Egun bat gutxiago

Gipuzkoako komisarietako eta epaitegietako garbitzaileek egunero esaten zioten elkarri, akuilu eta makulu moduan: «Egun bat gutxiago». Akuilu, erresistentziarako eta borrokarako; makulu, elkarren animoei eusteko. 281 egun egin zituzten greba mugagabean, akordioa lortu arte. Beste bi sektore feminizatutan ere greban daude oraindik: Bizkaiko etxez etxeko laguntzaileak eta Gipuzkoako zahar etxeetako zaintzaileak. Funtsean, borroka bakarra da, BERRIAk hiru ahotsetara jaso badu ere.

ARGAZKIAK: Jon Urbe / FOKU

Ama, greba puta hori bukatu da», esan zion alabak Olatz Iruretagoienari greba amaitu zuten egunean, joan den ekainaren 26an. Greba hasi eta bederatzi hilabetera, 281 egunera. Aho-mihietan erabili zuen izendapen hori etxean denbora horretan guztian: «greba puta» gora, «greba puta» behera. «Greba etxera eramaten duzu; nik alabatxoekin igartzen nuen. Nahikoa zen haiek edozein tontakeria esatea edo egitea, eta segituan egiten nuen salto», aitortu du.

Orain, behin akordioa lortuta eta greba amaituta, lasaiago bizi da, baina oraindik ere normaltasunera erabat ohitu gabe. «43 urtean inoiz pankarta baten atzean egon gabe, eta, gero, bederatzi hilabetez egunero pankartarekin!». Animo hitzak baino ez ditu oraindik greban jarraitzen duten bi solaskideentzat, Aitziber Aranberrirentzat eta Begoña Nuñezentzat. «'Egun bat gutxiago', esaten genion guk elkarri egunero», hauspotu ditu.

BERRIAk Donostiako Bulebarrean elkartu ditu hirurak, azkenaldian hainbat emakume langileren erresistentziaren eta borrokaren ikur bihurtu den bulebarrean, Woddy Allenek beretzat ordu batzuez zigilatu bezperan.

 

Erabakia

 

Zelan hartzen da horrelako borroka bat hasteko erabakia?

IRURETAGOIENA: Duela bi urte puntu-puntuan egon ginen greba bat egiteko, baina jendeak beldurra zeukan, eta atzera egin zuen. Enpresarekin negoziatzen jarraitu zuten, baina ezinezkoa zen, eta, azkenean, iazko irailean erabaki genuen greba egitea. Hasieran, nik uste nuen hilabete edo hilabete eta erdi baino gehiago ez zutela aguantatuko, ze komisarietan, adibidez, urtean 365 egunez 24 orduz dago norbait lanean.

Ez zenuten borroka luzerik espero?

I.: Ez, ez, ez. Urriaren erdialdean, epaitegietako garbitzaileetako kide bati entzun nion: «Buf, aurten turroia kanpoan jango dugu». Eta esan nuen: «Hori erotuta dago». Baina greba luzatzen da haiek ez dutelako negoziatu nahi. Erresistentzia kutxari botatzen diote errua, esaten dute ELAk luzatu egiten dituela grebak... Ez, ez. Erabakia geuk hartzen dugu: sindikatuak babesa ematen du, baina erabaki, geuk.

 

 

Zuek ere argi zeneukaten lanuztea egin behar zenutela?

ARANBERRI:Nik argi neukan: guk ez geneukan laneko hitzarmenik 2017tik. Egin zituzten bilerak, eta patronalek ez zuten inolako erantzunik eman. Greba hastea erabaki genuen. Ia hamahiru urte daramatzat zahar etxeetan lanean, eta hirugarren greba dut hau. Are gehiago, lanean hasi nintzenean greba betean hasi nintzen. Gogoan dut lanera joan nintzen lehen egunean etorri zitzaizkidala esplikatzera greban zeudela, eta enpresa grebalariak ordezkatu nahian zebilela. «Jakin nahi dugu ea nor ordezkatzera zatozen», galdetu zidaten, eta ni zur eta lur.

Grebalariak ordezkatzeko kontratatu zintuzten?

A.: Ez, baja bat ordezkatu nuen, eta gero oporrak betetzen hasi nintzen. Banekien nor ordezkatzen nuen, ez grebalariak.

 

Beldurra eta xantaia

Beldur ugari sortzen dira greba egiteko erabakia zalantzan jar dezaketenak?

A.: Oraingoan ez dut beldurrik izan greba hasteko, baina lehenengo urteetan izan nuen. Lanpostu bat da, eta grebak inplikazio pertsonal handia eskatzen du. Baina ikasi dut zerbait lortzeko borrokatu egin behar duzula. Ez dizute ezer ematen. Olatzek esan du: beraiek luzatzen dituzte grebak. Borroka, borroka eta borroka egin behar duzu zerbait lortzeko.

Gipuzkoako zahar etxeek eta patronalek lortu zenuten itunerako oinarria, baina ez zuen aurrera egin.

A.: Diputazioak esan zuen sindikatuak eta patronalak ituna lortuz gero dirua jarriko zuela, baina ez zuten pentsatzen akordioa lortuko zutenik, eta akordio ona: soldata igoerez gain, langile kopuruaren igoera %30ekoa zen. Abenduan lortu zuten ituna, baina diputazioak ez zuen dirurik jarri. Esku-eskuan ikusi genuen, baina... Halere, momentuko esperantza kendu arren, haiek ematen dizute segitzeko indarra.

Emakume grebalariak


Indarra eman?

A.: Entzun behar izan dugu Lares patronalekoa Batzar Nagusietan esaten lan honek beti izan beharko duela emakumeen lan bat...

I.: Berdintasun zoragarria.

A.: ... eta gizonezkoei ez zaiela axola emakumeek garbitzea, baina emakumeei ez zaiela gustatzen gizonek garbitzea. Hori entzun, eta sekulako amorruak hartzen zaitu, eta zeure buruari esaten diozu: «Hemen eutsiko dut amaierara arte».

NUÑEZ: Edozelan ere, zaila da erabakitzea, ze, gainera, xantaia egiten dizute, jende zaharra zaintzen duzulako. Baina, azkenean, patronalak bultzatzen zaitu grebara. Gurea, gainera, zailagoa da, ze enpresak dio ezin dutela ezer negoziatu, orduko prezioa udalak ezartzen duelako. Patronalari ere komeni zaio gu izatea administraziora doazenak kontu eske, azkenean administrazioa baita zerbitzuaren erantzulea. Udalari gustatzen zaio esatea Q kalitatea daukatela, baina, beharbada, ez dituzte galdera egokiak egiten.

A.: Eta ez dizkiote galderak egiten egin beharrekoei, ezta?

N.: Ez dira arduratzen nola gauden lan prebentzioen arloan. Etxeetan egiten dugu lan, oso zaila da: pertsonak mugitzen ditugu inolako laguntza barik, pertsonak garbitzen ditugu... dena norberak bakarrik. Nekez ikusten da garabirik etxeetan. Esango didazu zelan gauden langileok, ordu bakoitzean lau mugimendu egiten ohetik gurpil aulkira, handik ohera, berriro aulkira, eta gero ohera.

Etxez etxeko laguntzaileak 1.500 inguru zarete Bizkaian.

N.: Eta patronalak orain esaten du ezin duela negoziatu, absentismo handia dagoelako, eta ez dakitela zergatik den hain handia... Neuk esango dizut zergatik: ez daukagulako prebentzio neurririk, geuk bakarrik egin behar diogulako aurre lanari. Eta jende nagusiarekin eta mendekotasunen bat daukatenekin lan egiteak ez du eskatzen bakarrik indar fisikoa, baita emozionala ere.

Pertsonen zaintza tartean izanda, zailagoa da greba egiteko erabakiari eustea?

A.: Bai, ze pertsona horiei ere zuzenean eragiten die. Lotura emozional bat daukagu, eta kostatzen da, baina ez dago beste aukerarik.

Patronalak eta administrazioak xantaia egiteko erabiltzen ditu pazienteak?

A.: Jakina. Emakumeak gara: «maitasuna ematea» gure lana da. Guk izan behar dugu ulerkorrak... baina, halako batean, esaten duzu: ez, ez. Gainera, gure kasuan, enpresek dirutxoa poltsikoratzen dute, eta ez gutxi.

N.: Zure kasuan, eta nirean. Jaurlaritzak aurreko batean esan zuen ez zuela sinesten ez dutela dirurik irabazten gero kontratazioetara aurkezten badira: galerak badauzkazu, ez zara aurkezten konkurtsora.

A.: Nire enpresa multinazionala da: hainbat herrialdetan dago. Dirua irabazten dute, seguru.

I.: Bestela ez lirateke aurkeztuko. Ez balitz errentagarria, ez lukete berrituko.

N.: Gauza bat esango dizuet: ez dira karitatearen ahizpak. Eskaintza merkatzen dute konkurtsoa irabazteko, eta udalak prezio merkeena lehenesten du. Baina, berez, erantzukizuna, udalarena da.

 

Irudiaren deskribapena

Denbora, eskas

Zaintzen dituzuen pertsonek babesten zaituztete borrokan? Eta haien familiek?

A.: Nik familien babes gutxi ikusten dut. Uste dut ez dutela zapia kendu nahi begien gainetik. Familiek badakite nola gauden gu eta nola dauden euren nagusiak, ze ondo-ondo zainduta ez... Izan zezaketen zaintza dezente hobea, humanoagoa, gertukoagoa. Azken batean, denbora izatea da gakoa: zaharrek, gainera, eskatu egiten dizute denbora.

Zenbat denbora eskaintzen diozue pertsona bakoitzari?

A.: Azken azterketen arabera, bakoitzarekin ordu eta erdi egoten gara, baina egun osoan. Egun eta gau osoan. Eta gauekoa sekulakoa da: ehundik gora pertsona egon daitezke bakarrik bi laguntzailerekin, halako pertsonek dauzkaten beharrizan guztiekin.

N.: Etxeetan zaintzen ditugun asko kalera ere ez dira ateratzen, eta gu gara errealitatearekin daukaten kontaktua. Irrikaz egoten dira gu ailegatzeko eta berba egiteko, baina ordubetez egon gaitezke harekin: garbiketak eta bestelako zaintzak egiteko. Familia askok etxean mantendu nahi dituzte, zahar etxeetara eraman barik, baina eman nahi dugun kalitatea, daukagun denborarekin, ezinezkoa da. Kariñoa eta komunikazioa ere eskatzen dute, baina batzuetan jartzen zara, begiratzen diozu begietara, eta esaten diozu gaur ezin zarela jarri, bazkaria eta afaria ere egin behar dizkiozula, astebururako dena prest izateko.

I.: Janaria ere egiten diezue?

N.: Bai, bai, dena. Eguneroko bizitzaren oinarrizko laguntza ematen dugu. Ezintasuna badu, geuk egiten diogu janaria, etxea garbitu, garbigailua ipini eta arropa eseki, pertsona bera garbitu, botikak kontrolatu, paperak konpondu baina etxetik atera barik, telefonoz... Eta hor udalak gauza askorekin jokatzen du...

Zerekin jokatzen du?

N.: Guri esan izan digute, badira urte batzuk, afaria emateko astirik ez badaukagu uzteko ohean afaldu barik. Baina gero zeozer gertatzen bada, zein da erantzulea: familia ala...? Instituzioek oso jarraipen txikia egiten diete horrelako kontuei.

 

"M-8an, bai. Egun horretan, izugarrizko goraldia izaten dugu, baina gero konturatzen zara bihar ere greban jarraitu behar duzula, eta etzi, eta etzidamu"

Olatz Iruretagoiena Elola

 

Minimo maximoak

Uste duzue abusatu egiten dutela zerbitzu minimoez, ala beharrezkoak dira?

A.: Greba egin genuen lehen egunean, irailean, %50-%70ekoak jarri zizkiguten, eta urrian %70-%80ra igo zizkiguten. Ez zen ikuskatzailerik etorri; galdera batzuk egin zizkieten enpresei, eta haien erantzunen arabera jarri zituzten gutxieneko zerbitzu horiek.

I.: Guk, greban egon arren, hamabost egunean behin aldagelak, sukaldeak eta komunak garbitu behar genituen. Eta atxiloketa bat zegoen bakoitzean joan egin behar ginen kalabozoa eta atxilotua eraman zuen autoa garbitzera: izan zitekeen egunero, astean bi egun, astean lau...

Eta, ondorioz, grebaren eragina ez da asko igartzen.

A.: Hala eta guztiz ere, igartzen da. Zahar etxeetan beti esaten dugu urte osoan gaudela minimoetan, langile gehiago behar direlako. Beraz, zerbait igartzen da.

N.: Abusatu egiten dute minimoez. Eta gure greba ez da ikusten, ze etxean egin ez duguna ez du jendeak ikusten. Bakarrik kalera ateratzen garenean ikusten gaituzte.

A.: Eta zaharren senide batzuen kexak ere entzuten dituzu tarteka. Eta, arraioa, txikikeriez kexatzen dira, beraien senideak jasotzen duen atentzioaz kexatu beharrean. Horrek min egiten du. Azken batean, gure alde ez ezik, zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde ere bagabiltza borrokan.

Txarto sentiarazten zaituztete horrelako mezuek.

I.: Gaizki eta deseroso.

A.: Eta, aizu, zure senidea da, ba.

 

Ezinbesteko babesak

Greban hasi zinetenerako sindikatuko kide zineten?

A.: Nik lanpostuan finko egin nindutenean eman nuen izena sindikatuan, argi ikusi nuelako zer zegoen. Gure inguruan gehienak daude sindikatuta.

N.: Gu, hasieran, kooperatiba batean geunden, baina Bilboko zerbitzua lau zatitan banatu zuten, pastela enpresa gehiagoren artean banatzeko. Enpresa pribatu baten menpe geratu ginen, eta erabaki genuen batu egin behar ginela, eta sindikatu. Sindikatu ezberdinetan amaitu genuen. Halere, badaude sindikatuta egon ez arren, mobilizazio guztietan dauden lankideak. Nik uste dut beharrezkoa dela sindikatuek ematen diguten babesa: ideiak ematen dizkigute, kudeaketa erraztu...

Beharrezkoa da babesak izatea borroka luze bati eusteko. Greba etxean ere sartzen da?

A.: Bai horixe!

[Hirurek egin dute barre].

I.: Sindikatuaren babesa, lankideen babesa, lantokiko beste langileen babesa, familiaren babesa. Denak behar dira. Greban egon garen berrogeietatik bost bakarrik ezagutzen nituen; gainerakoak greban ezagutu ditut. Zerbait ona atera badiogu, horixe da, lagun onak egin garela.

Indar emozionalari eustea oinarrizkoa da. Zelan lantzen duzue?

I.: Kontzentrazio batera joan aurretik, beti ordubete lehenago geratzen ginen, kafe bat hartzeko, eta hitz egiteko. On egiten zigun, bai horixe.

A.: Taldeko terapia asko egiten dugu, bai.

N.: Kontzentrazioen aurretik eta gero ere bai.

 

Ikusezintasuna eta sozializazioa

Sektore feminizatuetako grebek ikusgarritasun arazoak izaten dituzte.

N.: Metaleko grebalariak ikusten dituzu, Kale Nagusi osoa hartuta, suziriak botatzen, eta, zu kontzentrazio batetik atera berri zaudela, pentsatzen duzu komunikabide guztiak metalekoen protestara joan direla. «Ez gaituzte ikusi, eta ez gaituzte entzun», pentsatzen duzu. Kontua zer da, suziriak botatzea? Ez dakit. Borroka ikusezinagoa bihurtzen da gurea, eta ez dakit zergatik.

A.: Beharbada orain arte ez direlako egin gure borroka hauek. Orain, lan gatazka gehienak sektore feminizatuetan daude.

N.: Eta kostatzen da borroka horiek kalera ateratzea.

A.: Eta lan baldintza beldurgarriak dauzkate, hain zuzen ere sektore feminizatuak direlako.

Borroka sozializatzea gakoa da.

A.: Oso garrantzitsua da, eta asko kostatzen da. Gu irailetik gabiltza greban, baina kalean kamiseta morearekin informazioa banatzen dugunean jendeak oraindik uste du zerbait saltzen ari garela. Eta hori sekulako matraka ematen ari garela. Hori bai, Bulebarrean egindako kanpaldian babes handia jaso genuen: jende asko hurbildu zen galdetzera eta babesa ematera.

Laneko borrokak dira, baina borroka feministak dira. Arazo sozial baten isla dira: zaintza emakumeen bizkar dago, eta baldintza prekarioetan.

A.: Kontua da orain arte musu truk egin dela lan hori. Etxean, isil-isilik. Eta pixka bat profesionalizatu denean, gainera, modu prekarioan egiten dugu. Eta, gainera, isilik nahi gaituzte.

N.: Zuk diozu ez zaituztetela ezagutzen; ba, gu inork ez gaitu ezagutzen. «Zer sektoretakoak zarete?», galdetzen digute. Ez dakite, senideren bat etxean gertatu arte. «Zer egiten duzue, politok?», galdetzen digute.

I.: Grazia egin dit, ze gu ere komisarien aurrean jartzen hasi ginenean jendeak uste zuen ertzainak ginela.

N.: Beste inork lan egingo ez balu bezala komisarietan!... Nahi duzu sozializatu, baina oso zaila da, ze lehenengo azalpenak eman behar dizkiozu jendeari. Gainera, instituzioek eurek ere ez daukate oso argi zer egiten dugun.

I.: Argi badaukate, baina...

N.: Sekulako prozesua pasatu behar izaten dugu gure lana egin ahal izateko ziurtagiria lortzeko. Jende trebatua gara: formakuntza jarraituan gabiltza. Eguneratuta egon behar dugu alzheimerrari dagokionez, mugimenduei dagokienez... Exijentzia gero eta handiagoa da, eta gero badirudi ez duzula ezer egiten. Total, «zein da zure lana?».

A.: Ipurdi garbitzailea.

N.: Behin Barkalak [Ricardo Barkalak, Bilboko zinegotzia zenean] esan zigun bezala: «Oso garestiak zarete; hobe da garbiketa enpresa bat kontratatzea etxean urteko garbiketa bat egiteko, eta kito». Oso gutxi baloratzen gaituzte, eta, gero, saltzen dute zaharrak artatuta daudela, eta etxean hobeto bizi daitezkeela.

 

"Ia hamahiru urte daramatzat zahar etxeetan lanean, eta hirugarren greba dut hau. Are gehiago, lanean hasi nintzenean greba betean hasi nintzen"

Aitziber Aranberri Aristi

 

Hipokrisia

Zer eragiten dizue hipokrisiak?

A./N.: Sekulako amorrua! [Biek batera].

Ba, instituzioek banderatzat hartu dute feminismoa.

N.: Martxoaren 8an den-denei betetzen zaie ahoa feminismoz. Baina biharamunean ja ezin dizute kasurik egin, oso lanpetuta daudelako.

M-8aren indarraldiak zelan lagundu dizue?

A.: Asko lagundu digu. Niri txip aldaketa bat ere eragin dit: ez bakarrik M-8ak, baizik eta borroka honek. Nik hasieran uste nuen laneko borroka bat zela, baina gero konturatzen zara, apurka-apurka, beste sektore feminizatuetako gatazkak ikusita, borroka feminista bat dela. Emakumeak garelako gertatzen da hau guztia: zaintzan, garbiketan...

Igarri duzue babes soziala handitu zaizuenik?

I.: Martxoaren 8an, bai. Egun horretan, izugarrizko goraldia izaten dugu, baina gero konturatzen zara bihar ere greban jarraitu behar duzula, eta etzi ere bai, eta hurrengo egunean ere bai.

Lorpenak lorpen, baduzue sentipena oinpean lurrak atzera egiten duela?

N.: Badirudi ez dugula aurrera egiten, bai.

A.: Baina niri horrek indarra ematen dit borrokan jarraitzeko. Ziurrenik, hau ere oso luzea izango da, baina lortuko dugu, eta amaieraraino joango gara. Eta, seguruenik, urte batzuk barru berriro egin beharko dugu borroka.

Zer garrantzi daukate zuentzat erreferenteek? Zuen antzeko beste langile borrokek?

I.: Ni Argia-ko Onintza Iruretaren Berdea da more berria liburua irakurtzen egon nintzen, Bizkaiko zahar etxeetako grebalarien testigantzena. Eta esaten nuen: «Berdin-berdin gaude eta!». Erreferente batzuek goraldia eragiten dizute, eta beste batzuek beldurra ematen dizute. Baina esaten genuen: «Bizkaikoek lortu badute, geuk ere bai».

 

Erresistentzia kutxa

Lanuzte luzeei eusteko, zenbaterainoko garrantzia du erresistentzia kutxa bat edukitzeak?

I.: Erresistentzia kutxarik gabe, ezinezkoa da.

N.: Laguntza da, bai.

Sindikatu guztiek ez daukate tresna hori. Igartzen da?

I.: Gurean bazegoen CCOOko lankide bat, eta sindikatu horretan ez daukate erresistentzia kutxarik. Lankidea bost hilabetez egon zen pezeta bat ere kobratu gabe.

N.: Gogorra da hori.

I.: Haren senarrak aukera zeukan ordu estrak egiteko, eta egunero egiten zituen, bestela ezinezkoa baitzuten. Bost hilabeteren buruan, esan zigun: «Sentitzen dut, eta sekulako pena ematen dit...». Ene, esate hutsarekin oilo ipurdia jartzen zait [besoa igurtzi du]: «...baina lanera sartu behar naiz; ja ezin dut gehiago aguantatu», esan zigun. Eta negar egiteko gogoa ematen dizu. Sentsazio arraroa zeukan berak, eta beldur handia berriro lanera bueltatzeko.

N.: Azkenean, norberak ere kontzientzia txarra izaten du, lankideak borrokan utzi dituzulako eta zuk ezin duzulako jarraitu.

 

"Guri esan izan digute, badira urteak, afaria emateko astirik ez badaukagu, uzteko ohean afaldu barik. Baina gero zeozer gertatzen bada, zein da erantzulea?"

Begoña Nuñez Larrazabal

 

Garaipena

Edozelan ere, badago argia tunelaren amaieran: garbitzaileok akordioa lortu duzue 281 eguneko lanuztea egin eta gero.

I.: Ituna sinatu genuen egunean, jendeak negar egin zuen; pozez saltoka ibili ziren batzuk, eta beste batek akordeoia eraman zuen. Nik sentsazio oso-oso arraroa neukan: ez nuen sinesten. Gero, ostegun goizean, lanera bueltatu nintzenean eta hasi nintzenean nire kafetxoa hartzen makinan, eta lanbasa eta mopa eskuan... hori ja beste kontu bat izan zen. Nik animo handia ematen dizuet zuei [beste bi solaskideei zuzendu zaie], eta segi aurrera, eutsi. Ze ni lanera bueltatu nintzen pozago umetxo bat txupatxus batekin baino! Desiratzen nengoen lanera bueltatzeko. Batzuek esaten zidaten greban nengoela: «Oporretan bezala zaude eta!». Ez, ez da oporretan egotea. Eta erantzuten nien: «Egin nik egin ditudan bederatzi hilabeteko oporrak, eta gero esango didazu».

 

 

 

 

Aitziber Aranberri Aristi

(Usurbil, Gipuzkoa (1979))

"Zahar etxe batean egiten dut lan Donostian, Ategorrietan. Villa Sacramento izena du, eta DomusVi enpresak kudeatzen du. Gipuzkoako Diputazioarekin itundutako zahar etxe bat da. Irailetik gaude greban: 85 egun. Ez da jarraian egindako greba; apurka-apurka joan gara, gero eta greba txanda luzeagoak eginez: irailean egun bat egin genuen, urrian hiru, azaroan bost, abenduan astebete... Azkena ekainaren 16an hasi genuen, eta uztailaren 12an amaitu. Uztail hasieran, kanpaldia egin genuen lau egunez Donostiako Bulebarrean. Gatazkaren sozializazioa garrantzitsua da. 5.000 langile gara, %95 emakumeak".

Olatz Iruretagoiena Elola

(Alkiza, Gipuzkoa (1975))

"Tolosako komisarian egiten dut lan, garbitzaile. 281 egun egin ditugu greban, mugagabe. %13ko soldata arrakala geneukan kaleko garbitzaileekin alderatuta [sektore maskulinizatua da], eta lortu dugu %70 txikitzea bost urtean. 2009an bukatu zitzaigun aurreko lan hitzarmena. Orduko hartan, agertzen ziren toxikotasun eta arrisku plusak, baina enpresak ez zituen aplikatzen. Lortu dugu ziegak eta autoan atxilotua joaten den zatia garbitzen ditugun bakoitzean plus hori kobratzea. Eta oso pozik nago greba amaitzeaz. Oso-oso gogorra izan da, baina oso-oso pozik nago".

Begoña Nuñez Larrazabal

(Bilbo, Bizkaia (1966))

"Bilbon egiten dut lan, etxez etxeko zaintzan, mendekotasunen bat dutenei eta bazterketa sozialeko arriskuan daudenei laguntzen. Bilboko Udalaren zerbitzua da, eta bi-lau urtean behin zerbitzua azpikontratatzen du, enkantean. Nire enpresa Aurrera da, Servicios Sociales Integradosena. Etxe bakoitzeko zerbitzua ordu erdikoa, ordubetekoa edo ordu eta erdikoa izan daiteke, mendekotasun mailaren arabera. 2016tik gaude lan itun barik, eta 2017ko abenduan hasi ginen geldialdiak egiten. Lehenik, lanaldi erdiz geratzen ginen, hilean bi-hiru egun; gero, hilean hiru-lau egun. Borrokan gabiltza oraindik".