Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura 'Maletak' hartuta, Korrika

Publizitatea

Kultura

'Maletak' hartuta, Korrika

Kepa Junkerak eta Sorginek formatu berezian taularatuko dute beren iazko diskoa Korrika Kulturalean. Dantza, antzerkia, bertsoak eta haurrentzako ikuskizunak tartekatuko dira aurtengo egitarauan
Korrika Kulturalean parte hartuko duten musikari, antzezle, dantzari, bertsolari eta antolatzaileak, atzo Gasteizen egindako aurkezpenean.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-01-26 / Ivan Santamaria

Martxoaren 30ean zapatilak jantzi, eta korrika hasiko da Euskal Herria. Gelditu gabe eta 11 egunez, lasterketa handiak euskararen aldeko aldarria puntatik puntara eramango du AEKren eskutik, 20. aldiz. Ia bi hilabete falta dira, baina martxan dira itxaronaldia gozatuko duten hamaika ekitaldi eta proposamen. Girotzeko prozesu horretan, Korrika Kulturala ardatz bihurtu dute azken aldietan, eta aurten ere ez da faltako.

Bat eta zuk hitzak elkartuta, Batzuk izan da aukeratutako leloa. Korrika Kulturalaren bidez zu horrengana iristen saiatuko dira antolatzaileak. «Korrikak zurekin hitz egin nahi du, euskararen mundua eta kultura ezagut dezazun», Asier Amondo Korrikaren antolatzailean hitzetan.

Korrika Kulturalaren barruan makina bat emanaldi egingo da Euskal Herri osoan. Tokian-tokian egindakoetatik aparte, egitarau nazionala ere prestatzen aritu dira antolatzaileak. Ekitaldi nagusi horiek otsailaren 9an abiatuko dira. Egun horretan, Maletak ikuskizuna taularatuko dute Gasteizko Europa jauregian Kepa Junkerak eta Sorginak taldeko musikariek.

Joan den urtean argitaratu zen izen bereko diskoan oinarritutako ikuskizuna da. Euskal doinu tradizionalekin batera, Iberiar penintsulako beste doinu batzuk tartekatuko dituzte, formatu berezi batean. Pertsona mitologikoak, joaldunak eta herri kirolariak pasatuko dira agertokitik. Gasteizko lehen emanaldirako gonbidatuak dira Karmele Gisasola harri-jasotzailea eta Aitzol Atutxa aizkolaria. AEK-ko euskaltegietan salgai daude estreinaldirako sarrerak, hamar euroan. Ekitaldi guztietan bezala, Korrika laguntzaileek deskontua izango dute, bi eurokoa kasu horretan.

Musikan bilatu du inspirazioa antzerkirako egin den aurtengo apustu nagusiak ere. Tartean Teatro konpainiaren barruan, Ez dok hiru! proiektu artistikoa dute Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek. Besteak beste, Lingua Nabajorum ezagunaren egileak dira. Oraingo honetan Euskal musikaren benetako istorioa aurkeztuko dute. Musikaren iruditeria kolektiboari errepaso ironiko, absurdo eta dibertigarri bat emango diotela agindu dute. Aktore bikotearekin batera, hiru musikari ariko dira, antzerkiari zuzeneko musika jartzeko.

Bertsoak eta antzerkia

Antzerkia eta bertsolaritza bateratuko dira Erradikalak gara ikuskizunean. Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak bi emakumeren arteko elkarrizketa taularatuko dute. Erraietatik ariko dira, umorez, erroetara iritsi nahian, bertsoak eta bakarrizketak tartekatuta.

Aurreko bi aldietan bezala, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen laguntza izango du Korrikak. Herrietako bertso eskolek, euskaltegiek eta Korrika batzordeek antolatuta, Bertso Korrika egingo da. 30 bat herritan saioak egingo dituzte, euskaltegietako ikasleak bertsoen mundura hurbiltzeko eta zaletzeko asmoz.

Euskal sortzaileei lekua eskaintzea izan da hasieratik Korrika Kulturalaren helburuetako bat. Sorkuntzari berari erreparatuko diote aurten, halaber. Arena Comunicacion ekoiztetxea Kukai dantza taldeari buruzko dokumentala egiten aritu da. Hain zuzen ere, Oskara ikuskizuna nola sortu zen aztertu nahi izan dute proiektu horretan. Dokumentalaren estreinaldiarekin batera, formatu berri bat jarriko dute martxan, zeinak zuzeneko dantzak eta dokumentaleko irudiak nahastuko dituen Erramun Martikorenaren kantuek lagunduta.

Azkenik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek lasterketa omentzeko argitaratu duten Tipi-Tapa Korrika diskoa izen bereko ikuskizunean irudikatuko dute.

«Korrika Kulturala da Euskal Herriari eskatzen diogun esfortzu ekonomikoaren eta militantearen zati bat behintzat kulturaren bidez bueltatzeko modua», azpimarratu du Amondok. Agenda osoa, eguneratua, sakelakoetarako aplikazio batean eskuratu ahalko da, Android eta iOS formatuetan. Bi deialdi garrantzitsu dituzte aurki: otsailaren 2an, lasterketari buruzko dokumentala emango dute, Bilbon, eta otsailaren 11n, Korrika festa egingo dute, Irunen.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak