Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Europak presoen urruntzea salatu izana garrantzitsutzat jo dute Sarek eta Etxerat-ek

Publizitatea

Politika

Europak presoen urruntzea salatu izana garrantzitsutzat jo dute Sarek eta Etxerat-ek

Europako Parlamentuaren osoko bilkurako ebazpena presoak euskal herriratzeko «lehen urrats gisa» ulertu dute bi erakundeek
Euskal presoen aldeko mobilizazioa, Sarek antolatua.
Euskal presoen aldeko mobilizazioa, Sarek antolatua. LUIS JAUREGIALTZO / ARP

2017-10-07 / Iñaki Lasa Etura

Euskal Herriko eragileak pozik azaldu dira Europako Parlamentuak herenegungo osoko bilkuran presoen inguruan hartutako erabakiarekin. Europako Batasuneko espetxeen eta hango baldintzei buruzko Bergeron txostena onartu zuen legebiltzarrak. Gehiengo garbiarekin, gainera: 474 parlamentarik bozkatu zuten alde eta 109k, aurka.

Urruntzeari erreferentzia zuzena egiten dio onartutako txostenak, baita jarrera hori salatu ere: «Hainbat estatu kidek erabiltzen duten urruntze politika kondenatzen du Europako Parlamentuak, presoen senideentzako zigor gehigarria baita». Urruntzeak Europako Giza Eskubideen Kartaren 8. artikulua urra dezakeela zehazten du. Presoa bere bizilekutik urrun gatibatzeak familia bizitza eta bizitza pribatua puska diezaioke, txostenaren arabera. Alegia, Giza Eskubideak urratzen ditu urruntze politikak.

Ondorioz, osoko bilkurak honakoa eskatu die estatuei: «Bizilekutik urrun dauden presoen hurbilketa ahalbidetuko duen neurriak hartzea». Epaileek dispertsioarekin jarraitzeko lege justifikazioak dituzten kasuak lirateke salbuespena. Alegia, eskumena ez da Europako Batasunarena, estatu kideena baizik.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zigortu izan du herrialderen baten espetxe politika, baina Europako legebiltzarrak halako adierazpen bat adosten duen lehen aldia da. «Oso balorazio positiboa» egin dute EH Bilduk, Sarek eta Etxerat-ek. «Lehendabiziko urrats» gisa definitu dute, ekinbide ez legegilea baita. Estatuena da eskumena, oraindik ere. Txostena ez legegilea izan arren, diputatuek «modu aktiboan» parte hartu dutela nabarmendu du Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak. Horren adibide, aurkeztutako ia 300 zuzenketak.

Etxerat-eko bozeramaile Urtzi Errazkinek ere garrantzitsutzat jo du erabakia. «Herenegun baino gertuago dugu [urruntzearen] amaiera. Nahiz eta estatuak legez beharturik ez egon, moralki inoiz baino justifikazio gutxiago dute, Europatik dator abisua, eta kasu egin beharko liokete». Senideen elkarteak urte luzez esandakoa Europatik «berretsi» dute orain. «Ez da soilik euskal gizarteak dioen zerbait, Europak idatzi eta onartu duen zerbait da. Espero dugu inguruko estatu guztiak lehenbailehen aplikatzen hastea urruntzea amaituko duten politikak».

Frantziako diputatuak, alde

Bozketan jarrera antagonikoak izan zituzten Espainiako eta Frantziako europarlamentariek. Fronte Nazionalekoek salbu, txostenaren alde bozkatu zuten Frantziako gainontzeko legebiltzarkideek. PPk, Ciudadanosek eta UPDk, berriz, aurka bozkatu zuten, bakarrik geratu arren —kide diren Europako Alderdi Popularraren eta Alde taldearen gainontzeko kideak txostenaren alde. bozkatu zuten—. PSOEko legebiltzarkideak abstenitu egin ziren.

Errazkinen iritziz, Frantziako alderdiek urruntze politiken kontra bozkatu badute, «bere egin» beharko lukete han jartzen duena eta «segituan martxan jarri» urruntzea amaitzeko erabakiak. Hala egingo balute, Espainia «barkatuago» geratuko litzatekeela azaldu du Etxerat-eko bozeramaileak. «Aurrera eramateko behartuta sentituko litzateke».

Gaixo dauden presoen inguruan ere mintzatu da Europako Parlamentua. «Preso ahul» gisa definitu ditu, «beren osasun eskubideei babes handiagoa ematea» galdegin dute.

Sarerentzat, «behin baino gehiagotan esandakoaren» berrespena da Bergeron txostena. Ohar baten bitartez azaldu dutenez, «Europako Parlamentuaren erabakiak ez du inolako zalantzarako tarterik uzten, hitzez hitz baitio: 'urruntze politikak presoaren senideentzat zigor erantsia suposatzen du'».

EH Bilduk gogorarazi du 314 euskal preso politiko daudela gaur egun. Euskal Herrian dauden bi kenduta, beste guztiak urrunduta daude. Horietako 21ek gaixotasun larriak dituzte.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak