ardogintza

Berezko sor-marka izateko prozesua eten dute Arabako Errioxako upategiek

Errioxa sor-markaren kontseiluak ontzat hartu du eremu bateko edo herri bateko ardoak nabarmentzea.

Uriona inguruko mahastiak, Arabako Errioxan.
Uriona inguruko mahastiak, Arabako Errioxan. Juanan Ruiz / Argazki Press

Berria -

2017ko abuztuak 11

Arabako Errioxako 40 upeltegik baino gehiagok abiatu zuten, iazko uztailean, berezko sor-marka osatzeko prozesua. Errioxako ardoa kontrolatzen duen kontseiluaren zurruntasunarekin aspaldi zegoen gogaituta sektoreko parte bat, eta, azkenean, sor-marka utzi nahi dutenei beste bide bat eskaintzea erabaki zuten.

Orain, onartu egin dute prozesu hori bertan behera uztea bi urtez. Kontseiluak gaur onartu ditu ardoentzako kategorizazio berriak, eta, horiek ezartzen diren bitartean, sor-marka propioa osatzeko prozesua "zentzuzko epe batez" etetea deliberatu dute Arabako mahastiak izenpean elkartu nahi zuten upategiek. Hala ere, ohartarazi dute edozein momentutan aktiba dezaketela sor-marka eratzeko bidea kategoria berrien ezarpen prozesua "egoki egiten ez bada edo beharrei erantzuten ez badie".

Zehazki, sor-markaren kontseilu arautzaileak onartu du ardoak hobeto nabarmentzeko araudi bat. Orain arte, jatorri izeneko zein eskualdekoak ziren jar zezaketen botiletan, baina gehiegi nabarmendu gabe: Errioxako ardoa zela zioten hizkien neurriaren heren bat besterik ez. Aurrerantzean neurri berdinekoak izan ahal izango dute Errioxa eta Arabako Errioxa jartzen duten hizkiak.

Gainera, ardoen jatorria gehiago azpimarratzeko moduak izango dira, zein eremukoak edo zein herrikoak diren nabarmendu ahal izango dutelako. "Ardoen jatorriei buruzko informazio gehiago ematea da helburua, hori eskatzen zutelako eragileek, iritzi sortzaileek eta kontsumitzaileek", argudiatu du Fernando Salamero Errioxa sor-markako kontseilu arautzaileko presidenteak.

Sektorea, pozik

ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak historikotzat jo du akordioa. Haren ustez, hitzarmenak ahalbidetuko du Arabako Errioxako ardoen "jatorriaren eta herrien ikusgarritasuna" sustatzea.

Eusko Jaurlaritzak ere akordioa txalotu du. "Baldintza egokiak eman dira ardoak benetan bereizteko", ziurtatu du. "Bere eskaera historikoetako bat bete du Arabako Errioxak".

EH Bilduk ere ontzat hartu du Errioxa sor-markaren erabakia. "Arabako Errioxako upeltegiek duela urte asko egindako aldarrikapen bat zen [gaurko akordioa], eta Errioxa sor-markak ez zuen inoiz onartu", gogorarazi du. Arabako Mahastiak sor-markaren alde garbien mintzatu zen talde politikoa izan da EH Bildu.

 

 

ABRAko upategien herenek bultzatu zuten aparteko sor-marka. Izan ere, bi eredu daude aurrez aurre Errioxan. Batetik, upeltegi handiak daude —horietako batzuk, Arabakoak—, mahasti propioak dituztenak eta inguruko nekazariei mahatsa erosten dietenak. Bestetik, ekoizle txikiak daude, inguru hurbilari oso lotuta daudenak. Horietatik askok segitzen dute Araban. Sor-marka gero eta handiago batean, ekoizle txiki horiek deserosoago zebiltzan, euren produktua bereizteko aukerarik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna