Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Biolentzia matxistak irauten duen bitartean ez da bakerik egongo»

Publizitatea

Politika

Maite Barreña. Foro Sozial Iraunkorreko kidea

«Biolentzia matxistak irauten duen bitartean ez da bakerik egongo»

Foro Sozialak 'Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut' izeneko ekitaldia egingo du etzi, Bilbon. Indarkeria matxista jasan duten andreei «aterki bero bat» eskaini nahi dietela azaldu du Barreñak.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-06 / Edurne Begiristain

Euskal Herriko bake prozesuan emakumeek «subjektu aktiboak» izan daitezen eta gatazka politikoa genero ikuspegi batetik landu dadin lanean ari da Foro Sozial Iraunkorraren barruan sortutako Gogoetabidean taldea. Bertako kide Maite Barreñak (Durango, Bizkaia, 1968) igandeko ekitaldiaz jardun du BERRIArekin.

Zein da igandeko topaketen helburua?

Eraiki nahi dugun bake prozesuan emakumeok subjektu aktiboak izan behar dugu, eta ezinbestekoa da Euskal Herrian izan dugun gatazkaren azterketan genero ikuskera txertatzea. Hitz egin behar dugulako emakumeez, emakumeekin eta emakumeei buruz. Biolentzia egoera bat bizi izan dugunean, bai estatuak eta bai ETAk eraginda, emakumeen testigantzak susmopean jarri izan dira, ez zaie baliorik eman, ez dira kontatu edo ez da horietan erreparatu. Igandeko ekitaldian hainbat emakumeren lekukotzak entzungo ditugu, asmo batekin: eraiki nahi dugun bakeari bestelako ikusmira bat ematea. Biolentzia matxista gizarte patriarkatuan egiturazkoa eta sistemikoa da, eta uste dugu ez dela bakerik egongo biolentzia matxistak irauten duen bitartean.

Genero ikuspegia aintzat hartzen duen bakeak nolakoa izan beharko luke?

Eraiki nahi dugun gizarte berri horretan aintzat hartu behar da egiturazkoa den emakumearen aurkako biolentzia hori. Sistema patriarkatuak irauten duen bitartean eta biolentzia matxistak irauten duen bitartean, emakumeontzat ez baita bakerik egongo, eta ez baikara aske biziko. Guk bakea irudikatzen dugu askatasunarekin. Pentsatzen dugu askatasunak izan behar duela bakearen muina, eta, horretarako, beharrezkoa da biolentzia matxistaz hitz egitea eta horren kontrako borroka planteatzea.

Biolentzia matxistak biolentzia politikoan eragina izan du Euskal Herrian?

Bai. Biolentzia politikoaren barruan erasoak izan diren emakumezkoek ere askotan biolentzia matxista pairatu behar izan dute. Esaterako, torturatuak izan diren emakume askok tortura matxistak pairatu dituzte, espetxeratuak izan diren emakumeen eskubideak etengabe urratuak izan dira emakume edo ama izan direlako... Igandeko ekitaldian frankismoan errepresioa jasandako emakume baten lekukotza ere izango dugu. Euskal Herrian frankismotik hona jasan izan ditugun biolentzia politiko anitz horien barruan, emakumeon kontakizun orokorra falta da, eta, bereziki, biolentzia matxistarena.

Emakumeen aurkako indarkeria askotarikoa da. Euskal Herriko testuinguruan ezaugarri berezirik ba al du biolentzia horrek?

Biolentzia matxista egiturazkoa den heinean, gurutzatu egiten da guk bizi izan dugun biolentzia politikoarekin, eta, ondorioz, emakumeen aurkako biolentzia areagotu egin da. Adibidez, komisarietan emakumeok torturatuak izateaz gain, biolentzia matxista ere pairatu dugu, eta ETAren biolentziaren biktima izan diren emakume batzuek, esaterako, irain matxistak ere pairatu izan dituzte. Hori guztia jarri behar dugu ageriko, nahi baldin badugu benetako bake egoera batera joatea.

Zein motatako emakumeak izango dira Bilboko ekitaldian?

Zortzi edo bederatzi emakume egongo dira. Espainiako gerran errepresio politikoaz gain, eraso sexista bat jaso izan zuen emakume bat egongo da; kalean sexu eraso bat pairatu duen beste bat; harreman sentimental batean bortizkeria jasan duena; torturatua eta biolentzia matxista sufritu duena; errefuxiatu bat; lan esparruan biolentzia sexista jasan duena; lesbofobia jasan duen beste bat... Badakigu jasoko ditugun lekukotza horiek lagin bat baino ez direla izango, haiek islatuko duten biolentzia kasu gehiago badaudelako. Baina guztiak jasotzeko eta ikusarazteko konpromisoa hartzen dugu. Lagin horrekin, lortu nahi dugu errealitate hori ikusaraztea, eta emakume horiei gure elkartasuna eta berotasuna adieraztea.

Gaur egun erakunde eta alderdi politikoek egiten al dute euskal gatazkaren azterketarik genero ikuspegi batetik?

Ez, inondik inora. Ez dago euren agenda politikoan, biolentzia matxista ez dagoelako agenda politikoan. Eta biolentzia matxista bera ez badago agendan, bake prozesuaren agendan are gutxiago. Baina Foro Sozialak horren aldeko konpromisoa hartu du, Euskal Herriko bake prozesuak era demokratiko batean aurrera egingo duelako, baldin eta emakumeok jasaten dugun biolentzia onartu, jaso eta ikusarazten badugu.

Kolonbiako bake prozesuan, gobernuaren eta FARCen arteko negoziazioetan, genero ikuspegia landu dute. Ikasgairik atera daiteke Euskal Herrirako?

Bai, iturburu bat da gure hausnarketarako. Kolonbian andreen aurkako biolentziari erreparatu ez ezik, genero ikuspegia ere txertatu egin dute batzordeetan, zeharka. Biolentzia matxista ikusarazi dute, emakumeak subjektu politiko aktibo modura presente egon dira, eta emakumeek jasandako biolentziaren inguruan hitz egiteaz gain, aurrera begira emakumeen eskubideak bermatu daitezen egin beharreko urratsez ere jardun dute. Uste dut hori dela guk jarraitu beharko genukeen eredua: analisi kritikoa egin behar da orain arte gertatu denaz, aitortza eman behar zaie biolentzia pairatu dutenei, eta aurrera begira emakumeok subjektu aktiboak izan gaitezen bermeak jarri behar dira.

Euskal Herriko bake prozesuan emakumeak subjektu politiko dira?

Geroz eta presentzia handiagoa dugu subjektu modura. Esaterako, Bakegileak deritzon taldeak hasiera baten nahiko irudi maskulinoa ematen zuen, baina emakumeak joan dira apurka-apurka sartzen, eta talde horretan ere emakumeen ikuskera eta presentzia bermatuz eta blindatuz joan da. Uste dut Euskal Herrian asko dugula oraindik egiteko gai horren inguruan, emakumeok subjektu politiko gisa aitortuak izateko bidean hutsune asko ditugulako. Ni itxaropentsu naiz, baina pentsatzen dut lan handia dugula egiteko, erresistentziak ere badaudelako, eta gu aulkiengatik borrokatzen ez bagara, inork ez dizkigulako eskainiko.

Igandeko ekitaldia kanpaina baten abiapuntua izango da.

Kanpaina honekin gure asmoa da Nik sinesten dizut leloa marka bilakatzea. Kanpaina hau aterki bero bat izango da emakumeen lekukotza guztientzat: pairatutako sufrimenduen aitortza egin nahi dugu, besarkada bat eman eta laguntza eskaini, inor epaitu gabe. Sandra Barrenetxearen kasua datorkit gogora: torturak salatzera joan eta haren lekukotza zalantzan jarri zen, epaitua izan zen. Onartezina da hori. Emakumeek jakin behar dute sinesgarritasuna ematen diegula.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak