Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Aro berria, lider berberak

Publizitatea

Kirola

Aro berria, lider berberak

Osasuna errotik aldatu da, baina giltzarri izaten segitzen dute Oier Sanjurjok eta Roberto Torresek. Teknikariaren erabateko konfiantza dute, eta bikain ari dira.
Roberto Torres eta Oier Sanjurjo Albaceteko jokalari batekin lehian, Sadarren, Espainiako Kopako bigarren kanporaketako partidan.
Roberto Torres eta Oier Sanjurjo Albaceteko jokalari batekin lehian, Sadarren, Espainiako Kopako bigarren kanporaketako partidan. J. P. URDIROZ

2017-10-12 / Eñaut Agirrebengoa

Zortzi jardunaldi jokatuta, sailkapeneko goiko postuetan da Osasuna. Uxatu ditu jada denboraldi hasierako zalantzak. Bigarren Mailara azkar egokitu da, eta azken bost partidetatik lau irabazi ditu. Emaitzekin pozik dira zaleak, eta taldearen jokoak ere konbentzitzen ditu. Izan ere, taldea oso sendo dabil defentsan, eta erasoan geroz eta sakontasun eta distira gehiago du. Horretan badute zerikusirik Roberto Torresek (Arre, Nafarroa, 1989) eta Oier Sanjurjok (Lizarra, Nafarroa, 1986). Proiektu berriko liderrak dira, azken denboraldietako joerari jarraikiz. Iragan sasoiko nahigabeak ahaztuta, gozatzen ari dira orain, eta hori igartzen du taldeak.

Kritika gogorrak jasotakoak dira biak. Osasunaren inguruan, zenbaitek jopuntuan dituzte, eta, adibidez, joan zen sasoian kolokan jarri zen beren konpromisoa. Alabaina, beti erakutsi dute erabateko atxikimendua taldearekiko. Taxoareko harrobian bihurtu ziren jokalari. Goitik behera ezagutzen dute Osasuna. Eta garai zailenetan ere, beti izan dira taldearen alboan. Bi jaitsiera izan dituzte, eta, irteteko eskaintzak eduki arren, jarraitzea lehenetsi dute; baldintza ekonomiko apalagoetan bada ere. Jokalari guztiek bezala, gorabeherak izan dituzte jardunean, baina beti izan dira prest taldetik tira egiteko.

Horren jakitun da Diego Martinez, eta Osasunak izaniko azken teknikarien gisara, ez du zalantzarik egin: Torres eta Oierren esku utzi du taldearen lidergoa. Iruñeko taldeak aro berri bat hasi berri du, makina bat aldaketarekin, baina esan ohi den bezala, hobe da ondo dagoena bere horretan uztea. Eta zelaian nahiz zelaitik at, gorritxoek primerako bi gidari dituzte. Erasoan, Torresen ekarpena funtsezkoa da. Jada seigarren denboraldia du lehen taldean. Urtebete pasatxo eman du pubiseko lesio batekin bueltaka, eta bolada oso txarrak igaro ditu. Ordea, jada osaturik dago, eta pixkanaka bere onenera hurbiltzen ari da.

Osasuna 4-4-2ko marrazkiarekin ari da jokatzen, eta sistema horren barruan, hegalean dabil Torres. Ez du berezko postua. Erabakigarriagoa da punta-erdian. Nolanahi, oso ondo dabil. Gatza eta piperra ematen ari zaio jokoari. Azken bi partidetan, erasoko jokaldi gehienak bere oinetatik pasatu dira. Gainera, eraginkor dabil: bina gol eta goleko pase daramatza. Eta horri guztiari defentsako lana ere gehitu behar zaio. Izan ere, usuki, bera da aurkariak estutzen lehena.

Oier ere lana erruz ari da egiten. Dagoeneko bederatzi sasoi daramatza lehen taldean, eta, denbora horretan, ia postu guztietan aritu da. Soilik atezain eta aurrelari moduan aritzea falta izan zaio. Haatik, badirudi azkenean aurkitu duela kokapen finko bat: defentsako erdigunea. Hegaleko legez jardun zuen liga honetako lehen bi partidean, eta ez zen eroso egon. Aurkariek hainbatetan gainditu zuten. Bigarren jardunaldian, txartel gorria atera zion epaileak Cultural Leonesaren kontra. Hausnartu beharra zuen Lizarrakoak. Baita Diego Martinezek ere. Hala, laugarren jardunaldian teknikariak erdira pasatu zuen Oier. Geroztik, oso txukun ari da. Azken bost partidetan gol bakarra jaso du Osasunak, eta hori, hein batean, bere lan nekaezinari zor dio.

Harrobiaren ordezkariak

Aukera gutxi ari dira izaten Taxoaren hazitako jokalariak. Nafarroako taldeak 11 jokalari fitxatu zituen udan, eta Martinez haien alde ari da egiten apustu. Hala, harrobiko jokalari gehienak bazter ari dira gelditzen. Soilik Oier eta Torresek dute teknikariaren konfiantza. Unai Garcia ere hasierako hamaikakoan izan zen lehen hiru partidetan. Sasoiko hasi zuen denboraldia. Alabaina, lesio batek errotik moztu zuen haren bolada ona. Bestalde, ligan partida bana jokatu dute Javier Flañok eta David Garciak, eta oraindik ez dute jokatu Kike Barjak eta Miguel Diazek. Gaur, Enrique Martin Monrealen Albacete hartuko du Osasunak (20:00), eta, itxuraz, berriz ere Torres eta Oier izango dira harrobiaren ordezkari bakarrak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak