Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Ahaleginak ordaina izango du

Publizitatea

Ekonomia

Ahaleginak ordaina izango du

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat sortzea onartu du Espainiako Kongresuak. PPk ez beste guztiek babestu dute biktimei kalte-ordainak ematea
Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko kideak eta senideak Espainiako Kongresuan, atzo.
Argazkia: OIHAN VITORIA

2017-10-11 / Oihan Vitoria

Egutegian gorriz margotutako eguna zen atzokoa amiantoaren biktimentzat. Elkarteek eskatu eta Eusko Legebiltzarrak aho batez bultzatutako lege proposamenak hirugarrenez hartu zuen Madrilerako bidea. Alderdi guztien oniritzia lortuta, tramitea ukatuko ez zieten itxaropenarekin bueltatu ziren biktimak Espainiako Kongresura; urduri, baina ziur. Eta, oraingoan, merezita; ez zuten alferrik egin bidaia, ez ziren esku hutsik itzuli etxera.

Arreta eta begi guztiak Katalunian zirela, biktimen eskaera historikoetako bati bide eman zion Espainiako Kongresuak, konpentsazio funts bat sortzeko proposamena tramiterako onartuta. PP ez beste guztiek sostengatu zuten ekinbidea, eta haren garrantzia nabarmendu zuten: epaiketen bidea saihestu eta biktimen konpentsazio prozesua arinduko du, bultzatzaileen esanetan. Eusko Legebiltzarraren izenean hitz egiten lehena izan zen EAJko parlamentari Jon Aiartza: «XX. mendeko mirari izarra zena produktu toxikoa bihurtu zen, etenik gabe zabaltzeraino».

Amiantoaren erabilera 2005ean debekatu zuen Europako Batasunak, baina oraindik ere material askok daukate, eta «enpresek ez dakite nola antzeman»; egun, 1.500 lagun ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoarekin beharrean. Horrek kezkatzen du Gloria Sanchez Martin PSE-EEko parlamentaria. Prebentzioan, zaintzan eta kalte-ordainetan indarra jartzea du gakotzat: «Amiantoa erabat desagertzeko erantzukizuna dute erakundeek; urteotako genozidioa amaitzea nahi dugu».

1994tik 2008ra 3.943 hildako zenbatu ditu Asviamie elkarteak, eta amiantoaren erruz azaleratutako eritasunak oldean ari dira hedatzen, gehienak erretiroa hartu ondoren: Espainiako Estatuan, 700 langile hiltzen dira urtero; errepide istripuetako hildakoen pareko kopurua da. Zerrenda beltz baten erakusle da amiantoa, gaitzaren aldirik okerrena oraindik iristear baitago. «2040ra arte, gutxienez, ez da irauliko kasuen goranzko joera», salatu du Unidos Podemoseko diputatu eta Equoko bozeramaile Juan Lopez de Uraldek, eta abisatu: «Azken bi hamarkadetan amiantoaren ondorioz gaixotutako 40.000 langile inguru hilko dira aurrerantzean minbiziak jota. Prebentzioa serio hartzen ez badugu, 2040a motz geratuko da».

Justiziara jotzea beste biderik ez dute egun biktimek, eta sarritan zaila da frogatzea amiantoaren eragina 20-50 urteren ostean; prozesu garestiak eta luzeak dira, enpresa asko existitu ere ez direlako egiten. Lopez de Uraldek argi du zein den «hain berandu» esku hartzearen arrazoia: «Enpresek eta gobernuek bazekiten langileen osasuna zegoela jokoan, baina interes ekonomikoak lehenetsi zituzten». Horri aurre egiteko, Herbehereetako, Belgikako eta Frantziako konpentsazio funtsak hartu dituzte eredu, eta konpentsazio bera emango diete kaltetu guztiei, «asko jota» sei hilabetean.

PPren zalantzak

Are okerragoa da etxean edo kalean amiantoagatik gaixotutakoen egoera. Horietako gehienak emakumeak direla gogorarazi du EH Bilduko parlamentari eta legebiltzarreko lehendakariorde Eva Blancok: «Ez gaitezen biktima arinez ahaztu. Guztiak aintzat hartzea nahitaezkoa da, arazoa lan esparrutik eta muga autonomikoetatik harago doalako. Langileen arropak garbitzen gaixotu diren emakumeek, adibidez, ez dute nora jo kalte-ordainak eskatzera». Horregatik da hain garrantzitsua, Uralderen hitzetan, funtsa sortzea.

«Ustekabe atsegina eta ongi etorria da». Jatorrizko testuari ezarritako betoak baztertu, eta proposamena begi onez hartu du orain PPk, Gerardo Camps Devesa diputatuak atzoko saioan zehaztu zuenez. «Are gehiago, autonomia erkidego batek estatu osoarentzat proposatutako funts bat dela jakinda. Ez dira ohikoak horrelakoak hemen eta, egia esan, eskertzen dira». PPko ordezkariak, ordea, «huts nabarmenak» ikusi dizkio proposamenari, bereziki finantzaketari dagokion atalean. «Ez dugu dudarik mamiaz; bai, finantzaketaz».

Kanpo langileak dituzten enpresa «guzti-guztiei» kotizazio gehigarriak ezartzearen kontra dago alderdi popularra, «gutxi batzuen praktika okerrek» denei eragingo lieketela iritzita. «Planteatuta dagoen bezala», funtsak Espainiako Gizarte Segurantzarekin sistemarekin talka egin dezakeela uste du: «Bat gatoz ekinbidearekin, baina adosteko kontu ugari ditugu oraindik airean; negoziatzeko prest gaude».

Popularrek, horregatik, abstentziora jo zuten, legearen tramitazioa «ez oztopatzeko». Hori bai, data zehatzik argitu gabe: «Martxan jartzeko baliabide nahikorik ez dugu gaur-gaurkoz. Aurrekontuen onarpena hainbeste luzatzearen ondorioetako bat da».

Publizitatea

Sortu kontua
Oihan Vitoria Oihan Vitoria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak