Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Pinturaz gurutzatutako basoak

Publizitatea

Kultura

Pinturaz gurutzatutako basoak

Natura dute abiapuntu Nagore Amenabarro eta Fernando Villena artistek, eta 'Bolizko atea' erakusketa zabaldu dute bien lanekin Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan
Fernando Villena eta Nagore Amenabarro artistak, atzean erakusketako lanak dituztela.
Fernando Villena eta Nagore Amenabarro artistak, atzean erakusketako lanak dituztela. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2016-09-13 / Iñigo Astiz

Baso berean dabiltza, baina bakoitza bere xendan. Natura dute abiapuntu beren margolanetarako Nagore Amenabarro (Amezketa, Gipuzkoa, 1986) eta Fernando Villena (Bilbo, 1974) artistek. Forma organikoak irudikatzen dituzte beren koadroek, eta txandaka zintzilikatu dituzte bataren eta bestearen lanak, zein zeinena den zehaztu gabe. Bilboko Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan sartu, eta pinturazko oihan moduko bat dirudi horregatik elkarrekin osatu duten Bolizko atea erakusketak. Irailaren 26ra arte izango da aukera bi artisten lanen bilduma ikusteko. Gurutzatzeko.

Margolanak dira erakusketan jarri dituzten lan guztiak, baina Villenak Irlandan ateratako baso baten argazkia hautatu dute katalogoaren azalerako. «Horrek batzen gaitu: naturak presentzia handia du erakusketan, eta argazki horrek laburbil dezake gure abiapuntua». Ez da basoa konpartitzen duten bakarra. Euskal Herriko Unibertsitateko Pintura masterreko ikasle izan dira biak aurreko ikasturtean, konpartitu dute estudioa ere urtebetez. Osotasuna izan dute kezka erakusketa antolatzerakoan, eta indartu egiten du horrek batasun sentsazioa.

Bere estiloa du bakoitzak. Baso bera gurutzatuta ere, esan liteke adarretan jartzen duela begia Amenabarrok, eta enborrek erakartzen dutela Villena. Izan ere, koadroaren norabide guztietarantz hedatzen diren lerro bihurri koloretsuak dituzte maiz Amenabarroren lanek, eta plano zuzen zabalagoek betetzen dituzte Villenaren piezak. Detaileak eta sintesia. Adarrak eta enborrak. Barre egin dute artistek deskribapenarekin. Amenabarro: «Balio dezake agian definizioak, baina gero badaude adarrak Fernandoren [Villenaren] lanetan, eta badaude planoak ere nireetan». Sentsazioak irudi bilakatzen dabiltza biak. Eta biak dabiltza figurazioaren eta abstrakzioaren arteko muga horretan ere. Villena: «Zerbait irudikatzeari uzteko zorian eta pintura hutsa izatera pasatzeko puntuan daude».

Memoriaren galbahea

Hainbat hilabetetako bidaiak egiten ditu Villenak basoetan, adibidez, eta paseo horietan bildutako sentsazioak ditu lanerako abiapuntu. «Egun batean ikusitakoaren sintesi moduko bat egiten dut, gustatu zaizkidan formena, argiarena...». Bidaia luzeak izaten direnez, kamara txiki bat eta zirriborroak egiteko material minimoa baino ez du eramaten artistak berarekin. «Memoriarekin egiten dut lan gehienetan. Zerbaitek hunkitzen zaituenean memorian geratzen baita».

Ez da beti naturari begira aritu sortzailea. Plentziatik (Bizkaia) Bilbora bizitzera joan zenean, esaterako, arkitekturak eta eraikinen lerro zuzenek eragin handia izan zutela dio. «Ikasten ari nintzen garaiko lanak lerro zuzenez beteta daude, baina inguruan izan nuen natura horren guztiaren falta sumatzen hasi nintzen. Eta askoz ere gauza organikoagoak hasi zitzaizkidan orduan». Bizitzen ari zena muturrera eramatea erabaki zuen orduan. New Yorkera joan zen ikastera, eta, kontraste bila, hilabeteak eman zituen Puerto Ricoko basoetan. «Gehien liluratzen nauten lekuetariko bat hori da; hamalau aldiz egongo nintzen han, eta hilabete batzuk barru ere erakusketa bat zabalduko dut han». Urte erdi gisako bidaiak egiten saiatzen da geroztik: basoak, desertuak, oihanak... Eta guztiak pintura.

Intimoa da bi sortzaileek naturarekin duten harremana. Eta harreman intimo horrek bultzatuta sortzen dituzte beren piezak. Amenabarro: «Zirriborroetatik abiatzen dut nire lana normalean; lagungarri egiten zait; batez ere, lehen puntu horretan». Villena: «Nik memorian bildutako hori izaten dut abiapuntua, eta ez dut izaten zirriborro handirik». Estudioko lanaren garrantzia azpimarratzen dute bi sortzaileek.

Fotomuntaketa batzuk ere baditu Amenabarrok erakusketan. «Han eta hemen topatzen ditudan elementuei egindako argazkiak baliatzen ditut, eta uztartu egiten ditut irudian». Esfera itxurako objektu erdi organiko eta erdi mineral batzuk dira emaitza. Hori da behintzat inpresioa urrunetik, hurbildu ahala pieza osatzen duten elementuetako bakoitzaren ehundurek hartzen baitute protagonismoa: paperak, plastikoa, harria... Begiekin uki daitezke, kasik. «Egia da ukimena asko interesatzen zaidala», aitortu du artistak. «Horregatik gustatzen zait argazkiak ere erabiltzea. Detaile handiz harrapatzen ditu objektuak, eta kasik badirudi ukitu egin ditzakezula». Eta bere koadrorik piktorikoenetan ere behin baino gehiagotan txertatzen ditu argazki txatalak.

Desioaz eta oztopoez

Desioa da pintatzeko bultzada, Villenak dioenez, baina, hain justu, traba da desioaren motorra, dioenez. «Paseoan zoazenean ere, gauza interesgarriren bat igartzen duzunean, beti dago oztopo egiten dizun zerbait tartean, eta ikusi nahi duzun hori erabat ikusten uzten ez dizuna. Jakin nahi duzun hori berehala jakin badezakezu, berehala galduko duzu horrekiko interesa. Norabait iristen zarenean beti, hurrengo muinoaren ostean dagoena da interesatzen zaizuna». Baietz Amenabarrok ere. «Lanean ari zarenean, igarri bai baina erabat identifikatzen lortzen ez duzun hori da gakoa. Horregatik ez dut erabat leundutako gauzak egiterik bilatzen, gustatzen zait hari solteak uztea, eta piezak collage bat direla ikusten uztea. Anbiguotasun hori». Eta azken ideia Villenak. «Margotzen hasten naizenean ikusten dut, adibidez, gustatzen zaidan zerbait, baina hain justu ere gustatzen zaidan hori da koadroan tapatu behar dena».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak