Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Eroski taldearen irabaziak %10,5 handitu dira urteko lehen erdian

Publizitatea

Ekonomia

Enpresak

Eroski taldearen irabaziak %10,5 handitu dira urteko lehen erdian

Fakturazioa apur bat igotzea lortu du kontsumo kooperatibak, baina diru sarrerak ere murriztu ditu, desinbertsioen ondorioz.
Eroski taldearen saltoki bat, Iruñean.
Eroski taldearen saltoki bat, Iruñean. Iñigo Uriz / Argazki Press

2017-10-06 / Ivan Santamaria

Negozioa apurka indartzeko bideari eusten dio Eroskik. Urteko lehen erdian 3,2 milioi euro garbi irabazi ditu Eroski taldeak, joan den urtean baino %10,5 gehiago. 2007. urtetik darama enpresak urte oso bat irabaziekin amaitu gabe. Joan den urtean ere mozkinak izan zituen otsailetik uztailera —zerga urtea urtarrilean ixten du Eroskik—, baina Espainiako Gobernuak sozietate zergan egindako aldaketa batek galerak eragin zizkion kontuak ixterakoan.

Enpresak urteko lehen erdiko emaitzen berri eman du, ohar baten bidez. Horretan zehaztu du fakturazioa %0,2 igotzea lortu duela, eta 2.777 milioi euroko negozio kopurura iritsi dela, hilabete horietan egindako desinbertsioen efektua kenduta. CNMV burtsa ikuskatzailean argitaratu dituen emaitzen arabera, diru sarrera orokorrak %6,36 murriztu zaizkio taldeari, desinbertsio horien ondorioz.

Bestalde, zorpetzea arintzeko estrategiaren barruan, 186,6 milioi amortizatu ditu zerga urteko lehen erdian, hartutako konpromisoei erantzunez. 2015eko urtarrilean zorpetzea berregituratzeko akordioa lortu zuen bankuekin. Orduan 2.142 milioi zor zizkien Eroski taldeak bankuei, eta harrezkero kopuru hori %22 murriztu du. Taldearen pasibo guztia 2.240 milioi eurokoa da.

Eroskik eta negozioa frankiziatua duten saltokiek 38 milioi inbertitu dituzte. Diru gehiena formato ezberdinetako 114 saltoki berritzeko erabili dute. Halaber, hiriko 21 supermerkatu berri ireki ditu, denak frankizia ereduarekin. 247 lanpostu dituzte urteko lehen erdian. Guztira, taldeak 32.000 langile ditu, kooperatibaren bazkideak eta langile arruntak aintzat hartuta.

Talde osotik aparte, Eroski S. Coop. jatorriko enpresa kooperatiboak 9,8 milioi irabazi ditu, pasa den urtean baino %11 gehiago.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak