Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Generalitateko kargudunak atxilotu ditu Guardia Zibilak

Publizitatea

Mundua

Polizia operazioa erreferendumaren aurka

Generalitateko kargudunak atxilotu ditu Guardia Zibilak

Epaileen agindua eskuetan, Kataluniako Gobernuaren hainbat egoitzatara joan da goizean Guardia Zibila. Erreferendumarekin lotura duten frogak topatzea da operazioaren helburua, hainbat iturriren arabera. Hamabost lagun atxilotu dituzte, eta 41 miaketa egiteko agindu du epaileak. Jendetza elkartu da Bartzelonako kaleetan, Generalitateko Ekonomia sailaren parean, Guardia Zibilak miaketa egin duen egoitzetako batean. 40.000 herritar, Udaltzaingoaren arabera. Kataluniako gainontzeko herrietan ere elkarretaratze jendetsuak egin dituzte, baita atzerrian ere.
Ramblak bete egin dira polizia operazioaren kontra protesta egiteko. /
Ramblak bete egin dira polizia operazioaren kontra protesta egiteko. / Alejandro Garcia, EFE

*Espainiako Fiskaltzak emandako aginduari jarraituz, erreferenduma galarazteko polizia operazioa egiten ari da Guardia Zibila. Gaur, Generalitatearen hainbat egoitzatara sartu da.

*Hamabost lagun atxilotu dituzte, tartean Generalitateko goi-kargudunak, 41 miaketa egin dituzte eta erreferendumerako ia hamar milioi botopaper atzeman dituzte.

*Herritarren erantzuna handia izan da eta alderdi, sindikatu eta eragileek datozen egunetan ere modu baketsuan mobilizatzera deitu dute.

*Kataluniako Gobernuak kontuen kontrola berea dela azpimarratu zuen atzo. Guardia Zibila joan den eraikinetako bat Ekonomia kontseilaritza da. Han bildu dira herritar gehien.

Hau da gertatutakoaren kontaketa:

Zuzeneko kontakizuna

00:16
2017-09-21

Omnium eta ANCko buruek manifestariek esan diete gauerdian husteko Ramblak, Guardia Zibila Ekonomia sailaren egoitzatik atera dadin, baina manifestariek egoitzaren bueltan jarraitzen dute, urratsik atzera ez dutela egingo esanez. "Greba orokorra!" builaka ere hasi dira tartean. Guardia Zibilaren auto batera igota zuzendu zaie herritarrei Jordi Sanchez ANCko presidentea. "Pausorik ez atzera!" oihuka hari zirenei erantzun die: "Inork ez diezagula esan atzera pausorik egiten ari garela, igande honetarako indarra hartu nahi dugu, besterik ez, udaletxeen aurrean elkartzeko guztiok".

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

23:30
2017-09-20

Ostegunean TSJCren aurrean egingo dute elkarretaratze iraunkorra

Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak hartu du hitza Rambletan jarri duten agertokian. Protesta bukatu eta herritarrei etxera joateko eskatu die. Tentsio eta bortizkeria irudiak saihestu nahi dituzte. Ekonomia sailaren egoitzaren aurrean bildutako milaka katalanak zoriondu ditu Cuixartek: "Gaur berriro egin dugu, irabazi egin dugu. Baten bat haserre joango da gaur lotara, bortizkeria irudiak nahi zituelako, eta ez direlako izan. Erakutsi dugu mobilizatzeko gaitasun ikaragarria dugula. Geldiezina da hau; ez du inork geldituko".

Omnium, ANC eta beste gizarte eragileek elkarretaratze bat antolatu dute ostegunean, 12:00etan, TSJC Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Atxilotuak askatzeko eskatuko dute, eta mobilizazio iraunkorra izango dela iragarri dute.

Igandean, bestalde, udaletxe guztien aurrean elkarretaratzeak egitera ere dei egin dute.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:05
2017-09-20

Guardia Zibilak amaitu du Generalitateko Ekonomia saileko egoitzan egiten ari zen miaketa

Guardia Zibilak amaitu du Generalitataren Ekonomia saileko egoitzan egiten ari zen miaketa eta edozein unetan irtengo da eraikinetik. Mossoak egiotzaren atarian dira, eta kanpoan, 40.000 herritar inguru, udaltzaingoaren arabera.

Ordu honetan, aztertzen ari dira poliziek lekua nola utzi. Milaka eta milaka pertsonek inguraturik dago egoitza. Omnium Cultural eta ANC elkarteetako buruak eta beste talde batzuetako ordezkariak zein Junts Pel Siko eta CUPeko kideak hizketan ari dira protestariekin eta poliziekin. Lasaitasunez aritzeko eskatu diete manifestariei.

Bartzelonatik kanpo ere mobilizazio handiak egin dituzte, nolanahi ere. Esaterako, Gironan (10.000), Manresan (10.000), Tarragonan (18.000) eta Lleidan (8.000). Gauean, kazola jotzeak ere antolatu dituzte leku askotan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

21:43
2017-09-20

Rajoyk Kataluniako Gobernuari galdegin dio etsi dezala erreferenduma egiteko asmoan

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak dei egin die Kataluniako agintariei "desafio independentista" alde batera utzi eta "legalitatera eta justiziara itzuli" daitezen. Urriaren 1an erreferenduma egiteko asmoa bertan behera uzteko agindu die. "Badakite ezin dela halakorik egin. Kimera hutsa da".

Espainiako gobernu buruak Kataluniako agintariak ohartarazi ditu: kalean ezegonkortasuna sortu eta erakundeak ahultzen badituzte, justiziaren aurrean erantzun beharko dutela ziurtatu du.

Espainiako Estatuak erreferenduma eragozteko hartu dituen neurriei buruz, Rajoyk adierazi du Espainia "zuzenbide estatu demokratikoa" dela, eta horrenbestez, legalitatea defendatzeko mekanismo nahikoak dituela. Hala, "legalitatearen defentsan" jardun duten eragileen lana eskertu nahi izan du, "espainiar guztien eskubideen alde" jardun dute, haren iritziz. Horien artean aipatu ditu, estatuko segurtasun indarrak, epaileak eta fiskaltza.

Espainiako Gobernuari babesa adierazi dioten alderdi politikoei ere eman dizkie eskerrak, "ulertzen dutelako nazioa babesteko unea dela, eta ez hura zalantzan jartzekoa". Batasun hori "ezinbestekoa" da, Rajoyren hitzetan.

Generaliteak egin asmo duen erreferenduma "ekintza totalitarioa" dela defendatu du Rajoyk, "askatasunean elkarrekin bizitzeko eraiki ditugun erremintak" suntsituko lituzkeelako. Bozka ematea demokraziaren irudirik esanguratsuena dela onartu arren, nabarmendu du ez dela bere horretan demokratikoa, "legearen arabera" egiten ez bada.

Rajoyk elkarrizketarako prestutasuna agertu du "legearekiko errespetuz". Iraganean ere, Kataluniako agintariek elkarrizketarako aukerak izan dituzte, haren esanetan. Generalitataren proiektu politikoa Espainiako Kongresuan aurkezteko eta autonomien finantziazioaren eztabaidan parte hartzeko aukera izan dutela aipatu du.

Azkenik, legedia zainduko duela hitz eman du Rajoyk, "batzuen arduragabekeriak kataluniarrak eta espainiarrak kaltetu ez ditzan".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

21:06
2017-09-20

Jendetza bilduta Bartzelonako Rambletan eta Madrilgo Puerta del Solen

Jendetzak jarraitzen du bilduta Bartzelonako Rambletan, Guardia Zibilak Generalitataten Ekonomia saileko egoitza miatzen duen bitartean. Herritarrak erreferendumaren eta independentziaren aldeko leloak oihukatzen eta kantuan ari dira.

Iluntzean, ordea, beste atzerriko herri askotako txanda izan da. Madrilen, Puerta del Solen, jende asko bildu da, erabakitzeko eskubidearen alde egiteko eta Espainiako Gobernuaren erasoak gaitzesteko. Herrialde Katalanetako beste herri askotan eta Espainian ere egin dituzte elkarretaratzeak, baita Galizian ere.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:54
2017-09-20

Espainiako Poliziak CUPen egoitza nazionalaren aurretik alde egin du

Espainiako Polizia CUPen egoitza nazaionalaren paretik joan dela adierazi du CUPek, sare sozialetan. Horrenbestez, egoitzaren parean elkarretaratzea egiteko deialdia bertan behera utzi dutela jakinarazi du alderdiak. Eskerrak eman dizkie poliziari egoitzan sartzea eragoztera joan diren herritarrei.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:08
2017-09-20

Kataluniako Ogasun idazkaria atxilotuta eraman du Guardia Zibilak

Guardia Zibilak Lluis Salvado Kataluniako Ogasun idazkaria atxilotuta eraman du, 19:00ak aldera, haren bulegoa miatu ostean.

Salvadoz gain, Guardia Zibilak Generalitateko Presidenteordetza eta Ekonomia saileko lau goi kargu atxilotu ditu, Lan eta Gizarte gaietako saileko bi, Kanpo Hamerranetarako saileko bat, Gobernazio saileko beste goi kargu bat, eta Telkomunikazio eta Informazio Teknologikoen Zentroarekin lotutako beste hainbat.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:52
2017-09-20

Euskal Herrian hainbat elkarretaratze egiten ari dira une hauetan, Kataluniako erreferendumaren alde eta Espainiako Estatuaren esku hartzearen aurka.

18:47
2017-09-20

Gure Esku Dagok mobilizazioetan parte hartzera deitu du

Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko plataformak "kezka" agertu du Espainiako Estauaren "eraso" eta esku hartzearengatik. Madrili leporatu dio Katalunian salbuespen egoera ezartzea, "eskubide zibil eta politikoak masiboki urratuz". Adierazi duenez, gertatzen ari dena "asaldagarria eta onartezina" da, eta beharrezko jo du herritarrek horiei erantzutea. "Herritarrei eskatzen diegu mobilizatzeko beharraz jabetu daitezen eta adi egon daitezen datozen egunetako deialdiei".

Gure Esku Dagok berretsi egin du Kataluniako erreferendumarekiko babesa. "Kataluniako herritarren gehiengoaren nahiari erantzuteko erreminta demokratikoa da", adierazi du. Plataformak kataluniarren "ausardia" goraipatu du, eta laguntza eta babesa eskaini die.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:29
2017-09-20

Manifestazioak deitu dituzte estatu espainiarreko hainbat hiritan

Estatuko hainbat lurraldetako herritar elkarte eta plataforma manifestazio deialdiak zabaltzen ari dira sare sozialetan, Kataluniako erreferenduma babestu eta gaurko polizia operazioak salatzeko. Dagoeneko, protestarako deiak egin dituzte Galizian, Asturiasen, Kantabrian, Aragoin, Gaztela eta Leonen, Andaluzian, Valentzian eta Balearretan.

Espainiako hiriburuan ere manifestazioa deitu du Madrileños por el Derecho a Decidir —Madrildarrak Erabakitzeko Eskubidearen Alde— elkateak. ERC, PDECat eta Unidos Podemoseko hainbat kidek deialdiarekin bat egin dute.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:01
2017-09-20

Espainiako Poliziak CUPeko egoitzaren aurrean jarraitzen du. Baita egoitza babestera joan diren herritarrek ere. Manifestariak, poliziari joateko eske. Amagoia Mujika Tolaretxipiren bideoa:

17:56
2017-09-20

Forcadellek Madrili leporatu dio "errepresioa" bultzatu eta politika "lurperatu" izana

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak gogor gaitzetsi du Espainiako Estatuaren jokabidea, eta Madrili egotzi dio "politika lurperatu eta errepresioaren atea ireki" izana.

Herritarrei ere zuzendu zaie Forcadell. Espainiako Estatuak hartu dituen neurriekin ez izutzeko eskatu die, eta "eraso antidemokratikoen aurrean baturik" eusteko. Urriaren 1ean bozkatzera dei egin die.

Parlamentuko presidenteak larritzat jo ditu gaurko gertakariak. Salatu duenez, "Kataluniako erakundeei eta autogobernuari" egin die eraso Espainiako Estatuak; baita "Kataluniako herriaren duintasuna ere", gaineratu du.

Eskubideen eta askatasunen "urratze larria" gaitzetsi du, halaber. Herritarrei bozkatzeko aukera eragotzi nahi zaiela ziurtatu du, eta Madrilek horretarako "mehatxuak" erabiltzen dituela nabarmendu.

Gaurko gertakariekin, Espainiako Estatuak Katalunian "salbuespen-egoera" ezarri duela salatu du Forcadellek. "Hau al da herri honetako herritarren gehiengoak duen nahiari eman diezaiokezuen erantzun bakarra?", zuzendu zaio Madrili.

Egoera horren aurrean, Kataluniako herritarren eta erakundeen erantzunak "politika eta demokrazioa gehiago" izan behar du, parlamentuko presidentearen iritziz. Jokabide "demokratikoa, baketsua eta lasaia" galdegin du, "probokazioetan erori gabe".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:38
2017-09-20

Espainiako Gobernuak adierazi du "mugagabea" dela Kataluniako kontuen gaineko esku hartzea

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak ziurtatu du Kataluniako kontuen gaineko esku hartzea "mugagabea" dela eta "beharrezkoa den artean" luzatuko dela, "legalitatea betetzen dela bermatzeko".

Montoreoren esanetan, Espainiako Ogasunak hartu dituen neurriak eragotzi nahi duten arriskuaren tamainakoak dira, eta gaineratu du ez duela ezer ere esateko Espainiako Estatuak bultzatu dituen neurri judizial eta polizia operazioei buruz.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:16
2017-09-20

Polizia operazioak salatzeko manifestazioa deitu dute Madrilen

Madrileños por el Derecho a Decidir —Madrildarrak Erabakitzeko Eskubidearen Alde— elkateak manifestazioa deitu du gaur arratsalderako, Espainiako hiriburuan, Kataluniako erreferendumaren kontrako polizia operazioak salatzeko. Elkarretaratzea 19:30erako deitu dute Puerta del Solen.

ERC, PDECat eta Unidos Podemosek baieztatu dute haien alderdietako hainbat kidek parte hartuko dutela.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:03
2017-09-20

Tentsioa handitzen ari da CUPen egoitzaren aurrean. Espainiako Poliziaren hainbat furgoneta daude bertan, eta herritar ugari bertaratu da egoitza babestera. Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko kazetaria bertan da, eta bideo hau jaso du:

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:59
2017-09-20

Fiskaltzak erreferendumaren aurka agertu diren alkateen kontrako "mehatxuak" ikertuko ditu

Espainiako fiskal nagusi Jose Manuel de la Mazak jakinarazi duenez, agindua eman die Kataluniako fiskaltzei urriaren 1eko erreferendumaren kontra agertu diren alkate, langile publiko eta bestelako herritarren kontrako "gorroto kanpaina, mehatxu eta bortxa" ikertzeko.

Ustezko gertakari horiek gorroto delituagatik zigortuak izan daitezkeela deritzo fiskalak.

Lleidako fiskaltza dagoeneko ikertzen ari da Ines Arrimadasen (Ciudadanos), Miquel Icetaren (PSC) eta Xavier Garcia Alviolen (PP) irudi batzuen ondoan agertu ziren kartel batzuen atzean zein arduradun egon daitezkeen. Kartel horietan honakoa irakur zitekeen: "Autodeterminazio eskubidea ukatzen dutenak herriaren etsaiak dira".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:45
2017-09-20

Ada Colauk "errepresio" bidea uzteko galdegin dio Rajoyri

Ada Colau Bartzelonako alkateak Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du. Espainako presidente Mariano Rajoyri eskatu dio "errepresioaren eta judizializazioaren bidea" alboratzeko galdegin dio, eta Kataluniako auziari irtenbidea emango dion elkarrizketa eta negoziazio politikoa abiatzeko eskatu.

Colau ohartarazi du Espainiako Gobernuak estrategia "erabat autoritarioarekin" jarraitzen badu, Kataluniako erakundeak defendatuko dituen herri batua izango duela aurrez-aurre. "Sekula baino konbentzituago inrtengo gara kalera gure eskubideak defendatzera".

Coaluk salatu duenez, Madrilek erabakiak "demokrata guztien kontrakoak" dira, Kataluniako independentziari buruzko iritzia edozein dutela ere.

Bartzelonako alkateak urriaren 1ean Kataluniarrek bozkatu ahal izateko aukera defendatu du. Haren esanetan, Rajoy oker dabil hartu dituen neurriek Bartzelonan edo Espainiako Estatuan eraginkorrak izango direla uste badu.

Colauk babestu egin ditu polizia operazioak salatzeko deitu diren mobilizazioak. "Kataluniako subiranotasuna eta erakundeak erasotzen dituzten aurrekaririk gabeko gertakariak dira".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:09
2017-09-20

15:57
2017-09-20

Gironako eta Palafrugelleko alkateak deklaratzera lagundu dituzte 2.000 herritar inguruk

Gironako alkate Marta Madrenasek eta Palafrugelleko alkate Josep Piferrerrek 2.000 herritar ingururen babesa jaso dute gaur, fiskaltzaren aurrean deklaratzera joan aurretik. Bi alkateak urriaren 1eko erreferendumaren alde jokatzeagatik deitu ditu deklaratzera fiskaltzak.

Herritarrek Gironako Udaletxetik auzitegira lagundu dituzte bi ordezkari publikoak. Udaletxean, alkateei elkartasuna adierazteko eta erreferendumaren aldeko ekitaldia egin dute. Ondoren, erreferendumaren aldeko leloak oihukatuz egin dute auzitegirainoko bidea.

Piferrerrek uko egin dio deklaratzeari. Madrenasek, aldiz, auzitegiari azaldu dio, haren iritziz, fiskaltza dagozkion eginkizunak gainditzen ari dela, Kataluniako Auzitegi Nagusian dagoeneko auzi berarengatik ikerketa bat irekia dagoela argudiatuta. Fiskaltzak moztu egin du Madrenasek deklarazioa.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:47
2017-09-20

Gobernazio saileko miaketa amaitu da, eta Generalitateko aholkulari bat atxilotu dute

Kataluniako Gobernuko Gobernazio saileko miaketa amaitu da 14:00ak aldera. Guardia Zibilaren operazioan pertsona bat atxilotu eta material informatikoa atzeman dute.

Generalitateko iturrien arabera, atxilotutua Ignasi Sanchez da, gobernuaren aholkularia. Guardia Zibilak gaur atxilotu dituen Generalitateko 14 goi karguetako bat da.

Guardia Zibilak Gobernazio sailan egin duen operazioan, hiru bulego miatu ditu. Horien artean, Kabinete buruarena eta atxilotua izan den aholkulariarena.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:39
2017-09-20

15:33
2017-09-20

CUPek adierazi du Espainiako Poliziak haien egoitza nazionalera sartzeko baimena izan dezakeela. Polizia egoitzara itzultzen baldin bada, lasaitasunez jokatzeko eskatu die egoitza babesteko bildu diren militante eta herritarrei.

15:27
2017-09-20

Rajoy pozik da PSOEk eta Ciudadanosek agertu dioten babesarekin

EFE albiste agentziak adierazi duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidentea gustura dago PSOEk eta Ciudadanosek Kataluniako erreferenduna eragozteko hartu duen jarrerarekiko adierazi dioten babesarekin.

Moncloako jauregian bildu dira gaur Rajoy, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Albert Rivera Ciudadanoseko burua.

Gobernuko iturrien arabera, jakinarazi du EFEk, "garrantzitsuena da konstituzioaren defentsan jarrera bateratua dagoela".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:59
2017-09-20

Espainiako Polizia CUPen egoitzan sartu da epailearen agindurik gabe

Espainiako Polizia CUPeko egoitzan sartu da, eta inor atxilotu gabe alde egin du bertatik. Anna Gabriel CUPeko parlamentariak salatu duenez, epailearen agindurik gabe sartu da alderdiaren egoitzara. "Litekeena da berriz etortzea, epailearen aginduarekin", adierazi du.

Herritar ugari bildu da CUPeko egoitzaren parean, erreferendumari babesa adierazteko. "Erresistentzia baketsua" galdegin die Gabrielek CUP egoitzaren parean protestan bildu den jendeari, "nahiz eta probokazio honekin zaila den". Ohartarazi duenez, gaurkoa "ez da azken guda". "Urriaren 1ean independentziaren alde bozkatuko dugu".

Amagoia Mujika Tolaretxipik bertako giroa jaso du bideoan. "Kaleak beti izango dira gureak" oihukatu dute manifestariek, besteak beste.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:38
2017-09-20

14:37
2017-09-20

14:36
2017-09-20

14:03
2017-09-20

El Mundo egunkariaren arabera, Espainiako Barne Ministerioak bi ferry kontratatu ditu Katalunian egun hauetan biltzen ari den polizia eta guardia zibilek ostatu har dezaten. Zenbait iturriren arabera, 13.000 polizia elkartu ditzake Espainiako Gobernuak egun hauetan Katalunian, eta kexu ziren polizien sindikatuak azpiegitura nahikoarik ez dagoelako. Espainiatik eta Euskal Herritik joan dira polizia eta guardia zibil gehiago, eta Katalunian daudenei baimen guztiak eten dizkiete, gutxienez, urriaren 5era arte.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

13:58
2017-09-20

Konstituzionala Mahaiaren kontra

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Estatuaren abokatuari, eta baliogabetu egin ditu Kataluniako Parlamentuko Mahaian Erreferendumaren Legea eta Trantsiziorako Legea onartu zituztenean haiek gai ordenean sartzeko egin zituzten akordioak. Fiskaltzari esan dio Mahaiko kideen kontrako neurriren bat hartzea egoki ikusten badu, eskatzeko.

Erreferendumaren Legea eta Trantsizio Juridikorakoa ere baliogabetu zituen Konstituzionalak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:56
2017-09-20

Bi atxilotu CUPen egoitzaren kanpoaldean

Espainiako Polizia CUPen egoitzan sartu dela eta, jendea kanpoan bildu da protesta egiteko. Poliziak bi lagun atxilotu ditu, Amagoia Mujika BERRIAren berriemaile bereziak kontatu duenez.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

13:51
2017-09-20

"Esku hartzerik gabeko erreferendum baterako eskubidea du Kataluniak"

Eskoziako Legebiltzarrean, giza eskubideei buruzko eztabaidan, "esku hartzerik gabeko erreferendum bat" egiteko Kataluniaren eskubidea aldarrikatu du Christina McKelvie legebiltzarkideak:

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:37
2017-09-20

Bartzelonaren oharra, operazioa salatuz

Bartzelona Futbol Klubak ohar bat atera berri du, eta gogor gaitzetsi du polizia operazioa, "nazioaren defentsarekiko, demokraziarekiko, adierazpen askatasunarekiko eta autodeterminazioarekiko duen konpromisoagatik". Honela dio oharrak:

"Azken egunetan, batez ere gaur, izan diren gertakarien harira, Kataluniako egoera politikoarekiko zentzutasunez, "nazioaren defentsarekiko, demokraziarekiko, adierazpen askatasunarekiko eta autodeterminazioarekiko duen konpromisoarekiko leial", Bartzelona Futbol Klubak gaitzetsi egiten du eskubide horiek modu askean erabiltzea oztopatzen duen ekintza oro.

Horrenbestez, Bartzelonak publikoki adierazten die bere babesa eskubide horiek bermatzeko lanean ari den pertsona, elkarte eta erakunde guztiei.

Bartzelonak, bere kideen aniztasunarekiko errespestu osoz, jarraituko du Kataluniako herritarren gehiengoaren borondatea babestuz, eta egingo du modu zibil, baketsu eta eredugarri batean".

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

13:27
2017-09-20

CUPen egoitza, inguratuta

Espainiako Polizia CUPen egoitza inguratzen ari da Bartzelona.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

13:26
2017-09-20

Albiste agentzien arabera, Guardia Zibilak hamar milioi botopaper atzeman ditu gaurko polizia operazioan, Bigues i Riells-eko pabiloi batean (Bartzelona). Pau Furriol Fornells enpresaria da pabiloiko jabea, eta berarekin da idazkari judiziala. Botopaperez gain, erreferendumeko mahaik osatzeko dokumentazioa ere atzeman dute.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

12:59
2017-09-20

Bideoak, lekuko

Goizean zehar sare sozialetan zabaldu diren bideoak izan dira kataluniarren gaurko erantzunaren lekuko. Lara Madinabeitia BerriaTBko bideogileak bildu ditu.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

12:54
2017-09-20

Puigdemont: "Urriaren 1ean etxetik atera botopaperarekin, eta bozkatu egingo dugu"

Estatu Espainiarraren "jarrera antidemokratikoa" salatzen du Kataluniako Gobernuak. Babes "juridiko, politiko eta, pentsonala" azaldu die atxilotuei.

Ez dio zilegitasunik onartu Espainiaren esku hartzeari, eta "eraso antidemokratikoei "erantzun demokratiko eta baketsua" emateko deia egin du. "Gobernu espainiarrak marra gorria pasatu du, demokraziarentzat lotsa" bihurtu da.

Erantzun demokratikoa emateko bideak jarriko dituztela jakinarazi du, eta hori gizarte eragileekin batera egingo dutela; haiekin bildu eta adostuko ostean jakinaraziko dutela deialdia. "Herritarren erabakitzeko eskubidea defendatuko dugu"

Hala ere, erasoak eraso, urriaren 1 "erreferendumaren eguna" izango dela berretsi du, eta ordura arte, "gehiegikeriak eta legez kanpoko ekimenak" salatuko dituztela.

Kataluniko Gobernuak Hauteskundeen eta legebiltzarraren legeak eta mandatuak jarraitzen dituela berretsi du. "Ez dugu onartuko erabakitzeko eskubidea urratzerik"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:48
2017-09-20

Polizia operazioaren mapa

Hau da Guardia Zibilak gaur egin duen polizia operazioan miatu dituen egoitzak, tartean Generalitatearenak. Bartzelonaz gain, leku askotan ari da biltzen jendea protesta gisara.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

12:44
2017-09-20

Puigdemont: "Espainiak autonomia etendu, salbuespen egoera jarri"

Puigdemont agiri instituzionala irakurtzen ari da. Gobernuak herritarren babesa duela eta zilegitasun demokratikoa duela azpimarratu du, eta Espainiako estatuak zuzenbide estua urratu duela, berme Konstituzionalak hautsi, eta nazioarteko eskubideak urratu.

"Fiskaltzak jarritako barra librearen ondorioa da hau guztia"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:42
2017-09-20

Espainiako Barne Ministerioak bertan behera utzi ditu Katalunian dauden Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko kideen atseden eta oporraldiak urriaren 5a bitartean.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:40
2017-09-20

Sindikatuen eta Generalitatearen arteko bilera

CCOO eta UGTko zuzendaritzak Generalitetako kideekin bilduta daude, azken orduetako operazioari erantzun bat adosteko asmoz. Zenbait iturriren arabera, greba orokor bat deitzeko aukera lukete mahai gainean.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:38
2017-09-20

Herritarrak ez daude bakarrik. Puigdemontek 13:00etan agerraldi bat egingo du gaurko polizia operazioaren gainean. Carme Forcadellek 16:00etan hitz egingo du.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

12:37
2017-09-20

Tentsio uneak izan dira Guardia Zibila Atzerri konsteilaritzako bulegoetatik ateratzerakoan.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:37
2017-09-20

Ikusgarria da Rambletan. Jendea haserre dago, eta irudi batzuk beste garai batera daramate. Guardia Zibila, Kataluniako Gobernuaren egoitzan, Generalitateko kargudunak, atxilotuta; herritarrak haserre, eta tartean, bat, irratia eskuetan.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

12:17
2017-09-20

Atxilotuak 14 dira eta 22 miaketa egin dituzte

Atxilotuen zerrenda osatu gabe baldin badago ere, atxilotuak 14 direla zabaldu dute.

Kargudunak:

1-Josep Maria Jove Llado (Ekonomia eta Ogasuna)

2-Lluis Salvado Tenesa (Ekonomia eta Ogasuna)

3-Juan Manuel Gómez (Ekonomia eta Ogasuna)

4-Josue Sallent Rivas (Teknologia)

5-David Franco Marcos (Teknologia)

6-Xavier Puig Farre (Gizarte Gaiak)

7-David Palacad Serrano (Atzerriko gaiak)

8-Juan Manuel Góme (Ekonomia eta Ogasuna).

9-Oau Furriol Fornells

10-Mercedes M. Martos.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:53
2017-09-20

Inoiz baino baztertuago daudela egotzi die Domenechek PPko kideei. "Inoiz ez bezala mobilizatuko gara zuen kontra".

11:48
2017-09-20

Nazioartera heldu da Guardia Zibilaren operazioaren oihartzuna

11:43
2017-09-20

Xavier Albiol PPCko kidea pozik agertu da Twitterren.

11:28
2017-09-20

Botopaperak topatu ditu Guardia Zibilak

Efe berri agentziak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak botopaperak topatu ditu Bigues i Riellsen (Bartzelona). Industria gune batean topatu dituela diote, eta erreferendumarekin lotutako beste hainbat material ere bazegoela.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:22
2017-09-20

Carles Campuzano PDeCATeko diputatuak esan du Kongresuan duten jarduera osoa bertan behera uztea pentsatzen ari direla. "Espainia Turkiatik gertuago dago Europako beste edozein herritatik baino".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:15
2017-09-20

Bartzelonako hainbat tokitan ari da Guardia Zibila miaketak egiten, eta haien atarietan jendea elkartu da. Kataluniako beste tokietan ere protestara ateratzen ari da jendea.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:11
2017-09-20

Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko bozeramailea ere gobernua egiten ari den larrialdi bilerara joan da.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:10
2017-09-20

Unidos Podemos-En Comu, Podem eta En Mareako diputatuek elkarretaratzea egingo dute 12:00etan Espainiako Diputatuen Kongresuan, PP Katalunian ezartzen ari den errepresioa salatzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:07
2017-09-20

Pablo Iglesias Podemoseko bozeramaileari zentzugabea iruditzen zaio gertatzen ari dena. Horrela jarraituz gero, Katalunian "preso politikoak" egongo direla salatu du, eta halakorik ezin dela onartu. Espainiako kargu politikoak horren kontra agertu behar liratekeela uste du.

"Demokrazia ez da estutu behar arazoak daudenean, baizik eta zabaldu egin behar da, eta hori, herritarrei hitza ematea da", esan du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:02
2017-09-20

Gobernuko kideek ez dute argi zer ari den gertatzen, ez dietela informaziorik ematen salatu dute. Informazioa nahasia da, eta komunikabideetan zabaltzen ari dena besterik ez dakite. Premiazko bilera egiten ari dira une honetan.

Guardia Zibila arakatzen ari den egoitzen atarietan protestan da jendea. Ranbletan, esate baterako, jendetza elkartu da, eta inguruetako kaleak itxita daude. Guardia Zibilak nondik alde egingo duen ez dago argi, gero eta jende gehiago elkartzen ari baita.

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Amagoia Mujika Tolaretxipi

10:48
2017-09-20

Bien bitartean Espainiako Auzitegi Konstituzionala ere bilduta dago, atzotik. Hauteskundeetarako sindikaturiako kideei zigorrak jartzea aztertzen ari da, haiek ez dutelako bete erreferendumaren antolaketa bertan behera utzeko agindua. Isuna jartzea aztertzen ari dira, hainbat iturriren arabera. Horrelakorik ez dute egin orain arte, eta litekeena da, orain arte hautsiezina izan den 12 magistratuen batasuna puskatzea. Izan ere, Konstituzionalaren arau organikoak aldatu beharko dituzte, jarri nahi duten zigorraren tamainaren arabera.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:36
2017-09-20

Rajoy: "Abisatuta zeuden"

Espainiako Gobernuaren kontrol saioa egin dute gaur Diputatuen Kongresuan. Bartzelonan operazioa abian zela jakinda, hainbat galderari erantzun behar izan die Rajoyk. Guardia Zibilaren esku hartzea justifikatuta dagoela esan du. Kataluniako Gobernua legeari jaramonik egin gabe ari da erreferenduma antolatzen, bere arabera, eta beraz, "Estatuak erreakzionatu beharra dauka".

"Munduan ez dago estatu demokratikorik pertsona hauek proposatzen dutena onartuko duenik; abisatuta zeuden, bazekiten erreferenduma ezin zutela egin", esan du korridoreetan.

"Espainian legea betetzen ez bada, injustizia egongo da, bidegabekeria, eta indartsuenaren legea. Hori, ezin dugu onartu inolaz ere".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:27
2017-09-20

Instituzioei eraso egitea herritarrei eraso egitea dela salatu du Junquerasek, eta ez dutela onartuko. 10:30tan dira bilera egitekotan Gobernuko kideak.

10:24
2017-09-20

Katalunikako instituzioak defendatzera dei egin du Ada Colauk ere.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:17
2017-09-20

Bilduko ordezkariak irten egin dira bileratik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:16
2017-09-20

Bartzelonako auzitegiko 13. instrukzio auzitegiak agindu du operazioa. Goi kargudunak daude atxilotuen artean, erreferendumaren antolaketarekin lotuta: Josep Maria Jove Llado (Ogasuna), Josue Sallent Rivas (Teknologia), Xavier Puig Farre (Gizarte Gaiak), Josep Maria Salvado Tenesa (Ekonomia eta Ogasuna). Goi kargudunak izan gabe, baina sail horietan dihardutenak: David Franco Marcos (Teknologia), David Palacad Serrano (Atzerriko gaiak) eta Juan Manuel Góme (Ekonomia eta Ogasuna).

Baina, berri agentzien arabera, topatutako propagandarekin nahastuta atxilotutakoa ere badira: Oau Furriol Fornells eta Mercedes M. Martos.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:06
2017-09-20

12 dira atxilotuak

Ikerketa iturriek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, 12 dira atxilotuak, eta haien artean goi kargudunak leudeke. Josep Maria Jove Ekonomia Kontseiluko bigarrena, Lluis Salvado Ogasuneko idazkaria, Josue Sallent Rivas Telecomunikazio zentroko burua eta Xavier Puig Farre Gizarte Gaietako bulegokoa leudeke atxilotuen artean.

Gutxienez bederatzi egoitza ari dira miatzen.

Jendea saldoka atera da kalera, haserre, baina modu baketsuan protestan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:57
2017-09-20

Informazio nahasia dago: komunikabide batzuk hasi dira esaten atxilotuak 12 direla, beste batzuk bi, eta beste batzuek batere ez.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:44
2017-09-20

Xavier Domènechek ere haserre hartu du hitza Espainiako Kongresuan. Diru kontuetan esku hartuta, eta gaurko operazioarekin, 155. artikulua "atzeko atetik" aplikatzea egotzi dio. Horixe egoitzi zion joan den astean Pere Aragonesek. Gaur, Aragones atxilotuta dagoela diote hainbat iturrik, baita TV3k ezetz dio.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:37
2017-09-20

Puigdemontek larrialdi bilera deitu du

Zuzenean jo diote Generalitateari. Puigdemontek egoera aztertu nahi du gobernuko kideekin, eta larrialdi bilerara deitu ditu, gutxienez Junqueras eta Turull.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:19
2017-09-20

Gero eta jende gehiago ari da elkartzen Ranbletan. Madrilen, Rufianek galdera egin dio Rajoyri, eta hark esan du "agindu judizialarekin" ari direla egiten operazioa. ERCko diputatuek Kongresua utzi dute, protesta gisara, eta zalaparta izan da. "Atera hitzazu zure esku zikinak Kataluniatik", esan dio Rufianek, alde egin aurretik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:10
2017-09-20

Bost Kontseilaritzetan sartu da Guardia Zibila, gutxienez: Ekonomia Kontseilaritzan, Atzerrikoan, Lan eta Gizarte Gaietakoan eta Gobernaziokoan. Atxilotuak hiru. Jendea Ekonomiako Kontseilaritzaren aurrean elkartzen ari da, Ranbletan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:02
2017-09-20

Pere Aragonès Ekonomia idazkaria, Lluís Salvador Ogasunekoa eta Josep Maria Jové Ekonomia idazkari nagusia dira atxilotuak.

08:54
2017-09-20

Hainbat iturrik diote atxilotuak hiru direla, eta ez bat. Hiru goi kargudun lirateke, zehazki, hiru idazkari.

08:50
2017-09-20

Hainbat komunikabideren arabera, Josep Maria Jove Ekonomia idazkari atxilotu dute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

08:47
2017-09-20

Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak "lasaitasunerako" deia egingo du, eta erreferendumaren asmoa ez dutela geldiaraziko ohartarazi.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

08:45
2017-09-20

Atzerri gaietako Kontseilaritzan, Finantza erakundean, Telekomunikazio Zentroan eta Indra enpresan ere sartu da Guardia Zibila.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

08:43
2017-09-20

Bartzelonako Ranbletan da Guardia Zibila, Kataluniako Gobernuaren Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzan. Oriol Junquerasen ardurapean dagoen Kontseilaritza da hori, eta Cristobal Montoro Espainiako Ogasun sailburuarekin talka zuzenean den Kontseilaritza. Espainiak diru kontuetan esku hartu zuen joan den astean, Kataluniak helegitea jarri zion erabaki hori Auzitegi Gorenean, eta hura tramiterako onartu ostean, Kontuak bere esku dituela ohartarazi zuen Junquerasek. Espainiak diru kontu guztiak bere esku hartzeko mehatxua emana zuen.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

08:36
2017-09-20

Jordi Sanchez ANCko buruak Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzara joateko deia egin die herritarrei. Erresistentzia baketsua egiteko deia, beraien instituzioak babestekoa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga


Gaiarekin zerikusia duten albisteak