Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Urkullu: "Itzulbiderik gabeko puntu batera eraman du egoera estatuak"

Publizitatea

Politika

Kataluniako erreferenduma

Urkullu: "Itzulbiderik gabeko puntu batera eraman du egoera estatuak"

Kataluniaren aurkako "ekintza armatuari" erantzuteko eskatu dio EH Bilduk legebiltzarrari.
Iñigo Urkullu, Graphenearen aurkezpenean /
Iñigo Urkullu, Graphenearen aurkezpenean / Idoia Zabaleta, Argazki Press

2017-09-20 / Berria

Ulergaitza iritzi dio Iñigo Urkllu lehendakariak Kataluniako egoerari, eta testuingurua are gehiago okertzea egotzi dio Madrili: "Ez dut ulertzen errealitatea onartzea behar duen testuinguru baten aurrean, akordiorako elkarrizketa eta negoziazioa eskatzen duen egoera baten aurrean, egoerak eskuetatik ihes egitea. Horren aurrean erantzukizuna duten estatuko indarrek diote sute bat dagoela, eta egur gehiago botatzen diote suari. Estatuko botereak dira egoera hau itzulezinezko puntu batera eramaten ari direnak". Bideoa: Urkulluren adierazpenak (Irune Lasa / BERRIA).

Uneotan bideragarria iruditu ez arren, elkarrizketaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela nabarmendu du Urkulluk. "Larria da aldeek hitz egin nahi ez izatea, eta horregatik eskatzen diet guztiei har dezatela egoera berriz ere kontrolpean, eta ahalbidetu dezatela elkarbizitza", Zentzu horretan Jaurlaritza laguntzeko prest dagoela nabarmendu du lehendakariak.

Aldiz EH Bilduko bozeramaile Arnaldo Otegik salatu du, "eztabaida demokratiko baten aurrean, Guardia Zibilarekin erantzutea", eta ohartarazi du ez dela onargarria "baldintza hauetan" bizi behar izatea. Hala, kalera irteteko deia egin die herritarrei, eta datozen ordu eta egunetan antlatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du, "burujabetza aldarrikatu eta Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko".

Bestalde, autogobernu lantaldearen bilera bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduko Pello Urizarrek, hura hasi eta berehala, Espainiako Guardia Zibila Katalunian egiten ari den operazioa salatzeko. "Demokraziaren aurkako ekintza armatua" dela gaitzetsi du Urizarrek, eta legebiltzarreko bozeramaile batzordearen larrialdiko bilera egiteko eskatu du.

Gainontzeko alderdiak, ordea, ez dira bat etorri eskaerarekin, nahiz eta euren artean ere ados ez egon Madrilen jarreraren inguruan. Hala, EH Bilduko legebiltzarkideak irten egin dira autogobernu lantaldearen bileratik.

"Rajoyren gobernua 155. artikulua aplikatzen ari da Katalunian. Nazioartea ere harrituta dago, hartzen ari diren demokraziaren aurkako neurriekin. Gero eta babes gutxiago dute", ohartarazi du Miren Larrionek, EH Bilduko parlamentariak.

Elkarrekin Podemoseko diputatu Eukene Aranak gaitzetsi egin du Kataluniako polizia operazioa, baina ez da bat etorri legebiltzarreko Kultura Batzordearen bilera bertan behera utzeko EH BIlduren eskaerarekin, eta adierazi du halakoak Bozeramaileen Batzordeak eztabaidatu beharreko gaiak direla. Harekin bat etorri da Rafaela Romero parlamentari sozialista ere.

Aldiz, PPko Anton Danboreneak iritzi dio ulergaitza dela inor "Katalunian Zuzenbide Estatua aplikatzearen aurka" egotea.

Udalbiltzak ere gaitzetsi du Madrilen erantzuna, eta atxiloketak "politikoak" izan direla salatu du.

Adierazpen adostua

Legebiltzarrak ez du lortu talde guztien arteko adierazpen bateratua adostea. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, ordea, —Eusko Legebiltzarraren gehiengoa osatzen dute— testu bat adostu dute Espainiako Estatuaren "errepresio estrategia" salatzeko.

Adierazpenak jasotzen duenez, taldeek "kezka" adierazten dute Espainiako segurtasun indarrek egindako operazio polizialengatik, eta "printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa" berretsi dute. Halaber, elkartasuna adierazi die "Kataluniako herriari, eta demokraziaren aurkako errepresio politikoa —Espainiako Gobernuak gidatutakoa— pairatzen ari diren pertsona eta erakunde guztiei".

Azkenik, taldeek dei egin dute "Kataluniako herriaren asmo demokratikoaren adierazpena ahalbideratzera" eta haren erabakiak "errespetatzera".

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak