Gehiago balio du urrutitik begiratzean

Lehiaketan sartuta zegoela, naturaltzat jotzen zuen Naroa Agirrek; gerora konturatu zen zenbat balio zuen lortu zuen guztiak. Abraham Olanok zilarrezko domina irabazi zuen garaian, berriz, Olinpiar Jokoek ez zuten hainbesteko garrantzirik txirrindularientzat; balio handiagoa dute orain. Biei distantziak lagundu die Olinpiar Jokoetan egin zuten lana baloratzen, Tokiokoak hastear diren honetan.

 

Hemeretzi urte dira Abraham Olanok txirrindularitza utzi zuela, eta hiru urte Naroa Agirrek pertikak gorde zituela. Baina erreportajerako argazkiak egiteko Donostian elkartu, eta begiak piztu zaizkie Anoetako belodromoan eta miniestadioan sartu orduko. Donostiako Amara auzoko kirolgune horiek leku esanguratsuak dira haientzat, eta iraganeko garaipen, izerdi eta nekeen oroitzapenak ez dauzkate ahaztuta.

Anoetak eta begietako distira horrek ez ezik, beste zerbaitek ere elkartzen ditu kirolari profesional erretiratu biak. Olinpiar Jokoetan lehiatu ziren biak, eta emaitza onak lortu zituzten. 1996an Atlantan (AEB) eta 2000n Sydneyn (Australia) egon zen Olano; zilarrezko domina bat ere irabazi zuen Atlantan. Ez zuten kointziditu; Agirre Atenasen (Grezia) lehiatu zen, 2004an, eta Pekinen (Txina), 2008an. Seigarren postuan gelditu zen Atenasen, pertika jauzian. Elkarren artean, Olinpiar Jokoen euskal historiaren hamabi urte eta lau ekitaldi laburbiltzen dituzte.

Nola gogoratzen dituzue norberaren lehen Olinpiar Jokoetara joan aurreko egunak?

ABRAHAM OLANO: 1996ko Tourra amaitu eta egun gutxira abiatu ginen Atlantara. Espainiako hautatzaileek Tourrera joan baino lehenago egin zuten lehen deialdian, erlojuaren aurkako probarako eta errepideko probarako hautatu ninduten hasieran. Zalantza bakarra zera zuten: erlojuaren aurka nortzuk arituko ziren. Esan dezaket nahiko argi zutela Miguel Indurain eta ni izango ginela. Azkenean hala izan zen, eta ordezko moduan Melchor Mauri eraman zuten. Pena handiena zera izan zen, txirrindulariak herri olinpikotik kanpo geundela Atlantan.

NAROA AGIRRE: Gertutasunagatik, uste dut Atenasera hiru egun lehenago joan ginela. Dena oso azkarra izan zen. Hara joan aurreko egunetan ia entrenatu gabe egon nintzen, atseden hartzea garrantzitsua zelako. Hara iritsi, lehiatu, eta konturatzerako berriro ere etxean nintzen. Pekingoa, aldiz, ezberdina izan zen. Ordu aldaketa geneukan tarteko, eta diziplina ezberdinetako kirolariak joan ginen batera. Atenasera, berriz, talde txiki askotan joan ginen.

Eta nola bizi izan zenituzten lehen Olinpiar Joko haiek? Ezberdinak izan ziren?

AGIRRE: Beste txapelketa batzuen modura bizi izan nituen. Txapelketa ezberdinak dira, baina azken finean lehiaketa berbera da. Urduritasun antzekoarekin bizitzen nituen txapelketak, bai mundialak, bai Europako txapelketak, bai Olinpiar Jokoak. Banekien jokatzen ari nintzenaren saria handiagoa zela, baina, esaterako, Gipuzkoako txapelketa batean ere oso urduri jartzen nintzen. Baina hori seinale ona zen, sasoiko nengoen seinale zen.

OLANO: Guretzat gauza berri bat izan zen. Ez zen urte hasieran jartzen genituen helburu haietako bat. Tourra jokatzetik gentozen, eta haren jarraipen bat izan zela esango nuke. Gaur egun, badira txirrindulari batzuk bereziki Olinpiar Jokoak prestatzen dituztenak. Baina Atlantakoak lehenak izan ziren txirrindulari profesionalentzat, eta bertan egoteko aukera izan genuen. Halere, hiru asteko probak jokatzen ohituta dauden txirrindularientzat ez dira probarik egokienak; gehiago dira klasikoetara ohituta daudenentzako modukoak.

Txirrindularientzat agian ez, baina atletentzat helburu nagusia izaten dira Olinpiar Jokoak.

AGIRRE: Hori pentsatzen ari nintzen! Abrahamen kasuan, Tourra, Giroa edo Espainiako Vuelta jokatzen dituzte urtero, edo tenislari baten kasuan Roland Garros, Wimbledon edo Australiako Opena. Beste kirol askotan, berriz, helburu nagusia Olinpiar Jokoak dira. Une hartan bertan, nik oso modu naturalean jokatu nituen. Ordura arte lortu nituen beste gauza askoren antzera, koska bat gainditzea izan zen. Lehenik Euskadiko Txapelketa lortu nuen, ondoren Espainiakoa, gero gutxiengo altuera lortu nuen… Ez zen egun batetik bestera lortutako zerbait izan han egotea. Zentimetroak igoz nindoan heinean, neure buruari pisua kenduz joaten nintzen. Progresio luze bat izan zen Olinpiar Jokoetara iristea.

"Askotan pentsatu izan dut gauzak beste era batera egin izan banitu errendimendu handiagoa aterako niola nire ibilbideari. Une oro ahal dudan guztia
eman dut, baina agian ez nuen atera neukan guztia"

Naroa Agirre

Aipatu duzu, Olano, Olinpiar Jokoak ez zirela helburua izan zuretzat, baina ilusio berezirik egin zizun han egoteak?

OLANO: Bai, bai, baina nire ilusio handiena herri olinpikoan egotea zen! Baina federazioak erabaki zuen entrenatzeko ez zela egokiena han egotea. Orduan zapuztu ziren nire ilusioak. Hiriaren erdian zegoen herri olinpikoa, eta egia zen: entrenatzeko ez zen lekurik egokiena. Ez nuen aukerarik izan Olinpiar Jokoak barrutik bizitzeko, azken egunak arte. Azken egunean, herri olinpikora joan ginen bazkaltzera, eta, ondoren, atletismoko 4x400 metrokoen finalak ikustera joan ginen, bai gizonezkoenak eta baita emakumezkoenak ere. Izugarri gozatu nuen!

Herri olinpikoa aipatuta, zerk harritu zintuzten gehien?

OLANO: Niri, bertan ikusten nituen kontrasteek! Denetik ikusten zen han! Oso kirolari garaiak, oso txikiak, gihartsuak, meheak... Baina denak ziren munduko onenak bere kirolean. Hor ikusten da kirolak zenbaterainoko marjinak dituen. Alde ederra zegoen saskibaloiko jokalari bat ikusi edo gimnasta bat ikusi!

AGIRRE: Ni ere horrek harritu ninduen gehien. Gure kasuan, etxebizitzak ziren Atenasen. Denek zioten ez ziela denborarik emango herri olinpikoa amaitzeko, baina azkenean dena amaitu zuten. Herri olinpikoa izugarria zen! Jatetxe erraldoi bat zuen, eta, behin bertan eserita, edonoren ondoan egon zintezkeen. Han denak berdinak ginen!

Aukera izan zenuten gustuko beste kirolariren bat ezagutzeko?

AGIRRE: Atenasen ez dut ondo oroitzen, baina Pekinen Rafael Nadal tenislaria ezagutzeko aukera izan nuen. Ilusio berezia egin zidan. Ni ez naiz oso argazkizalea, baina orduan harekin argazki bat ateratzeko aukera izan nuen. Estimu handia diot Nadali.

OLANO: Nik baten bat ezagutzeko ilusioa banuen, baina zoritxarrez ez nuen herri olinpikoan egoteko aukerarik izan.

Behin Olinpiar Jokoetan egonik, beste kirolik ikusteko aukera izaten zenuten?

OLANO: Ez da denbora askorik izaten, egia esan! Nik, gainera, erlojuaren aurka jokatutako probaz gain, errepidekoa ere jokatu behar nuen. Egun batean bakarrik izan nuen aukera estadio olinpikora joateko.

AGIRRE: Atenaskoan ez, baina Pekinen, igeriketako proba batzuk ikustera joan nintzen. Oso igerileku ederrak eta ikusgarriak zituzten! Baina ez pentsa edozein gauza ikustea erreza zenik. Diziplina batzuk ikusteko lekuak mugatuak ziren, eta eskaerak egin behar izaten ziren aurretik. Nik zortea izan nuen: atletismoko pistan bertan, proba asko bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen.

Nolakoa izaten da egun arrunt bat Olinpiar Jokoetan?

OLANO: Etxean egoten ginen egunen antzekoa! Goizean jaiki, eta, gosaldu ondoren, entrenatzera irteten ginen. Ni erlojuaren aurka ibiliko nuen bizikleta prestatzen aritu nintzen gehienbat. Eguerdia bizikletaren gainean pasatzen genuen, ez bazkaltzeko. Normalean, txirrindulari profesional gehienek ez dute bazkaltzen; errepidean doazenean jaten dute zerbait. Etxeratzean hidratoak jaten genituen. Ondoren, atseden hartu, afaldu, eta ohera. Hura izaten zen egunerokoa.

AGIRRE: Gurea ere antzekoa izaten zen.

Atletentzat, Olinpiar Jokoak izaten dira ardatz nagusia lau urtez. Pisu handia kentzen al da harako sailkatzea lortzen denean?

AGIRRE: Lasaitasuna ekartzen du. Presio gutxiagorekin entrenatzeko aukera ematen du. Jada ez duzu beste zenbait lehiaketatan saiatzeko beharrik, eta hori ere oso garrantzitsua da. Behin sailkapena eskuan izanda, nik aukeratzen nuen zer lehiaketa jokatu.

Atenasen eta Pekinen egoteko aukera izan nuen, baina Londreserako ez nuen sailkatzea lortu. Hura bai izan zela nahi eta ezin! Buru-belarri saiatu nintzen sailkapenaren bila, eta azkenean ez zen posible izan.

Hortaz, presioa sortzen dute Jokoek...

AGIRRE: Baietz esango nuke! Bertan lortutako emaitzek askoz ere oihartzun handiagoa izaten zuten, baina, behin lehian sartuta, hori dena albo batean uzten saiatzen nintzen. Askotan ez zara jabetzen non zauden ere. Zorionez, txapelketa handietan maila eman izan dut, baina egun okerrak ere izan ditut. Horietatik ere ikasi egin behar da. Dena egun batean jokatzea gauza polita da; hor erakutsi behar baita bakoitzaren balioa. Halere, eskerrak Olinpiar Jokoen artean ere beste lehiaketa batzuk jokatzen genituen!

Nire entrenatzailea nire bikotekidea zen arren, etxekoengandik ez nuen inoiz presio berezirik izaten; alderantziz: beti edozertan laguntzeko prest izaten ziren.

OLANO: Gauzak ondo egitearen presioa izaten zen gehienbat. Gauza guztiek dute bere garrantzia, baina gauza askori garrantzia kentzen ere jakin behar dela iruditzen zait.

Etxekoek asko sufritzen al zuten?

AGIRRE: Agian, nire bikotekideak sufrituko zuen gehien. Egun guztia batera egoten ginen, bera izan zen nire entrenatzailea... Agian ez naiz oso kontziente izan horretaz, ez daukat sentsazio hori, baina ez dut uste lan ikaragarriak emandakoa izan naizenik. Amona bai, hura oso urduri jartzen zen! Ez zituen txapelketak ikusten. Gurasoak, aldiz, askotan joaten ziren txapelketetara.

OLANO: Nik anaia zaharrenarekin izaten nuen lan gehien! Nire lehiaketetan, nik baino dezente gehiago sufritzen zuen. Oso urduri jartzen zen aldiro. Ez zen batere plazagizona. Nire lasaitasunak harritzen zuen! Nik beti esaten nion ea zergatik egon behar nuen urduri, ordura arteko lan guztiak ondo egin banituen.

Olinpiar Jokoetan askotan hitz egiten al zenuten etxekoekin?

AGIRRE: 2004an, Atenasen, oso zaila zen etxekoekin hitz egitea. Garai haietan, oraindik ere, telefonoek txanponekin funtzionatzen zuten. Dirutza joaten zen deietan! Gaur egungo gazteek ez dute ulertzen [barrezka]. Pekinen, aldiz, Internet bazegoen, 2008an. Niri gustatzen zitzaidan etxekoen gertutasun hori sentitzea. Niretzat garrantzitsua zen nire zalantzak eta egoera deskribatzea; horrek lasaitasuna ematen zidan. Gainean eramaten nuen motxila arintzeko balio izaten zidan.

OLANO: Ni ere antzekoa izan naiz horretan. Beti izaten nuen ohitura edozein lasterketaren ondoren etxekoekin hitz egitekoa. Ez zen denbora asko izaten agian, baina denbora hura nahikoa izaten zen niretzat. Emaztearekin izaten zen gehienetan, baina aitarekin eta amarekin ere askotan hitz egiten nuen.

"Ez naiz gauzei buelta asko ematekoa. Nire korritzeko modua beti berbera izan da, eta zilarra lortu nuenean ere hustuta iritsi nintzen. Baina betiko gelditu zait galdera: eta indartsuago atera izan banintz?"

Abraham Olano

Presioa aipatuta, gaur egun oso ohikoa da talde bakoitzak psikologoa izatea. Zuen garaietan ere izaten al zenuten kanpoko laguntza hori?

OLANO: Bai, bai, lehen ere izaten genuen laguntza hori. Horrek ez du esan nahi denek behar dutenik. Batzuek berezkoa dute lasaitasuna edo egoten jakite hori. Askotan, badirudi baten bat urduri ez badago ez zaiola ezer axola, eta hori ez da horrela. Presioa eramaten jakitea oso garrantzitsua da, eta denok ez dugu berdin eramaten. Horretan bereizten dira goi-mailako kirolariak. Eta, bestalde, oso garrantzitsua da Olinpiar Joko batzuetara edo goi mailako lehiaketa batera burua garbi eramatea. Hori ezinbestekoa da, errendimendua nahi baduzu behintzat.

AGIRRE: Nik bi hitz aipatuko nituzke: urduritasuna eta kudeaketa. Urduritasuna oso beharrezkoa da ondo lehiatzeko, baina pasatu gabe. Hori kudeatzen ez duenak laguntza behar du. Bai taldekako lanean, baita bakarkakoan ere. Taldekakoan, badirudi gutxiago izan behar duela, baina nire lanak besteengan eragina badu, lanketa bat eskatzen du. Nik lan egin nuen psikologo batekin, eta izugarri ikasi nuen.

Zer helbururekin joan zineten Olinpiar Jokoetara?

AGIRRE: 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan ez neraman helburu garbirik. Nire ilusio bakarra, beti bezala, finalera sartzea zen. Txapelketa gehienetan, mugan ibiltzen nintzen, eta Atenasen sartzea lortu nuen. Jelena Isinbaieva errusiarrak irabazi zuen finala, eta munduko errekor berria jarri zuen: 4 metro eta 91 zentimetroko jauzia. Ni seigarren sailkatu nintzen [4,40]. Ez nuen inondik inora ere espero! Ez nintzen jabetzen zer lortu nuen. Diploma olinpikoa lortu nuen! 2008an Pekinen, aldiz, ezin izan nintzen finalera sartu, eta hamahirugarren amaitu nuen. Postu bategatik finalera ez sartzeak amorrua eman zidan. Finalak xarma berezia dauka. Eskerrak, behintzat, hura ahazteko Pekinen beste astebete pasatzeko aukera izan nuen.

OLANO: Domina lortzea zen helburu bakarra! Bagenekien gauzak normal joanda Indurainek zuela aukerarik handiena urrezko domina lortzeko. Podiuma osatzeko ahaleginean, Chris Boardman eta ni neu geunden. Oso txirrindulari indartsua zen, baina bagenekien agian ibilbidea luzeegia izan zitekeela harentzat. 20 edo 30 kilometroko distantzian hegan egiten zuen, baina erlojupekoak luzatzen ziren heinean, sufritzen hasten zen. Eta Atlantan ere hala izan zen. Oso azkar irten zen, baina bigarren itzulian indarrak amaitu zitzaizkion. Indurainek, aldiz, ez zuen huts egin.

Nola gogoratzen duzue Olinpiar Jokoetako zuen egun handia?

OLANO: 45 kilometro inguru zituen ibilbideak, eta bi itzuli ziren. Lasterketa baino hiru ordu lehenago, pasta garbia jan nuen. Beroketa errepidean egin nuen, eta ez arrabolan. Ez zitzaidan gustatzen beroketa arrabolan egitea. Behin lehia hasita, lehen itzulian, Indurainek hamahiru segundoko tartea atera zidan, eta Boardmanek, berriz, zortzikoa. Bigarrenean, Indurainek ez zidan batere alderik atera, eta Boardmanek, berriz, hogeita zazpi segundo galdu zituen nire aldean. Zilarrezko domina eskuratu ahal izan nuen helmugan. Nire helburuak bete nituen, baina betiko gelditu zitzaidan galdera: eta indartsuago atera izan banintz? Halere, ez naiz inoiz izan gauzei buelta asko ematekoa. Nire korritzeko modua beti berbera izan da, eta orduan ere hustuta iritsi nintzen helmugara. Dena eman nuen.

AGIRRE: Ez daukat oroitzapen argirik, egia esan. Ni nirea egitera atera nintzen. Gogoratzen dut garai haietan atleta dezente ibiltzen ginela 4 metro eta 40 zentimetroko altueran, eta nik altuera hori lehen saiakeran gainditu nuela. Ondoren, 4 metro eta 50 zentimetrora jarri zuten koska, eta hura ezin izan nuen gainditu. Isinbaiebak erakustaldia egin zuen beste behin. Ondoren, harekin entrenatzeko aukera izan nuen, eta asko ikasi nuen. Oso garai onak harrapatu nituen pertikan, besteak beste Stacy Dragilarekin eta Svetlana Feofanovarekin ere izan nintzelako txapelketa batzuetan. Gauzak asko aldatu dira pertikaren munduan.

Egun hartako irudiak ikusi izan al dituzue gerora?

OLANO: Espresuki inoiz ez. Telebistan bota izan dituzte sarritan irudi haiek, eta haietakoren batean ikusi izan ditut.

AGIRRE: Nik ere ez, inoiz ez.

Gogoan al duzue nola ospatu zenuten?

OLANO: Erlojuaren aurkako probaren egunean, oso gutxi ospatu genuen Indurainen eta nire domina. Handik egun gutxira, errepideko txapelketa jokatu behar genuen, eta harako ere aukerak genituen dominaren bat lortzeko. Gogoan daukat Melchor Maurik laugarren postua lortu zuela. Gau hartan ere ez genuen ezer berezirik egin. Xanpain pixka bat edan genuen, baina beste munduko ezer ez genuen egin.

AGIRRE: Ospakizun berezirik ez nuen egin, baina edozer gauza jateko aprobetxatzen nuen horrelakoetan! Janariarekin beti zaintzen ibiltzen ginen, baina horrelako txapelketak amaitzen zirenean, askatasun pixka bat hartzen genuen. Ordura arteko lotura guztiak apurtzen nituen [barrezka]. Ez dakit Atenasen edo Pekinen izan zen, baina herri olinpikoaren barruan McDonalds bat ipini zuten, eta hura kristorena izan zen. Herri olinpikoaren barruan azkar ikusten zen lehiaketak nork zeuzkan amaituta eta nork ez!

OLANO: Elikaduran gauzak asko aldatu dira azken urteetan. Gu ere asko zaintzen ginen, baina gure mahaian beti izaten zen botila bat ardo! Ez genuen ikaragarri edaten, baina beti edaten genuen zerbait. Gaur egun ezin da pentsatu ere egin!

Biak ere bi aldiz parte hartuak zarete, eta asebeteta gelditu zineten Olinpiar Jokoekin?

OLANO: 2000. urtean Sydneyn egon nintzen berriro ere, baina gauzak ez ziren atera nik nahi bezala. Orduan ere bi probak jokatu nituen. Erlojuaren aurkakoan, laugarren sailkatu nintzen; Viatxeslav Ekimov errusiarrak irabazi zuen proba.

AGIRRE: Ni 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan egoten saiatu nintzen, hirugarren batean egoteko, baina, lesio bat zela medio, ez nuen hara joateko aukerarik izan. Orduan konturatu nintzen gauzak ez zirela hain errazak, eta balio handiagoa ematen hasi nintzen ordura arte lortutakoari. 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako ere prestatu nintzen, baina han ere bidean gelditu nintzen. Sailkatzen zarenean, normaltzat hartzen duzu egoera, baina kanpoan geratzen zarenean konturatzen zara gauzak lortzea zenbat kostatzen den.

Arantzarik gelditu zaizue Jokoekin?

AGIRRE: Arantza baino gehiago, askotan pentsatu dut gauzak beste modu batera egin izan banitu errendimendu handiagoa aterako niola nire ibilbideari. Une oro ahal dudan guztia eman dudan sentsazioa daukat, baina agian ez nuen atera neukan guztia. Ez nuen formularekin asmatu, ziurrenik. Orain, distantziatik, esan dezaket nire pertikako marka ez dela hain ona. Nahiz eta Espainiako errekorra izan, ezin dut beste askorekin alderatu. Erakutsi dudan gaitasuna baino handiagoa nuela iruditzen zait. Baina ez nuen atera, eta azkenean horrek balio du.

Olinpiar Jokoek zer eman dizuete?

OLANO: Oihartzuna, esango nuke. Geurean, lehiaketa gehienak urtero jokatzen dira, esaterako mundukoa, baina Olinpiar Jokoak lau urtetik behin izaten dira jokoan. Agian gure garaietan ez ziren hain garrantzitsuak, baina gaur egun balioa dute bertan lortutako dominek.

AGIRRE: Niri asko eman didate! Gehienentzat, nor da Naroa Agirre? Bi Olinpiar Jokotan egon zen atleta. Hori argi daukat. Ez munduko txapelketak, ez Europako txapelketak: Olinpiar Jokoek ematen diote izena atleta bati. Gainera, lau urtetik behin jokatzen dira, eta horrek askoz ere pisu handiagoa ematen die. Askotan, lau urteko lana egun batean jokatzen da, eta horrek emozio puntu handi bat ematen dio.

Aurtengo Olinpiar Jokoak arraroagoak izango dira, baina ikusiko dituzue?

OLANO: Beti gustatu izan zaizkit Olinpiar Jokoak, eta ahal dudan guztietan ikusten ditut. Atletismoa asko gustatzen zait. Etxean ere ikusten ditugu.

AGIRRE: Olinpiar Jokoen lehen oroitzapena Bartzelonako Jokoetakoa daukat [1992]. Udako kanpaldian harrapatu ninduen, eta orduan denak hura ikustera joaten ginen. Azkenaldian, ordea, erabat kanpo nago mundu horretatik. Noizean behin jarraitzen ditut gertuko atleta ezagunak, baina beste mundu batean nago. Oraindik ere umea txiki xamarra daukat, eta gaur-gaurkoz beste lehentasun batzuk daude.

Naroa Agirre

(Donostia, 1979)

Gorenekoen artera iritsi zen Naroa Agirre; gorenekoen artera pertikarekin, eta Olinpiar Jokoetan eta munduko lehiaketetan. Bi alditan izan zen Olinpiar Jokoetan: 2004an, Atenasen —seigarren postua eta diploma olinpikoa lortu zituen—, eta 2008an, Pekinen —hamahirugarren egin zuen—. Espainiako pertika jauziko errekorra ere berak jarritakoa da: lau metro eta 56 zentimetro. 2007an jarri zuen marka, eta ez du beste inork iritsi oraingoz. Espainiako txapeldun izan zen hamahiru aldiz pista estalian, eta bederatzi aldiz aire zabalean. Eta munduko probetan ere arrastoa utzi zuen: 2005ean, bederatzigarren egin zuen Helsinkiko aire zabaleko munduko txapelketan; eta 2006an, seigarren sailkatu zen Moskuko pista estaliko munduko txapelketan. 2018an utzi zuen pertika jauzia, eta gaur egun irakaslea da.

 

Abraham Olano

(Anoeta, Gipuzkoa, 1970)

Hogeita bost urte beteko dira aurten: 1996ko abuztuaren 3an zilarrezko medaila bat irabazi zuen Abraham Olanok, Olinpiar Jokoetako erlojupeko txirrindularitza proban. Atlantan irabazi zuen medaila hura, Miguel Indurainek urrezkoa eskuratu zuen proba berean. Hamabi segundo gehiago behar izan zituen Olanok. Sari arrasto luzea utzi zuen txirrindulari profesional gisa lehiatu zen hamarkadan: munduko txapeldun izan zen errepidean 1995ean, eta erlojuaren kontra ere munduko txapeldun bilakatu zen 1998an; txirrindulari gutxik esan dezakete bi titulu horiek irabazi ahal izan dituztela. Espainiako Vuelta bat ere irabazi zuen, 1998an, eta bi aldiz igo zen Giroko podiumera —1996an hirugarren izan zen, eta 2001ean, bigarren—. Espainiako errepideko txapelketa bat eta erlojupeko bi ere irabazi zituen, beste hainbat lorpenen artean. 2002an utzi zuen txirrindularitza.