Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Andreen egia, itzaletik argira

Publizitatea

Politika

Andreen egia, itzaletik argira

Indarkeria pairatutako emakumeen ahotsa ozen entzun zen Foro Sozialak egindako ekitaldian
Une hunkigarriz beterik egon zen joan den igandeko ekitaldia.
Une hunkigarriz beterik egon zen joan den igandeko ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-10 / Gotzon Hermosilla

Oraingoz, ez dute baloraziorik egingo. Joan den igandeko ekitaldian emozio, sentimendu, negar eta irribarre gehiegi pilatu ziren, eta denbora beharko dute bizi izandako guztia prozesatzeko. Baina begien bistakoa da joan den igandeaz geroztik ezer ez dela berdina izango bakea eraikitzeko zereginean, emakumeen egiak itzaletik argira egin zuelako Solokoetxeko ekitaldian, eta aurrerantzean nekezagoa izango da errealitate hori ezkutatzea.

Foro Sozial Iraunkorraren Gogoetabidean lantaldeak antolatuta —Foroan genero ikuspegia lantzen du batzorde horrek—, Emakumeen egia aitortu Nik sinesten dizut izeneko ekitaldia egin zuten herenegun Solokoetxeko lorategietan (Bilbo). Han irakurritako agiriaren arabera, asmoa zen, alde batetik, «euskal gatazkak eragindako biolentzia politikoaren baitan» indarkeria matxista gertatu dela aitortu eta hura «itzaletik argitara» ekartzea; eta, beste aldetik, azaleratzea biolentzia hori «emakumeen aurkako egiturazko beste biolentziekin batera» gertatu dela, eta indarkeria matxista horiek «ez mugarik ez etenik» ez dutela.

Zazpi emakumeren testigantzak entzun ziren ekitaldian. Gogorra eta hunkigarria izan zen haiek kontatutakoa; eta hala ere, edo agian horregatik, entzuleen «enpatia» lortu zuten, Foro Sozialeko Jone Goirizelaiak azaldutakoaren arabera: «Jendearen aurpegietan nabari zen bat egiten zutela emakume haiekin. Nik neska gazte bat nuen alboan, eta negarretan zegoen. Oso desberdina da testigantza horien berri telebistaren bidez izatea edo zuzenean haien ahotan entzutea».

Lekukotasuna emandako emakume horietako bat izan zen Ixone Fernandez. 2005ean atxilotu zuten, eta torturak pairatu zituen atxilotuta egon zen bitartean. «Atzo [herenegun] hasieran oso urduri nengoen; azken finean, partekatu nahi duzun horrek barrenak mugitzen dizkizu, oso pasarte mingarriak direlako. Baina ekitaldia hasitakoan, hainbeste emakume ikusteak pilak kargatzen dizkizu. Hunkituta eta indartuta atera nintzen. Normalean, gai honetaz hitz egiten dudanean ez naiz lasai egoten, baina oso ondo egin dut lo, eta gaur [atzo] ondo sentitzen naiz».

Lolita Chavezek ere eman zuen bere lekukotasuna joan den igandeko ekitaldian. Guatemalakoa da Chavez, egun Bilbon bizi da, eta sorterrian indarkeria, jazarpena eta mehatxuak pairatu zituen bere komunitatearen eskubideen alde borrokatzen den emakumea izateagatik. «Horrelako guneak sortzeak, non tortura, sexu indarkeria, kriminalizazioa eta bestelakoak pairatu ditugun emakumeon hitza sinetsi egiten den, indar handia ematen digu», azaldu du. «Nire herrialdean, oligarkiari lotuta dauden hedabideek ez digute inoiz sinetsi».

Fernandezek ere «barne zauria» ikusi nahi ez eta torturaren errealitatea gezurtatu nahi izan duten epaile, politikari eta hedabideak aurkitu ditu bidean. «Zure egia zalantzan jartzera ere iristen zara, kontatzen ari zarena gehiegizkoa ote den pentsatzera. Emakumeok oro har ikusezin bilakatu nahi gaituzte, baina, gainera, horrelako esperientzia traumatikoak ukatzean zaildu egiten da sendatzeko prozesua».

Jende ugari egon zen Solokoetxeko ekitaldian. Lorategietan jarritako karpan jesarleku guztiak bete egin ziren, eta inguruetan ere jende andana batu zen. Gehienak, emakumeak: «Foro Sozialaren helburuetako bat zen, emakumeen testigantzak lehenengo lerroan jartzeaz gain, emakumeak subjektu izan daitezen lortzea», esan du Goirizelaiak. Andrazkoen oinazea itzaletik argira ekartzeko ahalegin horretan bidea oraindik luzea izango dela badakite Foro Sozialean, baina lehenengo urratsa behintzat eginda dago.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak