Zubiak lekuko

Badoaz. AEK-ko idazkari nagusiaren postua utziko du Mertxe Mugikak urrian, eta Euskaltzaleen Topaguneko presidentetza Elena Lakak. Zubiak ireki izana dute agintaldiko herentzia: elkarlan ildoak zabalik, Korrika inoiz baino onarpen handiagoarekin, eta Euskaraldia martxan. Egoera hobean emango dute lekukoa.

ARGAZKIAK: Luis Jauregialtzo, Foku

Despedidako elkarrizketa batek elkartu ditu biak. Euskalgintzako eragile nagusietako biren arduradun aritu dira urteotan, eta ez dute horretan segituko uda ostean. Konplizitatezko solasaldia izan da. Izatez, konplizitateak ereitea izan da bien zeregina urteotan: elkarlana zabaltzea, zubiak sendotzea. Ez dute legatua hitza aipatu nahi, baina agerikoa da nola emango duten lekukoa: Korrika, inoiz baino sendoago; Euskaraldia, abian.

Postua utziko duzue. Zergatik?

MERTXE MUGIKA: Zikloak hasi eta bukatu egiten dira. Garbi esan nuen ez nintzela berriro aurkeztuko. Ilusio handiarekin hartu nuen kargua, eta ilusio handiarekin noa. Etxean jarraituko dut.

ELENA LAKA: Nik arrazoi pertsonalengatik lagatzen dut: ez naiz iristen. Nire lana daukat, eta indar fisikoak ez dit ematen. Gainera, momentu ona da: garai diferente batean gaude. Satisfazioz noa.

Satisfazioa, baina arantzarik bai?

M. M.: Ezetz esatea gezurra litzateke. Baditut arantzak. Nagusia, bat: oraindik lortu gabe dagoela helduen euskalduntze-alfabetatzearen finantzaketa esparrua. Nafarroan daukat beste arantza: espero nuen Euskararen Legearekin beste aurrerapauso bat emango zela; ez da horrela izan, eta oraintxe beldurra ere badaukat. Eta etxe barruan ere baditut beste era batera egingo nituzkeenak.

E. L.: Nik ez nuke aipatuko arantza konkreturik. Igual, zera: iritsi garela hona, baina harantzago ere joan gintezkeela. Zilegi da anbizio handiagoa. Baina balorazioa ona da.

 

Erreleboa dator. Belaunaldi aldaketarekin bada kezka euskalgintzan: gazteak ba ote datozen.

E. L.: Mugimenduan badago gazte jendea, beste modu batera ari dena eratzen: beste egitura batzuen bila dabilena, ez doana betiko elkarteetara. Guk esan behar diegu gazteei zelan antolatu behar duten? Esan diezaiekegu zertan dihardugun, baina ez da gure lana esatea: «Etorri guregana». Beste era bat topatu beharko dute. Nire adinekoak eta hortik gorakoak, mugimenduan oso indartsu egon direnak, alde batera geratzen ari dira, eta horrek ematen du bidea jende gaztea sartzeko.

M. M.: Gurean sumatzen ari gara gazteek ez dutela lan bizitza osoa euskaltegian ikusten. Badaukagu jende gaztea, oso prestatua. Ahalegindu naiz erakusten oso postu polita dela, asko ikasi eta jasotzen dela, eta aukera daukazula sinesten duzun horretan eragiteko.

Inguruko kideak nola nabari dituzue? Aipatu da motxila kargatuarekin dabilela jendea, urteetako lanak eta zamak eraginda.

E. L.: Ez nuke esango. Segun zeinekin egiten den berba... Egon da jendea euskalgintzaren muinean, eta beste batzuk, periferiagoan.

M. M.: Nik, bai, ikusten dut motxila kargatuta gure arloan. Lotuta dago finantzaketarekin eta. Lan karga handitu egin zaigu, egiaztagirien gaia tarteko; baliabideak hobetu dira, aitortu behar da, baina ez daude balantza berean. Gure kideak igual oso pozik daude euskaltegian, baina beste leku batera joateko gogoz, lan kargarekin-eta lotuta. Segun zer sektoretan, badago motxila kargatua. Oso jende konprometitua dago euskalgintzan, eta horregatik jasaten dira askotan direnak eta ez direnak.

Euskalgintza prekarizatua dago?

E. L.: Bereizi behar dira lan boluntarioa eta langileena. Prekaritatea? Seguru asko. Saiatzen ari gara saihesten, baldintza duinak ezartzen. Bide bat egiten ari gara Topagunean behintzat. Elkarteetan aniztasun handiagoa dago. Prekaritatea baino gehiago, esan dezagun argi: soldatak ez dira izan beharko luketen neurrikoak.

 

"Euskaltegietan lana badago, baina ez ditugu giza baliabideak topatzen. Zeren seinale da? Prekaritatearen seinale: 08:00etan hasi eta 22:00etan amaitu..."

Mertxe Mugika

 

M. M.: Euskalgintzakook ikusezinak gara. Ez gaude industria gisa hartuta: langile mordoa gara, oso jende kualifikatua. Eskatzen dena eta ematen dena sarri ez datoz bat. Kanpoko sentsazioa hauxe da: «Hortxe, gaztetxo kuadrilla bat, eskolak ematen dituena edo aldizkaria egiten duena». Eta egia da ez dugula zarata askorik ateratzen: noiz egin da greba bat euskalgintzan? Kanpoko sentsazioa izaten da ez gaudela hain txarto.

Grebarik planteatu da sekula?

M. M.: Ez. Eta sarritan esan dugu: imajinatu euskaltegi guztiok grebara goazela. Eskola barik geratuko lirateke milaka ikasle.

E. L.: Baina greba, zeinen kontra?

M. M.: Hori da... Euskalgintza ez da lan gatazka batekin lotzen, eta horrek askotan ekartzen du eskale gisa ibili behar izatea administrazioaren aurrean. Ez naiz esaten ari grebara jo behar dugunik, baizik eta sarritan ikusezinak garela: askori ez zaie burutik pasatzen AEKn 500 langile eta 12.000 ikasle garela. Enpresa potentea gara zenbaki horietan. Baina beste zenbaki batzuetan, ez hainbeste.

E. L.: Faktore asko daude: norberak bere buruan sinestea ere bai, indar hori badaukala. Ahalduntze prozesu bat ere behar da hor.

M. M.: Uste dut ahalduntze prozesu hori egina daukagula, baina hilabete bukaeran ez da nahikoa ahaldunduta egotea. Ez da aski esatea euskalgintza estrategikoa dela: baliabideak jarri behar dira, eta lanean ari den jendeak bizitza profesionala bertan egiteko modua ipini. Begira: euskaltegietan lana badago, baina ez ditugu giza baliabideak topatzen. Hori zeren seinale da? Prekaritatearen seinale: 08:00etan hasi eta 22:00etan amaitu, hurrengo urtean ez dakizu non ibiliko zaren...

Lan profesionala eta boluntarioa ditu euskalgintzak. Ondo uztartuta daude biak? Non hasten da bat, eta amaitzen bestea?

E. L.: Profesionalentzat maiz zaila da bereiztea noraino profesional, noraino boluntario. Duda barik, profesionalei eskatzen zaie alde boluntario bat: ezin duzu aritu torlojuak egingo bazenitu bezala.

Atxikimendu hori aldatzen ari da urteotan? Gehiago kostatzen da langileak militante izatea?

M. M.: Bai. Baina konparatzen dudalako ni AEKn sartu nintzeneko militantziarekin. Mundua aldatuz joan da, gure kideak ere bai. Baina, era berean, bi urtean behin Korrika antolatzen dugu, eta hor bat egiten dugu gure lanetik aparte. Baina, bai, egia da gehiago kostatzen dela. Antza, leku guztietan.

Emakumeak euskalgintzan
Arduradun izan zarete euskalgintzako bi erakunde handitan. Horrelako postuetan gutxiengo nabarmena zarete emakumeak.

E. L.: Gurean zuzendaria [Jasone Mendizabal] eta biok gara emakumeak, eta oso modu naturalean eraman dugu. Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzarekin emakumeen arteko bilerak izan ditugu. Hortik aurrera, bai, nonahi ikusten ditugu gizonak, eta, askotan, aspaldiko tik askorekin. Baita euskalgintzan ere. Bai, euskalgintzan gizon asko dago, eta segun zer ingurutan, gehiago. Eta adin batekoak. Askotan, behetik datozenak ere gizonak dira. Egin beharko da hor hausnarketa bat.

 

Elena Laka eta Mertxe Mugika

 

 

M. M.: Genero lanketa egina dugu gurean. Nire ordezkoa emakumea izango da; konpromiso hori hartua zegoen. Azken urteetan argazki hau izan da artezkaritza kontseiluan: denak gizonak, eta ni. Azken urteetan izan da hala, baina emakumeak egon dira lehen.

Tik batzuk aipatu ditu Elenak. Bertsolaritzan zurrunbiloa eragin du Kontrako eztarritik lanak. Euskalgintzan egingo balitz...

E. L.: Horrelako kasu gordinak ez ditut ikusi eta sentitu. Tikak, bai. Ezagutu dugu estilo bat: oilar estilo hori. Karmen Irizarrek, Topaguneko presidente zela, hala esaten zuen: «Joaten zara bilera batera, eta galtzontzillo kuadrilla». Tik horiek gehiago sumatu ditut mansplaining modura: «Nik esplikatuko dizut hau». Jakin izan dugu erantzuten: adin batekin eta ahalduntze batekin goaz, eta erakunde bat daukagu atzetik.

M. M.: Askotan galdetu didate halakorik izan ote dudan, eta hausnartu ere egin dut zer rol izan dudan AEKn eta euskalgintzan. Tik batzuk, bai, ikusi ditut. Baita emakume batzuen aldetik ere.

E. L.: Boterearekin lotuta.

M. M.: Bai, boterearekin lotuak. Gizonen arteko oilar kontu hori ikusi dut, eta emakumeok gehiago jotzen dugula gauzak egitera, gero domina batek edo besteak jarri. Baina emakumeok ere jarri behar ditugu dominak, gauza asko geuk bideratu ditugulako.

Emakumeen eta euskaren arteko harremana ikergai da: euskaltegietan emakumeak dira ikasle gehienak, erabilera handiagoa andreek, transmisioa... Zer gogoeta eragiten dizue?

M. M.: Ardurarekin lotzen dut: euskara balio femeninoekin lotzea. Ikasle gehiago dira emakumeak, aldearekin. Konstantzian ere bai: ikasten hasi, eta jarraitu.

 

"Nonahi ikusten ditugu gizonak, eta, askotan, aspaldiko tik askorekin. Baita euskalgintzan ere. Bai, euskalgintzan gizon asko dago, eta segun zer ingurutan, gehiago"

Elena Laka

 

M. M.: Guk ez dugu analisirik egin. Gizartean nabari da: emakume gazteak askoz arduratsuago datoz bai ikasketetan, bai kaleko militantzian. Beste ardura bat dute. Seguruenik, gero lan mundura edo familia osatzeko garaia iristean gizonek aurrera egiten dute, eta emakumeek, atzera.

Harremanak
Euskaraldia izan da Topagunearen azken urteetako ardatz nagusia. Euskalgintzarentzat aldaketa handia ekarri du? Premia zegoen tokira ura eraman du?

E. L.: Olatua izan da, oraindik irauten duena. Bazegoen premia: ez kanpaina jakin batena, baizik eta ohitura aldaketa bat eragitekoa. Garrantzitsua da nola ari garen antolatzen: eragile guztiekin elkarlanean. Ondorioak bezain garrantzitsua da bide hori. Sekulako pausoa izan da euskalgintzarentzat, baita herri honentzat ere: euskararen lurralde osoan egin da, elkarlanerako balio izan du, eta horrek konfiantza sortu du. Orain normala iruditzen zaigu, baina lubakiak bizi izan ditugu. Gehiago izan zitekeela? Hobea? Urrunago iritsi behar genuela? Bai. Baina ez dezagun gutxietsi.

Gehiago espero zenuen, beraz?

E. L.: Ez dakit... Txundituta geratu nintzen zazpi lurraldeetan egin izanarekin. Denak aldi berean aterki baten pean, eta tokian-tokian bultzatua. Hainbeste jende mobilizatu ondoren, gero agian laga zezakeela hondar gehiago? Pixka bat gehiago espero nuen.

M. M.: Handia da 200.000 lagunek baino gehiagok izena eman izana. Oso arin pasatu zela? Bai. Baina pasatzeko, egin egin behar da. Hor aztarna bat geratu zen, eta marka bat: Euskaraldia. Hurrengo Euskaraldian, entitateek ekarriko dituzten aldaketekin, ea aztarna hori uzten den. Itxaropentsu nago. Batzuetan itxurakeria izango da, baina itxurakeriak bide laburra du, horretarako esparruak murriztuz joango baitira: herri gogoa badago, aktibazioa badago, eta exijentzia egongo da.

 

 

Bete zenuten Euskaraldiko rola?

E. L.: Ahobizi izan nintzen, eta, seguru asko, ez nuen erabat bete. Pentsatzen nuen euskaldun militantea nintzela, leku guztietan euskaraz egiten nuela, eta konturatu nintzen ezetz. Uste dut rol hori geratu zaiola jende askori: gutxienez lehen hitza euskaraz, eta elkarrizketa elebidun gehiago. Jada inor ez da harritzen horrekin.

M. M.: Ni ere batzuetan egon nintzen ahobizi rola bete ezinik. Baina bete nuen gehienean.

Antolakuntzan elkarrekin ari dira eragileak eta erakundeak. Benetakoa da lankidetza hori?

E. L.: Horrela sumatzen dut. Gertutasun handiko harremana dago.

AEKn ere nabaritu da erakundeekiko harremana aldatu dela ?

M. M.: Bai. Euskaraldia izan da adibidea, baina beste arlo batzuetan ere zabaltzen ari da; adibidez, lan esparruko plan estrategikoa.

Galde liteke orain arte zergatik ez den posible izan...

M. M.: Orain arte ere egin da lankidetza. Guk HABErekin egin ditugu hainbat kontu. Baina sektorialak. Lankidetza berri batzuk zabaltzen ari dira, eta indarra hor jarri behar da: zeharkakoa izatea. Nik pauso gehiago emango nuke.

 

"Euskaraldia sekulako pausoa izan da euskalgintzarentzat eta herri honentzat: lurralde osoan egin da, elkarlanerako balio izan du, eta konfiantza sortu du"

Elena Laka

 

Adibidez?

M. M.: Edukiz bete behar da gobernantza partekatua kontzeptua. Behartuta gaude elkarrekin lan egitera. Eta hori ez da nik legeak egitea eta zuk betetzea: hasieratik bukaerara joan behar dugu elkarrekin. Ondo ulertu genuen Maialen Lujanbiok Korrikan emandako mezua: eragileok, eragin; administrazioak, eginarazi.

Elena, lehenago zergatik ez zen posible?

E. L.: Giro bat sortu da. Tontakeria dirudi, baina horrek lagundu du.

Giroa, egoera politikoa?

E. L.: Egoera politikoa, gizartearen egoera, eta pertsonen aldaketa.

Aldaketa, erakundeetan?

E. L.: Bai.

M. M.: Eta apustu batzuk —eta esan egingo dut, barrikadaren beste aldean dauden batzuek esan baitidate—: Korrikan Santiagoko zubian egindako argazkia, adibidez. Batek baino gehiagok esan zuten poz-pozik ateratzeko argazkitxo bat zela. Ez: AEKren apustu sendoa izan zen, erakunde nagusiak eta euskalgintzako eragileak elkarrekin ateratzeko, eta modu bat izan zen elkarrekin zerbait egiteko, olatu bat sortzeko. Argazki batetik beste egoera batera pasatu gara. Argazkien sasoia pasatu da. Ekintzen garaia da orain.

 

 

Asko kostatu zen argazki hori?

M. M.: Nire sorpresarako, ez. Uzkurtasunak izan ziren hasieran, baina argi genuen argazkiaren ondorengo pausoa zela elkarrekin zerbait egitea. Ordurako baziren aldaketa batzuk. Iritsita geunden egoera batera: hausnartu eta hausnartu egin dugu, eta denok, ñabardurak ñabardura, diagnostiko bera genuen. Orduan, zer ari ginen? Ekintzara pasatu behar da.

E. L.: Elkarrekiko konfiantzaren aldeko apustua egon da. Hori, seguruenik, pertsonek sortua da. Alde guztietatik egin da apustu.

Badirudi, beraz, pertsona kontua zela arazoa. Botere dema bat?

M. M.: Beharbada, bai. Euskalgintzan egon dira mesfidantzak: ea honek kentzen didan boterea, ea zer egiten duen... Pertsonak, bai, asko egiten du. Baina berdin da pertsona hori non dagoen: egon liteke administrazioan edo euskalgintzan. Nik, adibidez, oso harreman onak izan ditut administrazioko jende batekin, eta ez beharbada euskalgintzako jende batekin. Ikusi, adibidez, herri batetik bestera nolako aldea dagoen, nahiz eta administrazioan kolore bera egon. Leial jokatzea da inportantea: egurra eman behar denean, eman; txalotu behar denean, txalotu. Baina teorian denok gaude gauza berberaren alde.

Egurra eman, diozu. Badira diotenak euskalgintza otzandu egin dela, exijentzia jaitsi egin duela.

M. M.: Bai, entzun dut, eta aurpegiratu ere egin didate. Erantzun diet ikusteko nire ibilbidea eta AEKrena. Berdina da duela hamahiru urte eta orain esaten dudana; Korrikaren mezuak ere bai. Ez dakit benetan horrela pentsatzen duten, edo baten batek kapituluren bat galdu duen. Aldarriak berberak dira; beharbada, era ezberdinean ulertzen ditugu. Argi esan diot beti administrazioari: ausardia handiagoa behar dugu.

 

"Batek baino gehiagok esan zuten pozik ateratzeko argazitxo bat zela Santiago zubikoa. Ez: AEKren apustu sendoa izan zen elkarrekin irteteko, elkarrekin zerbait egiteko, olatu bat sortzeko"

Mertxe Mugika

 

E. L.: Guk ere entzun ditugu halakoak. Hori esaten duena gonbidatuko nuke gurera etortzera: ikusi gure jarduna, zertan kolaboratzen dugun eta zer kritikatzen dugun.

M. M.: Eta, nire ustez, zilegi da horrela pentsatzea. Komenigarria da geuk ere gure lana beste betaurreko batzuekin ikus dezagun.

Eragileen itxurakeria arriskua aipatu du Mertxek. AEKn bada kezkarik, Korrika horretarako erakusleiho bihurtu ote den?

M. M.: Bai, kezka badaukagu. Baina kezka den bezala hau ere esan behar da: etorri egin dira, eta ez da gutxi. Eragile gehiago etorri dira azken Korrikan, eta ez gu joanda. Igual itxurakeria da, baina, era berean, beren burua behartuta ikusi dute. Itxurakeriak bide motza izan dezake, behin zeure burua ekintza batean jarri baduzu. Helduleku bat daukagu, joan eta esateko: «Euskara, zer?». Itxurakeriarekin lotuta, erabilerarekin ere kezkatuta egon izan gara: Korrikan, errepidean, erdara nonahi. Aurten, gutxiago. Beharbada, Euskaraldia tartean egon delako?

Bigarren Euskaraldiaren erronketako bat izango da hori, entitateek benetako urratsak egitea, eta ez soilik izena ipintzea?

E. L.: Izan daiteke erronka bat. Pentsatuko nuke, itxurakeria baino gehiago, erakunde batzuk etor daitezkeela merkataritza interesagatik: ikusten dutelako gizartea alde batera doala. Zilegi iruditzen zait: enpresa batek gako horiekin pentsatzen du. Jabetzen bada Euskaraldian parte hartzeak balio diola aurrera egiteko, eta horretarako parte hartzen badu, eta laguntzen badu, ongi etorria. Parte hartzeak ekarriko du hori itxurakerian gera ez dadila. Euskaraldiaren lana izango da.

 

 

Euskararen egoeraz
Ondo goaz?

E. L.: Bagoaz.

M. M.: Uste dut ondo goazela. Baina hobetzeko asko dago. Orain arte egindako bideak ekarri gaitu honaino, eta, bere garaian hainbat erabaki hartu izan ez balira, ez ginen honetaz berbetan arituko. Hurrengo belaunaldiei begira hasi behar dugu lanean.

Kaleko erabilera geldialdian, D ereduan hutsuneak nabari dira, arnasguneak gainbehera... Zerbait aldatu beharraren seinale?

E. L.: Horretan dihardugu. Erabilera bultzatzeko neurriak behar ditugu, eta gizarteak horren alde egin behar du apustu. Oraindik bidea geratzen da, baina egoera hobetzen ari da. Adibidez, nik 25 urte baino gehiago daramatzat epaitegietan, eta azken urteetan Gipuzkoan sekulako saltoa izaten ari da: ia langile guztiekin hitz egiten dut euskaraz, eta epaileekin ere hasi naiz. Orain dela hogei urte, hori erabat pentsaezina zen. Baina ikaragarri dago egiteko.

M. M.: Autokonplazentzian ezin gara erori. Ondo goaz, baina zuloak daude, eta tapatu egin behar ditugu. Bestela, hemendik urte batzuetara ez gara ondo joango.

Esan izan da akordio soziopolitiko berriak behar direla. Badago hori lortzeko zimendurik?

E. L.: Daukagunetik abiatuta, aurrerago joan beharko genuke.

M. M.: Behar da akordio berria. Transbertsalitatea da horren gakoa. Aukerak egon daitezke.

Eta euskalgintzan bertan, behar da adostasun berririk? Nolakoa da eragileen arteko erlazioa?

M. M.: Harreman onak, sanoak eta eraikitzaileak ditugu. Nik ezagutzen dudan aldetik diot.

E. L.: Azken urteetan ikaragarri hobetu da. Konfiantzan oinarritutako erlazioa da: gauzak zintzo planteatzea. Ez gara mundu idealean bizi, noski, baina bost urteotan aldaketa igarri dut. Nik hala bizi izan dut egon naizen eragile eta erakunde guztiekin. Eguneroko jardunean ere gauzatzen da.

M. M.: Egia da neurri batean asko lehiakideak ere bagarela. Baina posible da lehiakide izatea eta lankidetza garatzea: beharrak eta aukerak denontzat dira berberak, eta sinergia horiek aprobetxatzen baditugu, gero zure lan egiteko moduak eta metodologiak erakarriko ditu ikasleak. Beharrak berberak dira. Lehia badago, baina sanoa.

E. L.: Hamaika tokitan elkartzen gara.

M. M.: Eta ez baduzu leial jokatzen, hurrengo bileran harrapatu zaitu.

Mertxe, urritik aurrera Alizia Iribarrenek hartuko du AEKren idazkari nagusi postua. Zer esan diozu asteotan?

M. M.: Lasai hartzeko. Nik egin badut, egingo duela, eta hobeto. Konfiantzaz, elkarlanean eta leialtasunez lan egiteko. Fokua pertsonetan jartzen dugu, baina AEK-k agindutakoa egin dut nik: lau urtean behingo plan estrategikoa. Aldaketa estiloan izan daiteke, baina oso zaila da bisioan eta ikuskeran, markatuta dagoelako.

Oraindik ez dute iragarri nor izango den Topaguneko lehendakari berria. Elena, zer mezu eman diozu pertsona horri?

E. L.: Disfrutatzeko. Nik neuk badut arantza bat: Topaguneak gehiago behar zuen. Ez naiz iristen. Iruditzen zait geratu dela aktibazio lan gehiago egiteko. Ea hurrengo presidentea iristen den. Eman diodan mezua da erakundeekin eta eragileekin zer konfiantza giro ederra dagoen, eta zer momentu ederra den disfrutatzeko.

Elena Laka

((Eibar, Gipuzkoa, 1966))

Ikasketaz eta ogibidez abokatua da Elena Laka. Eibarren sortua da, baina Bergaran bizi da (Gipuzkoa). Bide luzea egin du euskalgintzan, euskara elkarteen esparruan, boluntario lanean; besteak beste, Eibarko Eta Kitto euskara elkartean eta Bergarako Jarduna elkartean. Euskaltzaleen Topagunearen lehendakaritzari 2014an heldu zion, Mikel Irizarri lekukoa hartuta. Ordurako, Topaguneko zuzendaritzako kidea zen Laka.

Euskaraldia izan du agintaldiko ardatza. Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak dute gidaritza, gainerako eragileak eta erakundeak bidelagun dituztela. Lan handia izan da, eta zegokion baino urtebete lehenago utziko du kargua Elena Lakak.

Mertxe Mugika

((Elorrio, Bizkaia, 1963))

AEK-ko idazkari nagusi gisara hamahiru urte egin ditu Mertxe Mugikak. Aurretik urteak egin zituen irakasle modura, euskaltegietan. «Zikloa» amaitu duelakoan, ez du karguan jarraituko. Urritik aurrera, Alizia Iribarrenek hartuko du lekukoa. Aldaketa izango da AEKrentzat, eta euskalgintzan ere bai: Tuteran (Nafarroa) bizi da Iribarren. Erriberako AEKren arduraduna da.

Urteotan guztietan egindako ibilbidetik, momentu bat hautatu du Mugikak: aurreko Korrikan, 2017koan, elkarrekin egin zuten kilometro bat euskalgintzako eragileek eta erakundeetako ordezkariek. Argazki berezia izan zen, geroko urratsen aurrekaria. «Irudi hura betiko geratuko zait iltzatuta buruan».