Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Ohartu gara ume guztiek plastikoa dutela gernuan»

Publizitatea

Gizartea

Nicolas Olea. Erradiologiako katedraduna

«Ohartu gara ume guztiek plastikoa dutela gernuan»

Hormona nahasle diren substantzia kimioez ohartarazi du Oleak. Azaldu du batez ere plastikoetan daudela. Europari kontrola eskatu dio, produktu berri bat baimendu aurretik ondorioak neurtzeko.
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2017-10-06 / Ibai Maruri Bilbao

Parabenerik gabeko xaboia erabiltzen du, jatekoa kristalezko tuperretan gordetzen du, altzairu herdoilgaitzezko tresnak ditu sukaldean eta plastikozko botilak saihesten ditu. Nicolas Olea Serranok (Granada, Espainia, 1957) halako neurriak hartu ditu egunerokoan substantzia kimiko hormona nahasleak saihesteko. Granadako Unibertsitateko Erradiologiako katedraduna da, baita Granadako Ikerketa Biosanitarioko Institutuko zuzendari zientifikoa ere. Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak gonbidatuta, Bizkaiko hiriburuan hitzaldia egin du, substantzia horiek zer diren azaltzeko.

Zer dira nahasle endokrinoak?

Milaka produktu kutsagarri kimiko daude. Europako Batasunaren zerrenda ofizialak 144.000 ditu jasota. Baina horien artean talde batek badu jokatzeko modu berezi bat: behin gorputzera sartzen direnean, gure hormonak aldatzen dituzte. Horregatik esaten diegu nahasle endokrinoak. 1980ko hamarkadako kontua dira. Ordura arte uste zen hormona sexualei lotuta zeudela, estrogenoei eta androgenoei eragiten zietela soilik. Baina, apurka-apurka, ohartu ginen tiroideetako hormonei, metabolismoarenari eta beste batzuei ere eragiten dietela. Eragiten dituzten aldaketa horietako asko ez dira minbizi eragileak, ez dira teratogenoak [enbrioian edo fetuan malformazioak eragiten dituztenak], ez dira DNA mutatzaileak, baina hormonen oreka aldatzen dute. Eta horrek osasunean sekulako kalteak eragin ditzake: hormonek eragindako minbizia sortu —bularretakoa, barrabiletakoa, obarioetakoa edo prostatakoa—, hazkundean eragin, malformazioak sortu, buru garapena eragotzi, obesitatea sustatu...

Non daude substantzia kimiko nahasle horiek?

Batez ere plastikoen osagaiak dira, baita parabeneak eta benzofenolak... Seguruenik ikusiko zenuten supermerkatuetan parabenerik gabeko gelak saltzen hasi direla. Kosmetikan erabiltzen diren substantziak dira, produktu horiek bakterioekin kutsatu ez daitezen. Adibidez, hondartzan apartamentu bat baduzu, uda honetako gelak datorren udan ere balio dezan erabiltzen dira. Bestela, gel horretan bakterioak sortzen dira, eta hondatu egiten dira. Parabeneek hori eragozten dute. Baina hormonak nahasten dizkigute. Beste adibide bat: lehen zinema aretoek su hartzen zuten beroarekin. Orain, eserlekuen materiala polibromatuekin egiten dira; bromoa duten konposatuak dira, eta tenperatura asko igotzen denean bromoak oxigenoa xurgatzen du, eta, hala, ez da surik eta kerik sortzen. Polibromatu horiek tiroideetako hormona imitatzeko sortu zitekeen elementu onena dira: bromoa eta iodoa lehengusuak dira. Orduan eserlekuetako bromo hori gure gorputzera sartzean, iodo gaindosia jasotzen dugu. Zer gertatzen da? Ingeniariek horrelako elementuak sortzean ez dituztela ondorioak aztertzen, eta guk etorri behar dugu atzetik kalteak bilatu eta salatzera.

Eta substantzia horiek zelan barneratzen ditugu?

Ez dago argi. Hautsaren bidez izan daiteke. Orain modan dago indoor air quality delakoa; hau da, barruko airearen kalitatea. Kaleko tximinietatik irteten den kutsadura ez da osasunean eragiten duen bakarra. Etxe barruan arnasten duguna ere bada: sukaldeko gasak erretzean sortzen duena, bernizaren substantzia kimikoak... hori guztia hautsean dago. Umeak alfonbran dabiltzanean, zorutik hogei zentimetrora, partikula horiek guztiak arnasten dituzte.

Beraz, une oro gaude arriskuan.

Eta gure lana da horrek kaltea egiten duela. Esaten dugun aldiro produktu kimiko horiek gure gorputzera sartzen ari garela, erantzuten digute maila apalean daudela. Eta orduan guk galdetzen dugu: zenbat maila apal dira nahikoa denak batuta maila altua dela ulertzeko? Erlijio eskoletan ikasten genuen bezala: zenbat bekatu arin behar dira bekatu larri bat egiteko? Azken batean, ez dugu produktu bakarra irensten, eta horiek denak nahastu egiten dira gure gorputzean. Ez dakigu zenbat produkturen maila apala behar den irenste maila larritzat hartzeko, toxikologia substantzia bakanentzat arautua dagoelako. Adibidez, intsektizida baten osagaietako bakoitza kaltegarri den edo ez neurtzen du toxikologiak, eta, ez badira kaltegarri, merkaturatzea baimentzen da; baina, gero, osagai horiek nahastu egiten dira, eta ez dakigu elkarrekin zer eragin dezaketen. Ez da aztertzen.

Kontsumitzaileek, herritarrek zer egin dezakete? Badute babesteko modurik?

Ezer gutxi. Herritarrak hau entzuten duenean ito egien da, eta ez daki zer egin. «Kobazulo batera sartu?». Ez, hori ez da bidea. Egin dezakegun bakarra da kontrolak zorrozteko presio egitea, kautela printzipioa erabil dezatela eskatu. Europako Batasunak esaten du Europako erabaki guztiak kautela printzipioa erabilita hartzen direla. Bada, horrek kasu honetan esan nahi du produktu edo substantzia berria proposatzen duenak frogatu behar duela dena delako hori ez dela kaltegarri, eta ez kaltea sufritu duenak kaltetua izan dela.

Beraz, ez dago frogatzen duen enpresarik?

Ez, noski. Azken hamabost urteetan izan dugun borroka handiena horixe izan da: hormona nahasleen inguruko testak egitera behartzea. Europako Batasunak hogei urte darama erabakia hartzera ausartu barik. Suediak aspaldi salatu zuen Europako Batzordea, bere egitekoak ez egiteagatik. Estrasburgoko auzitegiak ere zigortu zuen.

Substantzia horien eta gaixotasun horien arteko lotura zelan frogatu duzue?

Estatistika bidez egiten da. Baina administrazioak ez ditu balekotzat jotzen. Lotura gehiago eskatzen ditu, ebidentzia gehiago. Genetikan ehun aldiz ebidentzia gutxiagorekin hartzen dituzte erabakiak, baina, kasu honetan, ez. Dagoenarekin hartu ditzatela erabakiak. Okertu garela? Zer pasatuko da? Enpresa batek diru gutxixeago irabaziko duela. Tira. Baina asmatzen badugu gizarte osoaren osasuna zainduko dugu.

Zer gertatzen da gorputzera sartzen diren substantzia horiekin?

Pixa egiterakoan kanporatzen ditugu. Eta hori egin dugu guk: umeen pixa neurtu. Eta ikusi dugu umeen %100ek Bisfenol A dutela gernuan. Umeek plastikoa dute gernuan! Eta erantzun digute: «Lasai, Alemaniako umeek beste da». Beraz, Europako umeen batez bestekotik gora ez gaudenez, lasai egon behar dugu. Baina normala al da Europako umeek pixetan plastikoa botatzea?

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak