Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea "Surrealista da: film bateko protagonista atxilotu dute"

Publizitatea

Gizartea

euskal herria

"Surrealista da: film bateko protagonista atxilotu dute"

Iruñean eta lagun artean estreinatu zuten, ostegun gauean, Aitor eta Amaia Merinoren 'Asier ETA biok', baina hutsune handi bat zegoen: Asier Aranguren, azken operazioan atxilotua. Bideoa: senide eta lagunak, ostegun gaueko aurrestreinaldian (Ander Gartzia, BerriaTB).

2014-01-18 / Joxerra Senar

Berezia izan zen oso herenegun gaueko Asier ETA biok filmaren aurrestreinaldia. Berezia, lehen aldia zelako Iruñean, filmaren gertaleku nagusian, ikusten zela. Berezia, era berean, filmean agertzen ziren pertsonetako batzuk Golem zinema aretoko eserlekuetan eserita zeudelako. Berezia, batik bat, Asier Aranguren protagonista nagusia ezin izan zelako egon Golemen, hark nahi bezala. Eloy Velasco epaileak agindutako polizia operazioaren ondorioz haren eserlekua hutsik zegoen, baina haren irudia eta ahotsa entzun ahal izan ziren. Amaieran, Aitor Merino haren lagun eta filmaren zuzendariak laburbildu zuen egoera guztia: «Surrealista da: filmeko protagonista nagusia atxilotu dute! Beste herrialde batean kontatuz gero, ahoa bete hortz geratuko lirateke».

Ordubete lehenago, 21:00etan hurreratu da Gaizka Aranguren Baiona etorbideko zinemara. Anaia ez ezik, familia osoa ere agertzen da islatua pelikulan, eta intimitatea biluztea hasieran zaila egin zitzaiola esan du Arangurenek: «Hasiera batean uste genuen txarrerako izanen zela, baina orain, gauzak nola diren ikusita, iruditzen zaigu filma bera erakustea onuragarria izan daitekeela anaiaren egoera salatzeko». Gogoan du nola Aitor Merinok esan zion anaia kamerarekin grabatuko zuela eta hark onartu zuela. «Asier berez oso eskuzabala da lagunekin».

Espero du orain balioko duela. Euskal Herrian, egoera ezaguna izan arren, hurbiltasun horrek emozioa eragiten duelako: «Ez dugu aukerarik era horretako esperientzia, lekukotasunak eta bizipenak ikusteko, eta jende askok bere burua identifikatuta ikusiko du batekin edo bestearekin». Espainian, berriz, balio dezake jendeak ikus dezakeelako «beste aldean sufrimendua ere» badagoela eta 36ko gerratik gatazkak «jarraipen etengabea» izan duela.

Ezagunak eta lagunak biltzen hasi dira aretora. Horietako bat Arantza Santesteban da. Filmaren zuzendariak, Amaia eta Aitor Merino anai-arrebak, ezagutzen ditu. Adierazgarria iruditzen zaio nola Euskal Herritik at espainiarren ikuspuntua aldatzen ari den. Azken bi urteetan Espainiako hainbat hiritako jendea ezagutu ahal izan du, eta nabaritu du Euskal Herriarekiko interesa eta jasandako manipulazioaren kontzientzia piztu dela: «Esaten dute ohartzen direla azkeneko urteetan sekulako manipulazioa jasan dutela. Espainiako jendartean badago horrelako esnatze bat».

Joxan Iturraldek, Gaizka eta Asier Arangurenen lagunak, espero du filmak horretarako balio izatea. «Jende askok ez du ezagutzen edo ez du ulertzen gatazka nondik nora sortzen den, eta horretarako balio dezake, perspektiba berriak irekitzeko». Maite Puñalek ere Aranguren sendia ezagutzen du, eta garrantzitsutzat jo du gatazkaren ikuspegi gizatiarra ematea. Filma ikusi aurretik, aitortu du «berezia» izango dela bere inguruko jendea ikustea. «Pentsatzen dut zapore ona utziko didala».

Polizia operazioa

Filma eta polizia operazioa, operazioa eta filma. Biek bat egin dute denboran. «Baten batek galdetu dit ea uste al dudan filmak berak eraginik izan al duen», esan du Gaizka Arangurenek. «Ziurrenik ez dute aintzat hartu, ez dira gogoratu ere egin, baina ni Barne Ministerioan egon izan banintz, profitatuko nuke operazioa Asier gainetik kentzeko. Filmak eman ziezaiokeen indarragatik, zinema tokiak beldurrarazteko. Eta hein batean lortu dute», ondorioztatu du.

Arantza Santestebanen irudiko, «kolpea izan da» operazioa, estatutik egungo egoeran gutxien-gutxienez distentsioa espero beharko zelako. Argi du helburua, ordea: «Nahi dute ezker abertzalea itzularazi iraganeko irizpideetara, erosoago dagoelako eta estatua bera justifikatzen delako etsaia badauka». Iturraldek gaineratu du Euskal Herriaren kontrako jarrerarekin babes soziala lortu nahi duela Espainiako Gobernuak.

Bost minutu falta dira filma hasteko, eta jendea aretora sartzen hasi da. Bi zuzendariak, Merino anai-arrebak azkenik iritsi dira. Eurentzat gogorra izan da azken asteko emozioen gorabehera etengabea. Egun batzuk lehenago Madrilen eta Bartzelonan aurkeztu behar izan dute pelikula, eta elkarrizketa andana eskaini.

Orain, berriz, Iruñean, etxean eta lagunen aurrean Asier Aranguren gabe aurkeztu behar izan dute. «Operazioa ezustea eta ostikada izugarria izan da», aitortu du Amaia Merinok, baina kasik ez dute denborarik izan irekitako zauria miazkatzeko ere. «Aitor eta biok ez dugu denborarik izan hori onartzeko, geure burua eta sentimenduak horretara jartzeko. Filmak ez digu inporta. Asierrek inporta digu».

Filma, beste gauza askoren artean, adiskidetasun historia bat da. Eta orain atxiloketarekin zein filmarekin hamaikagarren proba gainditu beharko du. «Hura atxilotu izana amorruarekin hartu dugu; oso tristea izan da. Oraindik shock egoeran gaude, baina espero dugu egingo dugun lanak balioko duela», azaldu du Aitor Merinok, eta aitortu du filma bera ez dela erraza izan ez beretzat ez Asier Arangurenentzat: «Askotan hitz egin dugu gure artean pasatu dugun guztiari buruz, adiskide modura zaila izan baita prozesua guretzat. Beti galdera izan da ea balioko duen, ea balioko duen... Bada hori, ea balioko duen».

Aretoa gainezka dago, eta argiak itzali dira. Ordu eta erdi pasatu eta gero, txaloka hartu dituzte Merino anai-arrebak eta Ainhoa Andraka ekoizlea. Urduritasuna ere nabari zaie. Azken finean, etxekoek filma nola hartuko duten ere berezia da eurentzat. Eztabaida hastearekin batera, esker on eta zorion hitzak gailendu dira, eta guztien ahotan filmaren ausardia egon da. Aitor Merinok, laguna gogoan, ahalke mintzo da: «Lotsa eragiten dit, badagoelako jendea, berdin zait zer eremutan, ideia batzuekiko konpromiso handiagoa azaltzen duena. Eskerrik asko, baina guk filma bat besterik ez dugu egin».

Hamalau aretotan, oraingoz

Filmak orain arte izan duen harreraz ere galdetu diete, eta azaldu dute hamalau kopiarekin abiatuko direla. Horietatik bederatzi Euskal Herrian (Donostia, Errenteria, Irun, Bilbo, Barakaldo, Gasteiz, Iruñea, Uharte eta Tutera). Euskal Herritik at, berriz, toki gehiagotara heldu nahi dute, eta Madrilen areto gehiagotan eman. Areto askok, ordea, ezezkoa eman dute, filma ikusi barik ere.

Eta Asierrek zer pentsatzen du filmaz? Aitor Merinok erantzun du «zaila» izan dela harentzat, «beldur eta, era berean, eskuzabaltasun handiko prozesua» izan delako. «Asierrek uste du filmak ekarpena egin dezakeela. Hari buruz egiten diren gogoetatan, gogorra izanagatik, ez da sartu. Azpimarragarria da, harrigarria».

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak