Bizitza bat bitan

44 urte dituzte Lander eta Zigor Garro anaia bikiek. Bizitzaren lehen erdia elkarren ondo-ondoan egin zuten. Zigor sasira joan zen 22 urte zituela, eta iazko azarora arte fisikoki bereizita egon ziren, hura askatu zuten arte. Elkarrekin dabiltza berriro. Zigor eta Lander, bizitza bat bi ahotsetara.

Grabagailua piztu aitzin hasi dira BERRIArentzako hizketan Lander eta Zigor anaia bikiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1975). Asko baitute kontatzeko orain arteko bizimoduaz.

Haurtzaroa

LANDER GARRO: Gu ume eta gaztetxo ginenean, oso herri gatazkatsua zen Errenteria: Polizia beti zegoen kalean, eta istiluak, egunero. Baina auzoko bizitza handia zegoen. Etorkinen auzo batean bizi ginen gurasoak eta lau anai-arrebok: Pontikan, hirigunetik pixka bat kanpora. Beti kalean geunden, gurasoen zaintzarik gabe. Jende pila bat ezagutzen genuen. Auzo guztia zen gure etxea.

ZIGOR GARRO: Gure familia eskas zebilen baliabide aldetik; adibidez, ez genuen telefonorik. Alboko bizilagunak bazuen, eta hara deitzen ziguten senideek, lagunek eta besteek, eta bizilaguna han etortzen zen gure etxera, deia genuela esanez. Kontrastearen oroitzapena dut nik ere: kalean lasai ibiltzen ginen, baina, Landerrek aipatu bezala, presentzia poliziala itogarria zen. Behin, umeak ginela, polizia batek pilotakada bat bota zuen gure etxera, itxitako pertsiana batera, eta zulo bat egin zuen.

LANDER: Eta, Zigor, gogoratzen Ertzaintza 1997an gu biok atxilotzera etorri zenean nik zulo horretatik ikusi nituela bazetozela?

Aitaren atxiloketa

LANDER: 1997a baino lehenago ezagutu genuen kartzela guk, aita 1987an atxilotu eta espetxeratu egin zutelako. Hamabi urte genituen. 1983ko abuztuan ihes egin zuen, Ipar Euskal Herrira. ETAkoa zen. Hendaian jarri zen bizitzen.

ZIGOR: Oso giro politizatua zegoen Euskal Herrian, eta gogoan dut, aitak ihes egin aurretik, ikastolako andereño bati esan niola noizbait Iparraldera joango ginela bizitzera. Gurasoek ez gintuzten doktrinatu, baina ume-umetatik bagenekien zer lubakitan geunden.

LANDER: 1983-1984ko ikasturtea Errenteriako ikastolan bukatu genuen, eta gero joan ginen Hendaiara bizitzera. Donibane Lohizuneko ikastolan hasi ginen.

ZIGOR: Bixente Perurenak egin zion harrera gure aitari; etxean hartu zuen. Guretzat oso-oso pertsona kuttuna zen Bixente. GALek 1984ko otsailean hil egin zuen, Hendaian, Angel Gurmindorekin batera.

LANDER: Metrailetaz hil zituzten. Biharamunean, Bixenteren etxera joan ginen, senide batek autoko balazuloak erakutsi zizkigun, eta hatzak sartzen genituen.

ZIGOR: Markatu egin gintuen hilketak. Estatua edo estamentu ofizial hori guztia guretzat ez zen babes egitura bat; hiltzen gintuen munstro bat zen.

LANDER: Bixenteren heriotzarekin, Espainiako Estatua guretzat etsai bihurtu zen. Guk artean ez genituen 10 urte, heriotza oso abstraktua zen guretzat, baina harekin oso zehatza bihurtu zen. Nire liburu Gerra txikia-ren [2014] abiapuntua Bixente Perurenaren heriotza da, eta nire asmoa zen gatazka haur baten ikuspegitik kontatzea, haurrek ere sufritu dutelako gatazka, ez helduek bakarrik.

ZIGOR: Aita Hendaian bertan atxilotu zuten, iheslarien aurkako sarekada batean, eta azkar Espainiaratu zuten. Atxilotu bezperan gurasoek dei bat jaso zuten…

LANDER: …Bai, Blanquirena [Pascual], Bixenteren alargunarena.

ZIGOR: Eta esan zien: «Gaur gauean gizon bat pasatuko da sare handi batekin». Hurrengo egunean goizeko zortziak aldera etorri ziren etxera poliziak. Txirrina jo eta jo, eta gure anaia Borja entzun nuen «GAL da, GAL da» esanez. Gelatik atera nindutenerako aita eskuburdinekin zuten, eskuak atzean. Kafesne bat hartzen utzi zioten, eta gure arreba Nereak eraman zion katilua ahora. Umiliagarria.

LANDER: Poliziak idazmakina batekin azaldu ziren, aitari lehen datuak eta deklarazioa hantxe hartzeko.

ZIGOR: Ataka zail batean zegoen gure familia, baina poliziek ez zuten enpatiarik erakutsi. Boterearen erakusketa bat izan zen; irudikatu nahi zuten haiek ordezkatzen zituztela ordena eta zilegitasuna.

LANDER: Gure eraikin berean beste iheslari bat bizi zen, Ramon Mintegi, eta harreman handia genuen. Poliziek aita eraman bezain pronto Ramonengana joan ginen, eta haren etxeko ate aurrean geundela barruan idazmakina hotsa entzun genuen...

ZIGOR: ...Eta atea ireki zuten! Polizia batek! Gogoratzen?

LANDER: Ez.

ZIGOR: Eta zer egin genuen biok? Pareko ateko txirrina jo! Eskerrak hor inor ez zegoen... Isil-isilik joan ginen handik, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gero jakin genuen Ramon ez zegoela etxean; haren arreba zegoen.

LANDER: Aita bisitatzeko Madrilerainoko lehen bidaia oso luzea egin zitzaigun. Auto batean joan ginen, sei lagun, eta gaua Carmen Gurrutxaga kazetariaren etxean pasatu genuen. Lohizune Txarolaren [2011-2015ean Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Bildu] ama Mari Josek eraman gintuen, gure gurasoen oso laguna baitzen, eta haren ahizpa da Carmen.

ZIGOR: Ez ziguten aita bisitatzen utzi. Ama negarrez oroitzen dut.

Zigor eta Lander Garro. Gorka Rubio / Foku
Zigor eta Lander Garro.. GORKA RUBIO / FOKU

LANDER: Bigarren bidaia jada autobusez egin genuen, pare bat astera, lau anai-arrebok eta amak. Aitari egin genion lehen galdera izan zen ea torturatu zuten. Burua jaitsi zuen, eta ahopeka «bah» moduko bat bota zuen. Gero atzamarra zintzurrera eraman, eta esan zuen itotzeko imintzioak egin zizkiotela sarri, baina ondo zegoela...

ZIGOR: Hendaian segitu genuen bizitzen. Handik lau hilabetera askatu zuten aita, 1987ko urri aldera.

LANDER: Ama ere atzeman zuten, 1988ko urtarrilean, gure etxera beste iheslari baten bila etorri zirenean, eta, aldi batez, Borja eta neu beste iheslari baten etxean bizi izan ginen, eta Zigor eta Nerea, barnetegi batean. Zorionez, ama berehala utzi zuten libre. 1987-1988ko ikasturtea amaitzean, Errenteriara itzuli ginen.

 

Bien atxiloketa

ZIGOR: 1997an gu bion txanda izan zen... Hain zuzen, gure aita atxilotu eta hamar urtera.

LANDER: Pertsianako zulo hartatik ikusi nituen etortzen ertzainak.

ZIGOR: Neuk ireki nien atea, eta ohartu nintzen atea botatzeko tramankulu batekin zeudela.

LANDER: Frantziako Polizia baino basatiago sartu ziren etxera. Guztia eraman zuten: liburuak, diskoak... Artean etxean gintuztela, kakagura sartu zitzaidan, eta utzi zidaten komunera joaten, baina ertzain bat ere sartu zen! Niretzat umiliagarria izan zen.

ZIGOR: Lander, zu ere atxilotu izana tragikoa izan zen niretzat.

LANDER: Kale erasoak egitea leporatu ziguten, baina hori gero jakin genuen. Arkautin [Gasteiz] zibilez jantzitako ertzain batzuk etorri zitzaizkigun, sekulako irain jarioarekin. Neuk idatziz ere ezingo nuke halako jariorik izan. Poliziak badauka besteok ez dugun dohain bat pertsona beheratzeko.

ZIGOR: Aurretik, ertzain batek autoan dosier lodi bat hartu, eta esan zidan: «Hau da zutaz dakigun dena», iradokiz kartzelatzeko bidean nengoela. Halako batean, ordea, aipatu zidan azaroaren 28an jaiotakoa naizela, eta neure artean nioen: nola honek guztia dakiela gutaz, ez daki-eta jaioteguna! Azaroaren 25ekoak gara.

LANDER: Leporatzen zigutena gezurra zen, gainera.

ZIGOR: 1997ko abuztuan Errenterian autobus bat erretzea egotzi zidaten, eta gezurra zen, nik ez nuelako parte hartu. Eta banekien Landerrek ere ezetz.

LANDER: Kalabozoan etengabe musika jartzen ziguten: Mecanorena eta Alejandro Sanzena; ozen, loa eragozteko. Zuk denboraren zentzua galtzea nahi dute. Galdeketaren estrategia bat da hori. Halako batean, auzi medikua etorri zen, ea zer moduz geunden galdetu zigun, eta esan nion musikarena, eta hark: «Zer nahi duzu esatea ertzainei, Oskorri jartzeko?».

ZIGOR: Handik hiru hilabetera askatu gintuzten: 1998ko urtarrilaren 22an.

LANDER: Bion kasuan, fiskalaren eta abokatuaren akordio bat egon zen, eta urtebete eta zortzi hilabete izan zen kondena. Epailearen aginduz, 2001eko apirilean berriz atzeman ninduten: Bartzelonan —ikasten nengoen han—, zigorra betearazteko. Lizarra-Garaziren ondoren, ETA 2000tik ekinean zen berriz, eta estatuak errepresioa azkartu zuen. Egunkari bateko argazki bat oroitzen dut: ama prentsaurreko batean, kexu ni sarri kartzelaz lekualdatzen nindutelako; oso keinu tristea zuen. 2002ko irailean atera nintzen espetxetik.

Klandestinitatea

ZIGOR: Nik 1998ko maiatzean ihes egin nuen. Klandestinitatera.

LANDER: Niretzat hondamendi bat izan zen zu joatea, Zigor; nire bizitzako trantzerik zailenetako bat. Izua neukan; zer gertatuko zitzaizun galdetzen nuen. Eta pena ere banuen, ez nekielako noiz etorriko zinen, edo etorriko zinen.

ZIGOR: Niretzat ere hondamendia izan zen zuek uztea, eta, batez ere, zu uztea. Klandestinitateko lehen astean ez zara ezertaz enteratzen, eta ohartzen zarenean familia, lagunak, eguneroko plazer txikiak eta abar galdu dituzula, zerua gainera datorkizu. Gero hasten zara, nolabait, plazer txiki batzuez gozatzen —irakurtzen...—, eta sumatzen duzu zaintzen zaituen ingurune bat badaukazula. Baina sasiko lehen bi urteak oso gogorrak izan ziren. Hala ere, ni joan eta lau hilabetera, Lizarrako Akordioa eta ETAren su-etena [1998ko iraila] gertatu ziren, eta itxaropen handiarekin bizi izan nuen sasoi hura.

LANDER: Zigor etxean laster ikusteko itxaropenarekin bizi izan genuen guk. Esaten genuen: «Hau ondo ateratzen bada, konponbidea baldin badago, Zigor laster izango dugu etxean». Baina... Denbora asko pasatu zen Zigorren berri izateko. Berriro kartzelan nintzela izan nuen lehen albistea.

ZIGOR: Klandestinitatean familiarekiko harremana oso urria baita. Kartzelan Kortsikako edota Turkiako erakunde armatuetako kide batzuk ezagutu nituen, eta nabari nuen ETAren klandestinitateko arauak haienak baino askoz zorrotzagoak zirela. Lander ez nuen ikusi zortzi urte eta erdian, ihesean egon nintzen garaian. Ama eta anaia zaharrena, Borja, bai.

LANDER: Eta argazkiak atera zenituzten. Orduan ikusi zintudan aurreneko aldiz iheslari gisara. Ile luzea zenuen.

ZIGOR: Arreba sasian zela, behin elkarrekin egon ginen. Asteburu batean, kanpin batean. Oso-oso polita izan zen.

LANDER: Zure zenbat gutun jasoko nituen guztira, lau?

ZIGOR: Neuk ere zuen oso gutun gutxi jaso nituen.

LANDER: Ez zen erraza zuri helaraztea. Itsu kolpeak joz bezala, eskutitza halako bati ematen nion, hark beste bati emango zion... Ez nekien ezer iritsiko zitzaizun.

ZIGOR: Familian mina sortu nuen, eta militante eraginkor bat izatera bilakatu nahi nuen familiarekiko lotura eta maitasuna. Era berean, nahi nuen bizimodu polit bat izatea, literatura eta musikarekiko atxikimendua gordetzea, etxean pelikulak ikustea, itsasoa ikustea... Hala ere, klandestinitatean zure zeregin bakarra militantzia da, eta egun osoa horretara zaude. ETAn nengoen, eta banekien zertan ari nintzen. Herri zapaltzaileari biolentziaren monopolioa lehiatzen zion ETAk, eta gauzatzeko moduko proiektu bat bezala sentitzen genuen independentzia.

"Lehen hilabeteetan, familiarekin askotan egin nuen amets. Harekin egoteko subkontzientearen mekanismo bat zen, eta lasaitu moduko batekin esnatzen nintzen."

Zigor Garro


LANDER: Nire kezka zen gaixotzen bazinen ea zer egin behar zenuen.

ZIGOR: Sasian beti zaude tentsioan, paper faltsuekin zaudelako, lapurtutako autoetan ibiltzen zarelako, kontrol bat egonik ihesari ekin behar diozulako... Baina nik, behintzat, hartu nion neurria. Aske izatearen sentsazio bat neukan.

LANDER: Banekien nahi zenuen tokian zinela. Gure amak gauza bera pentsatzen zuen. Seme-alabak ondo egotea nahi zuen, baina oso bizitza gogorra izan zuen, absentziak eta segurtasunik ezak markatutakoa. Pentsa, momentu batez Nerea eta ni preso geunden, eta zu, sasian; eta geroago, preso Nerea eta zu.

ZIGOR: Lehen hilabeteetan, familiarekin askotan egin nuen amets. Harekin egoteko subkontzientearen mekanismo bat zen, eta lasaitu moduko batekin esnatzen nintzen. Urteetan egunero egin nuen negar. Egoera gogorra zen, baina militantzia pasio bat zen, eta bizitza eder bat. Hura dena zurekin partekatzeko gogoa nuen, Lander.

LANDER: Sasian zeundela, idazten nuenean zu zintudan buruan, galdetuz ea leituko zenuen. Zurekin hitz egiteko modu bat zen idaztea.

ZIGOR: Behin baino gehiagotan egin nuen, Parisen-eta, ziberkafe batera joan, eta zure blogean sartu: Eta Garro nago-n.

LANDER: BERRIAren gazte astekarikoa zen, Matraka-koa.

ZIGOR: Edo Googlen Lander Garro jartzen nuen, zure berri izateko.

LANDER: 2001ean atxilotu nindutenean, neure artean nioen noiz eta nola jakingo zenuen zuk berria.

ZIGOR: Kide batek gau batean irratia jarri, eta galdetu zidan: «Lander Garro zure anaia da?». Baietz nik. «Atxilotu egin dute, Bartzelonan». Une latza izan zen. Arrebaren atxiloketaren [2000ko azaroa] berri ere irrati bidez izan nuen: Baionatik gertu auto batean nindoan, Oihane Errazkin zenarekin batera, eta irratian esan zuten Nerea atxilotu zutela, Madrilen.

Zigorren kartzelaldia

ZIGOR: 2006ko azaroan atxilotu ninduten [Frantzian], eta Fresnesko kartzelan sartu. Divina Commedia-ren esaldi bat etorri zitzaidan burura: «Hemen sartu zaretenok galdu itxaropen oro». Une beldurgarri bat da sarrera; espetxe osoa zeharkatzen duen korridore bat dago, luzea eta zaharra, zurezkoa.

LANDER: Bisitak hilero egin nituen. Frantzian bisitak aurrez aurrekoak direnez, tartean beirarik gabekoak, hainbestean. Lehen baimen eskaera ukatu egin zidaten, eta uste dut handik pare bat hilabetera egin nizula lehen bisita. Ama eta biok joan ginen, eta txantxa txiki bat egin nizun: ezkutatu egin nintzen, eta amak esan zizun ez nintzela joan; sorpresaz atera nintzen, eta esan nizun: «Ostia, zer txikia zaren!». Distantziarekin, nire buruan handitu egin zinen.

Zigor eta Lander Garro. Gorka Rubio / Foku
 

 

ZIGOR: Espetxealdiaren hasiera oso berezia da: fisikoki barruan zaude, baina burua, ez. Oso-oso bizia da mina, baina banekien familia ikusiko nuela, eta eguneroko bizimodu gogorrari eusteko indar handia ematen zidan horrek. Bestetik, euskal presoak badu beste presoek ez dutena: kolektibo baten parte da; beraz, babesa daukazu, kideen begirada humano bat.

LANDER: Bisitetan, gauez aterpetik korrika joaten nintzen Fresnesera, eta muino batera igo eta Zigorren ziega zein ote zen jakiten saiatzen nintzen. Biok 1997an atxilotu gintuztenean, kalabozoan elkarrekin komunikatzeko soinu bat genuen, Gremlins-eko melodia, eta Fresnes kanpoan jotzen nuen, ea Zigorrek entzun eta seinaleren bat bidaltzen zuen. Baina ezer ez.

ZIGOR: Ezinezkoa zen entzutea. Galeriak ikaragarri handiak dira, eta milaka preso daude. Gainera, Fresnesek badu soinu banda: musulmanen errezokoa. Nire ziega azpiko islamista batek otoitzerako dei melodikoa zuen, eta grabatu egin nion behin. Beste behin, neuretzat egin zuen errezo bat. Nire familiari bideo bat egin nion, eta preso haren kantua sartu nuen. Mutil hura gero Sirian hil egin zuten.

LANDER: Biok asko idazten genion elkarri. Dozena eta erdi pasa orriko gutunak izaten ziren gureak!

ZIGOR: Espetxera bidaltzen zenizkidan gutun eta artikulu denak harrotasun handiarekin irakurtzen nituen. Kartzelan mugak jartzen dizkizute, eta ni ere saiatzen nintzen familiarekiko lotura ahal zen oparoena izan zedin. Kartzelak zure identitatea kolokan jarri nahi du, eta autoafirmazio ariketa iraunkor batean aritzen zara han.

LANDER: Baina, aizu, ez zen hain txarra izan zure espetxealdia...: bost liburu itzuli zenituen, koadroak egin, bideo tailer batean egon zinen, argazkigintzakoan...

ZIGOR: Eta bateria jo nuen! Denbora lapurtu egiten dizu kartzelak, eta han daukazun denborari etekina ateratzen saiatzen zara.

 

Iraganari begirada

LANDER: Gure herriaren kontakizuna egin behar baldin badugu, gure emoziotik kontatu behar dugu, sentiberatasunetik eta zintzotasunetik, dogmak baztertuta.

ZIGOR: Eta ezin da izan kontakizun anonimo bat, generikoa, nortasunik gabekoa. Guri ukatzen digutena hori da. Eskatzen digute beste aldeko biktimak errespetatzeko eta haien mina eta dolua aitortzeko, eta gu prest gaude horretarako, guk eragin baitugu min hori, baina eskatzen digute gure hildakoak alfonbra azpian sartzeko, eta hori ezin dugu onartu.

LANDER: Guztiok dugu parte bat ona eta beste bat gaiztoa. Testuinguru historikoak abagune batean jarri gintuen gu, eta hortik eraiki dugu gure bizitza. Humanitatearen historia ondasunen arteko borroka bat da, eta parte baten deshumanizazioa bilatzen da.

ZIGOR: Eta zer hoberik, izen-abizenak kentzea baino. Hori egin zuten euskal presoen argazkiak erakustea debekatu zutenean. Esan nahi zuten ilegalak garela, herri ilegal bat garela, ez dugula eskubiderik, eta indarra haiena dela. Herri zapaldu bat izaten jarraitzen dugu, eta ikuspegi horretatik egin behar da azterketa.

LANDER: Azken batean, zio politiko bati berniz morala ematen diote, haien posizio politikoari zilegitasuna emateko asmoz.

ZIGOR: Herri bat kolonizatzeko funtsezkoa da humanizaziorik eza. Hori egin zuten indigenekin. Gurekin antzeko prozesua ezarri zuten, azalpen moral bat emanez gure kasuan, biolentoak eta demokratak dikotomia faltsuaren bidez. Gure epaiketan, Euskal Herriaren historia azaltzeko polizia bat eraman zuten! Hurrengo egunean, neuk han esan nuen erakutsi nahi zutela gure herriaren historia ez dela historialarien kontua, baizik antiterrorismo kontu bat.

"Lotsati, herabe, konbentzimendurik gabe ari gara gure askatasunaren alde hizketan, batik bat Madrilekiko dialektika batean"

Lander Garro

Etorkizunari begirada

ZIGOR: ETAren sorrera garaian, frankismoan, pizkunde bat gertatu zen kulturalki eta politikoki, eta hamarkadetan benetan sinistu izan dugu posible zela Euskal Herriaren askatasuna. Egin eta eraiki ziren gauza asko, ikastolak-eta, sinismen bat bazegoelako. Gaur egun, berriz ere depresio fase batean gaude, eta gure subjektibitatean oso errotua dago ezin dela. Uste hori gainditu egin behar da, eta horretarako pizkunde berri bat behar da. Ez dakigu noren edo zeren eskutik helduko den. Zikloak izaten dira herrien askapen prozesuetan ere, eta neguan gaude orain.

LANDER: Gakoa diskurtsoan dago. Aberriaren proiektuari diskurtso bat falta zaio. Bestea konbentzitzeko saiakeran gabiltza beti, eta geure diskurtsoa galdu egin dugu. Ez dakigu geure burua aldarrikatzen, ez dakigu diskurtsoa positiboan egiten gure askatasunaren alde. Lotsati, herabe, konbentzimendurik gabe ari gara gure askatasunaren alde hizketan, batik bat Madrilekiko dialektika batean.

ZIGOR: Eta Madrilek ez du ezer proposatzeko, ez du entzuten. Presoen auzian ikusten da hori. Eta hori gertatzen da, beharbada ez garelako gu. Mozorro batekin azaltzen gara, ea onartzen diguten festara sartzea; baina ez. Ez dagoen solaskide hori, etsaia, baztertzea falta zaigu, eta gure komunitateari hitz egitea.

LANDER: Askatzea falta zaigu, eta autoafirmazio fase batean sartzea. AEBetan izan diren mobilizazioetan, beltzek erabilitako kontzeptuak garbiak eta gardenak dira, eta ozen eta harrotasunarekin egin dituzte aldarrikapenak. Hori da hitzen bidez jendea kohesionatzea.

ZIGOR: Askatasunaren alde jarraitu behar dugu. Diskurtso horren bidez lortuko dugu komunitate izatearen harrotasuna, komunitatea politikoki gauzatzeko sinismena eta ilusioa, eta, agian, hortik sortuko da berriro askatasunera eramango gaituen bultzada, txinparta.

Lander Garro

(Errenteria, Gipuzkoa, 1975)

Idazteari eta ikus-entzunezkoei emana dabil Lander Garro. Argazkigintza ikasketak egin zituen, eta 2003an kazetari hasi zen Oiartzualdeko Hitza egunkarian. Gero, ETB1en saio batzuk zuzendu izan ditu, eta, berriki, intsumisioari buruzko dokumental bat. Lau liburu idatzi ditu: Orain galdera berriak ditut; Kontrarioa; Gerra txikia; eta Ez merkeenak! Bai onenak! 'Argia', euskal publizitatea abian. Kartzela ezagutu zuen, kale erasoak egotzita: ia bi urte egin zituen, bi alditan. Hendaian (Lapurdi) bizi da.

Zigor Garro

(Errenteria, Gipuzkoa, 1975)

Klandestinitateak —ETAko kidea zen— eta kartzelak baldintzatu izan dute Zigor Garroren bizitza: 1998an egin zuen ihes, eta 2006an atxilotu zuten; iazko azaroan irten zen espetxetik, eta, Lander anaiaren Hendaiako etxean eskumuturrekoarekin bizitzen egon ostean, Frantziak Espainiaratu egin zuen maiatzean; aske geratu zen. Preso zela, itzulpengintza eta bideogintza landu zituen, eta orain ikus-entzuneko lanetan dabil Landerrekin. Josten ikasten ere ari da. Donostian bizi da.