Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Porrotalari

Publizitatea

Iritzia

JIRA

Porrotalari

 

2017-10-12 / Angel Erro

Bada besteen porroten kontaduria eramatea beste arrakasta ezagutzen ez zaion jendea, jende bere buruaz oso segurua; inoiz huts ez egiteko, helburuak oso goian paratzen dituena, saldutakotzat edo epeltzat hartuz amets eskuragarriagoak nahiago dituztenak. Bada helburu politikoak, asmo sozialak, iraultza iraganean konplitzen zaizkion jendea, aditzak geroaldian maiz jokatu arren. Bada jendea bere buruari estimulatzaile txikien aringarria onartzen ez zaiona eta hedaduraz beste inori ere ez. Bada jendea ezin duena bere burua orain denaz bestela irudikatu, baina zuk, neke handiegirik gabe, Erdi Aroko fraide, Errenazimentuko fraide edo belle époque-ko fraide imajina dezakezuna. Bada zutabe oso bat merezi ez duen jendea.

Azken lerrora arte nolabait iristera behartuta, errazenera joko dut, Rajoyri zalantza bat kentzera (ez baita tarte handiegirik behar), Kataluniako Generalitatari eskatu baitio modu ofizialean argitzeko independentzia aldarrikatu duen ala ez, berak hurrengo urratsa (Konstituzioaren 155. artikulua) indarrean jartzeko. Labur: bai, eta jarraian bertan behera utzi dute, negoziazio tartea irekitzeko. Eta irekiko da, baina ez bi aldeen artean, bakoitzaren barruan baizik, talka luzamendutan galgatuz.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak