ESKUBALOIA

Bera Bera, berriz ere txapeldun

Donostiako taldeak 33-18 irabazi dio Mar Alacanti eta liga titulua lortu bigarren urtez jarraian. Kukullagak, aldiz, maila galdu du

Bera Berako jokalariak liga titulua ospatzen.
Bera Berako jokalariak liga titulua ospatzen. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko maiatzak 11

Bera Berak Ohorezko Mailako liga irabazi du bigarren urtez jarraian. 33-18 irabazi dio Mar Alacanti azken aurreko jardunaldiko partidan, eta jada matematikoki da txapeldun. Donostiako taldeak sasoi bikaina borobildu du, ligaz gain Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi baititu eta lan duina egin du Txapeldunen Ligan. Liga tituluari esker, eta taldeko zuzendaritzak hala erabakitzen badu, heldu den sasoian Europako txapelketa nagusia jokatu ahal izango du.

Eromenak eztanda egin du Bidebietan, eta danborrada doinuak izan dira garaipenaren soinu banda. Baina ez da izan aurretik sufritu gabe. Mar Alacantek ez zuen deus ere jokoan, baina ondo lehiatu du, lehen zatian bereziki (10-13, 25. min). Bera Berak urduritasuna kudeatzeko arazoak izan ditu lehen zatian eta ez du bere maila eman. Hala ere, emaitza orekatzea lortu du atsedenaldirako (14-14).

Bera Berak bigarren zatian irabazi du partida. Kirioak aldendu eta txapeldun zergatik den erakutsi du. 10-1eko partzial batekin hautsi du oreka —15-15tik (33. min.), 25-16ra (48. min)—. Defentsa lana hobetu du eta kontraerasoei esker egin du zuloa. Azken minutuetan zaleen oihu eta animoen artean eutsi dio aldeari.

Bera Berako goleatzaileak: Pinedok 11, De Castrok 5, Dunayk 1, Ederrak 2, Martinezek 1, Menendezek 2, Arizagak 1, Arrojeriak 3 eta Etxeberriak 2.

Kukullagak maila galdu du

Dena ez da zoriona izan, Kukullagak maila galdu baitu. Etxebarriko taldeak 23-33 galdu du Elxen aurka eta jada matematikoki ezinezkoa du mailari eustea. Etxebarriko taldeak bi denboraldi egin ditu Ohorezko mailan.

Bidebietan egon da da Jon Eskudero BERRIAko kazetaria:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna