Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura 'Amaren eskuak' filma Zinemira sailaren galan estreinatuko da

Publizitatea

Kultura

'Amaren eskuak' filma Zinemira sailaren galan estreinatuko da

Zinemaldiak Euskal Herrian ekoitzitako filmei eskainitako sailean zazpi dokumental eta fikziozko lan bat aurkeztuko dira Zinemaldian estreinatutako Euskal Herriko lan onenak Zinemaren Irizar Saria jasoko du
Karmele Jaioren izenburu bereko eleberrian du oinarri Mireia Gabilondoren <em>Amaren eskuak</em> filmak.
Karmele Jaioren izenburu bereko eleberrian du oinarri Mireia Gabilondoren Amaren eskuak filmak. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

2013-08-24 / Juan Luis Zabala

Mireia Gabilondoren Amaren eskuak, Karmele Jaioren izenburuko bereko eleberrian (Elkar, 2006) oinarritutako filma, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailaren galan ikusi ahal izango da aurreneko aldiz, eta horixe izango da sail horretako fikziozko lan bakarra, antolatzaileek atzo azaldutakoaren arabera. Euskal Herrian ekoitzitako azken urteko film hautatuak erakusten ditu, aurten bosgarren aldikoz, Zinemira sailak, eta Euskal Herriko zinemagintzaren ispilutzat jotzen dute antolatzaileek eta ikus-entzunezko sektoreko ordezkariek.

Bi motibo nagusi daude Euskal Herriko azkenaldiko ekoizpenen artean dokumentalak horren ugariak izateko, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren ustez: batetik, egoera ekonomikoa ona ez izateak dokumentalerako joera indartzen duela, normalean aurrekontu urria eskatzen duelako; bestetik, generoa bera eta haren indar sortzailea indartzen ari direlako, eta fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak gero eta lausoagoak direlako. Euskal Herrian interes eta originaltasun handiko dokumentalak ekoizten ari dira azkenaldian, Rebordinosen iritziz.

Amaren eskuak izan ezik, Zinemira sailean emango diren gainerako zazpi film luzeak dokumentalak dira. Zazpi dokumental horietatik lau Donostiako Zinemaldian estreinatuko dira, Amaren eskuak bezala: Amaia Merino eta Aitor Merinoren Asier eta biok —Aitor Merino aktoreak ETAkide izandako lagun batekin duen adiskidetasunari buruzkoa—; Alfonso Andres eta Javier Barajasen Una esvástica sobre el Bidasoa —naziek Euskal Herriaren inguruan izan zuten interesari buruzkoa—; Enara Goikoetxea eta Monika Zumetaren Izenik gabe, 200X133 —Jose Luis Zumeta margolariaren bi lanen sortze prozesuari buruzkoa—; eta David Arratibelen Oírse —hots baten inguruko galderak planteatzen dituen lana—. Beste hirurak aurretik estreinatuak dira: Eneko Olasagasti eta Jone Karresen Alardearen seme-alabak —Hondarribiko alardearen inguruko gatazkari buruzkoa—, Olivier Van der Zeeren Encierro, Bull Running in Pamplona —Iruñeko sanferminetako entzierroei buruzko filmen artean zinema aretoetan gehien ikusirikoa—; eta Jorge Gil Munarrizen El método Arrieta —hizketarako arazoak dituzten Donostiako bi ahizparen eguneroko bizimoduari buruzkoa—.

Amaren eskuak irailaren 27an iritsiko da zinema aretoetara, Zinemaldiko estreinaldiaren ondoren. «Tragikomedia bat bezalakoa da pelikula», Gabilondoren hitzetan. «Sentsazio ona pizten duen alde positiboa dauka. Gustukoa izatea espero dut». Eleberriak 38 urteko kazetari batek bere amarekin duen harremana du kontagai; ama, memoria galtzen hasia, erietxera eramaten dutenetik aurrera bereziki.

Zinemiran estreinatuko diren bost filmak Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehian ariko dira. Lehiakide izango dituzte osorik edo parte batean Euskal Herrian ekoitzi eta Zinemaldiko beste hainbat sailetan estreinatuko diren beste hiru film: Fernando Francoren La herida —Sail Ofizialean estreinatuko da—, Fran Araujo eta Ernesto de Nova Roldanen El Rayo —Zuzendari Berriak sailean estreinatuko da— eta Luiso Berdejoren Violet —Zabaltegin estreinatuko da—. Irabazleak 20.000 euroko saria jasoko du.

Saria Berasategiri

Atzo jakinarazi zuten aurtengo Zinemira saria Juan Bautista Berasategi zuzendariari (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1951) emango diotela Zinemira sailaren galan, haren ibilbide osoaren aitormen gisa. Euskal Herriko animazioko zinemagintzan aitzindaria da Berasategi. Kalabaza tripontzia (1985) eta Ipar Haizearen erronka (1991) zuzendu ditu, besteak beste.

ETBren galan, irailaren 23an, DSS 1913-2013 dokumentala emango dute. Kimuak katalogorako hautatutako zazpi film laburrak ere emango dira jaialdian, profesional eta akreditaziodunentzako saioetan. Haien artean Asier Altunaren Zela Trovke eta Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety daude.

Beste sail batzuetako Euskal Herriko ekoizpenen, erabat edo zati batean euskaraz diren filmen, euskarara bikoiztu diren filmen eta euskarazko azpidatziak dituzten beste sail batzuetako filmen zerrendak ere ezagutarazi dituzte antolatzaileek.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.sansebastianfestival.com/eu/

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak