Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Parke teknologietako buru ohia epaituko dute

Publizitatea

Ekonomia

Auziak

Parke teknologietako buru ohia epaituko dute

Diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diote, Miñaoko parkea Epsilonen egoitza erosteko prest azaldu zelako.
Julian Sanchez Alegria, artxiboko irudi batean.
Julian Sanchez Alegria, artxiboko irudi batean. Monika del Valle / Argazki Press

2017-10-10 / Iker Aranburu

Julian Sanchez Alegria 2008. urtearen amaieran gertatutako kontu batzuengatik eseriko da akusatuen aulkian. Garai horretan, Espainiako Gobernuak esan zion Joan Villadelprat Epsiloneko buruari ez ziola diru gehiago emango, ordurako larri baitzegoen. Lasterketako autoak egin nahi zituen Epsilonek, eta 1 Formulan ere parte hartu nahi zuen.

Estatuaren ukoa ikusita, Villadelpratek Miñaoko parke teknologikoaren laguntza eskatu zuen —han zuen egoitza—, eta, Sanchez Alegriaren bitartez, haren bermea lortu zuen Kutxaren eta Vital Kutxaren mailegu baterako.

48 milioi euroren laguntza publikoak lortu arren, Epsilonek porrot egin zuen. Maileguaren dirua bueltan jaso ez eta bermeak indarrean jartzea erabaki zuen orduan Kutxabankek, Kutxaren eta Vitalen ondorengoak. Horien ondorioz, Eusko Jaurlaritza, parkeen arduradun nagusi gisa, behartuta egon zen Epsilonen eraikina erosteko, 16,4 milioi euroren truke.

Hiru delituren zantzuak

El Diario Norte agerkari digitalak gaur kaleratu duenez, Gasteizko epaitegi batek uste du hiru delituren zantzuak badaudela Sanchez Alegria epaitzeko: diru publikoaren bidegabeko erabilera, prebarikazioa eta administrazio desleiala. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, "operazioak zein eragozpen zituen jakin arren ez zituelako aintzat hartu". Miñaoko parke teknologikoko legelariek ohartarazi zuten halako bermerik ezin zitzaiola eman Epsiloni.

Epsilonen auzia ez da Sanchez Alegriak justiziarekin duen auzi bakarra. De Miguel auzian ere akusatuta dago, Arabako EAJko beste burukide ohi batzuekin legez kanpoko komisioak jaso zituelakoan.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak