Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Ez zuen galdu nahi

Publizitatea

Kirola

Ez zuen galdu nahi

Hogeita hiru selekzio sailkatu dira jada 2018ko Munduko Koparako, tartean Argentina, Messik sartutako hiru golei esker. Italiak eta Kroaziak bigarren aukera dute zain; Txile eta Herbehereak kalean dira
Lionel Messi, Ekuadorri sartutako hiru goletako bat ospatzen.
Lionel Messi, Ekuadorri sartutako hiru goletako bat ospatzen. JOSE JACOME / EFE
Estu eta larri izan bada ere, Argentina 2018ko Errusiako Munduko Koparako sailkatu da. Messiri esker beste behin. Hark atera zizkion bart goizaldean babak heltzetik Jorge Sampaoliren selekzioari, Ekuadorri hiru gol sartuta (1-3). Errusian izango dira baita Frantzia eta Portugal ere. Ordea, bigarren aukeran lortu beharko dute sailkatzea Italiak eta Kroaziak. Kanpoan geratu dira, berriz, Herbehereak, AEBak eta Txile.

Guztira 23 selekzio daude jada sailkatuta, eta beste bederatzirentzako lekua dago. Beste kanporaketetan erabakiko da hori, eta abenduaren 1ean egingo dute lehen faseko multzoen zozketa, Moskun.

Sailkapen faseko azken jardunaldian arreta guztia Argentinaren partidan zuten jarria futbolzaleek, Hego Amerikako multzoan. Ekuadorren jokatzen zuen. Kale edo baleko partida zen Sampaoliren taldearentzat. Argentinak gaizki hasi zuen partida. Ekuadorrek gola sartu zuen lehen minutuan. Ibarra izan zen golegilea. Otamendi eta Mascheranoren zalantzak baliatu zituen. Ematen zuen atzealdean egindako hutsek berriro ere Argentina zigortuko zutela. Messik, ordea, ez zuen Munduko Kopa jokatu gabe gelditu nahi. Bost minutuan irauli zuen emaitza. 12. eta 17. minutuetan gol bana sartu zituen, eta 51. minutuan jarri zion ginga neurketari: hirugarren gola sartu zuen. Bakarkako jokaldi bat egin, eta lasai gainditu zuen Banguera Ekuadorko atezaina. Ikuskizuna eman zuen aurrelariak. Atzokoa bosgarren hat trick-a izan zen selekzioarekin.

Amaieran, sailkapen fasean pilatutako presioa kanporatu zuen, kritika gogorrak egin baitizkiote. Bere maila ez ematea egotzi diote. Hunkituta hitz egin zuen:«Asko sufritu dugu. Baina talde hau ez sailkatzea bidegabea zen. Indartuta aterako gara».

Argentinan poza izan zen, eta Txilen, aldiz, tristura. Brasilen aurka 3-0 galdu, eta Munduko Kopatik at geratu da Amerika kopako txapelduna. Hala, Pizzi hautatzaileak dimisioa eman du. Dena aurka izan zuen. Ez zion mesede egin Kolonbiaren eta Peruren arteko berdinketak. Txilek galduz gero, bi selekzio horiek nahikoa zuten puntu bat, eta hala gertatu zen.

Horrekin batera, bada Txile ez sailkatzea eragin duen bitxikeria bat: Perurekin batera Boliviaren aurka jarritako salaketa. Bi selekzioek salatu zuten Boliviak legez kanpo zelairatu zuela Nelson Cabrera, berez Paraguain jaioa zelako. Arrazoia eman zien FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak. Hala, Boliviari sei puntu kendu zizkion, eta Txileri eta Peruri hiru puntu eman. Horiei esker, Peruk lortu du bigarren aurkerarako sailkatzea.

Griezmann, erabakigarri

Europako multzoetan, ederki sufrituta daude Errusian Portugal eta Frantzia. Etxean jokatu zuten, eta ez zuten huts egin. Frantziak 2-1 irabazi zion Bielorrusiari, eta Portugalek, 2-0 Suitzari. Griezmann izan zen Frantziako jokalari onena. Lehen gola berak sartu zuen, eta bigarrengoaren jokaldia ere egin zuen. Portugal, berriz, Djorurek bere atean eta Andre Silvak sartutako golei esker sailkatu zen. Suitza partidarik galdu gabe zegoen, baina bigarren aukerako kanporaketa jokatu beharko du

Antzera egin beharko dute beste bi selekzio indartsuk: Italiak eta Kroaziak. Kolpea jaso zuen, berriz, Herbehereetako selekzioak. Ez da Errusian izango. Ezta aurreko urteko Eurokopan bikain aritu zen Gales ere. Han nabarmendu zen Islandiak, berriz, ezustea eman du oraingoan ere. Estreinakoz ariko da Munduko Kopa batean.

AEBek 1986tik zeramaten erreskadan Munduko Kopan parte hartzen. Baina oraingoan kale egin dute. Multzoko azkena zen Trinidad eta Tobagori irabazita, barruan ziren. Baina 2-1 galdu zuten. Emaitza hori ederki baliatu zuen Panamak. Errusian izango da, eta debuta egingo du Munduko Kopa batean. Dena den, sailkapen hori zalantzan egon daiteke. Litekeena da AEBek FIFAra jotzea. Izan ere, Panamak Costa Ricari sartu zion lehen golean —2-0 amaitu zen partida— baloiak ez zuen atearen arrastoa zeharkatu. Egingo balu, FIFAk izango luke azken hitza.

Publizitatea

Sortu kontua
Ainara Arratibel Gascon Ainara Arratibel Gascon

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak