Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Unionistak kalera irten dira "Kataluniako kolpea" salatzeko

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Unionistak kalera irten dira "Kataluniako kolpea" salatzeko

Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioak egin dituzte Madrilen eta Palman (Herrialde Katalanak). Azken horretan, Mallorcako Batzar Subiranistaren karpari eraso diote oihu artean. Aldi berean, baina #Parlem lelopean elkarrizketaren aldeko kontzentrazioak egin dituzte Espainiako, Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat herritan.
Madrilgo manifestazioa. /
Madrilgo manifestazioa. / Javier Lizon, EFE

Societat Civil Catalanaren hitzetan "orain arteko protesta jendetsuena" izango dena biharko deitua dagoen arren, unionismoaren aldeko plataforma eta alderdiak hasiak dira giroa berotzen. Madrilen, esaterako, jendetza bildu da Colon pasealekuan Espainiako banderak eskuetan "Kataluniako kolpea" salatzeko. 

Protesta Denaes fundazioak deitu duen arren, harekin bat egin dute beste hainbat erakundek ere: Villacisneros fundazioak, Hazte Oirrek eta Guardia Zibilen Foroak, kasurako. Han egon da Pablo Casado PPko eleduna ere "gehiengo isilari" elkartasuna adierazteko. 

Denaes fundazioako presidente Ivan Espinosak "legea betearazteko" eskatu dio gobernuari. Manifestazioan, Puigdemont atxilotzearen aldeko eta "kolpistekin" ez dela negoziatzen ohartarazten zuten oihuak entzun dira, gaurko elkarrizketaren alde antolatutako elkarretaratzeei erreferentzia eginez. 

Madrilen ez ezik, Palman (Balearrak, Herrialde Katalanak) ere antolatu dute independentziaren aurkako protesta bat. Ordea, azken horretan liskarrak piztu dira manifestariek Mallorcako Batzar Subiranistaren karpa suntsitu dutenean, "Espainia batua inoiz ez da garaitua izango" oihukatzen zuten bitartean. 

Batzarreko presidenteak Cristofol Solerrek salatu duenez, duela urtebetetik hona larunbatero jartzen dute karpa, plataforma ezagutzera eman eta dirua biltzeko asmoz. "Baina manifestariak etorri eta gu iraintzen, elastikoak urratzen eta tu egiten hasi zaizkigu". Solerrek adierazi duenez, eraso egin diote senyera bat urratzeagatik kargu hartu dien emakume bat ere. Azkenean, Poliziak joan behar izan du batzarreko kideak babestera.  

Horiekin batera sare sozialetan erreakzio andana eragin du hainbat polizia "a por ellos" (ekin gogor haiei) oihukatzen eta Espainiako ereserkia abesten agertzen diren bideoak. 

Irtenbide negoziatua nahiago

Espainiako, Euskal Herriko eta Kataluniako udaletxeen aurrean, 12:00etan, ehunka lagun bildu dira gaur bi gobernuen arteko elkarrizketa eskatzeko. Irailaren amaieran, Madrilgo publizitate agentzia bateko langileek euren enpresak egoitza duen Madrilgo eraikineko hormatik zintzilikatu zuten Parlem/Hablemos zioen maindire zuria, eta hortik jaio zen mugimendua. Eskaera sare sozialen bidez zabaldu zen. Hortik sortu zen elkarrizketaren aldeko herritarren plataforma bat, eta horiek bultzatutakoak dira gaurko elkarretaratzeak. 

Espainia bere agintariak baino herri hobea da izenburupean zabaldutako oharrak pertsona ezagun askoren babesa jaso du: besteak beste, Juan Diego Botto, Carlos Bardem, Clara Lago, Dani Mateo aktoreena eta Fernando Colomo zinema zuzendariarena. 

Paper edo maindire zuriak eskuetan eta banderarik gabe joateko eskaria egina zieten gaurko herritarrei, eta halaxe egin dute, nahiz eta Bartzelonan esaterako "bakea nahi dugu" oihuak ere entzun diren. 

Bihar, lapiko jotzea balkoietan eta unionistak kalean

Bihar ere Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioa egingo dute, baina Bartzelonan bertan, Societat Civil Catalanak deituta. Deialdiarekin bat egin du Espainiako Falangek ere. 

Horrekin batera, independentziaren aldeko mugimenduek lapiko jotzeak egiteko deia egin dute eguerdirako, betiere norberaren etxe edo balkoietatik edo tabernetako atarietatik, eta Espainiaren aldeko indarrek antolatutako autobusetan etorriko direnei keinua eginez: "Denak direlako ongi etorriak Errepublikara!". 

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak