Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Urtea amaitu aurretik sinatuko du Diputazioak Itsasoren desanexioa

Publizitatea

Gizartea

GALDEKETAK

Urtea amaitu aurretik sinatuko du Diputazioak Itsasoren desanexioa

%85eko parte hartzearekin, 88 lagunek eman dute Ezkiotik bereiztearen aldeko botoa, eta 26k kontrakoa. Suziriekin eta irrintziekin ospatu dute herritarrek. Bideoa: atzoko egunaren laburpena (Goierriko Hitza).

2016-09-19 / Berria

Udalerri izatea erabaki dute Itsasoko herritarrek, gaur eginiko galdeketan. "Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?" galderari erantzun diote herritarrek 09:00etatik 20:00etara, eta parte hartzea handia izan da: 140 lagun zeuden botoa ematera deituak, eta 119 joan dira.

88 herritarrek bozkatu dute Itsaso eta Ezkio bereiztearen alde, eta 26k ezezkoa. Lau boto zuri izan dira, eta baliogabe bat. Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea Itsason izan da, eta emaitza betearazteko konpromisoa berretsi du: "Etorkizunerako eredu da Itsasoko galdeketa; elkarlanean, ideia eta pertsona denak kontuan hartu dira".

1965ean batu zituzten Ezkio eta Itsaso udalerri bakarrean, orduko agintari frankistek behartuta. 51 urte geroago, Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izatea denbora gutxiko kontua da jada. Legezko pauso guztiak emanak dituzte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretua argitaratzea baino ez da falta: horrekin berreskuratuko du Itsasok udalerri izaera.

«Aukerarik balego urte amaiera baino lehen onartzea eskatu genien, bi udalerrien kudeaketarako askoz hobea litzatekeelako: esaterako, aurrekontuei begira», azaldu du Garikoitz Aiesta alkateak. Aldundiak jakinarazi du urtea amaitu aurretik ebatziko duela desanexioa dekretuaren bidez. Hortik aurrera, kudeaketa batzordea osatuko dute Itsason, hurrengo bozak egin arte funtzionatuko duena, eta Ezkio-Itsasoko udalbatzarrean dauden Itsasoko bi ordezkariek Ezkioko biri utziko diete lekua.

Desanexioaren jatorrian Ezkio-Itsason abiatutako parte-hartze prozesu bat dago. Herritarrengandik bi eskaera «berezi» jaso zituzten, Aiestak azaldu duenez: «Batetik, itsasoarrek eskatu ziguten Itsasok udalerri izaera berreskuratzeko aukerak azter zitzala udalak; bestetik, ezkiotarrek eskatu ziguten bien arteko harremanak indartzeko egin beharrekoak aztertzea». «Kanpotik» bi eskaerek «aurkakoak» eman arren, biak gauzatu zituztela azaldu du.

Banantze «onuragarria»

2012an hasi ziren ofizialki lanean. Gipuzkoan izandako antzeko kasuak ezagutzea izan zen udalaren lehen zeregina. «Gehienbat, 1990eko hamarkadakoak dira: Hiruerrieta —Orendain, Baliarrain eta Ikaztegieta batzen zituena—, Arama eta Altzaga, Leaburu eta Txarama...», gogoratu du. Aiesta bera joan zen herriz herri, eta denek txosten juridikoa egiteko gomendatu zioten, «egungo arautegiarekin zein aukera zeuden ikusteko».

Udalak eman ditu hainbat pauso ordutik, baita Itsaso Bherria talde eragileak ere. Gorka Sasieta (Ezkio-Itsaso, 1977) zinegotzi eta talde eragileko kideak azaldu duenez, prozesua hasteko, legez behartuta zeuden hori sortzera, herritarren gehiengoaren sinadurak bilduta. «Horien bidez herritarrek ordezkaritza ematen ziguten guri, desanexioa martxan jartzeko txostena osatzeko, eta, nolabait, beste administrazioen aurrean herritarren ordezkari gisa aritzeko», azaldu du Sasietak. «Bideragarritasun ekonomikoa, mugaketak, eta beste hainbat puntu landu genituen, legeak markatutakoak: udalarekin eta Ezkioko batzordearekin elkarlanean». Taldearen helburua Itsasok udalerri izaera berreskuratzea denez, foru dekretua onartzean amaituko da haien lana.

Itsasok udalerri izaera berreskuratzea «onuragarria» izango da bai Ezkiorentzat, bai Itsasorentzat, Sasietaren ustez. Besteak beste, herrian inbertitzeko aukera handiagoa izango dute: «Orain arte desoreka bat egon da». Baina ez da hori onura bakarra, haren esanetan: «Kudeaketa hurbilagoari esker, guztion ongizatea hobetuko dela iruditzen zaigu».

Aiestaren ustez, ez Ezkiok, ez Itsasok ez dute galerarik izango desanexioarekin. Eta bi udalerritan banantzeak ez du esan nahi, haren hitzetan, bietako biztanleen hartu-emanak ahulduko direnik. Izan ere, nork bere udalerria kudeatu arren, hainbat zerbitzu komunean izango dituzte aurrerantzean ere: «Besteak beste, herri eskola, haurtzaindegia edo mediku zerbitzua, eta abar».

Bukatzeko «gogotsu»

Asteon, azken orduko ezusteko bat izan dute, Espainiak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok helegitea jarri baitzion astelehenean Ezkio-Itsasoko Udalari. Apelazioa jarri zuten, ez duelako udalak antolatu galdeketa, aldundiak baizik, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak arrazoia eman die. Horren eraginez, mugimendua izan da herrian; galdeketa giroa nabaritzen da, Aiestaren hitzetan. «Sumatzen da bukaerara iristen ari garela, gogotsu gainera: indar handia hartu digu prozesu honek, eta beste hainbat gai ere badira jorratzeko». Aldundiak bezala, «ahalik eta herritar gehienek» botoa ematea espero du Aiestak ere: «Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Sasietaren hitzetan, herritarrek «ilusio handiz» bizi dute prozesua. Herrian jaioak izan baina kanpoan bizi den jende askoren animo asko jaso dituztela ere aipatu du, gainera. «Espero dezagun biharkoa ospatzeko egun bat izatea, prozesua borobiltzeko».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak