Gogoetak errautsei begira

Suak kiskali zuen Nafarroa ekaineko beroaldian. Uztailekoan, hobeto eutsi zion beroari. Seigarren belaunaldikoak dira egungo suteak, eta klima aldaketak eragin handia du haietan. Herri txikiak zaurgarriagoak dira egoera berrian, eta erakundeei plangintza eta koordinazioa eskatu dizkiete.

Etxauriko herriko etxean elkartu dira mintzakideak BERRIArekin. Begi bistan dute suak ekainean Erreniegako basoetan eragin zuen txikizioa. «Tamalez nik ez ditut berriro ikusiko mendi horiek lehen zeuden bezala», ziurtatu du Jose Antonio Perez Nievasek. Kasik busti zaizkio begiak. Seigarren belaunaldiko suteen errealitatea ate joka dago Euskal Herrian ere. Prestakuntza behar da egoera berriari aurre egiteko, eta prebentzioa. Suari aldez aurretik egin behar zaio aurre, diotenez. Horretan ikusten dute administrazioaren herrena.

Bi beroaldi gogor izan berri ditugu: ekainean suak 15.000 hektarea kiskali zituen Nafarroan; uztailean, antzeko baldintzetan, kalte txikiak izan dira. Zergatik?

J. A. PEREZ NIEVAS: Ekainean ez bezala, uztailean ez da horrenbeste uztarik jaso. Eta, bestalde, ez dugu tximista bat erori izanaren zorte txarra izan. Gerta daiteke edonoiz. Orain arte, megasute hauek ez digute askorik eragin, baina orain tokatu zaigu, eta etorkizunean ere gertatuko zaigu, prebentzioa landu ezean.

PEIO ORIA IRIARTE: Meteorologiaren ikuspegitik, alde txiki batzuk izan dira, muturreko sute arriskua bietan izan arren. Ekainaren 18an, bero eta lehorraldi latzaz gain, haize baldintza oso txarrak izan genituen. Nafarroan, Ebrotik Bostirietara sartzen den haize hori, 50-60 kilometro orduko ufadak, lehergaia da suteentzat. Ekainean baldintza horien pean egon ginen. Uztailean, bero eta lehorraldi muturrekoa izan da, agian handiagoa, baina haizea hobea izan da... Baina Gaztela eta Leonen, Aragoin, Gironan, sute ikaragarriak izan dituzte. Gu erdian gaude; beraz, paira genitzakeen uztailean ere.



 

Zer ikasi beharko genuke ekaineko sute latz horietatik?

PEREZ NIEVAS: Kontua ez da ikastea. Hori egin behar duzu etxeko lanak egin ez dituzunean, eta horiek irailean egin behar ziren. Kontseilariak konpromisoa hartu zuen horretarako, suteen inguruko foru araua aldatzeko. Eta ez dute aldatu. Ez kontseilariak, ez zuzendari nagusiak... Ez dute agindutakoa bete. Ekainaren 10ean El Vedadoko finkan sute bat izan zen, eta hor konturatu ziren ez zituztela etxeko lanak egin, eta dena korrika eta presaka mugitzen hasi ziren. Prebentzioa da gakoa, eta hori araudiaren bidez egiten da. Larrialdian ahal dena egin behar da, lanak lehenago egin behar baitira. Berandu iritsi gara, eta berandu gabiltza oraindik ere.

"Prebentzioa da gakoa, eta hori araudiaren bidez egiten da. Larrialdian ahal dena egin behar da, baina etxeko lanak lehenago egin behar dira"

Jose Antonio Perez Nievas

 

IDOIA ARITZALA ETXARREN: Guztiz ados. Prebenitu egin behar da, eta ez utzi erabakia udalen esku. Zeren Nafarroako Gobernuak beti esaten du herriko etxeek egin behar dugula hau eta beste... Baina araudirik ez badago, ez dakigu zer egin behar den. Oinarri hori izan ezean, ahal duguna egiten dugu, eta, guk geuk, herrian dugun basozainarekin eta bi suhiltzailerekin lan egiten dugu. Baina araudirik gabe, udalen gainean uzten dute erantzukizuna, eta hori gaizki egina dago.

ORIA IRIARTE: Basoen kudeaketa eta sute prebentzioa jarri behar da oinarrian. Baina beste eragile bat dago: klima aldaketa. Duela 50 urte oso zailak ziren egoerak maiztasun handiagoarekin gertatzen ari dira orain: lehorte luzeak, beroaldiak —gero eta goizago eta gogorragoak—, eta horrek sortu ditu suteak Portugalen, Britaniar Kolunbian, Australian, Kalifornian... Eta orain Frantzian, Erresuma Batuan, hemen... Seigarren belaunaldiko suteen maiztasuna eta gogortasuna areagotzen ari da. Zenbait baldintzak bat egitean, koktel lehergarri bat gertatzen da: landaguneen uztea, basoen ustiapenik eza, baso masaren jarraipen etengabea... Errealitate berria da hau, eta landa eremuari eragingo dio bereziki.

 

Estitxu Osa
Erreniegaren ikuspegia Etxauritik, joan den ekainean suak kiskali zituen basoak agerian dituela. Jagoba Manterola, Foku



Esan daiteke hau izan dela Euskal Herrian pairatu dugun seigarren belaunaldiko lehen sutea?

ORIA IRIARTE: Sute hauek ezaugarri bereziak dituzte. Ikusi ditugu sutearen kontrol meteorologikoa euren gain hartu duten kezko lainoak. Eta sutearen garapena eta hedapena, neurri batean, haren esku geratu dela. Hau da, ekaitzetakoen antza duten laino horiek tximiniako aire-laster moduko bat sortzen dute, oxigeno asko irensten dute azpitik, eta, haizea badago, sutea oso bizkor mugitzen da. Bada aurreko gertakari bat. Faltzesen, 2010ean, halako laino bat ikusi zen, baina ez ziren hainbeste hektarea erre. Beraz, aurreko gertakaririk gabekoa izan da sute hau, bai.

"Sute hauek kontrol meteorologikoa hartzen dute euren gain, eta sutearen garapena euren esku geratzen da. Aurreko gertakaririk gabekoa izan da"

Peio Oria Iriarte

 

Nafarroan erdialdeko eremua izan da suteek gehien hondatua. Arriskurik handieneko eremua da hau?

PEREZ NIEVAS: Hilzorian daude abeltzaintza estentsiboa, herrietan bizi diren artaldeak... Espainia hustua deitzen duten hori desagertzera doa. Eta zer dator? makroetxaldeak. Lehen, herrietan soroak zeuden; orain, desagertzen ari dira, eta abelburuak eta ardiak zeuden tokian, orkatza eta basurdea sartu dira saldoka. Zer egin behar da? Apustua egin behar da, eta gestioa, nahiz eta ondoren halako munstro bat etortzen bada, ezin izango dugun geratu... Baina gutxienez, saiatu egingo gara gauzak ondo egiten.

ORIA IRIARTE: Bi eremu kritiko daude: bat Izkoko mendilerroaren hegoaldean dago, Sabaitzan. Beldur handia ematen du, eta San Martin Unxeko sutetik babesten saiatu ziren, zeren badakite hor sua sartzen bada oso zaila dela barneratzea. Amildegi handiak daude, basoa eta erriberako landaretza eta sastraka nahastuta... Pirinioetan eta Pirinioaurrean ere oso eremu zailak daude. Suaren portaerari buruz, bada, ilaunak ibaien gainetik ere pasa daitezke. Etxaurin gertatu zen, Argan, hainbat tokitatik egin zuten jausi sugarrek. Suhiltzaileek diote 400-500 metroko saltoak ere izan zirela. Halako egoeretan, kontuz: pertsonak ere arrisku bizian egon daitezke. Horren inguruan gogoeta eta dibulgazioa behar dira.

PEREZ NIEVAS: Pirinioetako eta Pirinioaurreko basozainak guztiz kezkatuta zeuden, sute arriskua hegoaldean bezain handia zelako. Inguru horretan sute bat izaten bada, ondorioak ikaragarriak izango lirateke. Sabaitza Nafarroako foru erkidegoaren finka bat da. Natura bete-betea da, eta erregai itzela. Esan zidatenean Sabaitzara zihoala sua, esan nuen, «akabo!».

Diotenez, zaintza lana falta da basoetan eta erregaia dago sobera...

PEREZ NIEVAS: Zikinkeria zaborra da. Basoak ez daude zikinak. Basoaren erabilera da gakoa. Batzuetan egur ustiaketaren alde egiten da. Kontua da naturarekiko harremana galtzen ari dela, eta basoan etena egiten zuten guneak desagertu egin direla. Orain, dena basoa da. Kontua ez da su ebakiak egitea, zeren ilaunek gainetik egiten dute jauzi.

ARITZALA ETXARREN: Etxaurin badugu artzain bat, eta gu horren alde gaude. Bideak garbitzen saiatzen gara, baina baliabideak behar dira, herri txikiak garelako. Ingurumen Sailetik ez digute bereziki errazten bide hori. Han oso politikoak dira, eta ez dute ikusten zer dugun herri txikietan, zeren jendea etortzen da, oso polita dela ikusten du, baina hau mantendu egin behar da urte osoan.

Herri txikiak prestatuta zaudete egoerarako?

ARITZALA ETXARREN: Zer da prestatuta egotea? Dugun arriskuaz bai, kontzienteak gara, baina prestatuta egotea... Etxauri ibarreko herririk handiena da, 750 biztanle gara. Land Rover bat eta zisterna bat ditugu, eta zerbitzu asko egin ditugu horiekin, baina ez da aski. Ekainean gaindituta geunden, Nafarroa erdia berdin geundelako. Baliabideak falta ziren, eta ahal zena egin genuen...

PEREZ NIEVAS: Ez zegoen ur hegazkinik, eta krisi garai horrek erakutsi zigun naturaren aurrean ezin dugula deus egin: uholdeetan, suteetan... Orduan, zein da irtenbidea? Naturarekin bizitzen hastea. Berrasmatu egin behar dugu, eta, noski, suteak badaude, hegazkinik ez egotea ezin da onartu... Nahikoa egin dute herrietan, traktoreekin, basozainekin elkarlanean. Euren bizitza eta etorkizuna babestu dituzte.

 


 

Jakinekoa da labore makinek sortu zituztela ekaineko sute asko. Zerk huts egin zuen?

PEREZ NIEVAS: Suterik handiena sugar txiki batekin hasten da. Hori berehala itzaltzen baduzu, edo ohartzen bazara piztu duzula gar txiki bat, itzal dezakezu. Baina araudiak ez bazaitu behartzen eramatera suak amatatzeko materialik, motxila itzaltzailerik —orain bai exijitzen du, gertatu eta gero—... Ez bazaitu behartzen pertsona bat inguruan egotera gertatzen ari diren gorabeherak zaintzen, bada, gauza hauek gertatzen dira... Babestu behar dira uzta makinak, ingurumena, uzta bera... Berriz diot, prebentzioa.

ARITZALA ETXARREN: Hemen, nekazarien lana goraipatu behar da. Ibarrean antolatu egin ziren, eta eurek egin zituzten su ebakiak... Halako batean, Sua Etxarrira iristear zelarik, eta herria irensteko arrisku bizia zegoenean, hegazkina iritsi zen, baina traktoreek salbatu zituzten herriak.

PEREZ NIEVAS: nekazariak beti egongo dira hor, euren bizitza delako, euren herria delako... Hirikoak bisitan joango gara, eta bueltan itzuli. Haiek konpromisoa dute, eta babestu egin behar ditugu. Eurek erantzukizunez jokatu dute, eta neurria eman dute. Beste batzuek, ez.

Zein prebentzio neurri behar dira?

PEREZ NIEVAS: Lehenengo gauza da araudi bat indarrean jartzea, zeren bestela udalek ez daukate zeri heldu ere. Suak hastea eragotzi egin behar da, eta, horretarako, arriskuak detektatu behar dira. Tximista bat ezin da eragotzi, baina beste arrisku batzuk bai: errekuntzako autoak mendian erabiltzea, uzta makinak eta fardo makinak galaraztea posible da. Eta, horrez gain, lurraldea antolatu behar da, basoan eta labore lurretan etenak egon daitezen, suak aurrera egitea galarazteko. Eta, azkenik, gizarteari ulertarazi horrek denak gastu bat dakarrela. Landa eremua eta abeltzaintza estentsiboa babestu beharra dago, hori da prebentzio neurririk eraginkorrena: agian ez duzu sute bat eragotziko, baina baliabide gehiago izango dituzu suari aurre egiteko, hark erabiltzen dituen bideak eskura izango dituzulako.

ORIA IRIARTE: Zoritxarrez, halakoak bizi izango ditugu berriro. Espero dezagun eremu berberetan ez gertatzea. Hau errealitate berri bat da, eta prebentzioa gizartearen kontzientziazioaren bidez ere hasten da. Ulertarazi behar diogu gizarteari hurrengo hamarkadetan arrisku klimatikoen ondorio latzak jasango ditugula: suak, bero boladak, uholdeak. Beraz, neurriak har daitezke basoak zaintzeko, lurraldea antolatzeko, beharrezkoak dira... Baina, agian, oinarrietara jo behar dugu: berregituratu behar dugu gizartea, herri txikiak hustu eta hustu ari direlako. Beharbada, lehentasun ekonomikoak eta sozialak bigarren mailan jarri behar dira, eta ingurumena lehen lerroan jarri, bizitza horren araberakoa delako: herrien bizitza, baina baita hirien bizitza ere; nork elikatu behar gaitu bestela?

"Niri esan zidaten nekazariak bidaltzeko traktoreekin su ebakiak egitera; arduragabekeria bat iruditzen zait euren bizitza arriskuan jartzea"

Idoia Aritzala Etxarren

 

Klimari buruzko neurriak hartzeko garaian, baina, beti dago aitzakiaren bat: pandemia, Ukrainako gerra...

ORIA IRIARTE: Isurketak gutxitzeko planei buruz, ezkorra naiz, egiten dugun guztia gutxi izango baita; baita 1,5 graduko berotzea bermatuko balitz ere, nahiz eta zientzian badakigun ezinezkoa dela. Egun 1,2 graduko berotze global batean, begira nola gauden. 1,5 gradurekin espero diren muturrekoak ez dira oraingoak baino pixka bat gehiago, joera esponentzialak direlako. Anbizio handiko murrizketak, gainera, ez dakit lortuko diren. Europako Batasunak onartu du ikatzezko zentralak berriz irekitzea, berdetzat jo ditu zentral nuklearrak eta gasekoak... Kontuz, krisi askotariko batera goaz, bioaniztasunaren galera ere oso larria delako. Baliabideak urritu egingo dira, eta urte kritikoak datoz.

Suhiltzaileek ere salatu dute ezinean aritu direla.

PEREZ NIEVAS: Arguedasko suhiltzaileek esan zidaten, han sugarrak hasi zirenean, helikopteroa bidali bazuten era guztietara erreko zen beste toki batetik, lortuko zela itzaltzea. Ez zen egin, eta 6.000 pertsonako bi herri hustu behar izan zituzten. Aitortu egin behar dugu munduko hegazkin eta helikoptero guztiak izan bagenitu ere ez genuela lortuko hura geratzea. Su bola horiek bizi propioa dute, eta ezin dira geratu, zer erre ez dagoen arte... Hala ere, baliabideak ez izatea etsigarria da.

ARITZALA ETXARREN: Hemen, oso xumeak gara, eta baliabide urriak ditugu. Niri SOS Deietakoek esan zidaten herritarrei abisatzeko etxean geratzeko, baina lasai egoteko. Nola esango diet lasai egoteko? Eta gero esan zidaten traktoreekin ateratzeko su ebakiak egitera. Horretara neuk bidali behar ditut? Arduragabekeria bat iruditzen zait euren bizitza eta lan tresnak arriskuan jartzea. Aitortu behar da nekazari guztiak atera zirela. Eta, orain, traktoreek izan dituzten matxurak nork ordaindu behar ditu? Eta gasolioa?

 



Badira suari hobeto eusten dioten zuhaitzak. Hasi beharko al litzateke horretaz gogoeta egiten?

PEREZ NIEVAS: Pinua ez da ernaberritzen, eta sua gustatzen zaio. El Vedado de Eguarasen ez da atera pinu bakar bat ere. Ernaberritu dira abaritzak, elorriak... Sabinak ere ez dira ernaberritu. Erakundeek erabaki behar dute zer egin erretakoarekin. Erakundeen arazorik handienetako bat da ez dutela egiten lurraldearen gaineko kudeaketarik, ez suaren aurretik, ez bitartean, ez ondoren. Erabakiak behar dira: egurra atera edo ez, landaketak egin edo naturalki lehengoratzen utzi... Tokiko administrazioen esku ezin da hori utzi.

ARITZALA ETXARREN: Eta hori ahalik eta azkarrena egin behar da. Zabaltzan duela hilabete birlandatu zuten duela hamaika urteko sute batean erre zen basoa, ordura arte ez baitzuen Ingurumen Departamentuak ezer ekarri. Bada, oraintxe berriro erre da.

ORIA IRIARTE: Amatatze lanetan beti aipatzen da hildako erregaiaren eta erregai biziaren hezetasuna. Hori ez dago lotuta eguneko egoera meteorologikoari, baizik eta aurreko hilabeteotako joerari. Zer izan dugu aurten? Landaredi oso estresatua. Maiatza azken 50 urteetako lehorrena eta beroena izan zen. Ekainean, lehen 20 egunetan, joera berari eutsi zion. Horrek eragin du erregarria den materiaren hezetasunean, eta hor lotuko natzaio klima aldaketaren hariari. Baldintza hauetan berdin du pagadiak edo pinudiak.

Erretako baso eta eremu horiek denak nola ari dira kudeatzen?

ARITZALA ETXARREN: Agroasegurua ari da kalte ordainekin, eta guretzat garrantzitsua da bizkor egitea. Abenduan uholdeak ere izan ziren Etxaurin, eta oraindik ez dugu deus jaso. Horretaz bizi den jendeak diru hori behar du. Gobernuak ez du errazten. Jendea haserre dago koordinaziorik ez zelako egon. Niri esan zidaten egokitzat jotzen nituen aginduak emateko, baina zer da egokia? Hemen, jendea etxean sartzeko agindu ziguten; Sirizan, hustu baino lehen, jendea joan egin zen; Etxarrin, etxez etxe joan ziren husten. Hustu ondoren, ez zieten uzten etxera itzultzen. Baina jendeak etxeak galtzeko arriskua ikusten zuen, zeren suhiltzailerik ez zegoen. Alde egiteko agindu, baina noiz itzuli ez zieten abisatu. Kaos eta desinformazio handia egon zen.

 

Estitxu Osa
Aritzala Etxarren, Oria Iriarte eta Perez Nievas. Jagoba Manterola, Foku



Turismoaren menpekotasun handia duzue herri hauetan. Nolako kaltea egiten die basoak erretzeak turismoan?

PEREZ NIEVAS: Turismoari dagokionez, garbi dago: ez da gauza bera toki batera joatea dena berde ikustera, edo dena beltz eta errautsez beteta. Naturan oinarritutako turismorik ez dago haizerik eta basorik gabe. Asko kostako da hau lehengoratzea, eta, beraz, naturan oinarritutako turismoaz bizi diren herriek gaizki pasatuko dute. Oxala, ez balitz izango horrela, eta jendeak erabakiko balu joatea, gaizki geratu diren herriak laguntzeko eta babesteko.

ARITZALA ETXARREN: Etxaurin ez dugu askorik nabaritu. Hemen, oraingoz berde dago ingurua... Arraitzan, baina, dena erreta dago. Ez da gauza bera.

PEREZ NIEVAS: Uxue oso turistikoa da, baina hara joan eta dena beltz ikusteko... Inork ez du nahi triste itzuli etxera.

ORIA IRIARTE: Turismoari dagokionez, beste ikuspegi bat ematearren: jendea joaten da, sarri, ingurua ezagutu gabe... Hor sartu ondoren, ez dakite nola irten, atzerritarren kasuan, are eta gehiago... Nafarroako Gobernuan kezkatuta daude gai horrekin, bereziki Santiagoko Bideko erromesengatik, inguru kalteberetan ezarritako haur eta gazteen udalekuengatik. Erne horrekin, zeren arazoak izan ditzakegu.

Meteorologia abisuek eraginkortasuna daukatela ikusi da uztaileko beroaldian.

ORIA IRIARTE: Abisuei dagokienez, kasik ez dagozkigun auzietan sartzera eskatzen zaigu. Guk atmosfera ikertzen dugu, eta populazioarentzako arrisku bat dagoenean, semaforo sistema jartzen dugu indarrean. Gero, bai herritarrek eta bai erakundeek jakin behar dute horrek nola eragiten dion jarduera bakoitzari. Ez nuen ikusi azken asteotako besteko informazio eskaera handirik. Suteen gaineko abisuak ere egiten ari gara, eta badirudi eraginkorra izaten ari dela. Horrek poza ematen digu, prebentzioan lagundu dezakeen heinean.

Garbi daude hirien eta herri txikien arteko desorekak. Nola orekatu daiteke egoera hau etorkizunera begira?

ARITZALA ETXARREN: Bada, dirua banatuz. Etxaurik 560.000 euro inguruko aurrekontua dauka. Horrekin denari egin behar diogu aurre. Gero, diru laguntzak eskatzeko ez dago batere erraza, master bat izan behar duzu kasik denerako. Eta kudeatzaileok oso jende normala izaten gara. Bileretara joaten gara batzuetan, eta han daude Iruñeko, Antsoaingo eta ez dakit nongo teknikariak, eta Etxauriko eta Beraskoaingo alkateak... Guk ez dauzkagu ez ezagutza ez baliabide berak. Pandemia garaian, hondartzara joan ezin zenean, mundu guztia hona etortzen zen, autokarabanak hartuta. Horrek sortzen dituen ondorioei aurre egiteko ez digute laguntzen, kontrakoa esan arren.

PEREZ NIEVAS: Erriberan gauza bera da, eskala txikiagoan. Zer egin behar da herrietan bizitza egon dadin? Hirietan dauden baldintza berak sortu. Osasunean, hezkuntzan, eskolaz kanpoko jardueretan... Mila kontu daude, elikagai dendak, era guztietako zerbitzuak. Herri txikietako gurasoek eurek animatzen dituzte seme-alabak bertatik joatera. Ezin dira egon lehen, bigarren eta hirugarren mailako nafarrak. Zeren laugarren mailakoak ere badira: immigranteak.

ORIA IRIARTE: Uholdeen kasuan, gobernua egiten ari da arriskuetara egokitzeko plangintza bat, eta Etxauri hor dago ere. Suteekin egin beharko da halako zerbait. Agian, hasi behar dira probak egiten, tokatzen denean prestatuago egoteko. Eta hau ezin da utzi hurrengo udarako.

PEREZ NIEVAS: Basozainak esaten ari gara surik gabe egin behar direla maniobrak, suhiltzaileekin eta nekazariekin... Aurreratu egin behar gatzaizkio arazoari, ze iristen denean nahiko anabasa izaten da. Maniobra horiek balio dezakete hutsegiteez jabetzeko, ahaztu ezin diren lanabesak zein diren gogoratzeko.

ARITZALA ETXARREN: Polizia gutxiago eta suhiltzaile gehiago, ezta? Ez dut esaten foru poliziarik ez dela behar, baina suhiltzaileak eta basozainak ezinbestekoak dira, eta ez dauzkagu sobera.

PEREZ NIEVAS: Nire liburuaz hitz egin nahi dizuet: guk, basozainok, urritik ekainera bikoteka lan egiten dugu, segurtasunagatik. Udan, sute arrisku gehien dagoenean, bakarrik egoten gara. Zer logika dauka horrek? Baliabideak behar dira, segurtasuna handitzeko. Basozainok suteen aurretik, bitartean eta ondoren egoten gara. Gure lurraldea da. Gainerakoak etorri eta joan egiten dira, baina guk hor jarraitzen dugu.

Ikusiko al ditugu mendi horiek lehen ziren bezala?

PEREZ NIEVAS: Nik ez, eta agian zuek ere ere ez... Ez dira bakarrik arbolak. Intsektuak, ornogabeak, narrastiak, anfibioak... Hegaztiek alde egingo zuten, baina, ugaltze garaian ziren espezieen kumeak hilda egongo dira. Arrak, eperrak... Biodibertsitate hori, ez duguna ikusten. Zuhaitzak ikusten ditugu, baina hori oso kontzeptu hiritarra da. Zorionez, naturak ahalmen handia dauka, eta, ez badugu esku hartzen, nahi duen bezala lehengoratuko da.

Jose Antonio Perez Nievas

(Tutera, 1961)

Nafarroako Oihanzainen Elkarteko presidente ohia da Jose Antonio Perez Nievas, Perico. Biologoa da ikasketaz, hamarkadak daramatza Nafarroako basozain lanean. Gaur egun, Espainiako Basozain eta Ingurumen Agenteen Elkarteko (Afafma) bozeramailea da. Suteen arriskuari aurre egiteko, prebentzioa indartu eta herri txikiak biziarazi behar direlakoan dago, eta horretarako deia egin die erakundeei.

Idoia Aritzala Etxarren

(Etxauri, 1970)

Etxauriko alkatea (EH Bildu) da 2015etik. Biologia ikasi zuen Iruñean, eta 20 urte baino gehiago darama Nafarroako Hezkuntza Departamentuan lanean, informazio administrari gisa. Administrazio publikoan lanean aritu den 20 urte horietako bost Nafarroako Artxibategi Nagusian eta Justizia Artxibategian egin zituen. Gaur egun, lanaldi erdia ematen du hezkuntzako lanean, eta beste erdia alkate.

Peio Oria Iriarte

(Iruñea, 1982)

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren Nafarroako ordezkaria da Peio Oria Iriarte, 2017tik. Fisikako ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean (Espainia), eta doktoretza Darmstadteko (Hesse-Alemania) Unibertsitate Teknikoan. Noaingo aireportuko behatzaile izan ostean, Aemeteko ordezkari izendatu zuten. Nabarmendu du klima aldaketa dagoela suteen errealitatearen atzean.