Errioxa sor-marka

Hitza bete, eta Errioxa sor-markatik joan da Guardiako Artadi upategia

"Erabaki zaila eta ondo pentsatua" izan dela azaldu du upategiak. Errioxa sor-markaren barruan Arabako Errioxa zigilu bidez bereizi ezinak eta kalitateari eusteko nahiak bultzatu dute erabakia.

Artadi upategien jabea da Juan Carlos Lopez de la Calle.
Artadi upategien jabea da Juan Carlos Lopez de la Calle. Raul Bogajo / Argazki Press

Jon Fernandez -

2015eko abenduak 30

Juan Carlos Lopez de la Calle Guardiako (Araba) Artadi upategiko jabeak urte hasieran iragarri zuen Errioxa sor-markatik ateratzeko asmoa, eta halaxe egin du. Gaur egin du ofizial irteera. "Erabaki zaila eta ondo pentsatutakoa izan da", azaldu du prentsa ohar baten bidez upategiko arduradunak. "Artadik organo arautzailea utzi du, baina ez du bazterrera utziko bere jatorria: Arabako Errioxa". 

Arabako Errioxako ardogileek etiketan bereizgarri bat jartzeko eskaera egin izan diote hainbat aldiz Errioxa sor-markari, baina hark behin eta berriz ukatu die. Kalitate eta bereizketa hori egiteko aukerarik gabe, bertan jarraitzea upategiarentzat kaltegarria delakoan dago Lopez de la Calle, eta horregatik erabaki du sor-marka uztea. Urtean 600.000 botila inguru egiten ditu, eta salmenten %80 nazioartean saltzen ditu: AEBetan, Erresuma Batuan, Alemanian eta Belgikan batez ere. Arabako upategiaz gain, Nafarroan eta Alacanten ere baditu upategi bana. 

Arabako ardogileentzat sor-marka propio bat sortzearen aldekoa da Artadi upategia, eta baina momentuz ez da horrelakorik sortu. Arabako Errioxako ardogileek hala eskatuz gero, bide hori aztertzeko eta babesteko prest egongo litzatekeela esan du aurten Eusko Jaurlaritzak. Baina momentuz ez da horrelako ekimenik martxan jarri. Bien bitartean, Errioxa sor-marka uztea erabaki du Artadik, eta bere bidea bakarrik egitea. "Eskualde hontako ardogile guztiei errespetuz, baikortasunez eta ilusioz ekin diogu bide berri honi, gure arbasoengandik jasotako historia eta kultura bizirik mantentezaren erantzukizunarekin eta mezu hori kontsumitzailearengana iristeko ardurarekin".  

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna