Jolasa, jokoaren gainetik

Ibai Zabala eta Larraitz Lukas gorenera iritsi ziren kirolean. Haur eta nerabe askok dute amets hori. Ereduak horretara bultzatzen ditu, baita, maiz, gurasoen espektatibek ere. Zabalak eta Lukasek, ordea, argi dute: «Adin horretan, kirolak gozamena izan behar du, ez zama».

 

Irudiaren deskribapena
 

 

Aurrez ez zuten elkar ezagutzen Larraitz Lukasek eta Ibai Zabalak. Baina elkartu eta berehala hasi dira hitz egiten. Hizlari onak dira, eta talaia horretatik mintzatu dira, saskibaloian eta futbolean jokatzen ari diren nerabe batzuen soinua dutela inguruan. Batzen dituen haria: kirola eta hezkuntza. Biek nabarmendu dute ondo kudeatuz gero kirola tresna egokia izan daitekeela gizartearentzat. Eurek hortik jaso zituzten egunerokoan erakusten dituzten zenbait balio.

Nola duzue gogoan zuen kirolarekin izaniko lehen harremana?

IBAI ZABALA: Ez dut oso gogoan. Badakit aitonarekin joan nintzela lehen aldiz frontoira. Aitak maiz esaten zidan: «Ez dakit nola atera zaren pilotari, etxean ez baitugu zaletasunik izan». Futbolzaleak ziren. Hortik harago, dudan oroitzapena frontoia haurrez beteta ikustea da. Ederra zen. Tamalez, hori aldatu egin da. Gaur egun, frontoira doan neska edo mutikoa bakarrik egoten da askotan. Eta hori ez da onena. Horregatik, beti esan ohi dut talde kirolak interesgarriagoak direla, balio erantsi bat dutela. Talde izaeraren, lanaren, balioak zabaltzen dituzte. Bakarkakoek indibidualismoa dakarte, eta gerora sumatu egiten da haurrarengan.

LARRAITZ LUKAS: Azken horri lotuta, adibide bat jarriko dut: harremanak izateko zailtasunak dituen haur bati baloi bat eman, eta ia ziur beste haurrekin jokatuko duela, hitzik gabeko jolasa baita. Hortik abiatuta, harremanak izaten hasiko da beste haurrekin. Beraz, nik beti esaten dut ez dela baloia patioetatik kendu behar, baizik eta ondo kudeatu behar dela. Nire kirolarekin izan nuen lehen harremanari dagokionez, gurasoek beti esaten didate futbol baloi batekin jaio nintzela. Anaia izan nuen eredu.



Askotan, eskolako patioetan edo frontoietan izaten zen lehen harreman hori kirolarekin. Zer oroitzapen dituzue?

ZABALA: Frontoietan bi aldaketa nagusi egon dira, nire ustez: batetik, lehen beteta zeudela, eta orain hutsago; eta, bestetik, zorionez, emakumeak plaza horretan sartzen direla, eta orain edozein herritako frontoitan ikusten direla neskak jokatzen.

LUKAS: Patioak asko aldatu dira. Alde batetik, lehen, neskek gonak eta soinekoak eramaten zituzten; orain, berriz, baita bestelako arropak ere. Bestetik, gaur egun neska-mutikoak elkarrekin aritzen dira. Gainera, mutikoei ez zaie entzuten halako gauzak esaten: «Zu neska zara: ezin duzu jokatu». Hezkuntzak alde horretatik lan handia egin du, eta etxean ere haurrek jasotzen duten mezua oso bestelakoa da.

Ibai Zabala eta Larraitz Lucas, Donostian
 

 

Aldatu arren, oraindik ere egitasmo asko daude eraldaketa horretan segitzeko.

LUKAS: Nik uste dut espazio gehiago behar dugula, harremanak sustatzeko, esperimentatzeko...

LUKAS: Patioan arreta handia jartzen da gaur egun. Baina ale txiki bat da pilo horretan. Oinarria hezkuntza eta etxea dira. Ikastetxe batek astean bitan patiotik baloia kentzea eraginkorra izango da baldin eta atzetik oinarri sendo bat badago etxean ere.

LUKAS: Erabat ados. Nik hamaseigarren urtea dut ikastolan, eta gogoan dut gurasoetako batek esan zidala: «Nire umea ikastera dator hona». Baietz erantzun nion, ikasiko zituela gauza batzuk. Eta berehala aipatu zidan: «Nik zuri uzten dizut ikas dezan». Eta esan nion: «Nirekin urtebete egongo da; zurekin bizitza osoa». Hor amaitu zen elkarrizketa. Irakasleak 26 txipiroi kudeatu behar ditu, olagarro on bihurtzeko, eta askotan ez gara iristen; ez dugu baliabiderik.

Larraitz Lucas eta Ibai Zabala
Larraitz Lucas eta Ibai Zabala. JON URBE, FOKU

Zer iritzi duzue soin hezkuntzari gaur egun eskolan ematen zaion tokiaz?

LUKAS: Lehen, astean behin izaten genuen. Orain, berriz, ikasgai gehiagotan sartzen da jarduera fisikoa. Baina gidatua. Gehiago mugitu behar ditugu umeak, eta pantaila aldera batera utzi. Baina hor ere kontraesan bat dago. Nire alaba hurrengo ikasturtean bosgarren mailan hasiko da, eta ordenagailu eramangarri bat izango du eskolan.

Egin zenuten eskola kirola? Zer oroitzapen duzue?

ZABALA: Nik bai, egin nuen.

LUKAS: Utzi zizuten? Niri ez.

ZABALA: Multikirola esaten zitzaion. Hori bai, gero frontoira joaten nintzen pilotan jokatzera.

LUKAS: Nik jesuitetan ikasi nuen. 10-11 urte izango nituen. Gogoan dut entrenamendu batzuen ondoren Kontxan jokatu behar nuela. Izugarrizko ilusioa nuen. Pentsatu nuen: «Anaiak bezala Kontxan jokatuko dut». Baina, bezperan, entrenatzailea etorri zitzaidan esanez neska nintzela, eta apaizek esan zutela ezin nuela jokatu. Sekulako kolpea izan zen. Eta, azkenerako, saskibaloian jokatu nuen. Gerora itzuli nintzen futbolera.

 

"Niri ez zidaten utzi eskola kirola egiten. Gogoan dut Kontxan jokatu behar genuela futbolean, eta apaiz batek esan zidan ezin nuela, neska nintzelako"

Larraitz Lucas. Irakaslea, futbolari ohia

 

Haur askok beren lagunek egiten dutelako aukeratzen dute kirol jakin bat. Hor ikusten da nolako indarra duen kirolak sozializatzeko?

ZABALA: Egia da baduela indarra. Baina nire kasuan, ez. Ni frontoira joaten nintzen, beteta zegoen, eta horietako bat nintzen.

LUKAS: Nik uste dut bi aldeak daudela. Nik neuk nortasun handia nuen, futbola oso gustuko nuen, eta nire kabuz aukeratu nuen, ez lagunengatik. Gure eskolan, aurten ehun bat umek egin behar izan zuten aukeraketa hori, eta erdiek baino gehiagok gustuko zutelako egin zuten. Egia da, hala ere, batzuek kirola egin nahi dutela, ez direla oso abilak, eta lagunek aukeratzen duten kirola egiten dutela azkenean.

ZABALA: Abilezia aipatuta, nik hor azpimarra bat egingo nuke: ume askok zergatik aukeratzen duten kirol bat egitea: gustuko dutelako, edo trebeak direlako?

LUKAS: Dudarik gabe, eta hori frustrazioari lotuta dago. Berez, frustrazioa txikitatik lantzen dugun zerbait da. Baina gero eta ume gehiago daude frustrazioak kudeatzeko arazoak dituztenak, eta hori gurasoen espektatibekin dago lotuta. Izan ere, askok uste dute beren seme-alabak onenak direla edo izan behar dutela denean, tartean kirola. Baina, agian, momentuz, ez da horrela.

ZABALA: Horren atzean, porrota onartzea eta porrotaren aurrean erantzun on bat izatea ere badago. Hori ere ikasi egin behar da. Egun batean Bielsari entzun nion galtzen duenak irabazten duenak baino gehiago ikasten duela, eta nik uste dut hala dela. Baina gaur egungo gurasoek sufrimendurik gabeko bizitza bat nahi dute seme-alabentzat. Normala da. Baina sufrimendua, mina, porrota, bizitzaren parte da, eta kudeatzen jakin behar da. Bestela, hortik dator frustrazioa.

LUKAS: Hori txikiei askotan esaten diegu, baina gero nork bere buruari esatea zaila da.

"Egoitzak ez direlarik existitzen, eskubidea izateak ez du ezer aldatzen: diru laguntzak ez dira aski"

Ibai Zabala. Irakaslea, pilotari ohia

 

Zuek nabaritu zenuten gurasoen, etxekoen presioa edo haien espektatiben zama?

ZABALA: Nik, zorionez, ez. Eta nire izaera kontuan hartuta, ziur nago presioa izan banu ez nintzela sekula pilotaria izango. Nik uste dut hori izan zela gakoetako bat pilotari izateko. Etxekoek partidetara eramaten ninduten, behar nuenerako ondoan nituen, eta aholkuren bat ematen zidaten. Baina presiorik, zorionez, ez zidaten egiten.

LUKAS: Nire kasuan bai. Baina uste dut, zer egoeratan nengoen kontuan hartuta—oso emakume gutxik jokatzen zuten futbolean—, ondo etorri zitzaidala, eta neurri batean horri esker ere lortu nuela iritsi nintzen lekura iristea. Partida batean bi gol sartu, eta aitak esaten zidan ez nituela bost sartu. Edo baloi baten atzetik korritzen ez banuen, garrasi egiten zidan... Ziurrenik, orain dakidan guztia jakingo banu, eta egoera gaur egungoa balitz, ez nuen onartuko.



Ez du erraza izan behar presio horrek. Are gutxiago zuk kirol bat egin nahi ez eta gurasoek horretara bultzatzen bazaituzte etengabe.

LUKAS: Gaur egun, askotan ikusten dira ume batzuk nahitaez kirol bat egin behar dutenak beren gurasoek hala nahi dutelako. Lehen, berriz, kontrakoa zen: nahi zenuelako jokatzen zenuen edo jolasten zinen.

ZABALA: Bai, eta horri lotuta bada beste ideia bat, ez dagoena bakarrik kirolari lotuta: onena izan behar hori, besteen gainetik egon behar hori. Bada hitz bat nik batere gustuko ez dudana: norgehiagoka. Beste norbait baino gehiago aritze hori. Horren inguruan hausnartu beharra dago.

"Gaur egun, ume batzuk ikusten dira nahitaez kirol bat egin behar dutenak gurasoek hala nahi dutelako. Lehen, gustuko zenuelako jokatzen zenuen gehiago"

Larraitz Lucas. Irakaslea, futbolari ohia

 

Eta zeuen buruari presio handia jartzen zenioten?

LUKAS: Nik bai, baina konturatu gabe.

ZABALA: Nik ez dakit hitza presioa den. Baina norberak nahi izaten duena da zerbait egiten duenean ahalik eta ondoena egin, emaitza onena lortu. Hor beti dago presio edo gogo bat, eta horrek urduritasun bat dakar. Ilusioaren eta presioaren arteko nahasketa bat da. Baina adin eta maila batera iristean, presioak indar handiagoa hartzen du.

Zer adinetan hasi zineten jabetzen kirola zaletasun bat baino gehiago zela, eta goi mailan aritzeko modua zenutela?

ZABALA: Nik ez nuen horretan pentsatu ere egin. Pentsa, debuta egin baino 8-9 hilabete lehenago pilota uztekotan egon nintzen. Eskuko minez egon nintzen, eta ebakuntza egin zidaten. Baina segitu egin nuen. Handik gutxira, aitak esan zidan: «Zu egunen batean profesionala izango zara». Nik zoratuta ote zegoen erantzun nion. Handik hilabetera, profesionaletako lehen kontratua sinatu nuen. Dena oso bizkor joan zen. Ostegun batean deitu ninduten, larunbatean gerentearekin batu, kontratua sinatu, eta aurrera. Nik uste dut horrek lagundu egin zidala, presiorik ez izateko.

LUKAS: Ni Añorgan ari nintzen jokatzen, eta Antxon del Puerto taldeko ordezkaria etorri zitzaidan esanez Espainiako selekzioko begirale bat etorriko zela ni jokatzen ikustera. Horren ostean, bi astez Madrilera entrenatzera joateko deitu ninduten. Eta hor eskolan esan zidaten: futbola edo ikasketak. Institutua amaitu, eta joan egin nintzen. 17 urte izango nituen.

Larraitz Lucas eta Ibai Zabala
 

 

Gaur egun, ia kirol gehienek dituzte eskolak. Eredu hori egokia iruditzen zaizue?

ZABALA: Ez dakit Larraitzek zer pentsatuko duen, baina nik erantzuna argi daukat: ez da egokia.

Zergatik?

ZABALA: Haurrak, nerabeak profesionalizatzen ari garelako, eta ahaztu egiten zaigu umeek ume izan behar dutela, eta egin behar dutena jolastea dela. Gaur egun, tamalez, dena jokatzea da, eta ahaztu egin da jolastea. Horretan ere gurasoek autokritika egin beharko lukete, konplize ere badira eta. Askok buruan duten bakarra beren semea edo alaba aparteko kirolaria izatea da. Baina, adin horietan, oinarrizkoena da umeek kirola eginez gozatzea, kirola egitea, eta gero gerokoa.

LUKAS: Erabat ados. Lehen, kirol guztiak probatzen genituen; orain, berriz, fokua bakarrean jartzen dute. Are gehiago, haurrak elkarrekin era ludiko batean jokatzen ikustearen falta sumatzen dugu. Hori galdu egin da apur bat. Dena da lehia.

Larraitz Lucas eta Ibai Zabala
Larraitz Lucas eta Ibai Zabala. JON URBE / FOKU

Eskolek ekarri duten kirolaren ikuspegi profesional horrek eta sare sozialetan kirolariek ematen duten irudiak aldatu egin dute haurrek kirolaren inguruan duten ikuspegia?

ZABALA: Erakusten dena arrakasta da. Baina kirola ez da hori soilik. Une txarrak asko dira. Nik, adibidez, bost ebakuntza izan nituen eskuetan. Hori ere errealitate bat da, eta umeei, nerabeei, erakutsi egin behar zaie.

LUKAS: Dena ez da polita kirolean. Horretarako ez ditugu prestatzen. Eta beste bi gauzatan ere pentsatu beharko genuke: zenbat irauten duen arrakastak, eta zenbatek lortzen duten.

Klubek, eskolek, gero eta gazteago hartzen dituzte umeak. Zer iruditzen zaizue?

ZABALA: Prozesu horretan, icebergaren puntan, ume horietaz aprobetxatuko direnak daude: futbolean, klubak; pilotan, enpresak... Nik ez nuke sekula nire seme edo alaba bat halako leku teknifikatu batera eramango. Agian oker nago. Baina zergatik egingo dut hori? Kirolean ona den neska edo mutiko bat bihar ere ona izango baita. Ez zaio ahaztuko. Pilota enpresa batek 15 urterekin profesional izateko aurretiazko kontratu bat egin nahi badizu, lasai egon. Ondo jokatzen baduzu, 18 edo 20 dituzunean kontratua egingo dizu. Ez zoratu.

 

 

"Kirol eskolen eredua ez dut gustuko, umeak profesionalizatzen ari baikara. Sekula ez nuke nire seme edo alaba bat halako batera eramango"

Ibai Zabala. Irakaslea, pilotari ohia

 

LUKAS: Niri galdetu izan didate alabetako batek halako proposamen bat jasoko balu zer egingo nukeen. Eta argi erantzuten dut: kanpora joan behar badu, ez. Eta etxean bada, ordutegien eta ikasketen arabera. Guk hezi behar ditugu gure umeak. Ezin ditugu edozein lekutan edo edozeinekin utzi. Futbolean asko gertatzen da hori. Aurrekoan, lagun batek esan zidan bere semeari halako proposamen bat egin ziotela kanpora joateko, eta onartu egin zutela. Horrekin mezu bat ematen ari zara nerabeari: «Ez gaituzu behar, heldua zara, autonomoa...».

ZABALA: Eta bada beste mezu bat hor ematen diozuna: «Kirola da garrantzitsuena». Gainera, egunen batean gaizki badago, arazoren bat badu… Zu ez zaude hor. Pilotan ez da halakorik gertatzen, haurrek herriko eskoletan jokatzen dutelako normalean, lagunekin. Baina irits daiteke pilotara ere eredu hori.

Larraitz Lucas eta Ibai Zabala
Larraitz Lucas eta Ibai Zabala. JON URBE, FOKU

Klubek, ordea, esaten dute baldintzak oso onak direla. Eta, besteak beste, bertan irakasleak dituztela ume horiek ikas dezaten.

LUKAS: Baina gurasoak ez daude.

ZABALA: Aipatu izan da jokalariei esaten dietela hainbat ikasgai gainditu gabe uzten badituzte ez dutela klubean jarraituko.

ZABALA: Ez da egia. Onak badira, jarraitu egingo dute. Haientzat kirolak garrantzi handiagoa du haurren heziketa prozesuak baino.

Kirol eskolak gero eta indar handiagoa hartzen ari diren honetan, eskola kirolaren eredua ez al da zaharkituta geratu?

LUKAS: Ikastetxeek bultzatu egiten dute haurrek kirola egitea, baina egia da patioko espazioak gero eta txikiagoak direla, eta denak ez direla sartzen. Lehen, adibidez, patioan bi futbol ate zeuden, eta askotan bi partida jokatzen ziren aldi berean. Edo frontoi bakarra zegoen, eta partida bat baino gehiago jokatzen zen. Tartean, teniseko pilotarekin. Orain, halakoak ez dira uzten.

ZABALA: Beharbada, egungo eredua hain moderno ikusten dugu, aurrekoak zaharkitua baitirudi.

LUKAS: Nik uste dut zera gertatzen dela: gizartea bizkor doala, eta hezkuntzak ere erritmo horretan joan nahi duela, baina ez duela baliabide nahikorik horretarako. Eskola kirolak ez luke hain arautua, mugatuta egon behar, eta haur guztiak hartu beharko lituzke kontuan.

Hainbat herritan, gurasoek eta ikastetxeek zenbait egitasmo jarri dituzte martxan, bestelako eskola-kirol eredu bat sustatzeko, astialdiari lotuta. Zer iruditzen zaizue?

LUKAS: Ondo dago. Nik uste dut, gainera, ikastolek berek bultzatu beharko luketela hori eskola ordutegiaren barruan. Umeek kalea, jolas tokia, natura ezagutu behar dute...

ZABALA: Oso aberasgarria. Nire ustez, horrela beharko luke, aipatutako profesionalizazioaren aurka joateko. Kirol guztiak proba ditzatela, eta goza dezatela lagunekin horietan jolastuz.



Eta zer egin behar dute erakundeek?

LUKAS: Dirua, beharra eta baliabideak dauden bitartean, mugituko dira. Baina ez dakit zenbaterainoko garrantzia ematen dioten eskola kirolari. Baina benetan aldaketa nahi dugunok ez gaude hor. Kanpoko erakunde batek hori arautzea ez dut uste erabat eraginkorra denik.

Orduan, gurasoak izan daitezke aldaketa horren bultzatzaileak?

ZABALA: Ez dakit, ba... Pilota munduan ikusi dudana kontuan hartuta, tamalez, hainbat arlotan gurasoek gehiago egiten dute kalte, mesede baino. Baina, aldi berean, gurasoak beharrezkoak dira. Gaur egun, ez dago garai batean zegoen boluntario izaera hori. Ez dago lehen bezainbeste entrenatzaile, begirale, musu truk haurrekin sekulako lana egiten dutenak. Beraz, gurasoen egitekoa are garrantzitsuagoa da orain.

LUKAS: Hala da. Adibidez, hemen, La Sallen, dena zen futbola. Baina baziren ikasle batzuk eskubaloia egin nahi zutenak. Eta guraso talde batek hori bultzatu zuen.

Larraitz Lucas eta Ibai Zabala
 

 

Boluntario lan egiten duten begirale eta entrenatzaile horiei aitortza handiagoa egin beharko litzaieke?

ZABALA: Dudarik gabe. Gero iritsi ziren bestelako entrenatzaileak, baina nik halako biri esker lortu nuen pilota munduan izan nintzena izatea. Horiek egin zuten lanak ez du preziorik.

LUKAS: Nik ere halako asko izan nituen, eta beti eskertuko diet.

Zer gomendio emango zeniokete kirolean bidea egiten hasten ari den nerabe bati?

ZABALA: Asko. Baina bi nabarmenduko nituzke. Lehena, egiten duenaz gozatzeko; eta, bigarrena, ingurukoek diotenari kasu handirik ez egiteko. Joateko urratsez urrats, kirolari bakoitzak bere garapena baitu. Ni, adibidez, haurren kategorian eta kadeteetan herriko hirugarrena nintzen. Behin baino gehiagotan gerturatu zaizkit gurasoak galdetuz: «Nola ikusten duzu nire semea edo alaba?». Eta gauza bera erantzuten diet: «Bi begirekin».

LUKAS: Guztien gainetik, patxadaz hartzeko esango nieke, eta momentua bizitzeko. Izan ere, bizitzako beste alorretan bezala, kirolean ere ez dakizu bihar zer gertatuko den.

 

Larraitz Lukas

(Donostia, 1982)

Gurasoek txikitatik esan zioten baloi batekin jaio zela. Anaia izan zuen erreferente, eta hark bezala Kontxan jokatzea zuen amets. Baina beste garai batzuk ziren. Emakumeen futbola bidea egiten hasi berria zen. Realean zortzi denboraldi egin zituen, taldea Lehen Mailara igo zuen multzoan egon zen, eta kapitaina ere izan zen.  30 urterekin hartu zuen erretiroa. Orain, Haur Hezkuntzako irakaslea da Santo Tomas lizeoan, eta aditu lanak ere egiten ditu ETBko futbol emankizunetan.

Ibai Zabala

(Berriz, 1987)

Sekula ez zitzaion burutik pasatu ere egin profesionaletara iritsiko zenik. Baina 13 urte eman zituen goi mailan. Urtebete eskas da goi mailako pilota utzi zuela. Besteak beste, Bigarren Mailako binakako txapeldun izan zen 2010ean, eta, handik lau urtera, banakako txapeldun maila horretan. Emaitzetatik harago, beti izan da oso pertsona engaiatua. Pilotariek egindako greban aurpegietako bat izan zen. Euskara irakasle da gaur egun. Beti izan du lotura estua hizkuntzarekin.