen», esan dio Kike Amonarrizek. Fonemak eta. Miren Azkarate gai horien bueltan ari da orain ere, Euskaltzaindian. Laster atera dira beste gai batzuk ere: zinegotzi lanak, telebistakoak... Ez da isilune handirik izan kazetaria galdezka hasi aurretik. Hasi ondoren ere ez.


1. GELTOKIA: Unibertsitatea

Non ezagutu zenuten elkar, zein duzue lehenbiziko oroitzapena?

AMONARRIZ. Gela batean.

AZKARATE. Garai batean EUTG eta orain Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusa den gela batean. Nahiko gela handia.

AMONARRIZ. 40 bat lagun izango ginen. Miren urruti samar ikusten genuen, beti atzean jartzen ginen eta. Niretzat shock bat izan zen. Erdarazko irakaskuntzatik nentorren. Tolosako eskolapioetan euskarazko eskolaren bat izan genuen, baina erdaraz ikasi genuen erabat. Euskal filologiara salto egindakoan, nahiz eskola gehienak erdaraz ziren, bagenituen irakasle batzuk eskolak euskaraz ematen zizkigutenak. Niretzat beste egoera bat zen. Nire bizitzan lehen aldia zen, 19 urterekin, eskola bat euskaraz hartzen nuena.

Hizkuntzalaritza ikasketa haiek eman zizuten bila zenbiltzana? Soziolinguistikan aritzeko...

AMONARRIZ. Filologiara sartu ginenean, guk ez genekien zer zen.

AZKARATE. Gero etorri direnek lotu dute udal bateko teknikari izatearekin, edo itzultzaile edo halakoekin. Zuek nahiko hasierako promozioak zineten. Ez dakit militantzia zen, ordura arte ez zegoen aukera bat zelako euskal filologia... Baina hasierako urte haietan beste ilusio bat zegoen. Horrek ez du esan nahi eskolara etorri eta asko ikasten zutenik, e? Ez diot zuzenean Kikerengatik...

AMONARRIZ. Egia dio. Bigarren ikasturtetik aurrera oso gutxi joan nintzen eskoletara, lanagatik.

AZKARATE. Bazegoen beste espektatiba bat, irrika bat.

AMONARRIZ. Euskararen inguruko karrera bakarra zelako joan ginen. Baina lehen urtean bilera bat eskatu genuen dekanoarekin edo dekanordearekin. Batetik, eskolak euskaraz hartzeko —seitik bi ziren euskaraz—; bestetik, uste genuen hizkuntzalaritza ondo zegoela baina behar genituela beste alor batzuk ere. Ordurako Tolosaldeko Berreuskalduntze Elkartean ari nintzen; euskara teknikari sartu nintzen hirugarren ikasturtea egin eta gero... Sumatzen genuen bazela guk lantzen genuen alorra betetzen ez zuen hutsune handi bat: soziolinguistika.

AZKARATE. Euskal filologiaren ikasketa plana beste filologienaren kopia zen. Besterik ez zegoen. Soziolinguistikaren, hizkuntzalaritza aplikatuaren eta horien inguruko hautazkorik ere ez zegoen. Askoz gutxiago pixka bat kontsideratu horrek zer leku izan behar zuen curriculumean. Oraindik ere karrera hori eta geroko graduondokoa oso-oso hizkuntzalaritzaren bidetik doaz, eta soziolinguistika eta hizkuntzalaritza aplikatua hor geratzen dira.

AMONARRIZ. Hori hutsune handia da unibertsitatean. Hizkuntzalaritzak egon behar du, baina gaur egun Euskal Herrian hizkuntza normalizazioak dituen garrantziarekin eta erronkekin, esperientziarekin, ez dago ikasketa bat bereziki horretara zuzendua. Euskal Herriak hori eskain dezake, eta ez bakarrik Euskal Herriko kasuari begira. Eskaintza multidiziplinarra izan beharko luke, ohartzen ari garelako normalizazio prozesuak zenbateko adarrak dituen. Hizkuntzalaritzarekin ere lotu behar da: batzuetan urrunegi egon dira elkarrengandik. Corpusari begira erabaki batzuk hartu dira gizarte arauetatik oso urruti.

AZKARATE. Oso hizkuntzaren beraren ikuspegitik, gero horrek gizartearen atxikimendua eta jarraipena behar duela kontuan askorik hartu gabe.

EGA titulurik badaukazue?

AZKARATE. Nik ez. Euskaltzaindiaren D titulua. Eta B titulua.

AMONARRIZ. Nik ere bi horiek.

Inoiz eskatu dizuete?

AMONARRIZ. Udalean sartzeko eskatzen zutela uste dut.

AZKARATE. Niri ez. Kikek esan du beretzat shock bat izan zela lehenengo aldiz eskolak euskaraz hartzea. Guk lehenengo aldiz eskolak euskaraz pentsatu behar izan genituen, guk guztiak gaztelaniaz hartu ondoren. Ez hori bakarrik: hartzen genituen eskola horien artean euskarari buruzko ezer ez egon ondoren. Dena zen zeuk egin beharrekoa: hartu, saiatu, tesian zertan ari zinen, zer argitaratzen ari zen momentu hartan, apunteak euskaraz jarri...

AMONARRIZ. Apunte garrantzitsu bat: aurrean super irakasle bat geneukan. 25 urte zituen Mirenek. Irakasle zorrotz samarra zen.

AZKARATE. Filologia erromanikoa amaitu, eta orduantxe hasia zegoen euskal filologia. Gogoratzen dut Patxi Altuna esaten: «Orain etorri behar duzue, eta zuek irakasle izan». Nik 21 urterekin bukatu nuen karrera. Nire garai hartako kezka zen zenbat orrialde behar nituen idatzita; bukatzen bazitzaizkidan, ez neukan nola jarraitu eskolak ematen.

AMONARRIZ. Ez zitzaizun nabari.

AZKARATE. Fama izan dut kanpora begira ondo disimulatzen dudala. Barrutik kontuak nola doazen besterik da. Eskerrak gurasoenean bizi nintzen, eta dena egiten zidaten. Nire kezka bakarra zen irakurri, apunteak atera, eta biharamunean eskolara joan.

EGA aipatuta... Titulitisa dugu?

AMONARRIZ. Baietz esango nuke. Une batean tituluak eskatu ziren ez zegoelako beste erreferentziarik. Udalean, deialdietako euskara azterketa asmatu egiten genuen. Lanpostu batzuetarako esan zen EGAk salbuesten zituela azterketetatik. Gero, bi fenomeno gertatu dira: batetik, eskaera orokorregia izan da, ez zenbait lanpostutarako modulatua; bestetik, zenbait kasutan EGA exijitu da, eta gero euskara ez da erabili lanpostuetan. Frustrazio handia eragin du horrek. Horrelako esfortzua egin, eta sentitzea gero inork ez dizula esaten erabiltzeko... Jende bat engainatua sentitu da.

AZKARATE. Gauza bera gertatu da administrazioan hizkuntza eskakizunekin. Bigarren eskakizuna atera, eta gero gutxieneko batean ere erabiltzeko zerarik ez. Urteetan agiri bakarra izan da EGA: hori edo ezer ez. Igual gurasoek pentsatzen zuten ona zela seme-alabek EGA izatea; horrek ekarri du batxilergora iristen zirenean D ereduko zenbait eskolatatik ikasleak horrela bidaltzea. Denetik gertatu da: bakarra eta oso orokorra izatea, 17 bat urte beste hizkuntza batzuetan ere gaitasunak adierazteko heldutasun mailak huts egiten dizun garaia da... Egokitu behar da lanpostuak eskatzen duenera, eta batez ere aplikatu eta erabili. Ez «nik EGA daukat».

AMONARRIZ. Nik hau pentsatzen dut: bi hizkuntza ofizialak jakin behar badira lanpostu baterako, egin azterketaren zati batzuk batean eta besteak bestean. Frogatu lanarekin. Horrek modulatzen du hobeto, eta, beharbada, frustrazio batzuk ere gainditzen ditu.

Amonarriz eta Azkareta autobus aterpean
Miren Azkarate eta Kike Amonarriz, Balinda saioa aurkezten. Argazkia: ETB




2. GELTOKIA: Telebista

Balinda saioan berriro batera. Nork egin zizuen proposamena?

AMONARRIZ. Uste dut Piter Ansorena izan zela. Ideiaren oinarrian hura zegoen.

AZKARATE. Ez naiz akordatzen zeinek egin zidan dei hura. Baina, konpainia ikusita, baietz esateko zalantza handirik ez nuen izan.

AMONARRIZ. Oso polita zen: hiru minutuko tartea geneukan. Bakoitzak minutu eta erdi.

AZKARATE. Eta biok ere labur hitz egitekoak gara [irribarreak].

AMONARRIZ. Mirenek zeukan hizkuntza, eta nik, soziologia eta bestelako adarrak. Euskararen inguruko lehen lehiaketa izango zen, gure behar eta nahietatik pentsatua. Izenburutik hasita: Balinda. Polemika sortu zen izenarekin.

Euskaltzainek ondo ikusi zuten?

AZKARATE. Ez dut uste bronka handi-handirik bota zidatenik. Hizkuntzak behar ditu halakoak.

AMONARRIZ. Orain inork ez du esaten balinda. Orduan totem bat zen: esan, eta bazterrak harrotu egiten ziren, jendea asaldatu. Artikuluak daude: euskara pikutara zihoala. Gaur ez du inork esaten.

Telebistan jarraitu du Kikek. Tribuaren berbak saioa mugarri izan da euskara arloan. Zorionak jaso dituzu, tonu alaiagatik.

AMONARRIZ. Ez dago sinesterik zenbat jendek esan eta idatzi digun. Ikaragarri poztu gara, apustua zelako. Baina kezka sortzen dizu: hainbestek esan badizu azkenean iritsi dela halako zerbait, orain arte zer gutxitan entzun dugu hori? Hor badago hausnarketa bat euskalgintzan ari garenontzat.

AZKARATE. Ez dut esango arrazoirik gabe, baina geure burua zigortu zale gara: zein gaizki gauden, euskara zer gaizki beti... Beti gauza txarrak, kritikak. Jendeak askotan diskurtso hori ezagutzen du hizkuntzaren inguruan.

AMONARRIZ. Eta hori jaso du. Badaukagu joera bat autoflagelaziorako. Gure historia gertuan izan dugun dikotomia kultura horretatik gatoz. Ematen zuen ezin geniola elkarri ezer opa. Horrek asko zailtzen du gizarte mailan diskurtso positibo bat sortzea. Ematen zuen batek bestearena ontzat joz gero, «ea, hau non dago?». Hori ere egon da. Hori gainditu nahi izan dugu. Halako lana egiten da, ilusioz eta gustura... Orduan nola da posible bakar-bakarrik alderdi negatiboak azaltzea gure esparru honetan? Saiatu gara errealitatea den horretan ematen: %5 baldin bada datua, hala esan behar da. Ez gaude ondo. Baina aurrera egin behar dugu. Hor egon da saltoa.

AZKARATE. Eta berak ez duenez esango, nik esango dut: zenbateko gogoeta maila zeukan taldeak. Zenbat eragiten zenioten buruari. Horrek sortzen du aberastasuna.

AMONARRIZ. Lantalde osoa egon da oso inplikatua. Hori nabaritu da. Hamar sekuentzia didaktiko lantzen ari gara Tribuaren berbak-en material guztiarekin. Udazkenean aterako da. Interneten libre egongo da. Material interesgarria izango dela iruditzen zait.

Abbadia saria jaso du Kikek aurten. EITBren funtzioaz aritu zen.

AMONARRIZ. EITB sortu zenean, egoera soziolinguistikoa bat zen. Garai hartan eztabaida asko izan ziren, nolakoa izango zen EITB. Ramon Labaienek, bista handiarekin, bi kate blindatu zituen: bat, euskara hutsez; bestea, erdara hutsez. Hori egin zuen beldur zelako kate bakarra sortuta euskararen presentzia ikaragarri baxua izango zela. Garai hartarako, erabaki inteligentea izan zen. Beste kontu bat da oso eskema finkoarekin jarraitzen dugula errealitate soziolinguistikoa hainbeste aldatu eta gero. Aldaketa funtsezkoak behar ditu. Adibidez, birplanteatu behar da zein den EITBren funtzioa hizkuntza normalizazioari begira. ETB2n euskaldunak ikusezinak izan gara, eta hori gainditu beharreko puntua da. Bestela, erdaldun askok esaten dute euskara ez dela ia erabiltzen. Ez dute nabaritzen. Nork erakuts diezaioke erdaldun bati euskara bizi dela, asko erabiltzen dela —ez guk nahi adina— eta presentzia inportantea duela gizartean? Hori ETB2 da. Bere funtzio normalizatzaileari buruzko barne hausnarketa sakon bat falta du EITBk. Apenas hitz egiten da horretaz. EITBri buruzko adostasun soziopolitikoa zabaldu behar dela ere uste dut.

AZKARATE. Ez da bakarrik gizartearen egoera soziolinguistikoa aldatu. EITBri gertatzen zaio telebistaren eredua aldatu dela, kate tematikoak etorri direla, Internet bidezko telebista, gazteen kontsumoa... EITB sortu zenean, espainola eta UHF besterik ez zeuden; ez dakit zenbat kate dauzkagun orain. Horri gehitzen zaio ETB zertarako sortu zen: sor-legean esaten da euskararen normalizazioan tresna ia ezinbestekoa izateko. Behar dugu ETB tresna izatea hizkuntzaren aldeko lan horretan. Horrek dudarik gabe eskatzen du ETB2n eta Radio Euskadin beste ikusgarritasun bat izatea euskarak, euskaldunok eta euskal kulturak. Hor badago lana.

AMONARRIZ. Beste puntu bat. Iruditzen zait zenbait girotan oso kritika bortitza dagoela ETBrekiko, eta askotan ETB1ekiko. Nik ez dut kalitatezko telebista bat nahi. Nik nahi dut gaur egun baino askoz gehiago ikusiko den telebista ona. Uste dut ulertzen dela aldea.

Miren Azkarate

Kike Amonarriz

3. GELTOKIA: Euskara sustapena

Sailburu Miren, eta Euskararen Aholku Batzordean Kike. Sailburuak lan bat eskatu zizun.

AMONARRIZ. Euskararen Aholku Batzordean parte hartzeko eskatu zidan, eta gazte hizkerari buruz hausnarketa bat egiteko. Baietz esan nion, iruditzen zitzaidalako puntu interesgarria zela. Handik atera zen hizkuntzaren kalitatearen inguruko hausnarketa, Andoni Egaña eta Joxerra Garziarekin egindakoa. Kalitatearen ikuspegia aldatzera iritsi ginen: ikuspegi komunikatibotik begiratu behar zela. Egokitasunetik gehiago zeukala zuzentasunetik baino. Harrigarria izan zen zer-nolako oihartzuna izan zuen txostenak.

AZKARATE. Uste dut gero hortik atera zela komunikagarritasunean eta komunikazio gaitasunean indarra egin beharra, gramatika arauak erakusteaz gain. Euskara zuzenetik harago joan beharra.

AMONARRIZ. Nabarmentzekoa da bultzatzailea Miren izatea, sailburu eta euskaltzain izanik. Euskaltzaindiaren barruan ere askotariko ikuspegiak daude, eta une honetan ikuspegi hau gailentzen da: gauza bat dira arauak eta zuzentasuna, baina hizkuntzaren erabilera unibertso zabalagoa da.

AZKARATE. Diagnostikoa denok partekatzen dugu. Zailagoa da praktikara eramatea eta ondorioak ikusten hastea. Gazteen erdiek baino gehiagok eskolan ikasten dute euskara; familian eta lagunartean ez dute aukera handirik euskaraz egiteko; bigarren gune soziolinguistikoan bizi dira gehienak—euskaldunak %40tik behera—, eskolatik kanpoko sare euskalduna izateko aukera gutxi antzean... Eskolan lortzen dutena eredu guztiz formala da. Azterketak egiteko ondo moldatzen dira. Hizkuntzaren erregistro bizi eta transgresore hori falta zaie. Eredu formal hutsak ez du balio. Eredu formala eta euskara batua behar zen eta behar da, baina behar den erabileretarako. Hizkuntza baten erabilera ez da aldaera estandar batean agortzen. Beste hori lantzeko, ezinbestekoa da gogoeta hura.

AMONARRIZ. Bisioa formulatzea izan zen txosten hura. Gero ikusi dugu zenbat kostatzen den hezkuntzaren transatlantikoa mugitzen hastea. EITBk badu erantzukizun handia ideia horrekin, baina lotura horiek ez daude: hizkuntza politikan atera den gogoeta hori nola eramaten da praktikara?

AZKARATE. Gauzatxo batzuk, Gu ta gutarrak eta horrelako programa batzuk, euskararen aldetik gertuago senti ditzaketenak. Batzuk eskandalizatuta ETBk nola egin ditzakeen horrelako programak. Ez da niretzako programa, baina nik baditut niretzako moduko programak ETBn. 12-14 urtekoak ikusi ditut emozionatuta; Txurru eta konpainia erreferente izatea oso inportantea da.

AMONARRIZ. Falta da hausnarketa hori etxe barruan. Programa bakoitzari zer helburu jarri hizkuntzari dagokionez? Zer erregistro? Badago kezka, baina ez hausnarketa egituratu bat. Lotura handiagoa beharko litzateke hizkuntza politikako erakundeen, EITBren eta euskararen eragileen artean.

AZKARATE. Gogoeta egitea funtsezkoa da, bide batzuk urratzea ere bai, baina transatlantiko handietan aldaketak egin behar dituzunean eta zure esku bakarrik ez dagoenean, ez da erraza izaten. Baina ez da gutxi txip aldaketa hori egin izana: bada zerbait zuzentasuna, eta Euskaltzaindiaren arauak, eta aditz batua, eta hortik gaur egungo egoerara iritsi izana.

Amonarriz eta Azkarate
Miren Azkarate eta Kike Amonarriz. Argazkia: Andoni Canellada / ARP




BIDEGURUTZEA: Eta aurrerantzean?

Gogoeta gehiago ere egin dira harrezkero. Berrikusi eta berrikasi dokumentuaren egileetako bat da Kike. Zatiketa aipatu duzue. Nondik etorri da gogoeta?

AMONARRIZ. Dikotomia politiko-sozial handia egon da, eta horrek eragin handia izan du euskararen munduan ere. Ikusten dugu hori gainditu beharra. Aurrerapauso handiak eman dira, baina oraindik aukerak eta beharrak daude. Dikotomia eta enfrentamendu giro horretatik elkarlan eta adostasun giro batera pasatzeko aukera eta beharra dugu. Hori bi ideiatan laburbildu genuen: batetik, zoru komun bat landu behar dugu euskararen alde gauden guztion artean; bestetik, adostasun hori erabaki behar dugu aktibazioan, inertziak astinduz eta jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak emanez. Lau aditz: elkartu, adostu, aktibatu eta irabazi.

AZKARATE. Izan da dikotomia. Gizarte eragileak eta administrazio publikoak beti beharko dira hizkuntza politika erdi ganorazko bat nahi bada. Baina bien arteko elkarlana eta adostasuna behar da. Gaur egun badago orain urte batzuk baino dezente handiagoa. Badago bidea egiteko, baina bagoaz poliki-poliki, jakinik bakoitzak bere lekua eta ikuspegia daukala. Zilegi da —eta segurutik ezinbestekoa— bakoitzak alderdi batzuk edo besteak azpimarratzea; normala da tentsio batzuk egotea. Baina batez ere helburua da adostasun batera iristea eta denen artean esatea zer den bultzatu behar dena.

AMONARRIZ. Txostena aurkeztean, esan ziguten ea planteatzen ari ginen euskara eztabaida politikotik ateratzea. Ezta gutxiagorik ere: politika gehiago ari gara eskatzen euskararentzat. Zoru komun sendo bat eskatzen ari gara, konfrontamendutik eztabaidara pasatzea. Eztabaida behar da. Premiazkoa eta aberatsa da.

AZKARATE. Eztabaida izango da alderdi politikoen artean ere. Esaten da beharko genukeela 1982an euskararen legea onartu zeneko adostasuna. Mikel Zalbide batek behin eta berriz esan du adostasun hura berritu beharko litzatekeela. Batzuek horraino iritsi nahiko lukete; beste batzuek, haraino. Hitz egin dezagun, bakoitza bere trintxeran sartu gabe eta ez dakit zer akusazio egin gabe. Ikus dezagun noraino joan gaitezkeen. Uler dezagun gizartearen gehiengoak zer borondate duen, eta politikatik saia gaitezen erantzuten eta laguntzen. Ez geuk ez dakit zer markatzen. Oraindik pentsatzen dugu gure inguruan dagoena dela dagoen bakarra eta absolutua.

AMONARRIZ. Hausnarketa horretan bazegoen aktibazioaren kontua ere. Urte asko pasatu dira, belaunaldi oso bat; hizkuntzaren ezagupena ikaragarri zabaldu da. Une honetan, jendeak baldin badaki, edo erabilerarako saltoa ematen dugu, edo atzera hasteko arriskuan gaude hurrengo belaunaldiari begira. Aktibatu behar dute hizkuntzaren aldeko politikan gizarte eragileek, alderdi politikoek eta administrazioek. Periferiatik erdigunera: oraindik ere erakunde gehienetan periferian dago.

AZKARATE. Erabilerari dagokionez, esperantza handia ematen dit Donostian Egiako eta Añorgako egitasmoak ikusteak, gizartetik planteatzen ari diren konpromiso horiek. Erantzuna eta laguntza behar dute, eta administrazioek eta alderdi politikoek eurei dagokien alorrean gidaritza eta aitzindaritza behar dute. Eta hor oraindik...

AMONARRIZ. Hor dago saltoa. Donostian bertan, prentsaurrekoetara joan, eta zinegotzi euskaldunak erdaraz egiten du. Halakoak gertatzen zaizkigu oraindik. Adostasuna eta indar metaketa diogunean, hori diogu: udalean, telebistan, elkartean edo enpresan egon, edo pilatzen ditugu indarrak eta norabide batean bultzatu, edo askotan elkar indargabetzen dugu. Salto bat eman behar dugu hor.

Zuk, Miren, periferian ikusten duzu euskara erakundeetan?

AZKARATE. Periferian-periferian ez, baina nahiko nuke erdiguneagoan. Ari gara, baina oraindik gune sendoago batean ikusi nahiko nuke. Asko kostatzen da. Askotan errebindikatu izan dugu euskararen normalizazioaren oso seinale ona izango dela normalizazio zerbitzurik behar ez denean, baina oraindik ere ikusten da hau: «Horretarako daude euskarakoak, eta etorriko da normalkuntza teknikaria». Ez gaude orain urte batzuetako egoera berean. Pazientzia eduki behar da, eta neu naiz askotan ipurterre samarra. Etxeko lan asko dauzkagu egiteko.

Dikotomia zerk eragin du?

AMONARRIZ. Euskararen aldeko indar gehientsuenak abertzaletasunean kokatu dira, eta abertzaletasuna oso zatikatua egon da. Euskalgintzak nekez lortu du ahots propiorik. Saiatu da, lortu du batzuetan, ez da egon mimetismo hutsean. Baina horrek ikaragarri eragin du. Instituzionalizazioaren garaian, bi bide oso enfrentatu sortu ziren, eta horrek kutsatu du ondorengoa neurri handi batean, bi hitzetan esanda. Nahiz hor asko aurreratu dugun, fase berri batera pasatu behar dugu. Sinesten dugulako aukera dagoela. Herrigintzan sinesten badugu, gai horiek blindatu egin behar ditugu.

AZKARATE. Bat nator.

Kike entzuten ari gara bidegurutzearen ideia nabarmentzen.

AMONARRIZ. Iristen ari gara oso ezagupen portzentaje altuetara. Hor dago bidegurutzea: hori lortuta, edo erabilera indartzera eta normalizazioa indartzera, edo hurrengo belaunaldiak jakingo du eta ez du egingo. Irlanda.

AZKARATE. Erabilera sendotu behar dela esaten ari gara. Irakurri dut behar dela jendeak gutxienez euskara ulertzea, elebidun hartzaile izatea. Beharko da, baina elebidun hartzaile izateak ez du zentzurik erabiltzen ez baduzu. Komunikazio tresna da hizkuntza. Irlandan 15 urte arte ikasten dute; joan, ea zenbat entzuten den. Jakingo dute, baina nik ez dut halako etorkizunik nahi nire hizkuntzarentzat. Erabiliko dena nahi dut, jakinda oraindik tarte luzea dagoela. Funtsezkoa da azken Euskararen Aholku Batzordean Jone Miren Hernandezek esandakoa: «Zergatik ez dute euskaraz egiten gazteek?» galdetu beharrean, galdetu behar dugula zer egiten dugun eskolan ikasi dutenei hizkuntzak zerbait erakargarria eman diezaien eta hautu hori egin dezaten. Ez da «erabili behar duzu» esatea; benetako erronka da. Guztion erantzukizuna da hori.

Euskaltzaindiak zer rol du gogoeta horretan? Edo gehiago hizkuntzalaritzan jardun behar du?

AZKARATE. Guztiek dute zeresana. Euskaltzaindiak Iker eta Jagon sailak ditu. Jagon saila da euskararen egoera, eskubideak... Ongi etorria izango da Euskaltzaindiak egin dezakeena. Nik uste ez duela izan behar euskara batuaren gidaritzan izandako rola; besteak beste, orain, zorionez, jende gehiago dagoelako: administrazioak, gizarte eragileak, Soziolinguistika Klusterra... Baina Euskaltzaindiak ere egin dezake ekarpena, jakina.

AMONARRIZ. Onespen sozial ikaragarri zabala du, eta, gainera, toki interesgarria da zazpi probintziei begira. Alde horretatik, momentu politikoa interesgarria da.

Sor liteke funtzio banaketa bat?

AMONARRIZ. Badago. Gehiago behar da sinergiak lantzea, lidergo partekatuak osatzea, elkar onartzea eta elkarri opatzea. Konplizitate sare inportante bat sortzea.

AZKARATE. Guztiz ados. Kontua ez da esatea: «Hau zurea da; hau, nirea». Behar da hitz egin, adostu, elkarrekin lan egin, elkar onartu.

AMONARRIZ. Eta noizean behin elkarrekin gauzak ospatu.

Miren Azkarate

(Donostia, 1955)

Euskaltzain osoa eta kargu horretara iritsitako lehen emakumea da Miren Azkarate. 1983an izendatu zuten euskaltzain urgazle; 1992an oso. 23. aulkia du, lehenago Jose Migel Barandiaranek izanikoa. Gramatika batzordeko kidea da Euskaltzaindian. Filosofia eta Letretako lizentziaduna da, eta Euskal Filologiako doktorea. Irakaslea da EHUn, eta karguak ere eduki ditu han; errektordeorde izan zen Pello Salabururen agintaldian.

Arlo politikoan ere aritu da: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zen bi agintalditan, eta batean gobernuko bozeramaile ere bai, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zeegoela. Geroztik ere jarraitzen du politikan. Donostiako zinegotzia da 2011z geroztik, eta udal gobernuan dago orain, Eneko Goia alkatearekin. 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria da.

Kike Amonarriz

(Tolosa, Gipuzkoa, 1961)

Betiere euskararekin lotuta, baina arlo ugaritan
jardun da Kike Amonarriz. Soziolinguistikarekin lotutako arloetan hasi zen lanean —Tolosako Udalean eta Siadecon, besteak beste—, baina komunikazioaren munduan ere
egin du bidea. Batetik, umoregintzan, txiste kontalari —oraintsu jarri dut Interneten 1986ko Txisteka misteka kaseteko edukia—; bestetik, telebistan aritu da
urteetan —Funtzioa, Balinda, Txiskola, Sikofonia...—. Zazpi urtez Mihiluze saioa aurkeztu zuen Ilaski Serranorekin, eta gaur egun beste lehiaketa batekin ari da ETB1en, Burubero saioan.

Tribuaren berbak saioan, bereziki uztartu ditu euskara biziberritzeko lana eta komunikazioa. Anton Abbadia saria jaso zuen iaz. Hainbat gogoeta taldetan ere ari da; Berrikasi eta berrikusi agiriaren egileetako bat da.

berria logoa
Berria.eus - Euskal Editorea S.L.