Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Ezberdin, baina onak

Publizitatea

Kirola

Ezberdin, baina onak

Antz handirik izan ez arren, Alavesen eta Realaren jokatzeko erak goraipatu ditu Borja Viguerak. Bi taldeetan aritua da, eta derbiak giro ona izango duela esan du. «Ez dago faboritorik».
Ezkerrean, Borja Viguera, Realean ari zenean. Eskuinean, Alavesen ari zenean.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ-JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-13 / Jon Eskudero

Zubietako harrobian hazi ondotik, bada norbait futbolean Borja Viguera (Logroño, Espainia, 1987). Realean nahi adinako ibilirik lortu ez eta hainbat taldetako elastiko ditu armairuan gordeak. Baita Alavesekoa ere. 2010ean Realetik irten eta Gimnasticen eta Albaceten utzita jokatu ostean, Gasteizera iritsi zen 2012ko udan. Bi denboraldi egin zituen bertan, eta «zoriontsu» izan zen, zelaian eta zelaitik kanpo —40 gol sartu zituen guztira—. Athleticera jo zuen gero 2014ko udan, baina han ere arrakastarik ez, eta Sportingen ari da iragan sasoitik, Espainiako Bigarren Mailan. Pozik dago, besteak beste, Lehen Mailara itzultzeko bidean buru-belarri ari delako taldea. Hala ere, ez da nahi bezainbeste jokatzen ari. «Urte onenetako mailara itzultzeko ari naiz lanean».

Bigarren Mailan jokatu arren, ahal duen guztietan ikusten ditu Realaren eta Alavesen partidak, lagun «on eta asko» duelako bi taldeetan. Ez du pronostikorik eman biharko derbirako. «Lehia Mendizorrotzan izanik, futbol giroak irabaziko du».

Familiarekin batera, futbola omen du munduan gehien maite duena Viguerak, eta urteetan aurrera egin ahala, entrenatzaile kutsua ere hartzen hasia omen dago. «Taldekideek esaten didate balioko nukeela lan horretarako». Izan ere, gustatzen zaio taldeen jokoa aztertzea eta eztabaidatzea. Horren harira, bihar jokoan errotik ezberdinak diren bi talde lehiatuko direla azaldu du. «Baloia oinetan izan eta joko alaia egiten du Realak; Alavesek, berriz, nahiago du ordena mantendu eta kontraerasora jokatu. Bi estiloak maite ditut nik; biak izan daitezke onak eta eraginkorrak». Jokoak adina balio omen du animo egoerak. «Arlo horretan, Alaves hobeto helduko da partidara. Sasoia oso gaizki hasi arren, behetik gora egin du azken partida irabazita, eta konfiantzaz dago. Hori bai, Realari ere mesede egingo zion ligako etenaldiak, eta dinamika aldatu nahiko du».

Ez du ezustean harrapatu Realaren txakalaldiak. «Izugarria izan zen liga hasieran emandako maila, ikusgarri jokatu zuen. Europak berarekin dakar nekea pilatzea, ordea. Egun gutxian neurketa asko izateak kalte egin die jokalariei, baina ohituko dira. Denboraldiari neurria hartu ahala gora egingo dute berriro». Izan ere, Eusebio Sacristanen taldeak badu gauzarik garrantzitsuena: kalitatea. «Ligako onenen artean egoteko moduan dago Reala. Oso gutxiren eskura dagoen jokoa egiteko gai izan da, eta hori ez da kasualitatea. Jokalari multzo interesgarria osatu du, entrenatzailearekin ere asmatu du klubak, eta, okerrak zuzentzen baditu, gauza handiak egingo ditu».

Iragan sasoian txuri-urdinek Gijonen (Espainia) lorturiko garaipena gogoan du Viguerak. «Ondo gogoan dut. 1-3 irabazi zigun Realak, eta hankapean ibili gintuen. Partida bukatu eta aldageletarako bidean Xabi Prieto eta Zurutuza lagunekin hizketan joan nintzen, eta haiek ere esaten zidaten jokoa barneratua zutela, memorizatuta. Begiak itxita ere badakite zertan jokatu behar duten». Hortik dator arrakasta, haren ustez. «Zubietak garrantzia eman dio jokalariak era batean formatzeari, eta fruituak jasotzen ari dira lehen taldean. Eusebioren jokatzeko era Realaren neurrira egina dago». Eta, noski, jokalariak ere oso ondo ari dira lan horretan. «Beteranoen lana gazteen energiarekin uztartzen asmatu du Eusebiok. Izugarria izaten ari da Oiartzabal, Odriozola eta beste gazte askoren lana. Realak badu etorkizuna».

Baikor da Alavesen geroaz

Alavesi ere oparo ikusten dio geroa aurrelariak. Zaleek egin dezaketen okerrena iragan sasoiari begiratzea omen da, konparaketak beti izaten direlako «txarrerako». Halere, iritzi dio kluba «geratzeko» iritsi dela Lehen Mailara. «Ahaztezina izan zen aurreko denboraldian Alavesek egin zuen lana. Urte askoan behin bakarrik gerta daiteke hori. Taldea asko aldatu da azken hilabeteotan, eta garai berriak dira orain». Baina baikor izateko motiboak badira. «Kezkagarria izan zen nola hasi zuen liga, eta oso goiz aldatu zuen entrenatzailea. Hori bai, ematen du beste entrenatzaile bat iritsi izanak mesede egin diola. Ez dut uste taldeak arazorik izango duenik mailari eusteko. Beste hiru talde egongo dira Alaves baino eskasagoak».

Gainera, gertutik sarritan bizi izan duelako, Alavesek gauza garrantzitsu bat alde duela nabarmendu du aurrelari espainiarrak: Mendizorrotzan jokatuko duela. «Sekulako giroa sortzen da bertan, etxeko taldea hazi egiten da, eta harmailetako giro zoragarriari esker errazagoa da puntuek ihes ez egitea». Iragan sasoian ere Realak Gasteizen galdu egin zuela gogorarazi du. «Denentzat da zaila han irabaztea. Ez dago faboritorik, eta edozer gerta daiteke».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak