Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Palestinako Al-Fatah eta Hamas alderdiek adiskidetze negoziazioak abiatu dituzte

Publizitatea

Mundua

Palestinako Al-Fatah eta Hamas alderdiek adiskidetze negoziazioak abiatu dituzte

Kairon bildu dira, Egiptoko zerbitzu sekretuen bitartekaritzarekin. Hamasek PANen esku utzi du Gazako botere zibila
Bi alderdi palestinarren arteko elkarrizketak ospatzeko manifestazioa, Nablusen, aurreko astean.
Argazkia: ALAA BADARNEH / EFE

2017-10-11 / Iosu Alberdi

Palestinako Al-Fatah eta Hamas alderdiek adiskidetzeko negoziazioak abiatu dituzte, Kairon. Egiptoko zerbitzu sekretuek bideratutako elkarrizketen lehen txanda atzo abiatu zen, eta bihar amaitzea espero da. Gazako administrazioaren transferentzia izango da bi aldeen arteko elkarrizketako hizpide nagusia.

Gazako administrazioa Hamas alderdi islamistaren esku egon da 2007tik, eta, orain, Al-Fatah buru duen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Gobernuaren eskuetara igaroko da, negoziazioak hausten ez badira. Hala adierazi du Al-Fatah alderdiko bozeramaile Osama Qaswasmek: «Agendako puntu garrantzitsuenak batasun gobernuaren indartzea, mugen kontrola, segurtasuna eta gai politiko ekonomikoak dira, Gazan funtzionatu ahal izateko».

Transferentzia gauzatzeko lehen pausoak eman ziren aurreko astean. Urriaren 2an, Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Rami Hamdallah Gazan izan zen, hango gobernuaren kontrola hartzeko. Bere gobernuko hogei ministrorekin bildu zen han. PANeko Gobernua 2015etik Gazan biltzen zen lehen aldia izan zen. «Gazako egoera bide onetik doa, baina datorren egunotan ikusiko da ministroek euren kontrola ezartzea lortzen duten edo ez», azaldu du Al-Fatah alderdiko negoziazio buru Azam Ahmadek.

Bi aldeen arteko gatazka nagusietako bat egun Gazan dauden funtzionarioen ingurukoa da. Hamasek, 2007an hango gobernura iritsi zenetik, 40.000 funtzionario inguru kontratatu ditu, eta horien «eskubide guztiak» bermatzeko eskatu du orain. PANeko Gobernuak, berriz, 8.000 funtzionario inguru mantentzeko ahalmena duela azaldu du.

Beste puntu garrantzitsuenetako bat Hamasen adar armatuaren etorkizuna da. Egun, 25.000 milizianok osatzen dute, eta alderdi islamistarentzat horien jarraipena negoziaezina da.

Hiru egun iraungo dituen elkarrizketetan alderdiko buru Salah al-Arurik eta Gazako lehen ministro Yahya Sinwarrek osatuko dute, besteak beste, Hamasen delegazioa. Al-Fataheko delegazioan, berriz, inteligentzia zerbitzuetako buru Majed Faraj eta Fayez Abu Eita alderdiak Gazan duen liderra dira kide esanguratsuenetako batzuk.

Hamarkada bateko gatazka

Bi alderdien arteko gatazka 2006an hasi zen. Urte hartako urtarrilean Palestinan eginiko hauteskundeetan Gazan garaipena lortu zuen Hamasek. AEB, Israel eta Europako Batasunak, ordea, ez zuten emaitza onartu, eta zigorrak ezarri zizkion Palestinari. Ondorioz, Al-Fatahek Hamasen gobernuaren aginduak jarraitzeari uko egin zion.

2007an, dozenaka hildako eragin zituzten bi aldeen arteko enfrentamenduek. Ondorioz, PANeko presidente Mahmud Abbasek bien arteko batasun gobernua hausteko erabakia hartu zuen: Gaza, batetik, eta Zisjordania, bestetik. Ordutik, Hamasek Gazako agintea mantendu du.

Adiskidetze saialdi ugari egin dira azken urteotan, baina ez dute emaitzarik lortu. Egiptok abiatutako azken saialdiak, ordea, aurrerapauso handia eman zuen irailean, Hamasek Gazako botere zibila Palestinako Aginte Nazionaleko Gobernuaren esku uztea onartu zuenean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak