Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Independentziara zuzendutako begiradapean

Publizitatea

Politika

hedabideak

Independentziara zuzendutako begiradapean

Euskal Herriaren independentzia sustatu nahi dute 'Gure Berriak' hedabidearekin. Andoainen egin dute jendaurreko aurkezpena.
Pako Aristi idazlea eta Patxi Saiz kantaria, Andoaingo aurkezpenean.
Pako Aristi idazlea eta Patxi Saiz kantaria, Andoaingo aurkezpenean. / BERRIA

2015-11-05 / Berria

Bada urte erdi bat inguru Gureberriak.com hedabidea martxan dutela, baina jendaurreko aurkezpena gaur (osteguna) egin dute, Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. Bete egin da areto nagusia, 65-70 lagunekin. Modu dibulgatibo batean Euskal Herriaren independentzia sustatu nahi duen proiektua da, ekitaldian esan dutenez. "Gaur egun, independentziarako estrategia nazional eta politikoa falta da, eta kezka dugu. Independentziarantz zuzendutako begiradapean aritzea dugu helburu Gure Berriak-ekin".

Norbanakoak dira hedabidearen sortzaileak, eta haien artean dira, besteak beste, Orreaga taldeko kideak. Euskal Herria "menpekotasunean" den herrialdetzat jota, "herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko" eratu dute Gure Berriak. "Egunerokoan jasaten dugun 'kutsadura ideologikoaren' aurkako sendagaia da. Berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat dugu".

Webguneaz gain, bestelako euskarriak ere plazaratuko dituzte. Kasurako, Zapalkuntzatik askatasunera liburua aterako dute aurki, eta salgai izango da Durangoko Azokan, haien postuan —aurten jarriko dute lehenengo aldiz—. Egutegi bat ere argitaratu dute.

Ekitaldian Pako Aristik poema bat irakurri du, eta Patxi Saizek hiru abesti kantatu. Bukaeran, mokadu bat eman dute antolatzaileek. Hain zuzen, Aristiri eguzkilore bat opari diote, urteetan Euskal Herriaren independentziaren aldeko "lan pedagogikoa" egiteagatik liburu eta artikuluen bidez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak