Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Generalitateak uko egin dio segurtasun indarrak Madrilen esanetara jartzeari

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Generalitateak uko egin dio segurtasun indarrak Madrilen esanetara jartzeari

Kataluniako fiskal nagusiarengandik heldu da agindua; haren arabera, Kataluniako segurtasun indar guztien gaineko kontrola Madrilen esku geratuko litzateke. "Bere eskumenen muga gainditu" izana egotzi dio mossoen buruak Kataluniako fiskal nagusiari.
Mossoak, artxiboko irudi batean, Bartzelonan. /
Mossoak, artxiboko irudi batean, Bartzelonan. / Andreu Dalmau, EFE

*Mossoen gaineko kontrola Madrilen esku uzteko agindu du Kataluniako fiskal nagusiak, "segurtasuna bermatzeko". Barne kontseilariak erantzun du esanez mossoek "Kataluniako herriarekiko leialtasunez" jokatzen jarraituko dutela aurrerantzean ere.

*Madrilek Kataluniako segurtasun indarren koordinatzaile karguan jarri nahi duena auzipetuta egon zen Kepa Urra euskal presoari tratu txarrak eragitea egotzita. Auzitegiek absolbitu egin zuten, ordea, eta egun Barne Ministerioko goi kargudunetako bat da.

*Carles Puigdemont presidenteak bere Twitterreko kontuan eman du erreferendumari buruzko webgune berriaren helbidea, eta ohartarazi du ez dagoela modurik zelaiari atakak jartzeko.

*Erreferenduma bertan behera uzteko eskatu du beste behin Mariabo Rajoy Espainiako gobernuburuak, esanez hori litzatekeela "zentzudunena, eraginkorrena ta demokratikoena".

Zuzeneko kontakizuna

18:04
2017-09-23

Adierazpen askatasuna

Amnesty International erakundeak eskatu die Espainia eta Kataluniako agintariei errespeta eta babes dezatela pertsonen adierazpen askatasuna, biltzekoa eta manifestatzekoa, "bai Katalunian eta baita handik kanpo ere". Bide batez, eta komunikabideetara helarazitako ohar batean eskatu du ez ditzatela zigortu "manifestazio horiek antolatzen dituztenak, eta ezta horietan parte hartzen dutenak ere".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

17:11
2017-09-23

Junquerasen mezua Guardia Zibilari

"Esan nahi nieke joan den asteazkenean atxilotu zituztenak pertsonak zintzoak direla, 86 urteko ibilbidea duen eta ustelkeria kasurik ez duen erakunde politiko bateko kideak direla. Eta atxiloketa edo esku hartze hauek agintzen dizkietenek ezin dutela gauza bera esan".

"Gora Espainia demokratikoa! Zeinak jaiotzeko eta bere buruari balio duela erakusteko aukera bat duen erreferendumean!".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

17:03
2017-09-23

Nor da Diego Perez de los Cobos?

Guardia Zibileko koronela eta Espainiako Barne Ministerioko goi karguetako bat da Diego Perez de Los Cobos. Alfredo Perez Ribalcabak ireki zizkion Ministerioko ateak 2006an, bera ministro zela. Aurretik, baina, bestelako arrazoiengatik egin zen ezagun.

Diegoren anaia Francisko Auzitegi Konstituzionaleko presidente izan zen, 2015era arte. Aita, berriz, Fuerza Nueva eskuin muturreko erakundeko kidea da.

Andoni Mikelarena

16:00
2017-09-23

Puigdemont: "Probokazioen, gehiegikerien, zurrumurruen, gezurrezko leloen gainetik... gu beti izango gara baketsuak. Hori da gure aberastasunik handiena"

15:34
2017-09-23

Rajoy: "Demokratikoena gelditzea da"

Gizartean "behar ez den tentsio giroa sortzea" egotzi dio Espainiako gobernuburuak Generalitateari, eta erreferenduma bere horretan uztea eskatu die. "Zentzudunena, arrazoizkoena eta demokratikoena gelditzea da".

Horretaz gain Kataluniako agintariei leporatu die "alkateak jazartzea" eta "epaileak beldurtzeko manifestazioak" antolatzea. "Espainiako demokraziak herritar guztiak babesten ditu, baita independentistak ere, baina ez ditu babesten delitua, desobedientzia eta gehiegikeriak".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

15:23
2017-09-23

Forn: "Lasaitasuna eskatzen dugu, mossoek ez dietelako uko egingo beren ardurei Kataluniako herriarekiko leialtasunez"

15:09
2017-09-23

Forn: "Mossoek eta Kataluniako Barne Konsteilaritzak ez dute onartuko Kataluniako poliziaren kontrola Estatuaren esku uztea"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

15:08
2017-09-23

Barne kontseilariaren agerraldia

Joaquim Forn: "Estatuak Kataluniako segurtasun indarretan esku hartu izana salatzen dugu. Kataluniak baditu lehendik ere indarren arteko elkarlana koordinatzeko erakundeak".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

15:06
2017-09-23

Erne, protestarako deialdiekin

ANCko buru Jordi Sanchezek ohartarazi du ez egiteko kasurik protestarako deialdi anonimoei, eta gaur ez hartzeko parte inolako ekimenetan, baldin eta ez bada kanpainako ekitaldiren bat. Bide batez, gogorarazi du bihar goizeak elkarretaratzeak egingo dituztela herriz herri.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:57
2017-09-23

Espainiako Gobernuaren kontra egin du Carles Mundo Justizia kontseilariak, eta arazo politikoak auzitegietan konpondu nahi izatea egotzi dio, baita botere banaketa ez errespetatzea ere. "Asmo txarrez egindakoa da sedizioagatikako salaketa, ez du beste oinarririk".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:28
2017-09-23

Kataluniako fiskal nagusiak idatziz jakinarazi dio Josep Lluis Trapero mossoen buruari urriaren 1ean "Espainiako Gobernuaren zaindaritzapean" egongo direla Kataluniako segurtasun indarrak.

"Bere eskumenak gainditzen" ari dela ohartarazi dio Traperok fiskalari.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:18
2017-09-23

Joaquim Forn (Barne kontseilaria): "Oztopo askorekin egingo dugu topo. Estatuak gure autonomian esku hartu nahi du, baina ez gaituzte geldiaraziko".

13:13
2017-09-23

Segurtasun indarren gaineko koordinazio lanak Espainiako Segurtasunerako idaztaritzaren esku geratuko dira. Madrilek ukatu du erabakiak mossoen eskumenetan eraginik duela.

Ordea, Josep Lluis Trapero orain arteko mossoen buruak gogor salatu du mugimendua eta nabarmendu du dagoeneko badagoela segurtasun indarren arteko koordinaziorako batzorde bat, arazorik gabe lan egin duena, "alderdietako ordezkaririk gabe".

Espainiak Kataluniara guardia zibil eta polizia gehiago bidaltzea erabaki eta egun gutxira heldu da azken ebazpen hau.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:29
2017-09-23

Gabriela Serra CUPeko diputatua: "Mossoen kontrola hartuta, herrialdea inbaditu dezakete. Baina urriaren 1ean kaleak jendez beteta egongo dira eta bozkatu egingo dugu".

12:17
2017-09-23

Mossoak Madrilen kontrolpean

Kataluniako fiskal nagusiak jakinarazi dio orain arte mossoen buru izan den Josep Lluis Traperori aurrerantzean aginte bakarraren esku geratuko dela bai Espainiak Katalunian dituen indarren gaineko ardura eta baita Kataluniako mossoena ere. Zenbait komunikabidek aurreratu dutenez, Guardia Zibileko koronel Diego Perez de los Cobos izango da indar guztiak koordinatzeaz arduratuko dena.

Fiskaltzak neurria beharrezkotzat jo du, argudiatuz era horretan "kaleetako segurtasun bermatu" ahal izango dela datozen egunetan.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:06
2017-09-23

Presioak

Kataluniako eskola publiko bateko zuzendariak salatu du Espainiak Katalunian duen ordezkariak gutuna bidali diola "gogoraraziz" erreferendumaren egunean bertan bozkatzea baimentzen badu, "erantzukizun penalak" izan ditzakeela.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

10:43
2017-09-23

Mossoen gaineko kontrola eztabaidagunean

Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, joan den ostegunean bildu ziren Kataluniako fiskal nagusia, Espainiako segurtasun indarren Kataluniako burua eta Kataluniako udaltzaingoaren eta mossoen arduradunak.

Erreferenduma saihesteko zer egin zuten jakitea zen, berez, bileraren helburua. Baina hasi eta berehala fiskalak jakinarazi zuen Espainiako Barne Ministerioko hirugarren Diego Perez de los Cobos koronelaren esku utziko zuela koordinazio lana, "datozen egunetan Katalunian segurtasuna bermatze aldera". Ordea, mossoen buruak adierazi zuen eurak gai zirela herritarren segurtasuna bermatzeko "Madrilen esku hartzerik gabe ere", eta xehetasun guztiak idatziz aurkezteko eskatu zion fiskaltzari.

Gaur berriz biltzekoak dira arduradun guztiak.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

09:42
2017-09-23

Bart epailearen aginduz non bozkatu azaltzen zuen ataria itxi ostean, gaur goizean helbide berria eman du Carles Puigdemont presidenteak Twitterreko bere kontuan, ohartaraziz ezin zaizkiola zelaiari atakak jarri.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

09:39
2017-09-23

Referendum.cat atariaren kopiak egin zituen 21 urteko gazte baten etxean sartu da Espainiako Polizia, eta haren telefonoa eta disko gogorra atzeman ditu. Daniel Morales 21 urteko gaztearen abokatu Ricardo Canok azaldu duenez, desobedientzia egotzi diote. "Leporatzen diotena zentzugabea da, bera ez delako funtzionario publikoa".

Gaztea deklaratzera deitua zuten atzo arratselderako, baina abokatuak helegitea jarri du, eta aske utzi dute.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

09:33
2017-09-23

Irlanda iparraldeko hormetan Kataluniari babesa emateko pintaketak egin dituzte.


Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak