Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Otsailaren 9an abiatuko da Korrika Kulturala

Publizitatea

Kultura

Ikuskizunak

Otsailaren 9an abiatuko da Korrika Kulturala

Kepa Junkerak eta Sorginek prestatu duten 'Maletak' musika emanaldiarekin hasiko da, Gasteizen. Dantza, antzerkia, bertsoak eta haurrentzako ikuskizunak izango dira aurtengo egitarauan.
Gaurko aurkezpena.
Gaurko aurkezpena.

2017-01-25 / Ivan Santamaria

Euskal Herria puntatik puntara zeharkatuko du Korrikak, martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Aurreko edizioetan bezala, lasterketa martxan jarri arteko egunak girotzeko hamaika ekitaldi eta ekintza antolatu ditu AEK-k. Korrika Kulturala izango da eskaintza horren bizkarrezurra. Hainbat estreinaldi izango dituzte aurten, eta gaur aurkeztu dituzte, Gasteizen.

Kepa Junkerak berriro ere Sorginak taldeko trikitilari, panderojole, dantzari eta abeslariak izango ditu bidelagun Maletak ikuskizunean. Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako kultura ezberdinak elkartu nahi izan dituzte, musika emanaldi berezi batean. Pertsonaia mitologikoak, joaldunak eta herri kirolak tartekatuko dituzte. Korrika Kulturaleko lehen estreinaldi handia izango da, eta lehen aldiz Gasteizen egingo da, otsailaren 9an. Egun horretan, Karmele Gisasola harrijasotzailea eta Aitzol Atutxa aizkolaria izango dituzte agertokian gonbidatu.

Musikan ere bilatu du inspirazioa antzerki proposamenak. Tartean Teatroko Ez Dok Hiru itzuliko da agertokietara. Kasu honetan, Euskal musikaren benetako historia taularatu nahi dute Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek. Musika imajinarioaren errepaso ironiko, absurdo eta dibertigarria agindu dute. Agertokian hiru musikariren laguntza izango dute.

Bertsolaritzaren eta antzerkiaren gurutzebidean kokatuko da Erradikalak gara. Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak prestatu duten ikuskizuna da. Bakarrizketak eta bertsoak erabiliko dituzte umorearen bidez erroetara iritsi nahian. Bestalde, orain dela lau urte hasitakoari jarraipena emango dio Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, eta Bertso Korrika antolatuko dute. 30 bat bertso eskolak sustatuko dituzte emanaldiak, Euskal Herri osoan.

Beste ikuskizun batzuk ere jarri dituzte eskaintza nazionalean. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazioek Tipi-Tapa, Korrika prestatu dute, euskararen aldeko lasterketan oinarrituta. Bestalde, Oskara plazara ikuskizunak Kukai dantza taldearen sormen prozesuari so egiteko aukera eman nahi die ikusleei. Iruñeko Arena Comunicacion produktorak dokumentala egin du horri buruz, eta, aurkezpenarekin batera, Korrika Kulturalaren barruan formatu berezia eskainiko dute, dokumentalaren irudiak eta dantzariak zuzenean izango dituena.

Aplikazioa eta festa handia

Martxoaren 30era bitartekoak ekitaldiekin bete nahi dituzte Korrikaren antolatzaileek. Ezer ez galtzeko modurik onena sakelako telefonoentzako sortu duten aplikazioa da, Android eta iOS sistema eragileetarako. Doakoa da, eta eskuragai dago.

Hitzordu esanguratsuak ere egongo dira aurki. Datorren otsailaren 2an Korrikari buruz egin den dokumentalaren estreinaldia egingo dute, Bilbon. Otsailaren 11n, berriz, Korrikaren Festa egingo da Irungo Ficoba erakustazokan. Korrikaren sortzaile izan zirenak omenduko dituzte aurten, eta festa horretan parte hartzera deitu du Asier Amondo Korrikaren arduradunak.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak