Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Langile publikoak kalean, soldaten jaitsiera eta lanpostu galera salatzeko

Publizitatea

Ekonomia

Langile publikoak kalean, soldaten jaitsiera eta lanpostu galera salatzeko

2.200 lagun batu dira Baionako manifestazioan. CSG zerga igotzea eta gaixotzen diren egunean saririk ez jasotzea ere kritikatu dute
Manifestazioaren aurrealdea, atzo, Baionako herriko etxerako bidean.
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-10-11 / Iker Aranburu

Lan kodearen aurkako bi manifestaldi orokorren ondotik, atzo langile publikoen txanda izan zen Frantziako Gobernuari haserrea adierazteko. Soldaten izoztea, CSG zergaren emendatzea eta lanpostuen desagertzea salatu dituzte manifestazioen eta grebaren bitartez.

Baionako manifestazioan aurreko bietan baino lagun gutxiago elkartu ziren, 2.200 inguru, sindikatuen iturrien arabera. Taldeka abiatu ziren herriko etxerako bidean, bakoitza bere sindikatuaren edo sektorearen banderen eta ikurren gibeletik. Osasun sektoreko langileek, irakasleek, erretretadunek eta sektore publikoko beste langileek suprefeturan amaitu zuten protesta.

Frantzian, lehen aldiz azken urteetan, sektore publikoko sindikatu guztiek deitu zuten protestara. Ipar Euskal Herrian, gainera, LAB eta Fronte Soziala batu zitzaizkien, eta arlo publikoan ez ezik, pribatuan ere protesta egitera deitu zuten.

Greban zenbait eskola publiko gerarazi zituzten. Baionan gehienak itxiak izan ziren, eta Donibane Lohizunen ere antzeman zen, Miarritzen baino gehiago. Azken hiri horretako aireportuan ere eragin handia izan zuen, hamar hegalditik gora bertan behera geratu baitziren. Loiuko aireporturaino ere iritsi zen grebaren eragina: Bartzelonako eta Amsterdameko lotura egin behar zuten hiru hegazkin ez ziren iritsi, eta sei hegaldi bertan behera geratu ziren. Gainera, Frantzia zeharkatu behar zuten beste askok atzerapenak izan zituzten.

Sariak eta lanpostuak

Lan legearen inguruko haserreaz gain, badira Emmanuel Macronen gobernuaren beste lau erabaki Ipar Euskal Herriko eta Frantziako langile publikoen protesta eragin dutenak.

Batetik, CSG zergaren emendatzea dago. Errenta guztiek ordaintzen duten zerga hori 1,7 puntu igotzea erabaki du, %9,2raino. Sektore pribatuko soldatapeko gehienentzat ez du eragin handirik izango, trukean erretirorako eta gaixotasunerako Gizarte Segurantzari egiten dizkioten kontribuzioak ere apalduko dizkietelako. Langile publikoak ere konpentsatzeko asmoa duela ziurtatu du Parisko gobernuak, baina oraindik ez du zehaztu nola egingo duen hori.

Soldatarekin ere kexu dira, berriro ere erosteko ahalmena galduko duten beldur baitira. 2011tik 2015era beren hilabeteko saria kalkulatzeko baliatzen den indizea izoztua izan zuten langile publikoek, eta 2018an ere beste hainbeste egiteko asmoa du Macronek. Hori izozturik izanez gero, gainsariekin edo beste maila handiago batera igota soilik emenda daiteke langile publikoen soldata. Heldu den astelehenean dute gai horri buruzko bilera.

Haserretzeko hirugarren faktorea lanpostuen murrizketa da. Sindikatuek salatu dute bere bost urteko agintaldian Macronek 120.000 enplegu kendu nahi dituela zerbitzu publikoetatik.

Gaixotzen diren langileen sariarena da sindikatuek salatzen duten laugarren puntua. 2012an, Nicolas Sarkozy agintean zela, gobernuak erabaki zuen langileak ez zuela saririk jasoko gaixo baimena zuen lehen egunaren truke. François Hollandek saria itzuli zien langileei, baina Macronek kendu egin nahi die, «mikro-abstentismoa» gutxitzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak