Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Aukerari bide emateko eskatu du Urkulluk

Publizitatea

Politika

Katalunia. Euskal Herriko erreakzioak

Aukerari bide emateko eskatu du Urkulluk

Puigdemontek «elkarrizketarako tarte bat» zabaldu duela esan du EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldian. Juan Luis Ibarrak, aldiz, uste du «zuzenbide estatua» dela «elkarbizitzarako zoru bakarra»
Juan Luis Ibarra hizketan, eta Iñigo Urkullu hari adi, atzo, urte judizialaren hasiera ekitaldian.
Juan Luis Ibarra hizketan, eta Iñigo Urkullu hari adi, atzo, urte judizialaren hasiera ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE

2017-10-12 / Gotzon Hermosilla

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk uste du Kataluniako Gobernuak eta haren presidente Carles Puigdemontek «elkarrizketarako tarte bat» zabaldu dutela independentzia deklarazioaren eragina etenda utzi ondoren, eta aukera horri «bide emateko» eskatu du. Berriro ere, «akordiorako borondatez egindako elkarrizketa» proposatu du auzia konpontzeko, eta erantsi du «lurralde egituraren labirintotik» ateratzeko bidea «konfederazioaren norabidean» dagoela.

Oso abelera berezian egin behar izan du Urkulluk Kataluniaren independentzia aldarrikapenaren inguruko balorazioa. EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren urte judizialaren hasiera ekitaldian parte hartu du Urkulluk, EAEko Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan, eta epaile, fiskal, Espainiako Armada eta Guardia Zibilaren ordezkari, Espainiako Gobernuaren ordezkari eta beste zenbait arduradunen aurrean mintzatu da, oso bestelako jitea izan duten EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente Juan Luis Ibarraren eta EAEko fiskal nagusi Carmen Adanen hitzaldiak entzun ostean.

Urkulluk gogorarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, 2014ko martxoan, ohartarazi zuela auzi politikoei, eta bereziki lurraldeen arteko gatazka politikoei, ezin ziela aterabiderik eman eta horiek konpontzea erakundeen ordezkariei dagokiela «elkarrizketaren bidea erabiliz». Era berean, gogora ekarri du Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyk ere elkarrizketarako prestasuna azaldu zuela urriaren 1ean egindako agerraldi publikoan. «Gatazka politikoetan, elkarrizketak izan beharko luke bide bakarra», esan du.

Oso bestelakoak izan dira Auzitegi Nagusiaren egoitzan entzundako gainerako hitzaldiak. EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente Juan Luis Ibarrak adierazi du «zuzenbide estatu konstituzionala» dela «elkarbizitza demokratikoa posible egiten duen zoru bakarra». Onartu du belaunaldi bakoitzak baduela aurreko belaunaldiek ezarritako itun eta adostasunak berraztertzeko gaitasuna, baina uste du badagoela «erabakigarria ez denaren esparru bat», eta «arauei muzin egitea eta suntsitzea» kokatu ditu erabaki ezin diren auzien esparru horretan. EAEko fiskal nagusi Carmen Adanek, berriz, esan du Katalunian gertatzen ari dena «onartezina eta gaitzesgarria» dela.

Puigdemonten «ahalegina»

Justizia jauregietatik landa ere soka luzea ekarri du Kataluniako parlamentuaren herenegungo saioak. Nafarroako Gobernuak, esaterako, Puigdemonten «ahalegina» onetsi du, eta erantsi du orain erakundeak «behartuta» daudela «irtenbide politikoak, eta, beraz, adostuak» proposatzera.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek «aintzatespena eta begirunea» azaldu dute Kataluniako Errepublikaren aldarrikapenaren eta beronen efektuak behin-behinean eteteko erabakiaren aurrean. Horrez gain, herri guztiek, «subjektu politiko eta juridikoak diren heinean», autodeterminaziorako eskubidea dutela adierazi dute. EAJren eta EH Bilduren botoei esker onartu da adierazpena.

Erabaki horren kontra mintzatu da EAJren gobernukide den PSE-EE. Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezaren ustez, «inora ez daraman bidea» da hori, eta urrundu egiten da «inoiz baino beharrezkoagoa den indar politiko guztien arteko elkarrizketatik».

Espainiako Gobernuaren ordezkari Javier de Andresek ere Gipuzkoako Batzar Nagusien erabakia izan du mintzagai, eta esan du gai honetan EAJ eta EH Bilduren arteko baturak «irrigarrikeriara» eramaten duela eta «egonkortasun eta segurtasun eza» sortzen duela. «Euskal herritarrok zuzenbide estatuaren ondoan egon behar dugu, eta ez zentzugabekeriaren alboan».

Elkarrekin Podemos koalizioko eledun Lander Martinezek, berriz, esan du orain «elkarrizketarako aukera gehiago» daudela, eta dei egin dio Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyri aukera horiek baliatzeko. Hori egin ezean, «dimisioa» eman beharko lukeela uste du Martinezek, «agerian geldituko litzatekeelako gatazka hau kudeatzeko ezgauza dela».

Gaiarekin zerikusia duten albisteak