Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika EH Bilduk bide konfederala proposatu du

Publizitatea

Politika

Politika

EH Bilduk bide konfederala proposatu du

Hiru prozesu eratzailetatik abiatuko litzateke: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Otegik estatu "duin" bat sortzera deitu ditu eragile guztiak.
Arnaldo Otegi, EH Bilduren biltzarrean. /
Arnaldo Otegi, EH Bilduren biltzarrean. / Jaizki Fontaneda, Argazki Press

2017-10-08 / Edurne Begiristain

EH Bilduk konferentzia politikoa egin du gaur goizean, Gasteizen, eta Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena onartu dute militanteek, %98ko babesarekin. Ebazpenean, koalizioak burujabetzarako euskal bidea proposatu du, Euskal Herriko errealitate instituzional, politikoa eta soziala aintzat hartuko duten hiru prozesu eratzaile abiatuta. Euskal estatua helburu izanda, ibilbide konfederala proposatu du, hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu bilakatzea erritmo eta bide propioekin, hirurek batera euskal errepublika konfederala osatzeko. "Estrategia konfederala estrategia ezein demokratikoagoa da, eremu bakoitzeko herritarren gehiengoaren borondatearen esku uzten baitu bai eremu bakoitzaren estatusa, baita gainontzeko eremuekin batu eta Euskal Errepublika Konfederala osatzeko erabakia ere", dio ebazpenak.

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak euskal estatua eraikitzearen alde egin du konferentzia politikoari amaiera emateko hitzaldian. Kataluniako egoera gogoan, Euskal Herriari ere "martxan jartzeko" garaia iritsi zaiola esan du: "Euskal Herriko indar politiko, sozial eta sindikalei esaten diegu Espainiako estatuarekin dugun dependentzia harremana amaitu dela". Euskal Estatua beharrezkoa dela nabarmendu du Otegik: "Estatu bat behar dugu, estatu duin eta demokratiko batean bizi nahi dugulako. Dena erabakitzeko estatu bat behar dugu". Gaur Kataluniako errepublika den moduan, bihar ere Euskal Errepublika izango dela esan die EH Bilduko kideei, eta horren alde lan egitera animatu ditu.

Hain justu ere, Kataluniak bizi duen prozesu independentista babesteko ebazpen bat onartu dute gaurko konferentzia politikoan, babes osoarekin. Besteak beste, Kataluniako herritarrek, eragileek eta erakundeek abiatutako prozesuari babesa eman, eta urriaren 1ean herritarrek egindako autodeterminazio eskubidearen ariketa txalotu dute. Elkartasunetik harago, ekimen politiko erresolutiborako garaia heldu dela dio testuak, eta gaineratu EH Bildu "gogotik" arituko dela lanean euskal herritarren erabakitzeko eskubidean oinarritutako euskal prozesu subiranista sustatzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak