Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Omiasaindu

Publizitatea

Iritzia

JIRA

Omiasaindu

 

2015-11-01 / Angel Erro

Maite dut gaurko eguna. Izendatzeko modu asko badauzkalako izanen da apika. Santu Guztien eguna. Domu Santu. Domu Santuru. Done Santuru oro, Gabriel Aresti Segurolaren hitzetan, modu pleonastiko ederra erabiliaz, andre bat koroa batekin joanen zaion eguna izendatzeko. Omiasaindu, ezezagunagoa, latinaren marka barnean daukana, italierazko Ognissanti delakoak duen bezala. Izen solemneak, azterketa filologiko ederrekoak, urteetako begirune jarraikia erakusten duten zahardadekoak.

Maite dut gaurko eguna, gaurko egunean beren hildakoei loreak eramaten zizkieten hildakoak baditudalako. Maite dut gaurko eguna, ohitura bat galdu ondoren, horixe baino ez zaidalako gelditzen.

Maite dut, kristaua banintz, asebeteko baininduen urte osoan ahaztutako santutegiko kideei egun bat eskainita egoteak, nornahirentzako egun bat, inork otoitzik egiten ez dien martiri, birjina, apezpiku, protodiakono ospe txikiagokoekiko diskriminazioa berdintzeko —santutasunak ere asko daukala pop culture-tik—.

Maite dut gaurko eguna Beganoen Nazioarteko Eguna delako. Igandea delako. Inoiz iritsi naizen urrutikoena delako. Maiteminduta nagoelako. Antigua eta Barbudako festa egun nazionala ere badelako. Eta beste arrazoi guztiengatik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak