Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Dena prest dute Lesakan, urriaren 15ean Nafarroa Oinez hartzeko

Publizitatea

Gizartea

EUSKARA

Dena prest dute Lesakan, urriaren 15ean Nafarroa Oinez hartzeko

Lau gune kokatuko dituzte 3,5 kilometroko ibilbidean. Omenaldia eginen diete haurrak D eredura eramatea erabaki zuten kanpoko gurasoei eta IKA euskaltegi sareari.
Ezkerretik eskuinera, Tantirumairu ikastolako lehendakari Amaia Lasheras, NIEko zuzendari Josu Reparaz eta Tantirumairuko zuzendari Aitor Iratzoki.
Ezkerretik eskuinera, Tantirumairu ikastolako lehendakari Amaia Lasheras, NIEko zuzendari Josu Reparaz eta Tantirumairuko zuzendari Aitor Iratzoki. Iñigo Uriz / ARGAZKI PRESS

2017-10-06 / Ion Orzaiz

Heldu den urriaren 15ean, 2017ko Nafarroa Oinez besta ospatuko du Lesakako Tantirumairu ikastolak. Azken prestaketa lanetan ari dira egunotan, "ibilbide erraz bezain atsegina atontzeko". Gaur egin dute bestaren aurkezpena, Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan.

Ibilbidea udalerriaren goiko aldean kokatu dute, eta hiru kilometro eta erdi luze izanen da, Lesakako industria eremutik nahiz baserri inguruetatik pasatzeko. "Herriaren beraren isla izanen da", azaldu du Tantirumairu ikastolako zuzendari Aitor Iratzokik: "Bidean lau gune topatuko ditu bisitariak (Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea) eta adin ororentzako moduko programazioaz gozatu ahal izanen du: kontzertuak, ostalaritza zerbitzua, bertso saioak, herri kirolak...".

Eraikin berri bat helburu

Tantirumairu ikastola txiki gelditu da, eta egungo eraikinaren ondoan beste bat eraikitzea izanen da aurtengo Nafarroa Oinez-en helburua.

1974an zabaldu zituen ateak Tantirumairu ikastolak, zazpi ikaslerekin. "Ez zuten ez leku ez baliabide egokirik ere, baina gurasoen eta irakaslegoaren bultzadarekin aitzinera jarraitu zuten", gogoratu du ikastolako lehendakari Amaia Lasherasek. 1988an Nafarroa Oinez egin zen herrian lehenengo aldiz, eta Otxogorrienea izeneko etxea moldatu ahal izan zen. "Egungo 101 ikasleentzat, ordea, eskas gelditu zaigu, eta eraikin berri baten premian bigarrenez Nafarroa Oinez antolatzea erabaki dugu. Egungo eraikinak ez baitu zabalkuntzarik onartzen", gaineratu du Lasherasek.

Kanpoko gurasoei eta IKAri omenaldia

Atzerritik Lesakara heldu eta seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten hamabi familia omenduko ditu aurtengo Nafarroa Oinez-ek. "Esker ona adierazi nahi diegu, D ereduaren eta euskararen alde eginiko apustuarengatik", esan du ikastolako zuzendariak.

Horrez gain, IKA euskaltegi sarea ere omenduko du Nafarroako Ikastolen Elkarteak urriaren 15eko festan. Sagrario Aleman eta Bortzirietako IKAko bi kide igoko dira oholtza gainera, elkartearen izenean. "Urteak daramatzate gure eskualdean euskara sustatzen, eta lan hori txalotuko dugu".

Musika eskaintza zabala

10:00etan eginen du eztanda Nafarroa Oinez-ek. Ikastolan eginen da irekiera ofiziala ehun lagun eta ordezkarirekin, eta guneetan programazioa martxan paratuko da. Musika emanaldiek berebiziko garrantzia izanen dute egitarauan. Besteak beste, Oreka TX, Petti, ISEO&Dodosound, Bad Sound System, Xutik, Oihan Vega, Gabenra eta Trikidantz taldeak ariko dira ibilbideko lau guneetan.

Musikarekin batera, alta, beste hainbat ekitaldi ere prestatu dituzte: bertso saioak, haurrentzako emanaldi ugari, Larraindantza, herri kirolak, zumba eta Erronka (egunean propio jokatzen den ikastolen arteko lehia), besteak beste.

Bestalde, aurten lehen aldiz zeliakoentzako janaria eskainiko du Nafarroa Oinez-ek 2. gunean. Postu berezia kokatuko da talogileekin batera eta zeliakoentzako egokia den janaria prestatuko dute. Gainera, zigarrokinak botatzeko zakarrontzi bereziak egonen dira guneetan, eta bidean zehar eta erretzaileei bertan botatzeko eskaera eginen diete.

Trafikoari dagokionez, plan berezia paratuko dute martxan heldu den urriaren 15ean. "Lesaka bailara estu batean dago kokatuta. Horregatik, espazio eskasia kontuan izanik, garraio publikoa erabiltzearen aldeko deia egin nahi dugu. Dena den, urtero bezala aparkalekuak egokituko ditu ikastolak herri kanpoaldean eta ondoko herrietan. Horietatik ibilbidera joan ahal izateko autobusak ere paratuko ditu", azaldu du Lasherasek.

Furgonetentzako eta autokarabanentzako aparkaleku bereziak ere atonduko dituzte herrian bertan, eta bizikletaz joan nahi dutenek ere aukera izanen dute, bizikletendako gunea paratuko baitute Harriondoa kultur etxearen ondoan.

Lila puntua, sexu erasoen aurka

Nafarroa Oinez-en ibilbidean, azkenik, Lila Puntua zabalik egonen da egun osoz. Eraso matxistei aurre egiteko laguntza eta aholkularitza zerbitzua izanen da. "Horrelako gertakarien aitzinean, berehalako erantzuna ematea hagitz garrantzitsua da, eta lila puntuak horretan lagun dezakeela sinesten dugu".

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak